www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Bertso guztiak
Bilintx
(-1876)

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Bilintx. Indalecio Bizkarrondo. 1831-1876. Bizitza eta bertsoak, Bilintx (Antonio Zavalaren edizioa). Sociedad Guipuzcoana de Ediciones y Publicaciones, 1978

 

aurrekoa hurrengoa

Ziririkuak

 

          1

Langilleen dantzetan

izaten geranak,

bost arratsetan pruebak

dauzkagu emanak,

gure kontra izketan

aritu diranak,

txit askoz engañatu

dirala dianak.

 

          2

Aiek guregatikan

esan zutena da:

«Barulloa sortzeko

kuadrilla ona da!!!

Neskatxa onradurik

baldin juaten bada,

lotsatuta kanpora

irten biarra da.»

 

          3

Baita ere gauza onik

gurekin ez dala,

jaungoiko Bako'k bere

mendian gauzkala;

ezagun da inbiriyak

prejitzen zauztela,

etzenduten gezurrik

sortuko bestela.

 

          4

Eta segitu zuten

lenago bezala,

esanaz guziz gauza

seguruba zala

adornatutzen gure

dantzetako sala

dama onradurikan

izango etzala.

 

          5

Oraindik deskontentu

esan zutenakin,

deskantsatu ziraden

añaditubakin:

«Alakorik batian

biar degu jakin

etxeratu zirala

txandarme banakin.»

 

          6

Dantzarako tokirik

ote zegon nonbait,

galdezka Donostiya'n

asi giñan zenbait;

uraxen topatzea

kostatu zan zerbait,

galarazi nayian

bazebillen norbait.

 

          7

Noiz ere bait topatu

genduben tokiya:

aduana zarreko

zertegi aundiya;

dudan gaude illa dan

ero dan biziya,

eskubetatik itzul

egin zigun iya.

 

          8

Nai baluteke ere

orain defenditu,

lengo itzak lazuan

arrapatzen ditu;

gure dantzak pakian

dira despeditu,

aiek esantakorik

ez da suzeditu.

 

          9

Orain gelditzen gera

guziz ditxosuak,

irten geradelako

bitoriosuak;

guk bezela esango du

Donosti osuak:

Bost gezur sortzen ditu

inbiriosuak!!!

 

          10

Gure dantzara damak

polit onradubak

etorritzen dirade

guztiz apaindubak,

adornaturik ondo

gorputz ta burubak,

mantxarikan gabeko

birjiña purubak.

 

          11

Gure dantzetan juan da

guziya konpleto,

damak serbitu dira

iñon baña obeto;

izandu diyotegu

milla errespeto,

berak kontentu daude,

badakigu zierto.

 

          12

Izan degu soñuba

dantzatzeko diña,

bai eta damak ere

bana eta biña;

guziya izan da txit

ederki egiña,

bosti eman diyote

sabeleko miña.

 

[1852]

 

aurrekoa hurrengoa