www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Bertso guztiak
Bilintx
(-1876)

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Bilintx. Indalecio Bizkarrondo. 1831-1876. Bizitza eta bertsoak, Bilintx (Antonio Zavalaren edizioa). Sociedad Guipuzcoana de Ediciones y Publicaciones, 1978

 

aurrekoa hurrengoa

Juana Bixenta Olabe

 

          1

    J. Bixenta:

Nagusi jauna, auxen da lana,

amak bigaltzen nau berorrengana.

    N. jauna:

Ai, bigaldubo bazinduke maiz!

Zu ikusita konsolatzen naiz.

            Xinista zazu

oso zoraturikan nakazu!

Orren polita nola zera zu?

 

          2

    J. Bixenta:

Amak esan dit, etxeko errenta

pagatzeko dirurik ez zuben-ta,

ia egingo diyon mesere,

illabetian geienaz ere,

            itxogotia; (sic)

bara zierto dala ematia

pasa baño len illabetia.

 

          3

    N. jauna:

Logratutzia, errex alare,

naiz ori ta beste zernai gauza're,

seguru dala esan amari,

zu baldiñ bazatoz mandatari;

            dudarik gabe,

nere borondatiaren jabe

zu zera, Juana Bixenta Olabe.

 

          4

    J. Bixenta:

Beraz bertatik nua etxera

poz aundi bat amari ematera;

oraiñ ariyo, nagusi jauna,

presaka juan biat amagana.

    N.jauna:

            Ez zuazela;

portatu zaite nik nai bezela,

gaur etxera juan ez zaitezela.

 

          5

Zuben etxia dago irruti,

birian zer gerta izan bildurti;

bara iya pasa da eguna,

arratsa berriz dator illuna;

            oraiñ juatia

txartzat iruki, nere maitia;

gaur emen bertan gera zaitia.

 

          6

Ez juan etxera, bire oietan,

gabaz, bakarrik eta illunbetan;

kontura erori zaitia zu:

gabaz illunbian juan biazu

            peligro aundiz,

eta obe dezu eun aldiz

biyar goizian juan egun argiz.

 

          7

    J. Bixenta:

Ezetz etsiya egon liteke,

ni emen gelditu eziñ niteke;

amak espero nau gaberako,

eta ark espero naubelako,

            juan biar det nik;

alaba ikusi bagetanik

amak izango ez luke onik.

 

          8

    N. jauna:

Emen zuretzat dira parako

jaki txit goxuak afaitarako;

erariya berriz, —Jaungoikua!—,

illak piztutzeko modukua

            ardo onduba,

ontzen urtietan egonduba,

Malaga'tikan da bigalduba.

 

          9

    J. Bixenta:

Jauna, berorrek, bañan alferrik,

badaki armatzen lazo ederrik;

lazua eiz bage gera dediñ,

nere etxian nai ditut egiñ

            afaldu ta lo;

naiago ditut ango bi talo,

ta ez emengo milla erregalo.

 

          10

    N. jauna:

Biyotz nereko dama polita,

asmoz muda zaite, auxen tori-ta

amasei duroko urre fiña,

sendatu nai zazun nere miña,

    J. Bixenta:

            Ez, jauna, ez, ez!

Merezi beziñ kopeta beltzez,

esango diyot ezetz ta ezetz!

 

          11

    N. jauna:

Gañera berriz, Juana Bixenta,

utziko dizutet etxeko errenta

kito zor dirazuten guziya,

kunplitzen banazu kutiziya.

    J. Bixenta:

            Lotsa gogorra!!

Sufritzen dago gaur nere onra,

penaz malkuak darizkit orra!!

 

          12

    N. jauna:

Nik ditut kulpak, ez egiñ negar,

orlakorik ez nizun esan biar;

animan sentitutzen det miña

zuri ofensa ori egiña.

            Maldiziyua!

Ez dakit nun nekan juiziyua,

eskatzen dizut barkaziyua!

 

          13

    J. Bixenta:

Barkaziyua, du-ta eskatu,

nere biyotz onak eziñ ukatu;

erakutsi ditalako, jauna,

gaitz egiñaren damutasuna,

            konforme nago;

ez egiñ-ta ofensa geiago,

gaurkua oso aztutzat dago.

 

          14

    N. jauna:

Berriz nik egiñ zuri ofensa?

Arren orlakorik ez bara pensa!

Zaukazkit neskatxa fiñ batetzat,

eta gusto aundiz emaztetzat

            artuko zaitut;

biyotzetikan esaten dizut,

zuretzat ona baderizkizut.

 

          15

    J. Bixenta:

Ori egiyaz baldiñ badiyo,

neregana egon liteke fiyo;

bañan usatubaz kortesiya,

ama neriari lizentziya

            eska bezaio.

    N. jauna:

Ori gustora egingo zaio,

biyar goizian juango naitzaio.

 

          16

    J. Bixenta:

Banua oraiñ.

    N. jauna:

Atoz onuntza,

birerako artu zazu laguntza.

Adi zazu, morroi Joxe Juakiñ

etxera farolan argiyakiñ

            aingeru oni

gaur zuk laguntzia da komeni,

kezketan egon ez nariyen ni.

 

          17

    Morroiak:

Aingeru ari lagundu eta

orra, jauna, egiñ ostera buelta;

birian, bai, bildurtxo zan bera,

bañan allegatu-ta etxera

            kontentu zegon;

oraiñ kezketan ez du zer egon,

oiera juan ta pasatu gau on.

 

          18

Eldu zanian urrengo goiza,

nagusiyak zuben kunplitu itza

juan zitzaion amari etxera,

andretzat alaba eskatzera;

            amak txit firme

artu ta gero milla informe,

gelditu ziran biyak konforme.

 

          19

Andik zortzi bat egunetara,

edo amar ziran ez dakit bara;

ez, amar eziñ zitezken izan,

andik zortzi egunera elizan

            ezkondu ziran;

ezkondu ta etxera segiran,

jendia franko bazuten jiran.

 

          20

Bost illabete edo sei ontan

ez dirade beti egondu lotan;

eman dute zenbait jirabira

eta gozatutzen bizi dira

            ditxak ausarki;

obeto eziñ litezke arki,

espero dute aurtxo bat aurki.

 

          21

Dama gaztiak, ez egon lotan,

begira zaitezte ispillu ontan

gustatuta birtute ederra,

andretzat artu bere maizterra

            du nagusiyak;

orla irabaztera graziyak

saia zaitezte beste guziyak.

 

aurrekoa hurrengoa