ZALDIZAHARRA
Hemen gaude hitz hartuiak,
Konplitu nahiz botuiak:
Zaldi zahar famatuiak
Merexi ditik kantuiak:
Kurriturik merkatuiak
Ezin egin tu tratuiak.
Sujeta dugu Txiletik;
Sud-eko Amerikatik,
Zaldi zahar baten gatik.
Deus onik baden eztakit:
Ez daite jeiki lurretik...
Hala jakin dut nunbaitik.
Saltzalea Eskualduna:
Muthil gazte fanfarruna...
Egin uste du fortuna,
Zeren baitu zaldi ona!
Erostuna da Gaskoina:
Gostako zako fazoina!
Zaldia zuen eria
Aspaldi kendu nahia;
Erran behar da egia
Triste zuela begia;
Nun nahi den eroria,
Menbroz ez daite balia.
Orhoituko gira beraz
Urtharrilaren hamarraz.
Zaldia zagon larru-has...
Pherekatuz oihal-zedaz
Muthilak joan zuen gabaz
Despejitu ere arras.
Gaskoinaren arrangurak
Ez ahal ziren laburrak;
Orhoitzen hil beldurrak
Eta galdu sos ederrak:
Saltzalearen gezurrak
Trenkatu dazko hezurrak!
Bera miriku ta barber,
Erremedioak alfer;
Ez tu izan aski laster.
Huna zertaz zuen plazer:
Bizi baita Jaunari esker.
Erraiten du Pater Noster.
Orai hor da agerian;
Sendatuko da agian!
Haurrak jarririk aldian
Noiz hilen den goardian;
Hiltzen den ordu berian
Sartuko dute hobian.
Herioa gauza beltza:
Nehork ezin zuzen pentsa!
Behin hautsiz geroz kesa,
Partitzeko baitu presa;
Botatzean azken hatsa,
Hura da memento latza!
Aitaso hasi larrutzen,
Zenbait sos behar baitzuten,
Juramentuka hari zen...
Ilobek oro entzuten:
—Nabalak eztu pikatzen—
...Zihoan trabatzen baitzen.
Nahi baduk bertzen ganik,
Eman behar duk lehenik...
Zaldiak ez badu janik
Ez tik egiten lan onik.
Orai joana da hemendik
Abisu hori emanik.
Finitu dira tratuiak,
Aintzinian botu hartuiak...
Haur gaixoak dolutuiak,
Kasik nigarrez urtuiak
Eta deliberatuiak...
Otxalde, emanzkik kantuiak!
|