ZAHAR GAZTEN ARTEKO PARABOLA
Ene izpirituian bazen zonbait pentsu,
Oraino zen guzia etzerait hustu.
Othoi, egizazue zertaz diren kasu,
Esplikatuko ditut ahal bezein justu:
Zahar bainan prestu,
Odola zaut hoztu,
Bihotza re laztu,
Gorphutza beraztu,
Oraino gazte banintz, banuke gostu!
Zahar gazten arteko hau da parabola:
—Xuxen esplikatzia hainitz gogor da
Gaztea ez daiteke adin batez molda,
Gorphutza sendo eta hazkar du odola;
Zaharra ez hola:
Iragan denbora
Ethortzen gogora,
Et'ezin kontsola,
Nekez bihurtzen baita zahar arbola!
Egunak badohazi egunen ondotik,
Ez dira denak bardin juaiten hargatik:
Atzo iguzkia zen dirdiran zerutik,
Egun goibelak jalgi itsaso aldetik,
Euria ondotik,
Hasi da gogotik,
Hedoien barnetik;
Hortakotz badakit
Erituko nizala bustiz geroztik.
Uda lehen arrosa neguan arrado;
Hosto baino arantze du gehiago;
Oroz ohoratua primaderan dago,
Izotza jinez geroz loreak akhabo,
Handik goiti gero,
Ez du gehiago
Zeren ez den bero;
Hortaz segur nago;
Hori bezala gira zaharrak oro.
Huna gaztetasuna zoin den loriosa,
Horri konparatzen dut gure arrosa:
Usain gozo ezti bat kolorez airosa,
Bere arropa ere hanitz baliosa.
Zahar odol hotza,
Nundik ez da lotsa?
Flako du bihotza,
Baitaki hain untsa
Lur barnean duela laster gorphutza.
Aspaldi du nintzala kreatu mundura,
Geroztik pasatu da hainitz denbora;
Atsegin batendako frango arrangura,
Miseria kantatuz bizi niz ardura;
Geroko mentura,
Nik banu segura,
Egin nio hura,
Hanitzen gostura,
Zaharrek gaztetzeko baginu moda!
Zahar giren guziak gaztetzen bagina,
Munduan hanitzentzat zer atsegina!
Horrek senda lezake gure bihotz-mina,
Gibelerat itzuliz pasatu adina.
Gazte larru fina,
Kolorez adina,
Ongi etsamina,
Salbazak arima,
Ararteko harturik Ama Birjina.
Zahar bezeinbat gazte badoha mundutik,
Nahiz zaharrak oro doazin hargatik;
Heriotzek'orena ez ahantz burutik,
Seguragorik ez da sortzeaz geroztik;
Juaitean hemendik
Gizonak etzakik
Zer dagon ondotik
Bekatuen gatik
Barkhatzen ez badauzku Jaunak zerutik.
Urgulutik hasi zen lehen bekhatua,
Luziferrek emanik du zimendua;
Asaldatu baitzuen lehenik zerua,
Bai eta pitzarazi ifernuko suia,
Suge harmatua,
Maria Sainduia,
Lehertu buruia,
Jin zenian orduia,
Haren medioz dugu salbamenduia.
Etzitut imitatu Ama orai artean,
Orai eginen zaitut oroz batean;
Jesus, Maria, Josep, hitz hok aiphatzean
Bake gozo ezti bat badut bihotzean;
Oi, heriotzean
Jaunak jujatzean,
Jar zaizkit aldean,
Hil nadin bakean;
Zuretzat har nezazu azken hatsean.
|