PEPA ETA KOAKIN
Berri triste lizun bat jin zaut Baionatik
Bi presuna desonest lazotuen gatik;
Fidelik igorria ahal dut hargatik,
Gu ebitatu nahiz heien bekatutik.
Hamabi presunetan bazen familia,
Aitaz bertze guziak ohian eria;
Jainkoak ereman tu haurretarik bia,
Ondotik hoien ama deitoragarria.
Gizona zein triste den esposa gal eta,
Lorikan ezin egin, bethi pentsaketa;
Ohetik neskatuari: zato hunat Pepa,
Hemen egonen gira gostuz elheketa.
Eta Pepak eman du hor arrapostua:
Jauna, ez ahal zira zangoak hoztua,
Berehala heldu niz itzaltzen dut sua,
Ez galtzerat uzteko holako kasua.
Horra nun bizi diren biak elgarrekin,
Gainerako berririk nik ez diot jakin;
Berek untsa dakite, enetako latin,
Gostuan bizi dira Pepa eta Koakin.
Xetobra bat egin du seme jaunak ere,
Bi haur eginarazi hogoi urthe gabe;
Gazterik jarria da bi andreren jabe,
Bainan ez du aithortu haurrikan batere.
Familian on dira holako manerak,
Nunbait hatxeman ditu aitaren paperak,
Sekula gauz'onik ez, lohi ta alferrak;
Aise jotzen daizkote tut eta toberak.
Hemeretzi urthetan horrenbertze gaizki,
Jainkoak laguntzea othe du merezi?
Haurrak lagundu gabe ahal ditu utzi,
Amerikalat juan da guzien ihesi.
Pepa, zure berriak jakin ditut atzo;
Nola egona ziren hogoi egun preso;
Bero denak itzala batre ez du gaixto,
Handik athera zira aza bezein fresko.
Hola preso juaiteko zer zuen sujeta?
Etabliatik hartu bertzeren paketa;
Denen bixtan hartzeko bazuen kopeta;
Hori deitzen baitugu ohoinen bokheta.
Orai behar sofritu zinak eta trufak,
Eta gero, ondotik joko tuzte tutak;
Holako anderiak gizonentzat hautak,
Ederki biltzen tutzu kanpoko buruxkak.
Behin egin du eta egin dio berriz,
Debruak hurbildanik atxikitzen irriz;
Saria hitzemanez, tzarkerian hariz,
Irina behar eta pagatzen du zahiz.
Koakin horrek baditu, lau dotzena urthe,
Pepak oraidino ez hemeretzi bethe;
Deusik gabe hartzen du zeren duen maite,
Hortarik ukhan dio on bezenbat kalte.
Huna gure bizia zoin laburra dugun:
Atzo bizi zen frango bada hilik egun;
Bekatuaren nota hedatzen da urrun,
Mundu galgarri huntan ez izan hobendun.
Kantu hauein emaile Otxalde Larregain,
Presentak merezi tu eginaren ordain,
Hazi on bat baitute kantu hauiek erain,
Zien falta guziak hartzen tut ene gain.
|