BESKOITZEKO PESTETAN
Bixintxoz egiten da Beskoitzeko pesta,
Aurthen ederra zela dudarikan ezta;
Kanpotarra jina zen hortara doblezka,
Ederki gosta baitzaut zonbaiten bisita.
Hortakotz ditut eman zonbait bertsu berri:
Zertan egin dautaten jaun batzuiek irri;
Ez dut deklaratuko nor diren nehori,
Bainan sujeta zer den erranen dut zuri.
Piarres ala Marti, higual dela Jakes,
Hiru lagun jin zaizkit argi haste batez,
Egarriak zirela, pitarraren galdez,
Satifaturik nago heien onestatez.
Parthetan hikaturik zirela egonak,
Makhurtu zituela gauaren ilhunak...
Ohetik entzun ditut hekien marrumak,
Halere jalgi ziren, ez dira putrunak.
Batek galdegin zautan: indak edatera,
Ni bethi ekharria plazer egitera,
Gogotik jeiki nintzan pitar eraustera,
Artean in zautaten ixilik afera.
Errepikaz joan dira etxerat harditik,
Bideko jats gider bat eginik erditik;
Berri bat beharko dut orai haren gatik;
Ez othe dut ukhanen hetarik arditik.
Gazteak nahi dira zaharrez trufatu,
Bertzenaren hartzea etzaie bekatu,
Diruaz ez badute nahi arranjatu,
Norbaitek beharko du gorphutzez pagatu.
Afera ez da, jaunak, hortan pasatuko,
Berak planta balizte, nuzke bi lekuko.
Ez badut ene jatsa, asteleheneko,
Segur afera dela tribunalerako.
Ez dut gaizki xahutu orduko pitarra,
Bethi ene aldiko pagamendu txarra;
Berbal bat eginen dut bai eta fierra,
Ez badautet itzultzen ene jats giderra.
Zonbait sos nahi nuzke hetarik athera,
Norbaitek beharko du largatu sakela;
Baionan galtzen badut, Paberat apela,
Salduko badut ere buruko xapela.
—Othoi, barkha zaguzu aldi hau Otxalde,
Zuri galdegiteko baikinen ahalge,
Eta besterik dena, ez ginen kapable
Etxeraino juaiteko makilarik gabe.
—Ez da bere nahitan beharretan dena,
Bekhan gertha dadila holako orena;
Zuhaurek aithor duzu, baduzu hobena,
Etzuiena balio galdatzeko pena.
—Memento hartan nintzen, jauna, beharretan
Eta ez hanitz hazkar neure indarretan;
Ez bazira ibiltzen jestu horietan
Satifatuko zitut ondok'egunetan.
—Barkhaturen dautziet beraz huni esker,
Tribunaleko jauner egin gabe plazer;
Dirurik eman gabe heier eta bertzer,
Hobe dugu jatea zonbait oilo ixter.
|