BERANTEKO URRIKIAK
(1868)
Bizi nintzena bakean
Ait-amekilan batean,
Tratulari bat sartu zerautan uste gaberik etxean,
Ez baitzuen nahi handik athera ni saretan sar artean.
Amerikako bidea
Har-ezazu jaun gaztea,
Erranen datzut nola bizi den leku hartako jendea:
Hemen kobrea bezain nasaiki han badabila urhea.
Orduan nintzen harrotu,
Gogo guzia berotu:
Abisu franko izan dut bainan, ez naiz nihori behartu;
Ni zoro bezain hura ernea, laster ninduen beretu.
Diru goseak nerama,
Utzirik ait-eta ama:
Arrosa petik ather'orduko, areantzetan atzemana
Nahigabetan bethi bizi da aiter behatzen ez dena.
Untzian hasi senditzen,
Damuak bihotza zaurtzen...
Ald'orotara begira, bainan urik baizen ez ikusten:
Haize tenpestak, masten karraskak zain guziak ikharatzen.
Sarthu naiz azken buruan
Gogoa naukan lekhuan;
Neure etxean nintuelarik atseginak inguruan,
Orai hemen naiz, dohakabea, nehor gabe desterruan.
Bizi naiz nahigabetan,
Bethi hasgorapenetan;
Damu min gaitzik finkatu nintzen bertzen solas ederretan
Geroztik hunat urrikitu zait probetxu gabe bortzetan.
Ene haurride gazteak
Ez segi ene bideak;
Ithurri khiratsetan edan du zuen anaia maiteak.
Hemen egunak luze doazko nola herrian urtheak.
Bidali diot amari
Zertaz nagon hemen eri:
Zerbait laguntza egin dezola nigarrez dagon haurrari,
Ahalik balitz, nahi bailuke sortu-lekhurat itzuli.
Hemen nago lotsatua,
Dolu minez hiratua
Ikusten badut berriz aldi bat Eskual-herriko zerua,
Hor biziko naiz, lehen bezala, galtzen ez badut burua.
|