Bordel bertsularia
Juan Etxamendi, «Bordel»
XIX. mendea
[liburua osorik RTF formatuan]
[inprimitzeko bertsioa PDFn]
[Literaturaren Zubitegia]
Iturria: Bordel bertsularia, Bordel (Jose Mari Satrustegiren edizioa). Auspoa, 1965
|
|
|
ERIOTZ KRUDEL BAT
Orai agertzen dira
kantore berriak,
gazten hala zaharren
doloragarriak;
nork egintu halako
traidorekeriak,
eta partikularzki
bakotxai beriak?
Estonaturik daude
eskual herriak.
Eskual herrietan
fama aundia da,
bertze potentzietan
barna juana da;
ofreziturik ere
zernahi parada,
giristino fidelik
ez daite agrada;
esposak laudatzeko
eitate txarra da.
Iragan buruilaren
zortzigarrenian,
eriotze bat ein dute
ilundu denian;
prebeniturik zauden
desira hunian,
asesinatu dute
lurraren gainian,
mantxa hura han dute
biotzain barnian.
Nonbaitereko gizon
triste erromesa,
(arrazoin horrengatik
nehor ez ofentsa),
etzen, ez, agradable
halako promesa:
kanpokoak egile,
etxekoak pentsa,
fagoratu baditu
zer errekonpentsa!
Nausia lur barnian
martir hil otza,
oraino etxekuek
hun dute biotza;
hura galdurik ere
aien erreposa!
Munduko triunfetan
huntasunak goza;
gizonak maita diro
halako esposa!
Esposa hila eta
aita galeretan,
sekula bezain bero
bertze aferetan:
horien konpromisa
etzen aferretan;
gastaturikan ere
zerbait paperretan,
aisa bizi daiteke
hurran denboretan.
Denbora noble hori
kanbia daiteke,
bi mundu plazerretan
pasatzia neke;
oraiko grado hori
atzeman du merke,
bertze tratamendu bat
egin nahi luke,
ahal bagindu zenbait
konde edo duke.
Gero ere norbaitek
arriskaturen du,
fortunaz ez badira
lehendanik hundu;
arabez etzirela
beharrez ezkondu,
orietaz mintzo da
horren bertze mundu,
nola eman behar den
azkenian kondu.
Konsidera dezala
begira dagonak,
ez du gaitzik merezi
egia dionak;
ilun onduan ziren
heien obra hunak,
menturaz lehenago,
barrenda egonak;
jornaleko hun dira
holako peonak.
Obra manifiko bat
disposatu dute,
tribunale justuban
laudatzen badute;
Luziferrek bezenbat
urgulu badute,
Jaunaren poderia
galdu nahi dute;
orai goza ditela
huntsa egin badute.
Gizona bere faltaz
konsumitu hurran,
ikusi dena baizik
ez daiteke erran;
obraren arabera
beti arranguran
deskansurik ez duke
lurreko denboran;
hemengua gal eta
bertzia menturan.
Gizona kondenatu
galeretarako,
fantasia gaistoak
hori egin dako;
lurrian bizi deno
miseria frango,
adiskide fidelik
jarraikitzen zako?
Urrikalmendu guti
halakoendako.
Suiet horien xefa
ez da hemen bera.
Krima aundiak ditu
famen arabera;
sekulako juan dute
galeraz galera,
hala duhan gizona
ez da alegera,
orai bihur laiteke
Jaunaren legera.
Bat ain zaharra eta
bertzia gaztia,
(mundua-ilusitzale
gaistuen tratia);
haren larriaz bertze
baten erostia,
etxean sartu gabe
zen konposatia;
mirakulu aundia
akort izaitia!!!
Izpiritu duienak
ba daki engoitik,
penak heldu direla
plazarren ondotik;
berak ez balinbadu
maite bihotzetik,
(hura da prinzipala
guzien gainetik),
ezkontzarik ez egin
interesaren gatik.
Mundu au garnitzen da
kalitate oroz,
batzu fortunarekin
bertziak maluros;
anitz ezkondu dira
adineraz geroz
gihotza bete gabe
amodio beroz;
gero maitatzekotan
esposik ez eros.
Zer sinifikatzen du
bihotzeko errak?
Erredoblatzen dira
Satanen indarrak;
deus ez du balioko
ondoko nigarrak,
kondiak eman behar
ditu bat bederak,
ahantziko baitira
tualet ederrak.
Holako suietikan
pasatu ote da?
gure denboran ez da
nehontik atera;
sartu nahi duienak
justoen artera,
penitentzietako
denbora fite da,
desertura joaiteko
nigar egitera.
Penetan den presunak
hun luke konsolu,
eman zuien fedia
obserbatzen balu;
soinian ba dabila
sobera urgulu,
jenden murmuratzia
ez da mirakulu,
seinale ba duiela
bihotzian dolu.
Ustez eginik ere
munduko fortuna,
deusetan ez daiteke
estima presuna;
zenbait egunendako
hun da huntasuna;
pratikatzen ez bada
borondate huna,
sekulako gal diro
bere urostasuna.
Kantu hok egin dira
ez libertitzeko,
baizik ere guziek
esenplu hartzeko;
nehor ez da kapable
justifikatzeko:
zernahi egin lirola
ez da fidatzeko,
boza eman duienak
esposain galtzeko.
Españako fronteran
erri bat Arneguy,
an gertatua da
mirakulo hori;
mendiaren gainian
odola ixuri!
Gisa hortan iteko
asesina hori,
espos gaixua dute
zerurat igorri.
|
|
|
|
|