|
AMABIJAGAZ
Orduban bakandereak, sumin-sumin eginda, Bertoldari eutsi egitteko eginddu eutsen morroiai, ta txikotez ondo lotuta, berak lo egitten eban alboko gela batera eruan eragin eutsen. Bilddur zan, alan be, Bertoldak iges egingo ez ete-eutsan, lenago be birrittan edo irutan maltzurkeriz eta amarru bidez egin eutsan lez, eta olakorik jazo ez eikijon, zorro uts andi bat arakarrita, barruban sartu eban, eta amabi bat imiñi eban jagolatzat, urrengo goxerarte zorrua ta barrukua ondo jagon egixan aginddu garratzak emonik. Bijaramonerako, bakandereak berak jakingo eban zer egin Bertoldagaz: edo ibaira jaurti, edo arian zigor txarragoren bat ezarri, eguno iñori ixekarik geiago ezin egin ixan eikijon; eta ene Bertolda gixagaxua zorro barruban geldittu zan. Ordurarte ezeban iñoiz illteko bilddurrik ixan, baña ereti atan, bere azkeneko orduba egunoko urrien nabaitzen eban-da, larrikara gogorrak sartu yakazan gorputzian. Orrattiño, azerija beti azeri, eta egoera negargarri aretan be malmuzkeri bat otu yakon zorro barrutik urten al ixateko, ta urrengo lerruotan ikusi daikezubenez, berebixiko onduen urten eutsan asmakixun barrijak.
Zorro barruban sartuta, beraz, eta jagolatzat amabi bakar bat eukala, asi zan Bertolda deskellaka, baña bere burubari izketan bai'leragoion, eta ba-iñuan:
—Oi, ene adu madari-madarijok; txiro naiz aberatsai negar eragittian zuben poz eta atsegin guztijak imintten dozubezanok, alakuok! Oi, eta nire zorigaiztua baño txarragua! Nongo ondamendira ekarri nozube ekarri? Oba neunkian attak etxetik jaurti ta otzurrian asi erazo ixan ba'leust; eneukian, beintzat, neure buruba itxura negargarri onetan orain ikusiko! Zer balijo ixan daust niri, neure buruba txirotzat agertzeko, soñeko zantar eta pildrizki oneikaz jantzi ixatiak, aberatsa nazala igarri egin dauste-ta? Oneik anker zittalok eztabe nigaz adeitu gura neure ondasunen jaube eurak egittiarren baño! Baña, jazo dattiana jazo, eztot nik a ezelan ez-ta ezegattik be emaztetzat artuko; ta neskatilleak berak be gura ez eta, ala-ta-be, bakandereak nik artzia erazo gura ba'leust, batek ba-daki zer jazoko dan emen!
Amabijak, itzok entzueran, autubok zetan lotu ete-ettekezan jakin guratxubaz alde batetik, eta ixakeraz errukijor samarra ixanik beste aldetik, ba-diñotso:
—Zeri dira marmarrok, edo zer daiñarduzu esaten, ene gixona? Zergattik sartu zattube zorro barruban?
—Ut, ut, ut; laguntzarra! —erantzun eutsan Bertoldak—. Zuri eztautsube nire atsekabiak ardurarik ixan biar. Itzi egidazu niri neuk gura dodazan erosta guztijak egitten, eta zagoz zu zeure zeregiñaren adi, zeuri aginddu dautsubena egitten.
—Ba-dakit, ondo be, amabi gaxo bat baño enazana; baña, onez ganera, gixona be ba-naz, eta, gizona nazan aldetik, lagun-urkuaren atsekabe ta lorren errukija artuten dakidana be bai. Eta neure inddarrakaz zure zoritxarretik urteten ezin lagundu al ba'negixu be, berbaz besterik ezian, urgazi ta poztu egin zaikedaz.
—poz andirik ezin emon ziñeist zuk, nigaz egitteko danak luzabiderik eztaukolako, epe laburraren barruban bete biar da-ta.
—Zer, ba? Makillatu egin gura zattubez, ala?
—Txarrago.
—Oñaze-txirringean lotu, antza?
—Txarrago.
—Katigu-erremulari bialdu, oiez?
—Txarrago.
—Urkatu, ete?
—Txarrago.
—Zatitu, aurki?
—Txarrago, ara bere.
—Erre, orrezkero?
—Milla bider txarrago.
—Zer arraio egin daiketsube sei gauzok baño txarragorik, ba?
—Emaztia emon gura dauste.
—Eta, ori al-da makillatuba ixatia baño, oñaze-txirringean lotutea baño, katigu-erremulari bialtzia baño, urkatuba ixatia baño, zati-zati egittia baño ta sutan erretia baño txarrago; ala burutik egindda zagoz? Elorrijo andiren bat zendubala-edo uste ixan dot nik! Gixonak, eniak! Ori? Ori kittarrea jo ta abestutia letxe dozu!
—Eztiñot nik andrea artzia zuk esan dozuzanak baño txarrago danik; ez. Emaztia emon utsagaz eleuskide niri miñik eragingo, zelan eta zetarako eta zergattik emon gura dausten ezpa'neki.
—Zetarako emon gura dautsube, ba?
—Esan; zeu bakarrik zagoz emen? Eneuke gura beste iñok entzun dagistan, galdutan nengokelako osterantzian. Ara; eztakit nik zeu nor zarean, baña gixon zintzua dirudixu zeure berbaikeran eta galduko enozun uste osua daukat zeugan. Baña jazo egin biar dana jazo egingo da-ta, betor etorteko dana!
—Asi; gixona; asi ardura barik zeure arazo ori esaten.
—Jakin egixu lenen-lenen ni ondasunez jositta nagola; aberats okittuba nazala. Orrattiño, ixatez, gorputzez, zeuk iruditu ziñegijan gixonik mazkal ta itxurabakuena baño ezañagua naiatzu. Darraiodan. Nire lurrak eta etxaguntzak beste zaldun batenen albuan dagoz, mugak bittarte. Alaba ezin ederrago bat daukotsu zaldun onek, eta nire ondasunak begiz jorik, alaba au emaztetzat niri emotia egin dau burupidia, naiz-ta ni, esan dautsudanez, gixon txatxarra ta itxusija ixan. Bein eta birrittan eta irutan be etorri yat zaldun ori eraso gurarik, neskatilleari berba egin dagijodan; baña ez nire arpegi polittagattik, neure diru ta ondasunak-arren baño. Bai eta neure polittasuna! Ardura asko dautso areri ez nire jasak ez neure bizijak be, otu yakona lortu ezkero ni urkatuta ikustia be bardin litxakijo-ta.
—Aberatsa zara zu, beraz?
—Aberatsa be aberatsa, bai abelgorritan, bai ardittan, bai etxaguntzetan eta batta edozetan be.
—Zure domubaren etorrijak zenbatsu joten dozuz?
—Urte bategaz beste, sei milla dukat, edo biarba, geiago.
—Demoninentresa! Orrenbesterik eztaukon makiña bat markes ba-da bazterretan. Eta zure auzoko zalduna be, aberatsa da, ala?
—Nasai asko bixi da; baña nire aldian lander bat dozu a.
—Zenbateragiñoko irabazijak ixan legiz ak?
—Milla bat dukat, geien-geien be.
—Ezta orren txirua, orrattiño. Eta, ganera, jatorri onekua?
—Etxerik andikijenetarikua.
—Eta, ezkontsaririk eztautsu emon gura-edo ala?
—Bai; ba-daust emon gura. Zagoz pizka baten gixona dan-dana esango dautsut-eta. Baña emen barruban ezin dot berbarik ondo egin, eta obeto egingo zeunke zorro oneri abua azkatutia, buruba atera dagidan besterik ezian. Bai, gixona; neure esangua esanda gero lotu ta estutu ziñegi barriro, eztot buruba zetarako kanpuan luzaruago euki-ta.
—Pozik, atan be. Ona emen zorruari abua azkatuta, eta egin berba orain lasa. Ako marrauaren arpegija dozuna zeuk! Enparaduba arpegijaren eduko ba'dozu, bestelako txori-malua etzara zeu solo erdijan imintteko!
—Atera nagixu zorrotik oso-osuan, eta aurduban ikusiko dozu zerikusiko ikuskixuna.
—Bai, baña gero, esatekua esan ostian, atzera sartu biarko dozu barruban.
—Zer diñotsut besterik, ba? Berbea berba, gixona. Alde orretatik ardura barik egon.
—Benetan, arrano arranua! Zuk daukostazu zaldunaren jasa! —egin eban oiu amabijak Bertolda burutik biatzera ikustian—. Ala jainkua! Eguno eztot ikusi neure aurrian zu baño pizti barregarrijagorik! Eta, andre-gaiak ikusi ete-zattuz zu?
—Eguno bez —erantzun eutsan Bertoldak—, eta egin-egiñian be, neskatilleak ikusi enagijan sartu ixan nabe ni zorro onetan, eta neskatillea bera be gela onetara ekarri gura dabe, eta dana illunetan dala nigaz ezkondu erazo; eta ezkonduta gero aterako nabe ni argittara eta orduban neskatilleak, gura-nai-ez, senartzat artu biar ixango nau. Olantxe egiteko dago erabagitta, beñipein, eta batta, ezkonduta gero, beingo-beinguan bi milla amaseiko urregorrittan eskuratuko daustezala, bakandereak berak ezkontsaritzat neuretzako emonak.
—Au bai dala ixatekua! Oneri, inpernuko piztija dirudijan oneri, aberatsa dalako, andikijak eurak be senide arteko ixan gura yabilkoz. Eta niri, barriz, itxurabako matxango onen aldian milla bidar yaiuago nazan oneri, txirua nazalako, amesetan be ezin lettekit olako zorijonik etorri. Dirubak; diru madarikatubak daukoz erru guztijak. Eta jasan egin biar!
—Gixon ixango ba'ziña, neuk egingo zendukedaz aberats gaba onetan.
—Zelan, baña?
—Nik , dana-dala, asmauta daukot zer egin, eta ezetara be enabe ni inddarrez-inddar ezkonduko. Orrattiño, nire ordez sartu gura ba'ziñegi zuk zorro onetan, zeure eskubetan itziko neuke zuk zorijon anditzat etsitten dozun ori.
—Enintzake bestelako zorua ixango olakorik egitteko! Zorro barruban dagona, zu barik, ni nazala agertu lettenekoxe, kokotian txikotaz marapilo bat egin eta eskegi egingo nindukie!
—Susmau be ez egin olakorik, gixona! Neskatillea ta bijok ezkondu zagijezeneko, eta zorrua zabalduta agiri, eta gazte jasekua ta edonoren aurrrian aurkeztuteko lakoxia zareala ikusi, ez uste ixan neskatilleak atzerarik egingo dauanik. Eta egingo ba'leu, ostera, berentzat txarrago, bein egiñiko ezkontzea iñok ezin daikelako ausi, ta neskatilleak gura-nai-ez, zu aren senar ixango ziñatekezalako beti. Ganera, abinddurik dagozan areik bi milla amaseikuak be arrapau egingo zeunkez zuk, eta dirubon jaube egin ezkero, esku-utsik be etziñatekez ezkontzara juango. Eta neskatillearen attak, oneik eta areik dendunian imiñirik, eta gixagaxuak, zarra be ba-da-ta, urte askorik eztauala bixirik iraungo oldozturik, egiña egin esango leuke ta egiñikua ontzat artu. Eta zu, zeure diruben jaube eta arein ondasunen jaubegai egiñik, erakusmenian bixi ixango ziñatekez ondo ta dedugarri, eta etzeunke orain diñarduzun zeregin lotsagarri orretan eguno jardun biar ixango.
—Esan, bai; errez diñozuz zuk gauzak. Baña eneuke nik neure buruba galtzorijan imiñi gura.
—Zure gixagaxua! iñotsan Bertoldak amabijari. Zer diñozun be eztakixun gixagaxo-gixagaxua! Zer txarrik etorri ete-lettekixu zuri arazo onetan sartziaz? Neskatillearen attak ezetsi egingo zattuzala uste al-dozu, ta ezkonduta gero, atan be? Neskatilleak, xalotasun eta apaltasun berbera dan neskatilla orrek, etzattuzala gura esan dagixun bilddur ete-zara, ba? Ala bakandereak, bere buruba iñongo bakanderarik emokorren eta esku-zabalenatzat daukon bakandera orrek, abindduriko dirubak lazkau ez eta bere buruba guztijen aurrian zekentzat agertu bai gura ixango dauala uste ete-dozu! Ai, zure buruba! Ikusten bai'nenguan dakit zer jazoko dan: Jaungoikuak alan gura ixan dauala-ta, atakotzak arturik eta atara jarririk, buruba makurtu egingo dabe guztijak; eta ez uste ixan iñok murtik atarako dauanaik beren abotik, zeri ixillik egon guztijak eukiko dabe-ta. Eta orduban zu, zeure emaztiaren etxera juango zara; ta urte asko barik aldi gitxiren buruban, ango ondasunen jaube ixango zara; ta guztijak men eta gur egingo dautsube, ixan be andikija ixango zarealako. Zabaldu egixuz begijok billa yabiltzun zorijon ori ikusteko; eta olako abagadunarik eztala egunaro agertuten oldoztu egixu!
—Ara, ba; orren leun eta garbi bidia imintten daustazun ezkero, nik, egija esan, ija-ija gogua be ba-dot arazo orretan sartzeko. Beti entzun dot nik esaten zorijona lortuteko norberak be norberen aldetik zerbait egin biar dauala. Gure atta zanak beti esaten euskun: «eik alegin, itto ez adin», ta «eure burubari lagun akijo ta aut lagundu», ta «dienean ereztuna, ifini txirkandea», ta «ezkontzea ta agintzea zerurean yatorguz». Eta, nok daki, ba, zerubak berak ez ete-dauan zorijon au niretzako gertuta euki?
—Eztakit nik olako barritsukeririk. Zorijona eskubetara yatorkunian geuk ezagutu ezik, beren atzetik ibiltten gara gero, baña alperrik. Zerubak emoi au zeuri egin gura ba'dautsu, zergattik zuk ez artu gura? Nik ba-dakit, ondo be, zu etziñatekezena orren atzekatxu egongo nire zintzotasuna ezagutuko ba'zendu; baña, dana-dala, egixu zeuk gura dozuna. Nik neuk eztot neure buruba geiago nekatu gura lo egon gura dauana iratzartuten. Esan biar ixan dodana esan dot-eta, ba-nua neu atzera zorrora barrura. Tira; zatoz. Estutu egidazu zorruaren abua len egon dan lez, eta eztaust iñok berba geiagorik atarazoko, ez-ta ludiko urre guztijagattik be!
—Zagoz, gixona; zagoz piska baten. Barruban sartzeko ba-daukozu astija oindiño.
—Astija euki daukozula, etzattez astijaren begira jarri, iges egingo dautsu-ta. Edo atxiñakuak esan oi eben lez; «galdu ezegik aldia ta idoro daik naia». Zeure zorijona nondik yatortzun eztozu zuk begiratu be egin gura, eta neuk be eztot neure buruba alperrik eio gura, zorotzat anagijen auki; onik gura eztauanari on egin-gura jardutia orixe baño eztalako: zorakerija.
—Ez nigattik ori esan —iñuan amabijak—; nik ondo ezagututen dot orreik zure berbok neuri daustazun oneretxijak eragiñikuak dirala, ta ba-dakust, batta, neure onaren nekatuten diñarduzula.
Eztautsat, beraz, zure ontasun orreri gogait eragin gura, ta emen naukozu zorro barruban sartzeko ta esan daustazun guztija egitteko gertu. Ba-dakit nik neskatilleaz bein ezkondu ezkero, guraso ta enparadubak eruapena artu biar ixango dabena; batta eurak gura ez-ta be.
—Tira, tira; naikua da barriketarik. Zatoz; eta itxi abua zorruari, barrura nua-ta.
—Itxaron, gixona; etzattez zu sartu, neuk sartu biar dot-eta.
—Ezetz diñotsut. Eztot orain neuk zu sartzerik gura. Erdu; euki zabal zorruaren abua sartu nattian.
—Arren, ezegidazu kendu esku arterik alako zorijonik. Ukarra bai'litzan eskatuten dautsut; ezegidazu ukarrik ukatu.
—Ukar egitterik ezin negixu ukatu; ez orixe! Azkenian be neuk amore emon biar; baña setatsu egon zareana ta gogait eragin daustazuna zeuk be ba-dozu igarten! Sartu zattez barrura ta berbarik ez geiago! Zagoz zu emen lasai berez etorri biar dauanaren adi, ta bijar goxian zeuk ikusiko dozu gaur nik zugaz egin dodan egiñena.
—Gixon zinddotzat eta tolesbakotzat ezpa'zeunkadaz, ez uste orren errez itziko neutsanik neure burubari zorro onetan sartzen; baña ba-dakust zu on utsa zareana.
—Zerubak berba eragin dautsu orain! Tira; sartu ondo beste beso au ta makurtu buruba pizka bat: ni baño garaiago zara-ta, ezin-ixango neunskijo osterantzian zorruari ebua lotu.
—Oi ene, nire samea! Okertu yat sekulako! Lotu al-dozu ondo? Amattu bein edo bein, ba! Zuk esan dozunez, laster dira etorri guraso ta enparadubak, ezta?
—Bai, gexu baten. Ordu bi edo iru barru egin dozu zuk zure egingua. Ara: amattu dodaz lotukixunok eta zagoz orain geldi-geldi. Txistik be ez atara ortik barrutik —entzun dozu?— biar dan letxe urten dagijan ondo arazo onek —entzun?
——Ba-nago ni ixillik. Baña zu; imiñi nagixu ormeari deutsodala, osterantzian onen luzaro zutunik egon ezkero nekatu egingo naz-eta.
—Orra or, ba, orman irozota. Auntxe zagoz ondo baño obeto!
|
|