|
ZANGURRUBA ETA KARRAMARRUAREN IPUÑA
—Ekixu, jauna, gure attak amar semerartekuak ixan zittuzala, eta ni oindiñokarren nazan lez, beti ixan zala txiro ta biartsuba. Makiña bat bidar aparittarako ogirik be ixan ez, eta jaten emon ta ase-ase egindda eratzo biarrian, iñon diran ipuñak esan eta lo-erazo egitten euskun guri attak! Sabela goseturik baña buru-belarrijak gozaturik iruan izaten genduban onetara urrengo goxerarte. Areri entzuniko ipuñen artian, zure ittaunari erantzuteko bete-betian yatordan bategaz gomuta naz orain, eta egonarriz piska baten adittu ba'ziñeist, erdein ixango elitxakixun zerbait entzungo zenduke.
—Esan, gixona, esan; atsegin andija ixango dot eta —erantzun eutsan bakaldunak.
—Gure attak esaten ebanez —asi zan Bertolda edesten—, beñola, aberiak berba egitten eben aldijan eta mozoluak kapusaia erabiltten eben sasoian, bai-ei-ziran adiskide urko bi: zangurruba ta karramarrua. Beste errijetakuak zelan bixi ete-ziran ikusi biar ebela-ta, munduba ziar alkarregaz juatia erabagi ei eben. Aldi atan zangurruba aurrekera ibiltten zan, osterantzeko piztijak lez, eta karramarrua etzan gaur lez albokera ibiltten. Adiskide bijok, gurasuen etxetik alde egindda, asi ei ziran bidez munduban barruna, ta ibilli ta ibilli, otijen errira eldu ziran; andik muskarren lurraldera jo eben, eta geruagogarrenian onein mugan dagon mitxeletienera. Eta ibillijaren-ibillijaz lurralde asko ta askotan ixan ei ziran eta ainbat bazter ikusi ei zittubezan eta beredin piztiren ekandu berezijak uartu. Eta juan eta juan, azkenez, katamixarren errira eldu ziran, gabez atan be eldu. Aldi atan, katamixarrak eta ogigaztaiak guda ixugarrija ei erabillen alkarren artian; antza danez, bitzubon lurraldiak bata bestiaren onduan ei egozan, eta saldukerijen bat edo-ixan zala-ta, iskilluak artu ta alkarreri erasoka eragoioen. Katamixarren gudaltegira eldu ziranian, ango jagolak ikusi egin zittubezen gure lagun bijak, eta zelataritzat arturik, bat-batian atxillotu ta txikotez ondo lotuta buruzagijagana eruan zittubezen. Buruzagijak ziatz-ziatz arakatu ta ittaunketa estuba egin ostian, ezeutsen idoro besterik munduba ikusi gurarik ebiltzezan lagun bi zirala baño, eta, biarba, arrotzak ziranez, ezeren barririk jakin ez-da leku aretara uste-uste barik eldu zirala; eta ittaundurik ia euren gudari ixan gura eukienentz, baietz erantzun eutsen zangurrubak eta karramarruak. Arenbeste adar, beso ta ankadunak zirala ikustian, gudarako berebixiko tresnak ixango zirala begittandu yakon buruzagijari, eta azke izteko aginddurik, gudari-lerruetan imiñi zittuzan. Eta aurduban jazo zan jazotekua. Aginddu ei eutsen gure zangurrubari arerijuen landan zer egitten ete-eben zelatan juateko. Katamixarrak uste eutsuben ezebela ogigaztaiak zangurruba ain errez ezagutuko, lurralde areitan zangurruba pizti barrija zalako, ta ganera ibilkera ixillekua eta pittian-pittian gorputzik geiena buztan barruban ezkutauten ebana. Arin baxen bizkor juan zan zangurruba nagosi-barrijaren agindduba betetan, eta arerijuen landan jagolak lotan aurkitturik, aurrera egin eban eta ogigaztae-nagosijaren guda-txabolaragiño eldu zan, ango jagolak be lo-egingo ebela uste ixanik; baña gixagaxuak ezeban adu onik ixan. Ezegozan lotan, ez, ango jagolak, ondo itzarturik jokuan baño, ta gure zangurrubak txabola barruban buruba sartu ebaneko, aretariko gudari batek ikusi egin eban beinguan, eta jokua itzi ta zangurrubak nabattu ezegijan maittik geldiro-geldiro jagirik, kisket bat artu ta buru-burura jaurti eutsan inddarrik andijenaz. A ixan zan kisketekua —...esus!— kasketekua! Krakadeaz beraz ene zangurruba ildda lez jausi zan lurrera konorte barik, eta buruban beti daruan maskorrari eskerrak, osterantzian ba-yuakoz garunak axiak artzen! Ogigaztae joagoliak, lurretara jausirikua zelatarija zanik bururatu be egin barik eta ilddakotzat arturik, adarretatik oratu ta luebaki batera bota eban, eta beste susmo txar barik lagunakana juan zan atzera jokuan. Zangurru errukarrijak, bere senera etorri, ezin eban miñaren-miñaz bururik jaso be egin, ain ixan zan andija arturiko kaskarrekua; eta zin egin eban etzala geiago eguno buruz aurrera iñon sartuko, buztanez atzera ibilli baño, ta onetara, ukaldirik emongo ba'eutsen be, buruban baño naiago ebala bizkarrian artu. Oñazez eta miñez, al ixan eban lez eldu zan atzera katamixarren landara, ta jazoriko ta ikusiriko guztija edestu eutsenian, iskilluak ixill-ixillik artzeko aginddu eutsen gudarijai buruzagijak; ta arerijuen landara juanik, eraso-aldi irrime bategaz otoz-otuan ogigaztae-nagosijaren txabolea artu ta barruban egozan guztijak il egin zittubezen. Onetara aspertu eben zangurrubaren kaskarrekua; baña zangurru gixagaxuak ezeban gura alakorik barriro jazo egikijon, eta ba-diñotso karramarruari:
—Amutil; gaiuazan emetik Jaungoikuakaz, gudaketea eztok guretzako egiña ta.
—Baña, zelan iges egingo yuagu —esan eutsan karramarruak— gure oñatzen aztarrenak artu egingo yauezak-eta?
—Ibilli adi i albokera, ta nik atzekera egingo yuat; onetara iruzur egingo yautseguk eta estura guztijetatik urten al ixango yuagu.
Atsegin ixan yakon karramarruari burupide au ta biatzen puntetan jarririk, txairo-txairo asi zan ariñeketan, orbiden, eta ba-yuakon zangurru gaxua atzetik, eldu eziñik. Katamixarrak ezeben iñoiz igarri norantz alde egin eben gure lagunak, euron ibilkera zakarraren oñatzakaz buruba naspilddu egin ixan yakelako, ta gogait-egindda uts-emon egin eutsen jazarkatziari. Nekez eta lorrez eldu ziran etxera zangurruba ta karramarrua; ta bidian jasan ixan zittubezen estura ta larrijakaz beti gomutau ixanik, il-burukotzat itzi eutsen ondorenguai arrezkero ibilli ettekezala beti eurak etxera etorrikeran egin ixan eben letxe; eta gaur berton ikusi ziñegije, oindiño, zangurruba atze-atzeka ibilli duala, ta karramarrua, barriz, albo-alboka. Eta zangurrubak ogigaztaiaren txabolan sartukeran artu eban kaskarrekua beti goguan daukodanez, neu be zure gela onetan sartzaittian bada-ezpadan atze-atzeka sartu ixan naz, ezer txarrik artzekotan oba dalako bizkarraren azkenaz artu burubaz baño.
—Ondo dago ipuin ori —esan eban bakaldunak—, zuaz etxera orain eta etorri zakidaz bijar. Baña egixu nik ikusi eta ez-ikusi egin zagidazan eratara, eta ekarri egidazuz zeugaz ortua, kortea ta errotea.
—Igarri egik ori, labatxori. Ba-nua, bai; baña asmauko dot zerbait zure agindduba zelan edo alan bete al ixateko.
|
|