BAKANDEREAGAZ
Bakaldunak eta Bertolda'k onen lautasun andiz autubetan eragoioela, geznari bat eldu zan bakaldunari esaten bakandereak Bertolda ikusi gura ebala eta, arren, aren gelara bialdu egijala. Antza, bakandereak, egun atan jauregijan jazo zan iskanbillearen barri entzun ebanian eta andren ixekaz Bertolda'k eragiñikua zala jakin, amurru bizija artu eutsan gure gixonari ta lepo betenak emon biar eutsezala erabagi eban berekittian. Bakaldunak emaztiaren eskabidia entzutian, ba-diñotso Bertolda'ri:
—Bakandereak ikusi egin gura ei zattuz, eta zure eske bialdu dau mandatari au.
—Mandatarijak, ona baxen sarri, txarra leike ekarri —egin eban Bertolda'k esakuntsu.
—Gaizkilliari, barruko arrak, sarri begijetara negarrak —jardetsi eutsan bakaldunak.
—Jauregijan barre dana, baserrijan negar lette; olako barrerik eztot nik neuk matte —barriz Bertolda'k.
—Aztamakilla arterik be, errubakua, bildur barik igaro dua.
—Andra asarredun, su-gar uiadun eta sartagi ipurtautsi, oba bertanbera utzi.
—Kalte dagijanak, bixarra lepuan.
—Zangurrubak beñola, sartagittik ijuti; bixiko zalakuan txingarretan jausi.
—Gaiztakerijak erein eta zorijonak uzta? Ene ustez, ozta.
—Buruiko zuri politta, andren edergarri; askotan ixan oida ezkabi estalgarri.
—Nastau dauanak askatu dagijala mataza ori.
—Ezta errez jardutia mataza askatuten, buru bijak ba'dagoz marapillo baten.
—Ez eta oñutsik ibiltten, arantzak ba'dira eretten.
—Norbera baño senduagua alperrik da gudukatu; geunetan jausiriko eulijak, zelan mismaua uxatu?
—Ez bildur ixan, ene gixona, kalterik iñok eztautsu egingo-ta.
—Agin ataratzalliari agiñak miñik ez.
—Bakandereak txarrik egin dagixun bildur ete-zara, ba?
—Andre asarrez betia, itxaso bazter-gabia.
—Emakume adeitsu ta mazala dozu nire emaztia, ta zu ikusteko joranez dago. Tira; poztu zattez eta zuaz alai, ezeren kezka barik.
—Azkenez be, zer ixango da geienez? Barriaren-barrez gixaxo au negarrez.
Nai ezian ba'zan be, juan zan, edo eruan eben ene Bertolda bakandereagana. Len esan dogunez, bakanderea asper gura ebilkijon Betolda'ri andrai egiñiko iruzurkerija zala zijo, ta makilla sendo batzuk gertu eukitteko aginddu eutsen bere otseñai, Bertolda etorri ettenian, oratu, gela baten sartu, ta lepua berotu arte astin-astin egitteko asmoz. Bertolda agertu zanian, bakanderea lendik be asarre ba'eguan, ariago jarri zan ain gixon matxarra zala ikustian, eta muker egiñik ba-diño:
—Ako matxangua agertu yakuna berton!
—Sartagijak pertzari, ut ortik baltz ori —erantzun eban Bertolda'k.
—Zelan daukozu ixena? —ittandu eutsan bakandereak.
—Imiñi eusten letxe: ezertxu be aldatu barik.
—Zelan dettuten zattube?
—Dettu? Oles eginda.
—Zelan deritxazun, diñot.
—Alan olan; batzutan ondo deritxot, bestetzutan, barriz, txarto.
Bakanderak ittaunka eragoion bittartian, neskame batek ontzibete ur ekarren amantalpian eskutauta, Berttolda'ri atzetik-ara burutik bera botateko gogoz; baña gure baserrittar maltzurrak, begi-belarrijak erbijak eurak baño zurrago ta ernai erabillezan-da, laster igarri eutsan asmua, ta ezer uartu ezpai'leuan, beingo-beinguan maltzurkeri barri bat asmau eta ba-erraion bakanderearen ittaunen adi.
—Zelan dakixuz orrenbeste malmuzkeri, sorgiña dirudixun orrek; ala igarlia zara? —egin eutsan bakandereak.
—Erdiz-erdiz. Bizkarra bustitten yatan bakotxian edozer igarri al ixaten dot, batez be amakumak egiñiko okerrerijak; baña osterantzeko gauzak be ondo dakidaz igarten. Emen iñor ba'lego atzetik ura bota gura leuskedanik, naidan gauza jakingo neukez lepuan ura nabattu ta beste barik.
Oneik itzok entzutian, amantalpian ura ekarrenak bestela-battakuan alde egin eban gelatik, bilddur zalako pekaturen bat agirijan imiñi ezegijon, eta beste neskamietarik be etzan batxu bat be azartu Bertoldari murrika egitten, guztijak eukelako zer gorde, edo, esan oi dan lez, lastozko buztana eben-da subaren bilddur ziralako. Baña bakanderea geruago asarriago eguan, eta aginddu garratzaz erazo egin eutsen neskamiai makilla bana artzen Bertoldari erasoteko. An ikusi ixan zeinkezan neskamiak Bertolda'gana juaten Bakanteak eurak arako Orfeo gixagaxuaren ganera baño amurrutubago! Bere buruba galduta ikusten eban Bertoldak; ezeukan iñondik be igespiderik. Baña orduan be, oi ebanetariko amarru bat otu yakon, eta garraxi egiñez, ba-diñotse neskamiai:
—Geldi or! Jo biar ba'nozube, jo nagixube; ementxe nago artzeko gertu! Baña artu biar dodan lenengo makilladea ixan dedilla bakaldunari bazkarittan edena ezarri gura ixan dautsonak emona. Tira; asi joten!
Au entzutian zurtzauta geldittu ziran neskame guztijak, eta bata bestiari begiraka asi ziran, alkarreri iñotsela:
—Nik eztot iñoiz olakorik egin gura ixan.
—Ez neuk be —iñuan albokoak; eta onetara, batak ezetz eta bestiak be ezetz, atzeratu egin ziran guztijak eta bakanderea bera be bai. Lengo lekuban itzi zittubezan makillak bake-baketan, eta Bertolda, ordukoz beintzat, bere lepo ganian makilla otsik entzun barik geldittu zan. Egin-egiñian be, orixe besterik ezeban gura ixan.
Bakandereak amurru bizittan eragoion ara bere Bertoldaren aurka, ta zelan edo alan zigortau eragin gurarik, jauregiko ate jagoliai bialdu eutsen gaztigua ak urteieran ezeren erruki barik ebainddu egijela; ta lau morroe bialdu zittuzan Bertoldari atadiragiño lagunduten, atzerakuan, jazo ettian barri ziatza ekarri egijoen berari.
Bertoldak ezetara be iges egitterik ezin leukiala egin ikusirik, maltzurkeri bidia artu eban barriren-barri, ta bakandereagana bigurturik ba-diñotso:
—Zuk gura dozuna ezta besterik ni makillatuba ixatia baño, eta argi dakust ezin daikedala emendik urten zure gogo ori nire lepo ganian betetu ezik. Alan be, egidazu mesede bat; zure adei-legia artzen dot bittarteko, ta eskabide zuzena ixanik, ba-dakit baietz esango daustazuna. Zuk, dana-dala, ni makillatuba ixatia gura dozu; baña, orrattiño, bardin ixango yatzu zein an jo zein emen jo, makilladak neuk artu ezkero; artez diñot? Tira ba; esan egijezu nigaz atadiragiño etorri biar daben morroioi esan dagijuela ate-jagoliai burubari ez ikuturik egitteko, baña beste enparadubai emon-alak emoteko makillak ausi arte.
Bakandereak ezeban trikimalla au ondo ulertu, baña baietz esanik, aginddu eutsen morroia jagoliai esateko burubari ez ikuturik egitteko, baña beste enparadubai makillak ausi arte emon-alak emoteko; eta juan ziran ene morroiok, Bertolda aurretik ebela, jagoliakana. Ordurako ba-egozan jagoliok makillak eskubetan zittubezala, txistu ta igurtzi, jaiari noiz asiyera emongo gertu. Baña, Bertoldak, ariñeketan asirik, aurre andija artu eutsen morroiai, ta laguntzalliok Bertolda ija jagolien ondo-onduan eguala ikusirik, aldarrika asi yakezan bestiai bakandereak aginddu ebala burubari ez ikuturik egitteko baña beste enparadubai makillak ausi arte emon-alak emoteko.
Jagolak, Bertolda bestien aurrian etorrala ikusirik eta guztijen buru zala uste ixanik, bake-bakian itzi eben urteten ikuturik be egin barik; baña morroiak eldu ziranian, enparadutzat arturik, asi ziran eurokaz makillaka jo bata jo bestia, ta egunoko jipoirik ederrena ezarri eutsen. Iñon diran triskantzak egin eutsezan: besuak apurtu, burubak tuturrumilloz betetu, saietsak lokatu, ta ez mamiñik ez azurrik ezeutsen itzi ondo jorratu bakorik. Ene morroe gixagaxuok, ebaindduta, umatuta, ziatuta, eiota, manduak ildda ta zutunik egoteko be ozta-ozta bakandereagana juan biar ixan eben zer jazo zan esaten. Ak jakin ebanian Bertoldak aingirea lez zirrist egin eutsala esku artetik ezetariko miñik artu barik, len baño bi bidar asarriago jarri zan, eta zin egin eban asper ixango ekijola. Baña, ordukoz beintzat, gorde egin eban kurrukea kolkuan erazko abagadunea etorri eikijon artian, eta morroiak osatuteko zer biar eben agindduten juan zan. Bai biar be, gixagaxuak.
|