BERTOLDAREN MALTZURKERIJA
Bijaramonian, ba-diñotso Bertoldak amari zerbazko opil bat egin dagijola, ta guriñez, gaztaiez eta gaztanberaz ondo ta lodi igurtzi ostian, bota egijozala ganetik zaia ta uruna ugari. Artu eban gero galbae bat, eta arpegi aurrian imiñita, opillagaz eta guztijagaz bakaldunagana juan zan.
—Zer esan gura dau, ostera, arpegi aurrian dakarzun galbae orrek? —ittaundu eutsan bakaldunak.
—Ez-al-zeunstan zeuk aginddu ikusi ta ez-ikusi egin naikezun erara etorri ninddakixula? —jardetsi eutson Bertoldak.
—Bai, alantxe da.
—Ona emen, ba, ni, galbae onen zuluen atzian, ikusi naikezularik eta, alan be, ezin ikusi naikezularik.
—Gixon andija ta burutsuba zara, orrattiño. Baña, ortua ta kortea ta errotea, non dozuz, ba; ala eneutsuzan ekarteko esan?
—Orreik irurok be zerbazko opil onetan daukozuz nastian. Zerbeak ortua esan gura dau; gaztaiak, guriñak eta gaztanbereak, kortea adierazoten dabe; eta zaia ta uruna, barriz, eztozuz errotea baño besterik.
—Eguno neure bizijan eztot zu lango gixon argirik ez ikusi ez ezagutu. Eta saritzat, zeuri otu dakixuzan edozein eginkixun eta biar-ixanetarako artu daikezu jauregi au zeure-zeuria bai'litzan.
Itzok entzutian, bakaldunaganik zerbait aldenduta, kukulumutxu jarri ta prakak erazten asi zan Betolda gorputzeko biar-ixanen bat egittia erakutsi gura bai'leuan; eta jasa aretan gixona ikusirik, asten yako bakalduna garraxika:
—Zer da baña, emen egin gura dozuna, zantar lotsabako orrek?
—Zeuk eztaustazu esan, ba, neure biar-ixan guztijetarako artu daikedala zure jauregi au?
—Bai, esan dautsut; baña, zer da zeure egitteko ori?
—Jauna; nik, ba, neure ixate oneri aztun deritxot une onetan, eta zeure abinddu ta eskeintzea ontzat arturik, aztuntasun au ementxe berton arinddu daikedala otu yat, egin-egiñian be, biar-ixan gorritan aurkitzen naz-da.
—Orduban, bakaldunaren jagolietariko batek, artzen dau makilla bat eskubetan Bertolda burutik-bera astindduteko gogoz, eta ba-dirautso aldarrika:
—Asto txarritto ori! Tira kortara, zeure ideko astuen ondora, bakaldun aurrera olako zantarkeririk egitten etorri barik! Alde emetik, arin, eskubetan daukodan makilla onegaz saietsak apurtu dagixudazan gura ezpa'dozu!
Bigurtzen yako Bertolda ben-ben eta ba-diñotso:
—Baratxe, baratxe, ene anai kutuna! Zer duala-ta orren milika ta bupera eure buruba agertu gura? Ez al-dozak eulijak iñoiz ikusi, ezkabiztuen buru ganian ibilliostian, arian bakaldunaren maira be juaten dozaala, ta bakaldunaren katilluban bertan miazkau ta zetazkau egin arren, ezeren kezka ta iguin barik artzen yuala arek katilluko zukuba? Eta, ezin al-yuadaz nik ostera, neure zeregiñak beianganian egin, biar-biarrezko ixanez ganera, bakaldunak berak bere jauregija neure biar-ixan guztijetarako eskeñi yaustaan ezkero? Ala au baño biar-ixan andijagorik ba-ete-laiettekit etorri egin yataan eskeintzeari onen adin-onez baietza emoteko?
Beinguan ulertu eban bakaldunak Bertoldaren itzixuna, ta ikusgarrizko ereztun bat atzamarretik aterata ba-diñotso:
—Eutsi ereztun au; zeuretzat emoten dautsut. Eta zuk, ene diruzain orrek, emon oneri milla bat dukat.
—Eztot nik gura lorik galdu erazo dagistazun.
—Nik zuri lua galdu erazo?
—Bai aurki. Orrenbeste diruren eta ereztun orren jaube ixango ba'nintz, eneuke eguno atseden egingo, eurok gorde eziñik edo zetan irazi bururatu eziñik, buruba zoratu-zoratu egindda, ez bakerik, ez arterik eneukelako ixango. Ganera, ba-dakixuz, oiez, arako esakunak: «edozein sari esker gura», ta «iñoren emoia artu ta norberen buruba saldu». Jarei egin nindduban Jainkuak eta jarei iraun gura dot illartian.
—Zer egin daiket, beraz, zu saristuteko?
—Naikua dau ordaintzen, on-egiña dauanak ezagutzen.
—Ezta naikua ezagutzia; esker-ona sari zerbattegaz erakutsi biar da.
—Gurari eta gogo ona ikustia ordañik asko da gixon zindduarentzat.
—Baña nagosijari adei-legez yagoko menpekuagaz esku-zabal ixatia.
—Alan be, eztau menpekuak ontzat artu biar bere irabazija baño ezer nagosijagorik.
|