NARRITTARIJARI NARRITTAKA
Bijaramonian, eta ottureari jarrattuz, zaldunez eta andikiz beteten asi zan bakaldun aretua. Bertoldak be ezeban utsik egin, eta berak oi eban lez agertu zan. Bakaldunak, ikusi ebaneko, beragana dettu ta esan eutsan:
—Da? Zelan egin zenduban bakandereagazko egingua?
—Gona mendeletik oskijetara alde gitxi, ene jauna —erantzun eutsan Bertoldak.
—Itxasua asaldaurik eguan. oiez.
—Itxaslari onarentzat beti da itxasaro.
—Zeruak zematzalle eragoion; ekatxa urrian zan noonon.
—Ekatxari iñotsi eutsan iñotsi, baña bestetzuren lepo ganiak iñarrosi.
—Oraingoz ozkarbi dagokela uste al-dozu?
—Goibel itzi neban nik neuk itzi.
Ba-eguan jauregi atan narrittari bat, eta aldi areitan otturea zan lez, beste zeregin batzuren artian bakaldunari barre eragittia ixaten eban jardunik andijena. Tuntuiz esaten eutsen ezixenez, zaparrote-lodikotia ixanez ganera, buruban ule garau bat bera be ezeukalako, ain zan kaiskasoil. Une atan bakaldunaren ondo-ondotxuan eguan eta Bertolda begittarte txarrez arturik, ba-diñotso bakaldunari:
—Arren, jauna; indazu baimena amesetan diñarduban baserritar orreri berba egin dagijodan, iratzartu egin biar dot-eta.
—Zeuk gura dagixuna egikezu; baña, zain, gero arako Ondo-Etorri'ri lez jazo eztakixun zuri; narru billa juan eta narruturik etorri.
—Nok, eta orrek? Ba-dago obarik! —jardetsi eutsan Tuntuiz'ek—, enaz ni gixon orren bilddur. —Eta Bertoldagana zuzendurik, ba-diñotso parizta barregarrijakaz:
—Zer diñok ik, barriz , abijatik jausiriko gautxori errukarri orrek?
—Nori doñotsak ik ezer, ostera, lumabako mozolo epel orrek? —erantzun eutsan Betoldak.
—Zenbat legua bide egin biar dozak iretargittik Lucca'ko ezkotegijetara?
—Zenbat egin biar ixaten dozak euk lapiko ertzetik zaldittegiko galtzu ganera?
—Zer duala-ta ollo baltzak arrautza zurijak erroin?
—Zer duala-ta bakaldunaren sarteak, iri lepua baltzittu egin?
—Noiz arte iraungo dok ik eure maltzurkerijak alde batera itzi barik?
—Euk noiz itziko dozak iñoren eskaratzeko txalijak txakurren antzera miazkau barik?
—Baserrittarrari akijo ardura ta ez emon sartarik eskura.
—Urdia ta igelas ago antsi baga ta ezegixak lupetzatik atara.
—Erroiak ez ei yuan iñoiz barri onik ekarri.
—Saiak eta miruak, barriz, okela ustela non, beti igarri.
—Deduzko gixona nok ni, ta ondo azija.
—Bere buruba oi yauanak goraldu, zittaldu.
—Baserritarra ala basatitzarra?
—Koipezalia ala pekootzalia?
—Zapuskeri bako baserrittarrik, iñon bez.
—Gangar bako ollarrik, iñoiz bez, eta zazpisuete koipekeri bakorik, eguno bez.
—Ire oskijak abua zabalik yagozak; gosez, antza.
—Ez; iri barreka yiñardubek, astotzarra azala igarri yauek-eta.
Ene narrittarrija, zer erantzun bururatu eziñik, piparra bera baño gorrijago jarri zan lotsa-lotsa egindda.
Zaldun eta andiki guztijak Bertoldari emon eutsen amarrekua, ta Tuntuiz'ek, besterik eziñian, eruapena artzia erabagi eban; baña naiago eukian baraurik egon maltzur areri usartu ixan baño. Beti eragoion ziri ta miri, edonori narrittaka ta alamenka, bere burubari argi ta zoli eretxitta arropuzturik, eta jauregi-gixon guztijak postu egin ziran Bertoldak gangar-gangarrian jo ixatiaz. Lotsearen-lotsaz begijak gora jazoten be etzan azartuten, eta atsekabiaren andiz bere buruba errekara botata be bardin eutsan ija-ija.
Eta gaba eldu zanez, bakaldunak, zaldun eta andikijai agur egiñik, esan eutsan gure Bertoldari bijaramonian jauregira bigurtzeko, baña ezedilla etorri ez billoxik ez jantzirik.
|