|
LEN-ITZA
Ona emen, irakurle, idaztitxu baten batuta, Euzkadi egunerokuan zatika-zatika neuk aurtemin argittalduriko «Bertolda eta Bertoldin»en jazokunak.
Idazti txatxar au baño obarik ez-ete-neunkianentz idoro, euzkeralduta zuri eskiñitteko? Bai, urrian. Egija autortu: ba-dira bazterretan au baño idazti ederragorik asko nok euzkeraldukoren begira; baña nik idaztiño au begiz jo ixan ba'dot, erderaz dauan zabaltasunaren bidez euzkerearentzako onura apur bat ateratiarren baño ezta ixan.
Orrattiño, ba-dau idazti onek zerbait onik zabaltasun au berekittian jadietsi ixan al ixateko, arte urtetsubari, arian, kimu barrijak urteten dautsen antzera, Bertolda eta bertoldinen edestijari be, zarra ixan arren, urte batian bai eta bestian be bardin, oindiño be edozein izkuntzatan irarkaldi barrijak darraikoz-eta.
Eleukian uste, biarba, beronen egilliak, Giulio Cesare della Croce ittalittarrak, onen ospe andija ixango ebanik bere lantxu onek. 1550'gn urtian jaio ta 1620'gn il, bere erijotzako urte beratan egin ziran Bertoldaren maltzurkeri ta Bertoldinen txaldankeri edestijetako lenengo irarkaldiak, idazti banatan.Antza, idazle a, Horatiok bere Olertiztijan agindduriko amar urteko argittalkixun epiaren begira eguala-edo, Erijo'k eruan eban lurretik Ospea jarraian ain urretik ebilkijola susmau be egin barik. Arin zabaldu ziran Della Croce'ren idaztixubok Europa osuan, batez be ozte-lauaren artian, eta laster agertu yakezan batta baldetzalliak be. Eurotariko batek, Camilo Scalligeri'k, Cacaseno edo dalako ixen itxusizkoren edestija gettu eutsan, eta arrezkero Bertolda, Bertoldin eta Cacasenoren ixenaz dabiltz idazti baten batuta idazle bitzubon edestijak.
Baña euzkerara itxultzeko asmoz Ittali'ra eskatu neban idaztijak, bat-batez alboratu dau Scalligeriren lantxu au, ta neuk be, egikera oneri zuzen eretxirik, beste ainbeste egin dot. Eztot uste ezer galdu dozunik, irakurle. Cacaseno'ren edestitxubak lixunkeri sundadun berein gauzatxu dakaz txaldankeri asko ta zurtasun ez ain askoren tartian, eta txaldankeririk jakin gura ixatekotan, naikorik dogu Bertoldinen tentelkerijakaz. Beste zerbait be ba-dau onik ittalerazko idaztitxo barriztau onek. Umientzako ustez egiñiko irarkaldi berezi batekua da, ta Della Croce'ren lanak berez edo irarkaldi askuaren erruz itxasitta darabiltzan zatarkeritxu batzuk, moztu egin dittuz, eta oraingo aldijan gogaikarri litxakezan ipui eta esakuna batzuk be kondo-kondotik atera ta kendu. Beraz, ene irakurle on orrek, ezeren kezka baga ta txarrik aurkittuko eztozunen ardura barik irakurri daikezu euzkerazko idaztitxu au, ta, era berian, naiz-ta edozein umekondori be irakurteko emon umientzako batez be antolaturiko batetik euzkeralduba dalako, ta euzkeraldueran antolatzallien asmua neure gogo ixan dodalako.
Bertolda, baserritar jatorra, iñori burubak emon leukijon larra-gixon ezain eta matxarrena, bakaldun jauregijan basuan baxen eroso ibiltten ikusiko dozu emen, bakaldunaren beraren eta jauregi-gixon guztijen arrigarri ta omengarri. Aren uste-uste bako urteiera maltzurrak, bakaldunari egin eutsen legez, zuri be zurt erazo egingo dautsube, ta aren esakuna ta onubak, zer auznartu ta oldoztu emon. Bertoldinen txaldankerijak, barriz, naiz-ta gu bixi garean aldi onetan umiak eurak be umekeritzat eretxi, barre eragingo dautsube edo, besterik ezian, Markolberen zurtasunaren eutsigarrijaz, atsegin ixango yatzuz.
Atsegin ixan; atsegin egin. Atsegin egiñez irakatsi, esan darue antxiña-antxiñatik, eta idaztitxu onek ezer jakingarririk edo ikaskarririk beronengan baldin ba'dau, erarik atsegingarrijenaz irakasten dauala deritxot. Neuk euzkeraldueran, nire euzkereak kalte egin ixan leukijon, biarba; baña zure ontasuna ta azkartasuna bittarte dirala, ba-dakit utsen bat idoro dagixunian, ene irakurle on orrek, ez-ikusi egingo dautsazuna, ta ezer ulerkatxik aurkitzian, idazti onen atze-aldian ezarri dodan iztegira jo ta egonarri pizka bategaz ulertzeko alegiñak egingo dozuzana. Idazti onetako esakunak euzkeralduteko, batez be, neure lorrak ixan dodaz. Neure gogoz eta al ixan ba'neu, geure-geure esakunak baño enittuzan nik ezarriko erderazkuen ordiakotzat; baña neure alegiñak arren, batzuren batzuk baño ezin ixan dodaz imiñi, ta garattikuak Jaungoikuak berak bakarrik dakijan legez euzkeraldu al ixan dodaz, eta gero neurekittian emon ixan dautset esakuna antza.
Eta onenbestegaz eta euzkerearen zabalkundiari on egin dautsadalakuan, agur dagitsut, ene irakurle, zure laguntzea eskaturik.
Euskeraltzallia
|
|