ALBOIN BAKALDUNAGAZ
Alboin, Longobardarren bakalduna, ija Itali osuaren jaube egin zan aldijan, eta bakaulkija Verona urijan eukala, Bertolda eritxon baserrittar bat gerta zan aren jauregijan, gixon matxarra bera ta ezaña baño ezañagua. Baña mazkal itxura onen ordez, adimena zolija eban, eta itzetik-ortzera ta bete-betian erantzuten jakiñez ganera, baserrittarrik geienak oi diran lez, maltzurra zan eta amarruz betia.
Esterijaz gixon txikarra zan; buruba andija eban eta pirlua baxen biribilla; bekokija, kunkurra ta tximurrez betia; txingarra lakoxe gorrijak zittuzan begijak; zurdea baxen luze ta latz bepurubak; belarrijak, astuen gañakuak; abua, andija ta oker samarra, beko ezpana zaldijak lez dindilizka ebala; bixarra, okozpian eta sarratuba; sudurra, kakua lakoxia, goraz-begirakua ta surtzillo andijakaz; basurdearen antzera zittuzan agiñak, eta itz-egittian urten-urten egitten ekijozanez, lapikoren baten irakitten eragoioela zirudijen; oñak, barriz, luziak eta garaubak; istarretan eroiazan galtzak, miesa gordin nabarrez egiñak eta belaun-aldian bein eta barriz adobaurikuak; oskijak, jalgijak eta zurrumadunak. Itz baten esan: Narkis'en itzulietarakua zan gixon au.
Bakaldun aurrian egozan jaun eta andiki guztijen erdi-erditik igaro zan, ba, ene Bertolda au, ez txapelik erantzi, ez ezetariko gurkerarik egin barik, eta, uarrez, bakaldunaren beraren albo-albotxuan jezarri zan. Bakaldunari, barriz, bijotz-berea ixanik eta ipuin-zalia, aldarte oneko barregarriren bat ixan ettekiala irudittu yakon, ixadijak askotan olako gorputz zatarrekuetan doai berezijak sortu erazoten dittuzalako, ta, bape asarratu barik, matte-matterik asi yakon ittaunka, ta ba-iñotsan:
—Nor zattut; noiz jaio ziñan; nundarra zara?
—Gixona naiatzu —erantzun eutsan Bertoldak—, eta amak erdi ninddubanian jaio nintzan; nire errija, barriz, ludi onetakua da.
—Asabatzat eta ondorengotzat, nortzuk dozuz gorantzakuak eta berantzakuak?
—Indijabak; sutan irakitten daragoioela, lapikuan gorantz eta berantz, igo ta jatzi ibilltten jataz-eta.
—Ba-al-dozu attarik, amarik, anairik eta arrebarik?
—Ba-dot atta, ta batta ama, ta anai-arrebak be; baña guztijak itzi dodaz illik.
—Zelan diñozu ba-dozuzala, guztijak il ixan ezkero?
—Nik etxetik urteieran lotan itzi dodaz guztijak, eta onegattik diñotsut guztijak dagozala illik. Lo datzana ta illik dagonaren artian alde gitxi, nik uste, atan be luari erijotzearen senidia esaten yako-ta.
—Zein da ixan lettekian gauzarik laster ta ariñena?
—Oldozmena.
—Zein da ardaurik onena?
—Iñoren etxian edaten dana.
—Zein da iñoiz beteten eztan itxasua?
—Gixon zekenaren diruzalekerija.
—Gastiagan ixan lettekian gauzarik itxusijena, zer da?
—Esanekua ez ixatia.
—Salerosliak euki legijan gauzarik ezaingarrijena, zer da?
—Guzurra.
—Zein da etxian ixan lettekian surik andijena?
—Otseñen min gaiztua.
—Nor da dattekianik ergelena?
—Bere buruba jakintsubenatzat daukana.
—Zeintzuk dira osatu eziñeko gatxak?
—Ergelkerija, bizijena ta zorrak.
—Nor da amari miña erretan dautson arako semia?
—Kandelearen babilla.
—Zelan egingo zeunke galbaian ura ekarteko txiztillik ixuri barik?
—Lettu artian itxaron egingo neuke, ta ixotz egiñik ekarriko neusketzu gero.
—Zelan egingo zeunke txakurrik barik erbija atxikitzeko?
—Egositta egon dattian artian itxaronda.
—Garun onekua zara-ta, tira! eskatu zeu zer gura, otu dakixuna emoteko gertu naiagotzu-ta.
—Norberenik arian be eztauanak ezin emon legijo ezer iñori.
—Zer dala-ta ezin emon negixu nik zuri opa dakixunik?
—Zorijon billa nabil ni; zu ain-bakua zara-ta, ezin emon ziñeits arian be.
—Ez-ete-naiz ni, ba, zorijoneko, bakaulki garai onetan jezarri al nattekiala?
—Gorengo jezarten dana, bera jausteko be urrien dago, ta batta amiltzeko be.
—Begiratu zenbat jaun eta andiki yagotazan inguruban, neure adi ta neuri omen egin gura.
—Iñurritzarrak be zugatz inguruban ibiltten dira, ta mirrizka-mirrizka azala jaten dautse.
—Ni, jauregi onetan, ixar txikijen artian eguzkija baxen diztikorra naiatzu.
—Egija diñozu; baña zurikerijak illunduriko asko dakustaz nik.
—Esan; jauregi-gixon ixatia gura ixango ete-zeunke?
—Azke bixi danak eztau billatu biar atxillo ixaterik.
—Nok erazota etorri zara ona, ba?
—Bakalduna beste gixonak baño amar edo amabi oin garaiago edo-dala uste ixatiak erakarri nau, eta etxe guztijetarik elexako kanpantorriak urteten dauan antzera, gixaseme guztijen ganetik bere buruba agertu leukiala begittandutiak be bai. Baña, dakustanez, bakaldun ixan arren, osterantzeko gixonen bestekua zara zu zeu be.
—Esterijaz bestien gañakua nozu, bai; baña aginpidez eta aberastasunez, amar oin barik, batta eun eta anei beso be ba-dot nik urteten bestien ganetik. Baña zuri nok edo zek eragin dautsuz olako gogaketak?
—Zure zergarijaren astuak.
—Zer dauko zer-ikusi nire zergarijaren astuak jauregi onetako andittasanaz?
—Astuak ba-eban egin arrantza zu ta zure jauregi ta jarraigua ixan baño lau milla urte lenagotik be.
—Kar, kar, kar...! Barrerik egin barik zeugaz, orratiño!
—Zoruen abuan barria ugari beti.
—Zu baserrittar maltzur bat baño etzara.
—Ixakeraz ixan neu olakoxia.
—Ara —eske antzera agintzen dautsut—; kendu zakidaz begijen aurretik ointxe berton, osterantzian jaurti egingo zattut kanpora, zeure kaltegarri ta lotsagarri.
—Neu juango naz ni; baña uartu egikezu eulijak ixan oi daben jokerea: kanpora jaurti arren, atzera etorriko naiatzu gexu baten zeuri alamena emoten.
—Zuaz bein edo bein; eta eulijak eurak egitten daben antz-antzera etorri ezpa'zatxatost atzera, buruba ebagi dagixubela egingo dot aginddu.
|