|
BERTOLDA'REN MALMUZKERIJA
Urten eban, ba, ene Bertolda'k, eta etxera juanik, an eukan asto zar-zar bat artu eban: asto bat bizkarra ta saietsaldiak aragi bizittan eukazana ta eulijak jan-jan egiñik eguana; ta ganera igonik, bakaldunaren jauregira juan zan barriro, milloe bat eulik eta mando-eulik lagun egitten eutsela. Euli guztijok egitten eben edoiaz, barriz, ozta-ozta zan agiri barruban gure gixona, ain zan sarratuba eulittedija. Eldu zan bakaldunaurrera, ta ba-diñotso:
—Aemen ni barriro, ene bakaldun enia.
—Eneutsun nik esan eulijak eurak lez ezpa'zintxatozan, buruba kokotetik ebagi eragingo neutsula? esan eutsan bakaldunak.
—Eulijak eztira ibiltten aragi ustelaren ganian, ala?
—Bai, ba-dira ibiltten.
—Zeuk ikusten dozunez, ba, ona emen ni be eulija bai'nintzan, narruturik daguan aratustel onen ganian barriro zugana etorririk, lagun dodazan eulijok astua ta bijok jan agiñian gaukezala. Baña, taiu onetan iraun eta etorri ba'naiatzu, zuri emoniko itza jabotiarren baño ezta ixan.
—Gixon zurra zara eta beraz, parkatu egitten dautsut. Eta, zubek, eruan gixon au eta jaten emon.
—Eztau jan biar eskuarteko lana oindiño amattu eztauanak.
—Zer ba; besterik esateko al-daukastazu?
—Eztot oindiño asi be egin.
—Tira; kendu egidazu aurretik asto atsittu ori, ta zeu be nora edo ara aldendu zakidaz. Emakume bi dakustaz onantza datozela, ta entzualdi baten eske ete-yatordazan nago. Euroen arazua amattu dagidanian ekingo dautsagu barriro alkarregaz autubetan.
—Ba-nua, bai; baña, zain, gero, epai zuzena jaurti dagixun.
Etorri ziran, ba, andra bijak bakaldun aurrera, eta euretariko batek burubegittallu bat ostu ixan eutsan bestiari. Burubegittallubaren jaubiari Aurele eretxon; ostu ebanak, barriz, Lixe eban ixena ta burubegittalluba eskubetan ekarren. Aurele'k, bakaldun aurrian zalakuntzea egiñez, ba-diñotso:
—Jakin egixu, ene jaun orrek, andra au nire logelan sartu zala bart, eta eskubetan daukan leiarrezko burubegittallu au ostu eustala. Bein eta barriro ta askotan egin dautsat nik eskatu, baña ukatu egitten daust beronek eta eztaust bigurtu gura; eta onegattik, zuzenkintzea egin dagixula eskatuten dot.
—Ezta ori egija —esan eban Lixe'k—. Oindiño eztira egun batzuk baño burubegittallu au neure dirubaz neuk-neuk erosi nebala, eta eztakit azartu be zelan egitten dan berau beronena eztan gauzarik iñori eskatuten.
—Au be entzun egin biar! —jardetsi eutsan Aurele'k—. Ene bakaldun zurra, ezegixuz siñistu onen guzurrezko berbak, andra au barrubako eta siñistebako lapur ezagun-ezaguna yatzu-ta; eta, ganera, jakin egixu ene jaun altsu orrek, ludi osoko urriagattik be enebala nik zirkiñik egingo neuria eztodanik eskatuten ona etorteko.
—Bai; zereko barruba! —iñuan Lixe'k—. Zuzenbidez dabillena norbera dala esatia baño beste siñispiderik ezpa'leguan...! Baña, emen, epaikari zuzen baten aurrian gagoz bijok, eta laster dau onek igarri ni errubakua nazana ta zu, barriz, erruduna ta guzurti utsa zareana.
—Lurra! —egin eban oiu Aurele'k au entzutian—. Zergattik etzara berperton idegitten andra zittal au iruntsitteko, neuria dodan gauzea arpegi-andijaz ukatuez ganera, zuzenbidez dabillena bera dala esaten daragoio-ta? Zeruba; arren, agertu egixu jazokera onen egija!
—Tira, tira; baretu zatteze —esan eban bakaldunak—; neuk itziko zattubedaze lasa begi-itxi-edegi baten. Zubek, ene gixonak, artu burubegittallu ori eta zati-zatittan apurtu. Emon gero zatijok erdi bana andra bakotxari, ta onetara bijok geldittuko dira pozik.
—Ez, ez —urten eban Aurele'k negar-agiñian—. Apurtu baño milla bidar gurago dot beroneri osorik emotia, onen burubegittallu ederrik autsitta ikusttia ezin jasan ixango neukelako; eta nok daki, ba, egunen baten, egin dauanaz damututa, beronek bigurtuko ez-ete-daustan. Beraz, osorik eruan dagijala burubegittalluba etxera eta gure auzija amattu dedilla.
—Nik, barriz, ondo deritxot bakaldunaren epaiari —esan eban Lixe'k.
—Auntxe —egin eban oiu bakaldunak—, auntxe ikusten dot burubegittallu au, bene-benetan, apurtutzerik gura eztauan onena dala, beronen negarrak, beronen malkuak eta beronen eskarijak argi erakusten daustelako jaubia berau dana eta ori, barriz, lapurretea egin dauana! Beraz; emon oneri beronen burubegittalluba ta jaurti emetik beste ori lotsagarriro.
—Eskerrak dagitsudaz bijotz-bijotzez —esan eutsan Aurele'k—, zure zurtasuna dala bide, andra onen zapuzkerija ezagutu dozulako, ta zu lango epaikari zuzenari yagokanez, epai ezin artezagua jaurti dozulako. Orain eta beti eskatuko dautsat zeruko Jaunari osasunez jagon zagixan eta zeuri opa dakixuzan zorijon guztijak emon dagixuzan.
—Zuaz baketan —esan eutsan bakaldunak—, eta on-ona ixateko alegiñak egin beti. Eta jauregi-gixonai zuzenduz, ba-erraikijon. Ezagun-ezagun da burubegittalluba beorrena ixan dala, ta emakume orrek egin dittuzan negarrak izan dodax ezaugarririk onen egi au argi ikusteko.
—Negarrak eztira ezaugarri on, ene bakaldun enia, egin eutsan Bertolda'k, bakaldunaren esanari barre egiñaz.
—Zergattik ez-ete-dira, ba?
—Emakumien negarrai siñistu egitten dautsezu, oiez?
—Zer dala-ta eztautset siñistu biar, baña?
—Ez al-dakixu, ostera, andren negarra amarrukeri utsa baño besterik eztana, ta esaten naiz egitten daben gauza bakotxa malmuzkeriz egiña ixaten dana? Aurretik negar egin arren, atzetik barre egitten dautsubena; ta uste oi daben iruntzietara itz-egin eta itz-egin oi daben iruntzietara uste ixan egitten dakijena? Orrein malkuak eta negarrak, orrein ai-eniak eta lerrijak, orrein ziñuak eta pariztak, eztozuz orixe baño: malmuzkeri, iruzurkeri ta saldukeri utsa, barruban daruezan asko-gureak eta ase-eziñezko griñak beteteko olakoxiak ixaten erazota dagozalako.
Eta bakaldunak esan eutsan:
—Zuk andra irañez ezarten dautsezun akatsetarik zerbait euki legijenik eztautsut ukatuko; baña emakumak, berez, on utsak dira, eta zentzudunak eta zurrak. Makaltasunez-edo iñoiz edo bein andraren batek oben egin arren, atxakigarri dira, gixonen aldian samurraguak diralako eta olako utsetan jauskorraguak. Baña, esan egidazu; gixonen batek emakumietarik osoro aldenduta bixi ixan gura ba'leu, ez al-zenduke esango burutik egindda dagola? Emakumiak, ezer baño ariago, senarra dau matte; semiak jantzi, azi ta ezi egitten dittuz, eta mendu oneko egin. Emakumia dozu etxeko ardurea daukana, gauzeari iraun eragitten dautsana, sendija jagoten dauana, otseñai biar eragitten dautsena, ta etxera etorri lettezan gora-bera ta nastiai, aurreztik ikusijaz, arpegi emoten dautsena. Emakumia zarrai atsegingarri yake ta umiai pozgarri. Mattatzen zintzo, autubetan samur, jardunian mazal, egijunetan argi ta agintzen zur yatzu emakumia; esangiña ixaten, barriz, gertuba, esakeretan begiratsuba, egikeretan artetsuba, jan-edanetan gartzuba ta ataldekuakaz adeitsuba. Itz baten: emakumia, gixonaren albuan, urrerik garbijenetan josiriko arribitxi diztikorra dala esan letteke, ta zorakeriz edo ganorabakokeriz bat edo bat jausi arren, milla ta milla daukozuz andrak bata baño bestia obiaguak eta zindduagak.
—Ondo matte dozuz zeuk andrak; bai bein —ba-diñotso Bertolda'k—. Zeuk egin dozun berbaldija entzutia baño eztago euren aldez zagozela ikusteko. Baña, zer esango zeunskit bijar lotara juan orduko zeure eretxi ori aldatu erazoko ba'neutsu?
—Gaitz deritxot; baña olakorik erazo ba'ziñeist, ludiko gixonik andijena zareala esango neuke.
—Bijar arte, orrezkero.
Eta illuntzia zanez, bakaldunak bere gelarantz alde egin eban, eta Bertolda, apalduta gero, gau atakoz zaldittegira juan zan lotara, ta ba-eragoion azerikeriren bat nondik asmauko, andren aldez esaniko berbak bakaldunari jan erazoteko. Bururatu yakon zerbait azkenian, eta axe egin artian larri, bijaramonari luze eretxitta, luak artu eban.
Eguna etorri zaneko, jagi zan Bertolda lasto arterik eta bakaldunaren epaiaz ondo urteniko andrearen billa juanik, ba-diñotso:
—Bakaldunak zer erabagi dauan, ba-al-dakixu jakin?
—Ez nik ezertxu bere, zeuk esan ezik —erantzun eutsan Aurele'k.
Burubegittalluba apurtuteko aginddu dau, lenengotan esan eban lez, eta aren erdija beste andreari emoteko. Antza danez, ak andreak, zure aldez jaurtiriko epaia okertzat arturik, bakaldunagana jo dau barriro, ta bakaldunak olako matrakalarik geiago ez entzuteko, zorijoneko burubegittallu ori zatittutia gura dau orain, bata ta bestia kittu geldittu zattezen.
—Zer diñostazu? Bakaldunak aginddu dauala nire burubegittalluba austeko? Berberak ez-ete-eban, ba, neuri oso-osorik bigurtuteko epaia jaurti? Nire lepotik barre egin gura zatoz, oiez. Zuaz ortik!
—Eneuke gura nik, ba, txarragorik etorri dakixun.
—Txarragorik? Zer legoke niretzat ori baño txarragorik, ba?
—Gixon bakotxak zazpi andra artu dagikezala eginddu dau bakaldunak: txarragorik ala onagorik, zeuk begiratu orain. Ezta ixango etxietan ondamendi makala ainbeste andragaz!
—Baña, zer dantzut? Gixon bakotxak zazpi andra euki legizala? Uriko burubegittallu guztijak apurtu eragittia baño askozaz txarrago da ori; bai, eguno ba'da. Oi! Baña, zer burutaldik jo dau bakalduna beingo-beinguan?
—A! Besterik ezin negixu nik esan, eztakit-eta. Neuk entzun dautsadan-dautsadana diñotsut nik, eta, orain zeuberi androi yagotzube artiak artu biarra, gatxak aurrerantzbiderik egin eztagijan.
Eta kana ta erdiko ziri eder au sarturik, ene Bertolda aldendu zan andreaganik eta jauregira juan zan ostera be. Gabera orduko txiripiñak eta jigotiñak ixango edo-zirala eritxon, eta patxaraz itxarotia baño beste biarrik ezeukan etorkixunok ikusteko.
Aurele'k barriz, buruz-belarri siñisttu eban Bertolda'k esan eutsana, ta gixon au aldendu zanekoxe, auzoko andrakana juan zan arrapaladan Bertoldari entzunikua esaten. Areik entzun eben entzutekua! Asarre bizittan jarri ziran ots-otsean, jo goiak eta jo beiak eta begijak be su. Ordubete garreneko erri osuak ba-ekijan jakittekua ta bi milla andrazko baño geiago ba-egozan batuta batzar egitten. Eta otoz-otuan etorkijuen arazo zorigogorreko onegaz luzaro ta garratz erausi ostian, alkarregaz juan biar ebela guztijak bakaldunenera erabagi eben, eta an, bakaldun aurrian, garraxijaren-garraxiz eta diadarren-diadarrez, euren ala ezin leukiala ezer egin bakaldunari erakutsi ta lege emon-barrija beingo-beinguan atzeratu erazo. Amurruz bitsa erijuela ta asarretan irakitten eldu ziran, beraz, jauregira eta an, aldabatera guztijak, erakusmeneko diadarrak egitten asi ziran eta oiu ikaragarrijak ateraten. Nok ulertu ezer eurai? Bakalduna gortuta eguan ija zaratokaz, eta zeri baña zeri ixan ete-eikijon zarraparra au igarri eziñik, buruba nastau ta abua zabalik arrittuta geldittu zan. Baña gerogarrenian senera etorritta, olako bigurrikeririk berre aurrian irautia bakaldunari biar yakon lotsona galtzia zala-ta, asarratu zan egunoko inddarren, galdu eban aldian eukan eruapen apurra, eta, amurruz beterik arpegija be bellegi-bellegi egindda, ba-diñotse andrai gogor eta garratz:
—Zeri dira garraxijok, edo nondik norakua da matxiñada au? Nok arranok jarri zattubez orretara burutik egindda? Zetatik sortu da iskanbilla au? Ala demorrijuak yabiltzubez barruban? Zer zorigaiztok jo zattubeze? Esan, esan, bein edo bein, andra diabruok!
—Zeri diran gure garraxijok? —urten eutsan andra batek, guztijetarik lotsagaiztuena ta amurratubena—, eta zuri otu yatzun burubakokerija, zeri edo zetarako da, ba? Ala goianengotik egindda zagoz gixon bakotxak zazpi andra artu dagixala agindduteko?
—Zer irain egin dautsubet; zer zoritxar ekarri dautsubet nik? Esan argi ta garbi!
—Oindiño be? Eztautsugu esan, ala?
—Eztot ezer ulertu; esan barriro.
—Gortuta zagoz, ala; gortuta? Eztago gorrik gorragorik entzun gura eztauana langorik! Barriren-barri diñotsugu, ba, ta adittu ondo: astakeri andi bat egin dozula gixon bakotxak zazpi andra artu biar dittuzala agindutiaz! Oba zenduke bakalderriko arazuai jaramon geiago egin, zuri ardurarik eztautsuben gauzetan sartu barik!
|
|