|
Andre Dena Maria
Birjin eta Ama Maria
Zeruko Aita Jainkoaren
Alaba,
Seme Jainko Gizonaren
Esposa,
Trinitate Dibinoaren
Tenplua,
Munduko eta Zeruko
Andrea,
Aingeruen ta gizonen
Erregina,
Bekhatore penatuen
Adbokata,
Egiozu othoitz guretzat
Jainkoari.
Hala biz.
Andre Dena Mariaren bestak
Konzepzionea
Ala neskatxa ttipito hau,
Neskatxa hagitz ariga!
Garbia duk, eztik bekhatu
Orijinal itsusia.
Egundaiño eztik bihotz hau
Satan hatsak profanatu.
Jainkoak zien bere tenplu
Bethi-eretik hautatu.
Natibitate
Neskatxa, beraz sortzen zare
Guretzat zeru berria,
Mundurat guri ekhartzeko
Arimako iguzkia.
Zure arraiak hedatzatzu,
Goizeko argi izarra;
Eta errazu sortzen dela
Gure iguzki ederra.
Presentazionea
Eksenplurik gabeko Ama,
Birjina paregabea:
Zaude tenpluan, noizbait horko
Izanen zare Andrea.
Konsekra behar diozu
Hirur urthetan bihotza,
Amabortzetan izateko
Jainko Jaunaren egoitza.
Anunziazionea
Misterio dibino huntan
Ama da egiñ Birjiña,
Egun saindu huntan berean
Jainko da egiñ gizona.
Aingerua da mandataria,
Espos Spiritu garbia,
Eta neskatxa ttipi bat
Jaunaren Ama handia.
Purifikazionea
Ah, zer espantu eder da hau!
Jainkoa da imolatzen,
Eta xahutasuna bera
Halaber purifikatzen.
Ama eta Semea dire
Egun dohatsu hunetan
Bi hostia amudiozko
Aldarearen oiñetan.
Asunpzionea
Ikhus-azue nola doan
Maria koroaturik,
Zeruetako nobleziaz
Gustia inguraturik.
Ala hau triunfa ederra!
Ideki ditu zeruak;
Hango Erregina eginik,
Eskutan ditu tronuak.
Birjina Ama Maria bere Jesus Haurrarekin erretaula batean pintatua
Ikhusten duken Haurtxo hau duk
Gizona eta Jainkoa,
Eta Haurtxo hunen Ama hau
Erregiña zerukoa.
Posible da beraz munduan
Ikhustea pinturarik
Pintura handi hau den baño
Handiago daitekeenik?
Erregiña Birjina hau duk
Munduaren ilhargia,
Eta Jainko gizon Haur hau duk
Munduaren iguzkia.
Posible da beraz munduan
Ikhustea figurarik,
Figura argi hau den baño
Argiago daitekeenik?
Birjina Ama Andre hau duk
Arrosa bezaiñ ederra;
Haurrak, lilia bezaiñ xuri,
Iduritzen dik izarra.
Munduan beraz posible da
Ediretea gauzarik
Gauza dohatsu hau den baño
Dohatsuago daiteenik?
Birjina Amak zaiadukak
Besoetan bere Haurra;
Elhurra zidurik Birjinak,
Haurrak zidurik elhurra.
Posible da beraz munduan
Ikhustea pinturarik
Pintura xuri hau den baño
Xuriago daitekeenik?
Haur hunek tik ihortziriak
Erabiltzen hedoietan;
Dostetan hau bera hari duk
Ama baten bulharretan.
Munduan beraz posible da
Ikhustea espanturik
Espantu eder hau den baño
Ederrago daitekeenik?
Ama humil bat duk Birjina,
Jainkoaren gidaria,
Amari Jainkoak ekhartzen
Ziok obedienzia.
Posible da beraz munduan
Ahal daiten pinturarik
Pintura eme hau den baño
Emeago datekeenik?
Esnerik baizen eztuk Haurra,
Gustia ezti eztia;
Ama ere Haurraren gisa,
Ezti eztia gustia.
O Jainko ona! Posible da
Pensatzea figurarik
Figura eztia hau den baño
Eztiago daitekeenik?
Haur hau berbera izatu duk
Gustien Salbatzaillea;
Birjina Haurtxo hunen Ama
Gure ungiegillea.
Jendeak, posible da beraz
Ediretea molderik
Molde glorios hau den baño
Gloriosago daitenik?
Jesusen eta Mariaren izenak bihotz deboten konsolagarriak
Mundua, ixil adi: utzik
Hire ponpa itsusiak;
Zeruko plazerez tiagu
Bethe behar beharriak.
Bertze fazoiñ ederrez tie
Jesusek eta Mariak
Bere izenez kontetatzen
Egun gure beharriak.
Ithurriak, zer ere gauzei
Baitzaie freskotasunaz,
Beharriei hura ziaiek
Jesus bere ontasunaz.
Eztiago da guretzat,
Maria, zure izena
Ezen ez harrizkotxoetan
Tixirripa soiñuz doana.
Hegastinak, iratzartzean
Errepikak egitzue,
Goiz alba xuritzean baño
Hobeki kanta zazue.
Emozue zuek abisu,
Hegastinak, ithurriei;
Xirripei, zuek, ithurriak,
Xirripak landa gustiei.
Hitz hauk oreiñek aditzean
Egiñen tie jauziak;
Hariko dituk bere modan
Dantzan arroka mendiak.
Iguzkiak pintatukotik
Izar xuri gustietan;
Ekharriko tik ilhargiak
Bere adar urdiñetan.
Bañan, edo argitzen bada,
Edo ilhuntzen eguna,
Dela goiza, dela arratsa,
Fiñean azken orena,
Dugun bethi amudio
Gure bihotzen barnean,
Ditugun Ama-Semearen
Izenak bethi ahoan.
Jesus eta Maria dire arima deboten amudioa
Jesus, amudio, ohorea,
Zeruko amudioa:
Ala zure izenak baitu
Hagitz grazia gozoa!
Uri-tormenta, elementak
Hitz batez tutzu kalmatzen:
Su, xixmista, ihortziriak
Begi-kheiñuez manatzen.
Jauna, harritzen darotazu
Osoki ene gorphutza,
Bañan flakatzenago duzu
Oraiño ene bihotza.
Gero zu ondoan, Maria,
Ene surik eztiena;
Maria, zu Jesusen Ama.
Ene kharrik ederrena.
Lurrean egin zaitu Haurrak
Bihotzen amudioa;
Bethi zeruan izatekotz
Begien Bozkarioa.
Ah, bai, Jesus eta Maria,
Arimen tresor handiak,
Zuek xarmatzen dituzue
Gure arima gustiak.
Jesus Jauna, Jainko gizona,
Gizonen Salbatzaillea,
Maria, Jainkoaren Ama,
Gizonen laguntzaillea.
Zuek maite ez zaituztenek
Bihotzak tuzte harriez;
Edo harriez ezpaituzte,
Behar dituzte elhurrez.
Beraz izanen tugu bethi
Zuen izenak mihian,
Bethi zuen amudioa
Gure bihotzen erdian.
Ama Birjinaren auhenak Gurutzearen aitzinean
Euskaraz, Stabat Mater.
Ama zegoen tristea
Kontenplatzean Semea
Habean itzatua.
Bihotz malenkoniosa,
Triste eta dolorosa
Dagaz zuen zaurthua.
Ah, zeiñ hagitz zen tristetu,
Birjina benedikatu,
Haur eder haren ama.
Amaren doloratua!
Ikhusirik penatua
Semearen arima.
Andre hura aditzean
Haiñ dolore borthitzean,
Nor eztzen tristetuko!
Ama doluz ikhustean
Semearekiñ batean
Nor eztzen flakatuko!
Ikhusi zuen zaurthurik
Burreuek azotaturik
Salbatzaille emea.
Ikhusi habean hiltzen,
Eta penek erdiratzen,
Jesus bere Semea.
Ama amudiozkoa,
Izan duzun ondikoa
Niri ere indazu.
Ariman barrena harra,
Bi begietan nigarra,
Eman diezadazu.
Bethe dazu othoi, Ama,
Dolorez ene arima,
Triste nadiñ zurekin.
Indazu su bihotzean
Jesus-Kristo maitatzean
Dagizudan atsegiñ.
Ama, gauza bat egizu
Gurutza diezadazu
Semea bihotzean.
Har nazazu Semearen,
Enegatik hil denaren
Partale Gurutzean.
Utzi nazazu Jesusekiñ,
Haren pena handiekiñ
Egon nadin dolorez.
Egidazu garazia,
Zurekien, o Maria,
Bizi nadiñ deithorez.
Arren, Birjinen Birjina,
Amarik den hoberena,
Utz nazazu hiltzera.
Bai, egidazu fabore
Laster dagidan nik ere
Jesusen Gurutzera.
Zilha nazazu zauriez,
Sesi dolore gustiez,
Haren amorekatik.
Haren odol sarraskiak
Eta tormenta handiak
Jasanen tut gogotik.
Jujearen aitziñean
Azkeneko egunean
Behar nauzu beiratu.
Semearen Gurutzeaz,
Odolaz, Heriotzeaz
Behar nauzu salbatu.
Arma nazazu itzeez,
Lantzaz eta arantzeez,
Bizi nadiñ grazian.
Gero hil eta munduan,
Ediren nadin zeruan
Zurekien glorian.
Hala biz.
Arima deboten auhenak Andre dena Maria Birjina Amari
Hiltzen zegoenean Jesus
Gurutzean itzaturik,
Galbarian zegoen hiltzen
Maria dolorez urthurik.
Semeari zioten hautsi
Burreuek bere gorphutza,
Eta Amari dolorezko
Dagaz iragan bihotza.
Egundaiño bihotzek elkhar
Eztzuten hala maitatu;
Egundaiño eztziren hala
Doloreak inkuntratu.
Semeak zela zidurien
Hil-bizirik zen presuna;
Amak halaber zidurien
Bizi-hillik zegoena.
Non dire haiñ bihotz gogorrak
Plakatuko eztirenak,
Baldin entzuten badituzte
Birjina hunen auhenak?
Hunen beherazpenek tuste
Harri-arrokak zathitzen;
Hola bada eztitu berak
Gure bihotzak ukitzen?
Tromentan duenean Amak
Bere Semea ikhusten,
Semearen heriotzeak
Ama du thonban ehorsten.
Jainko ona du gaxtagiñak
Bere eskuez urkhatzen;
Gaxtagiña du Jainko onak
Heriotzetik libratzen.
Arren, Ama doloratua,
Ama amudiozkoa,
Indazu ene bihotzean
Senti duzun ondikoa.
Zure Seme onarenganik
Ardiatstekotz grazia,
Ama, behar dut bihotzean
Zuk bezala tristezia.
Indatzu bihotzean beraz
Zuk ditutzun doloreak,
Eta zure doloreekin
Guretzekoen pareak.
Helaz parti dietzadatzu
Izerdiak eta penak,
Gustien zorren pagatzeko
Jesusek hartzen tuenak.
Ene faltak duenaz geroz
Gurutze hori landatu,
Gurutze horren oiñetarik
Eztut nahi apartatu.
Hor naiz zurekiñ Galbarian
Bizi naizeño finkatzen,
Sekulakotz hor dut zurekiñ
Ihezlekhua hautatzen.
Beira nazazu ifernutik,
Hobendunen Beiraillea:
Helaz, ni naiz, aithortzen dut,
Iainkoaren hiltzaillea.
Bañan ungi ni punitzeko
Grazia bat egidazu;
Zure Semeak jasan duen
Gurutzea karga dazu.
Nola aitu amudioak
Zure haurra konsumitzen,
Ez othe du enetzat ere
Su guti bat begiratzen?
Erre nazazu beraz, othoi,
Gurutzeko su sainduez,
Behiñ ere erre ez nadiñ
Munduko su profanoez.
Nik habean handi gustien
Erregea hilagatik,
Esparantza dut hala ere
Biktoria Gurutzetik.
Arren, egidazu grazia
Habe hunen faboretan,
Ediren nadiñ Jesusekiñ
Gloriako triunfetan.
Andre dena Maria agonian xirioa eskuetan
Adoratzen zaitut humilki,
Zeruko majestatea;
Adoratzen eta maitatzen
Halaber Trinitatea.
Xirio bizia eskuan
Heldu naiz adoratzera,
Bihotzean amudioa,
Ethortzen naiz maitatzera.
Nahi nuke ene bihotza
Erre ledin zure suan,
Xirio hau urtzen den gisa
Urt ledin zure ondoan.
Jainkoa, har dezazu beraz
Ene bihotzeko sua,
Edo bederen har dezazu
Ene xirio saindua.
Eztute biek bere sua
Non eztuten zureganik,
Zure suan pitztuak dire
Bizi nahiz zuregatik.
Eztu kherik zeruko suak
Munduko suak bezala;
Zeruetako su ederrak
Ah, beraz erre nazala.
Helaz, ene jauna, indazu
Zuk plazer duzun arima,
Arimaz zuri egiteko
Plazer duzun erresuma.
Finka tzatzu ene desirak
Zure obedientzian;
Emazu ene ondasuna
Zure perseberantzia.
Zaren, beraz, ene herria,
Zaren halaber bihotza,
Eta ene on dohatsuen
Sekulako esparantza.
Haiñ su borthitz eta haiñ eme,
Haiñ eztiaz erre nadin,
Non sentitu gabe penarik
Gustia konsumi nadiñ.
Helaz, ene Joingoiko Jauna,
Indazu, othoi, bihotz bat,
Zuri atsegiñ egiteko,
Zuk plazer duzun bezanbat.
Ordean guziz nahi nuke
Bihotz hunen su ederrak
Ikhus ez letzan behiñ ere
Munduak dituen kharrak.
Bañan sekulan Jesus lizen
Errege ene ariman,
Zeruan Errege den gisa
Aingeruen erresuman.
Ah, bai, Zu ene bihotz hunek
Bazintu bere tresortzat,
Eta balu zure grazia
Bere fortuna osotzat!
Ah, Jesus! On haukiñ ondoan
Baziñe ene urrea
Eta zurekien batean
Zerua ene etxea.
Orduan leite konplitu
Ene koroa handia,
Zu Zerori baitzinatezke,
Jainkoa, ene gloria.
Andre dena Mariaren triunfa asunpzio egunean
Herioari zerk daramo
Haiñ biktoria ederra!
Itsutu ala trunpatu da?
Ala du galdu indarra?
Espantu espantagarria!
Su berri bat da ilkhitzen;
Ilherri ilhun hotz batetik
Gustiak gaitu berotzen.
Ah, Maria, ezta zu baizen,
Zu, o zeruko Prinzesa,
Zuk erakusten duzu hemen
Zure triunfa ponposa.
Hau da, hau, espantu ederra!
Itzaletik du argitzen,
Eta izar batek bezala
Arraiez du distiatzen.
Hunen aparaillu nobleaz
Harriturik iguzkia,
Huni agur egiñ beharrez
Utzten du bere biaia.
Doblatzen tu bere argiak
Eta argitzen eguna,
Ohoratu behar duela
Hunen ilherri ilhuna.
Botzik daude zeru gustiak
Kanta berrien erraten
Eta ihortziria soiñuz
Harmoniaren egiten.
Hau da, hau, espantu handia,
Hunek ezpaitu parerik!
Huna non bizia heldu den
Herioaren etxetik.
Kontenpla dezagun tronu hau,
Zeiñ hagitz den edertua!
Tronu bizi, tronu glorios,
Izarrez distiatua.
Aingeru dohatsu bildumak
Inguratu du gustia;
Tronuan darama semeak
Parabisuko gloria.
Ala hau espantu ederra!
Hilherritik hil-ondoan
Sartzen da Andre bezala
Zeruko palazioan.
Birjina Ama sainduaren salutazionea
Nihon ere ikhusten baduk
Birjinaren iduria,
Beirauk, ez pasa, erran gabe
Humilki: Agur, Maria.
Giristiñoari Saint Bernardek egiten dio presenta, esplikaturik Andre dena Mariaren botherea ebanjelioko hitz haukien gañean:
Missus est
I
Konsidera ezak zeiñ urrun den
Hedatzen hemen mundua;
Hurren galtzeko ziabillak
Uhinpean populua.
Trunperiarik baizen eztuk,
Ah, zer tromenta handia!
Itsaso huntan mariñelak
Izarra die Maria.
II
Non ere baitaiz enbarkatzen
Itsaso zabal hunetan,
Bela gustiak hedaturik
Arimaren perilletan,
Eztezakela konsidera
Norteko izar argia;
Baiñan ikhusak, begira dagok
Lagundu nahiz Maria.
III
Othoitzik egiten ezpaduk,
Trometan duk altxatuko
Eta itsaso asarrean
Untzia darok galduko.
Baldin hor hondoratzen bahaiz
Eta sartzen ifernuan,
Alferrik othoitztuko dukek
Maria lekhu galduan.
IV
Horra nola zeru ederra
Non den hedoiez kargatzen,
Eta ihortzirian barna
Deabrua non den estaltzen.
Galdu nahi tik mariñelak
Itsasoaren erdian;
Laster egik, finkatzak laster
Hire begiak Marian.
V
Senti baduk hantzen zaikela
Luziferren urguillua,
Edo mihi gaizki mintzatzen
Hañitz aldiz usatua;
Sumintzen bazaik muthiriki
Bihotzean suge-herra,
Othoitztu behar duk humilki
Itsas-handiko izarra.
VI
Kolerak edo plazer hatsek,
Halaber abariziak,
Hondatu nahi badituste
Zuen arimen untziak:
Zeru gustiak iraganik,
Altxatzak hire begiak:
Peril hautan argituko au
Zeruko izar argiak.
VII
Baldiñ pekhatu kruelaren
Figurak bahau harritzen,
Eta bazaizkik hire faltak
Gogora berriz ethortzen;
Ikharatzen bahau Jujeak
Edo tribunal handiak,
Altxa diotzok itsasoko
Izarrari bi begiak.
VIII
Baldin iretsi nahi bahau
Deabruen tulunbioak,
Edo tormentatu arima
Hekiñ desparaziñoak,
Laster dukek bozkarioa,
Laster kuraia handia,
Pensatzen baduk nola zaiken
Lagundu nahi Maria.
IX
Baldin bihotza hersten bazaik
Eta nahasten dudetan,
Edo baldin kausitzen bahaiz
Arimaren perilletan,
Utzkik hire duda ilhunak
Eta beldurrak osoki:
Gero egiok Mariari
Bihotzez othoitz debotki.
X
Agertzen denean egunaz
Hedoietan iguzkia,
Eta gauaz pasatzen bada
Bere bidez ilhargia,
Gogoan idukizak bethi
Zeruko izar xuria;
Bethi idukak bihotzean,
Laudazak bethi Maria.
XI
Othoitzetan agoenean,
Xahu idukak bihotza,
Pensamenduak, hitzak, obrak,
Arima eta gorphutza.
Fiñean garbiki behar duk
Eraman hire bizia,
Eta egiazki othoitztu
Birjina Ama Maria.
XII
Haren ondoan joaten dena
Bidean eztuk unhatzen;
Erortzen dena laster die
Haren othoitzek altxatzen.
Bañan nork ere haren baithan
Baitu bihotza ematen,
Salbamenduko garazia
Herioan dik izaten.
XIII
Ala baitire dohatsuak
Hark dituenak beiratzen!
Edozeiñ peril suertetan
Ezpaitire hirriskatzen.
Haren ondoan dabiltzanak
Eztituk errebelatzen,
Eta hark maite dituenak
Gloriara tik gidatzen.
XIV
Beraz hauk delientki dituk
Bihotzean ezarriko;
Obretan hauk maiz emanen tuk
Eta maiz irakurriko.
Baldin nahasten bliz ere
Tromentan mundu gustia,
Berehala kalmatuko duk:
Izarra baitu Maria.
Ala den ederrago Jesus, haur bezala bere amaren besoetan, ala gizon bezala aita eternalak landatu gurutzean.
Ene arima, zeiñ othe zaik
Biztarik den ederrena,
Eta zeiñ da bi begietan
Nahienik ukeena?
Ala ikhusi Jesus Haurra
Bere Amaren altzoan,
Ala Jesus gizon egiña
Aitak eman Gurutzean?
Batean edirenen dituk
Atsegiñ maitagarriak,
Eta bertzean ikhusiko
Tromenta harrigarriak.
Inspiratuko darok batek
Zeruko amudioa,
Bigarrenak erakutsiko
Dolore estraiñioa.
Eztuk amudiorik asko
Haurtxo hunen maitatzeko,
Ez eta dolorerik ere
Gizon huntaz tristetzeko.
Ah, bai, bi gorma hauk bahitu
Sesitzen infinituki,
Eta ofritzen behiote
Hire bihotza osoki!
Jesus Jauna, errendatzen naiz,
Nahi zaitut adoratu,
Baita infinituki ere
Laudatu eta maitatu.
Ene falta denaz geroztik
Haukien bien oldea,
Amudioa ethor bedi
Eta ethor dolorea.
Bi figura haui zioteak
Ematen bihotz gustia:
Haukiñ bientzat izanen duk
Bethi-ereko Hostia.
Jesu-Kristo Jaunaren odol preziatua eta Ama Birjina andrearen ezne sakratua dire bekhatorearen esparantza
Aita, zeruko erresuman
Errege puxanta zarena,
Nik izateko zureganik
Ontasunik handiena,
Kontenplatzea asko duzu
Seme Jaunaren sahetsa;
Hunen Odola pisa zazu
Ea zeiñ den aberatsa.
Hagitz da hau handiagoa
Ezen ez mundu gustia,
Eta hagitz baliosago,
Ezen ez zure gloria.
Jainko Jauna, hauxe da bada
Oso osoa zurea;
Zurea dela, da halaber
Oso osoa enea.
Norat zure ihortziriak
Darostatzu egotziko?
Zure furian ni justuki
Nola nauzu punituko?
Odol dibino eder hunen
Xortarik den ttipienak
Garbi detzake nik ditudan
Bekhaturik handienak.
Zor terribleak egiten tut
Bekhatuak egitean;
Bañan pagatzen gehiago,
Odol huntaz pagatzean.
Ezta deus balio duenik,
Jainko baten prezioa!
Enganatzen naiz; odol hunek
Badu zure balioa.
Ah Jesus! Nik zenbat merezi
Zure suak, zure kharrak!
Bañan, othoi, ikhus detzatzu
Zure Amaren bulharrak!
Haurrean xarmatzen zintuen
Amaren ezne eztiak;
Orai ere xarmatuko tu
Zure kolera gustiak.
Odol eder, ezne eztia!
Behar nauzue barkhatu.
Gorphutzean eta ariman
Behar nauzue xahutu.
Zuen baithan bihotz xahuek
Tuste bere ithurriak;
Zuek zarete berthuteen
Egiazko hazkurriak.
Andre dena Mariari konsekratzen zaio debota
Zeruetako erregina
Prinzesa paregabea,
Aingeruen amudioa,
Saindu gustien Andrea!
Ene mihiak darozkitzu
Ematen laudorioak:
Eta bihotzak konsekratzen
Halaber amudioak.
Gure birjina, gure Ama
Itzul detzatzu begiak,
Gu mundu huntan ikhusteko
Zure haur zerbitzariak.
Aditzatzu gure othoitzak,
Eztutzunaz geroztikan
Zure haurren presentak baño
Deusik maiteagorikan.
Zu zare Jainko Jaunaz landan
Erregiña nobleena:
Maiteago gure bakean,
Bañan gerlan maiteena.
Grazia galdez gagozkitzu,
Aditurikan gloria,
Espanturik daduzkatzu
Zeru eta lur gustia.
Zu zare saindu gustietan
Kreatura handiena:
Balia zakizkigu, othoi,
Amarik den hoberena.
Diduridala xirio hau
Zure zerbitzu sainduan
Argi hunen gisa nahi dut
Hil eta bizi munduan.
Andre dena Mariari othoitza.
O Birjina Ama Maria,
Erregiña handiena!
Ni naiz hobendunen artean
Hobendunik gaxtoena.
Gomendatzen naiz humildurik
Zure leialtasunean,
Zure bihotz, zure grazia,
Zure emetasunean.
Konsekratzen natzaitzu egun,
Konsekratzen bizitzean,
Guziz konsekratzen natzaitzu
Hiltzerako orenean.
Bethi gomendatzen darotzut
Arima, bethi gorphutza:
Ene fortuna, ene eskaz
Eta ene esparantza.
Zu zaitut zeruko gorthean
Hautatzen ene Amatzat,
Zu hartzen Jainko jujearen
Aintziñean adbokat-tzat.
Arren, ez nazazula kita,
O Amarik hoberena;
Eztezatzula konsidera
Ene bizitzen lizuna.
Merezi duzu entzun zaiten,
Egitzu othoitz ederrak;
Zure gogara zure bidez
Xuxentzatzu ene obrak.
Zuk eta zure Seme Jaunak
Plazer duzuen bezala,
Azken fiñean egidazue
Salbamendu eternala.
Bertzea
Sub tuum praesidum
Ihez heldu naiz zureganat
Zeruetako Prinzesa;
Arren, ene othoitz humillak
Eztetzatzula mespreza.
Birjina, fabora nazazu
Ene behar gustietan,
Eta begira bethi-ere
Peril handi-ttipietan.
Andre adbokat, Andre puxanat,
Jesusen Ama emea,
Herioan diezadazu
Erakuts zure Semea.
Bertzea
O Birjina Ama saindua,
Oraiño ezta aditu,
Zure haurretarik duela
Jainkoak abandonatu.
Esparantza handi hunekiñ
Zuregana naiz ethortzen;
O Birjinen Birjina Ama,
Zu zaitut errekeritzen.
Hel zakizkit ikhus zaitzadan
Zeruan, Ama emea;
Hel zakizkit, maita dezadan
Glorian zure Semea.
Bertzea
Elementa denean
Itsasoko izar ederra,
Mariñelen gidaria:
Arren, eman diezaguzu
Tromentan kalma handia.
Lagun gaitzatzu, arriba gaiten
Porturat, Ama emea;
Leihorrean diezaguzu
Erakuts zure Semea.
Salve Regina
Agur erregiña emea,
Eta Ama dibinoa,
Gure esparantza bizia,
Gustien amorioa.
Ebaren haurrak gagozkitzu
Oihuz gure desterruan;
Birjina, lagun zakizkigu
Sekulako hirriskuan.
Haran huntan darozkitzugu
Egiten beheraspenak;
Gure nigarrak xukatzatzu,
Konsola gure ahuenak.
Andre puxanta, gureganat
Itzultzatzu bi begiak;
Beharrean erakuts-kitzu
Zeiñ tutzun indar handiak.
Ah, erakuts diezaguzu
Armadetako Jainkoa,
Guregatik zuk egiñ Seme,
Jainko amudiozkoa.
Ez gaitzatzula utz sekulan,
O Birjina, O Maria!
Hil ondoan emanarazi
Diezaguzu gloria.
Ave, Maris Stella
Agur, darotzugu,
Jainkoaren Ama,
Itsasoko izar,
Gure erresuma.
Errezibi zazu
Zeruko gorthean
Guk egiten dugun
Othoitza lurrean.
Gabriel sainduak
Egiñik agurra,
Guretzat zarotzun
Promes bake ederra.
Khen ezazu beraz
Gure miseria;
Bake zazu mundu
Ebak nahasia.
Arren, argitzatzu
Gure itsutasunak;
Gure miñak khasa,
Galde ontasunak.
Khendurik osoki
Gure malezia,
Galde diozozu
Jesusi grazia.
Erakuts dezazu,
O Ama emea,
Jainko eta gizon
Duzula Semea.
Ofritzatzu gure
Othoitzak zeruan,
Erakuts zer duzun
Podore munduan.
Haiñ eme, haiñ garbi,
Zarade aurkhitzen,
Non espantu handi
Baitzare agertzen.
Iguzu grazia,
Garbi bizitzeko,
Zu gure ariman
Ungi pintatzeko.
Anima gaitzatzu
Gure beldurretan,
Goberna urratsak
Gure perilletan.
Baktzatzu gerlak
Gure biktorian,
Ikhustekotz Jesus
Eta zu glorian.
Gustiok Jainko bat
Mundu herri huntan
Dezagun ohora
Hirur Presunetan.
Koroak sainduek
Betzate behera,
Eta Jainko Jauna
Glorian adora.
Quem terra, pontus, sidera...
Jainkoa, zeiña baitute,
Gauza gustiek laudatzen,
Eta zeiñek eskuetan
Mundua baitu ekhartzen,
Lurrean eta zeruan,
Jainko Jaun adoratua,
Mariaren sabelean
Ediren da zarratua.
Zein prinze puxantak baitu
Gobernatzen ilhargia,
Zeiñek eratxeki baitu
Beregatik iguzkia,
Birjinaren bulharretan
Hartu du bere etxea,
Eta du han deskargatu
Grazia nonbre gabea.
Kreatzailleak daduka
Mundu gustia eskuan:
Maria admirableak
Kreatzaillea ariman.
Jaun Handienaren Ama
Ala zure dohatsua!
Eta dohatsu izatu
Zuk izatu enplegua!
Espiritu Saindu Jaunak
Amatzat zaitu hautatu,
Jainkoari zaizkonean
Obedient errendatu.
Zureganik sorthu zaiku
Jainko Haur prometatua,
Mundu huntan aspaldion
Ontasun desiratua.
Birjina Amaren Semea,
Jesus Adoragarria:
Duzula mende handian
Egun bezala gloria.
Gloria duzula bethi,
Aita zeruetakoa,
Spiritu Jaun, bi Presunen
Fruitu amoriozkoa.
O gloriosa virginum
Birjina, zeiña baitzaude
Gora iganik zeruan,
Zeiñak zure Jongoikoa
Hazi baituzu munduan:
Haren artha dibinoa
Zure arthak du pagatu,
Zure ezne sakratuaz
Jesus baituzu bazkatu.
Ebak galdu ontasuna
Zuk darokuzu bihurtu,
Munduari baitiozu
Salbatzaillea kobratu.
Zureganik du jendeak
Uste bere faborea,
Zeru galdura joatekotz
Egin baitzaizko bidea.
Zuk tutzu gizon gaxoak
Igan-arazi zerura,
Eta duzu jausarazi
Jainko puxanta mundura.
Populua, beraz, laudazak
Birjina Ama Maria:
Harenganik duk bizitze
Eta gloria gustia.
Birjina Amaren Semea,
Jesus adoragarria...
Memento salutis auctor
Orhoit zaite, Jainko Jauna,
Nola zaren konzebitu,
Haragiz nola zaituen
Ama Birjinak beztitu.
Zure eternitatean
Zinduen deliberatu:
Egin behar zinduela,
Mundua eta salbatu.
Birjina Jesusen Ama,
Graziaren ithurria:
Ala zure ontasunak
Guretzat xarma handia.
Othoi, sustenga gaitzatzu
Hemen dugun konbatean:
Gida gaitzatzu zerura
Gure azken egunean.
Birjina Amaren Semea
Jesus adoragarria:
Duzula mende handian
Egun bezala gloria.
Gloria duzula bethi,
Aita zeruetakoa,
Spiritu Jaun, bi Presunen
Fruitu amoriozkoa.
Andre dena Mariaren lethariñak
Jauna, urrikal gakizkitzu.
Jesus-Kristo, urrikal gakizkitzu.
Jauna, urrikal gakizkitzu.
Jesus-Kristo, urrikal gakizkitzu.
Jesus-Kristo, adi gaitzatzu.
Jesus-Kristo, entzun gaitzatzu.
Zeruko Aita, seiña baitzare Jainkoa, urrkal gakizkitzu.
Semea, munduaren Salbatzaillea, zeiña baitzare Jainkoa, urrikal gakizkitzu.
Spiritu Saindua, zeiña baitzare Jainkoa, urrikal gakizkitzu.
Trinitate Saidua, zeiña baitzare Jainko bakhoitz bat, urrikal gakizkitzu.
Maria saindua, othoitz egizu guretzat.
Jainkoaren Ama saindua, ...
Birjinaren Birjina saindua, ...
Jesus-Kristoren Ama, ...
Grazia dibinoaren Ama, ...
Ama guziz xahua, ...
Ama guziz kastoa, othoitz, ...
Ama tatxarik izatu eztuzuna, ...
Ama maitagarria, ...
Kreatzaillearen Ama, ...
Salbatzaillearen Ama, ...
Birjina guziz prudenta, ...
Birjina ohoragarria, ...
Birjina laudagarria, ...
Birjina puxanta, ...
Birjina mansoa, ...
Birjina leiala, ...
Justiziaren mirailla.
Zuhurtziaren tronua.
Gure bozkarioaren kausa.
Untzi spirituala.
Untzi ohoragarria.
Arrosa misteriozkoa.
Dabiden dorrea.
Dorre borthitza.
Urrezko palazioa.
Bakearen arka.
Zeruetako Portalea.
Goizeko izarra.
Erien osasuna.
Bekhatorosen ihezlekhua.
Doloratuen konsolatzaillea.
Giristiñoen faborea.
Aingeruen Erregiña.
Patriarken Erregiña.
Profeten Erregiña.
Apostoluen Erregiña.
Martiren Erregiña.
Konfesoren Erregiña.
Birjiñen Erregiña.
Saindu Guztien Erregiña.
Gu bekhatoreak izanagatik, entzun gaitzatzu, andrea, plazar baduzu.
Othoitzten zaitugu guri ardiatsteaz egiazko urrikimendua, entzun gaitzatzu.
Othoitzten zaitugu, ardiatsteaz Eliza sainduari, eta giristi-populu gustiei bakea eta batasuna, entzun gaitzatzu, plazer baduzu.
Othoitzten zaitugu ardiatsteaz gure Aita Saindu, zure zerbitzari N.I. eta gure prelatei, eta Eliza gustiari grazia dibinoaren airea. Entzun gaitzatzu...
Othoitzten zaitugu ardiatsteaz guri eta giristiño Prinze gustiei bakea eta osasuna, eta etsaiei beheramendua, Entzun gaitzatzu, plazer baduzu.
Othoitzten zaitugu ardiatsteaz fidelen arima defuntu gustiei bethiereko errepausua. Entzun gaitzatzu, plazer baduzu.
O Jainkoaren Ama, entzun gaitzatzu, plazer baduzu.
Jainkoaren Bildotsa, zeiñak khentzen baititutzu munduaren bekhatuak, barka diezaguzu, Jauna. Entzun gaitzatzu, plazer baduzu.
Jainkoaren Bildotsa, zeiñak khentzen baitutzu munduaren bekhatuak, barka diezaguzu, Jauna. Entzun gaitzatzu, plazer baduzu.
Jainkoaren Bildotsa, zeiñak khentzen baititutzu munduaren bekhatuak, urrikal gakizkitzu.
Jauna, urrikal gakizkitzu.
Jesus-Kristo, urrukal gakizkitzu.
Jauna, urrikal gakizkitzu.
Jesus-Kristo, urrikal gakizkitzu.
Jesus-Kristo, entzun gaitzatzu.
Othoitz egigun
O Jauna, othoitzten zaitugu ahalik humilkiena, zure graziaren hedatzeaz gure bihotzetara; gu, zeiñek Aingeruaren erranez ezagutu baitugu Jesus-Kristo zure Semearen inkarnazionea, arriba gaiten haren Pasionearen eta haren Heriotzearen merezimenduez Resurrekzionearen gloriara, Jesus-Kristo Jaun beraren faborez. Hala biz.
|
|