IJITOAK SENAR-EMAZTEAK
I
—Ai, Prantxisku, Prantxisku!
—Zer degu Mariñton?
—Orai ere juezak deitzen dizu.
—Eta orrengatik zaude triste?
—Ai au lotsa!
—Lotsa juezaren aurrera joateko?
—Bai, ta ez txikia.
—Zergatik ba?
—Ai, ai, gure pama!
—Juezak dituzu ba presonarik piñenak: estimatu egi bear zenduke ark deitzea.
—Bai, baña... gure pama...
—Gure pama ez digute kenduko. Or ikusiko dezu paperetan, Prantxisku Etxeberria-k zer esan duan juezaren aurrean, zeiñ iztun ederra dan, diputadu ta senadoretzat egokia litzakela ta...
—Ta zer? Errenta jarriko dizutela?
—Jarri bearrik eztegu, gerok artzen eztegu ba bear deguna? Nai dezun guzia eztizut ekartzen? Zer palta zaitzu?
—Pama galtzia, ordia, penagarria da.
—Duanari galtzen zaio.
—Mormorreta txarrak dabiltza kanpu ortan.
—Baña bokadu ta tragu onak barru ontan, gañera soñeko berria miriñake, polizoi ta beste gauzak, eta alare espa edo kejak? Juezaren señora baño apañago jarriko zaitut eta ez jo emen illetarik. Puera illetas.
II
Juezaren aurrean
—Prantxisku.
—Jauna.
—Egia esango dezu juramentuen bian?
—Bai, jauna; ni beti egiaren zale naiz.
—Beti-beti, bai ote?
—Bai, jauna, bai; naiz, goikoaz bera ta naiz atzekoz aurrera, nik beti egia.
—Eta goikoaz bera ta atzekoaz aurrerako egiak, gezurrak dirala badakizu?
—Enekian, jauna.
—Ba aurrerakoan jaki ezazu.
—Ondo da, jauna, ta estimatzen diot bedorren erakutsia.
—Eta mandakoa norena da?
—Nerea, jauna; esan nion oraiñ zortzi egun ere juramentuaren bian.
—Ez da Pellizena?
—Ez, jauna; nerea ta Mariñtonena.
—Nor da Mariñton?
—Nere emaztea.
—Depositatu egiñ bear dezu ba.
—Saldu det ordia.
—Kobratu're bai?
—Bai, jauna.
—Beraz dirua depositatu bear dezu.
—Baña, jauna, emaztea señoratzeko soñeko berria, miriñakea ta polizoia erosten kastatu det dirua, ta onena izango degu, nere emazte señoratua, bere jantzi ta guzi depositatzea.
—Ez: zedorri depositatuko zaitugu kalabozoan, zortzi egun barru dirua depositatzen ezpadezu.
—Ondo da, jauna; besterik ezpada, emaztea dagoan bezela salduta...
III
Senar-emazteak
—Ai Prantxisku! Pazkoak ere badatoz ba.
—Ongi etorriak izan ditezela. Bildotx eder bat inguratu ezazu ta...
—Eta Pazkoakoa?
—Egiñ.
—Nola?
—Beste urtetan bezela.
—Beste urtetan zazpigarren mandamentuak ematen zigun naikua lan; aurten gañera bigarrena daukagu.
—Zeiñ da bigarrena?
—Juramentu alperrik ez egitea.
—Nork egin du?
—Zuk.
—Ez, por zierto.
—Gezurraren gañian, bai, egin dezu.
—Bai; baña alperrik ere bai? Alajaña, mandokoa etxeratu, zu erregiña bezela jantzi zaitut, eta alare alperrik egin dedala?
—Egiak salbatu bear gaituala esaten du Prai Pillipek.
—Bai alegia beste munduan, baña emen?
—An ta emen.
—Amen, ba, amen.
IV
—Mariñton: ill omen zaitzu senarra.
—Bai, Martiña, bai.
—Zer izan du?
—Ill bearra gizajoak; on utsa zan, eta Jaungoikoak asko nai zion, ta Beragana eraman du, ta zeruaren erdi-erdian dago egiak salbatu bear bagaitu.
—Ala izan dedilla.
—Esango luke juez jaunak: gizajoak munduan egi bakar bat ere etzuan esan; guziyak zerurako gorde zituan.
—An atseden dezala ba.
V
Illerrian
Prantxisku ijitoa
osoro zuzena
da orain lurpeturik
emen dagoena,
lurbiran izandu zan
gizonik onena,
oroipen au da bere
emaztearena.
«Baserritarra», n.º 108. Donostiyan.
1908-ko Azaroaren 21-an.
|