JAI BIKO ASTEA TA BELARRITAKOAK
I
Astean jai bakar bat gutxitxo zala iduritzen zitzaion Bortolori, eta bere lagun asko ere iritzi ortakoak ziran: baña esan egiten zuten bakarrik.
«Igandeetan ezta irikitzen lantegi au».
Ala zeukan idatzirik Bortoloren nagusiak bere lantegiko atean. Eztakigu nork, baña norbaitek ere ipiñi zuan idazki orren oñean: «Astelenetan idikiko ezpalitz ere, ez genduke negarrik egingo».
Nork ipiñi zezakian idazti ori? Eztakigu; baña eztabaida andiak zebiltzan, langilleen artian. Batzuek zioten igandea animarentzat, eta astelena gorputzarentzat bear zirala: besteak berriz igandea naikua zala, anima ta gorputza, bientzat.
Bortolok esan zuan, berak etzuala gizon erdika izan nai, eta berealatik ontzat ematen zuala jai biko astea, eta berak emango ziola asiera aste oni:
Alperrak billatzen du
beti lan berria,
bada zarrak gogortu
oi dio gerria;
iztun ederra baña
lanean urria,
lanik ez egitea
bere egarria.
II
Bortolok astelena igaro zuan ardantegian, eta illuntzian abiatu zan etxeruntz, eta bazijoan mormorretan: beretzat guziak ziran gaiztoak; ardo-saltzalleak, lapurrak agintariak, arroak; apaizak, diru-zaleak; eta ala ta onela; baña Bortolo, gizon onradua. Ala zion berak. Bidearen unetxo baten arkaitz batek zeukan oiartzun edo ekoa, eta Bortoloren itzak berriztatzen zituan. «Nor da neri burlaz?» zion Bortolok. Atzera begiratu ta, bere itzala ikusirik, norbait zalakoan, ematen dio ukabilkada andi bat... ormari, eta eskuiko bi biatz apurturik eldu zan etxera, esanaz, gizakaxkar batekin burruka egin zuala, baña jipoi ederra eman ziola.
Zortzi egunez ezin lanik egin izan zuan. Aste santua zala zirudian Bortoloren etxian. Itz gutxi, porru-salda, ur preskua, ta bizi ill artian.
Nola gure Bortolok,
iztuna izanik,
aste guzian ere
eztu zer esanik?
Gizajoa badago
itz egiñ eziñik,
iltzeko ere eztu
bear beste miñik.
III
—Zer berri aspaldian. Bortolo?
—Estu xamar lengo aste ortan.
—Jai biko astian?
—Bai.
—Zer izan da ba?
—Legortea.
—Nun?
—Gure etxian.
—Zer dala-ta?
—Ardo gabeko astea, ta ogirik irentsi eziñ.
—Nola izan da ori?
—Jai biko astearen ondorena: lanik ez, irabazirik ez, eta zurrutik ez.
—Beraz etzaizu ondo atera lenengo araube edo prueba.
Gure Bortolok orain
aitor du egia,
aste batean bi jai
dala geiegia,
ardo gabe irentsi
eziñik ogia,
obe dala jarraitu
len degun legia.
IV
—Aizazu, Praiska.
—Zer degu, Bortolo?
—Gure etxian oraindik aste santuak al dira?
—Zergatik galdetzen didazu ori?
—Porru-salda, sardiña zarra, ardorik ez, ur preskua, ta kia besterik ez. Zer esan nai du orrek?
—Bi jaiko astean dendan egin zan koxka, nolabait ere osatu egin bear dala.
—Nere lepotik?
—Zure erruz egindako koxka da ta...
—Eta ez giñan ba ezkondu elkarri laguntzeko?
—Eta zuk neri zertan laguntzen didazu?
—Egunero zugatik erregutzen diot Jaunari.
—Eta, zer eskatzen diozu?
—Etzaitezela alargundu.
—Etzaite ba aurrerakoan nekatu ori egiten, bada uste det, zure emazte baño txarrago enaizela izango zure alarguna.
Bortolok esaten zuan Bere artian, emazteak arrazoia ere bazuala.
Etxean aste santua zerabilten, baña ardantegian aleluia zerabilkian Bortolok.
—Baña nundik? —esaten zuan Praiskak—. Emango nuke pezetatxo bat beartsuen ogitarako, ezkutapen edo misterio ori azaltzeagatik.
Etzuan izan eman bearrik.
Praiskak zeuzkan urrezko belarritakoak, Bere amak erregalo egiñak ezkondu zanean, eta urtean bein jazten zituan. San Antonio egunian ipiñi nai ta ezin arkitu izan zituan, eta uste izan zuan, alabak gordeko zituala.
Meza nausira zijoala, elkartu zan ardozale edo trabernariaren emazte Erramunarekin, eta ura zan arritzeko gauza! Erramunak zeramazkian ipiñirik Praiskaren belarritako urrezkoak! Etzuan izan onek pezeta eman bearrik ezkutapen edo misterioa azaltzeko, baña esan zuan Bortoloren emazte baño Bortoloren alargun... baña ixo, ixo!...
Nere amak Paristik
ekarritakuak,
nun zerate, urrezko
belarritakoak?
zenbat kalte dakarren
aste jai bikuak!
arren zuzen gaitzala
gure Jaungoikuak.
«Argia» 64 zenb., Uztailla 9, 1922
|