 |
ASTO POLIT BAT
Asto baten tratua
emen nai det esan,
nola egin genduan
merkatuko plazan;
ijito bat saltzalle,
erosle ni nintzan,
ara gure tratua
zer moduz egiñ zan.
Amar duro eskatu
ta biyan eman,
etzalako onore
ibiltzia teman,
ondo jaten du baña
egunero merman,
petardo txarra eztet
onekiñ eraman.
Lurrean etzan eta
ezin degu jaiki,
naiz ta ezur ta mami
makillaz ebaki;
ala ta guziz ere
jaten du ederki,
zer jenerazio dan
Jaungoikoak daki.
Oso nekez ematen
baditu bi pauso,
lurrera erori ta
eziñ degu jaso;
berdin da esatea
naiz arre ta naiz so,
eziñ dio beñere
lanari eraso.
Bere palten artian
gauza bat du ona,
aitzaki gabe jaten
ematen zaiona,
garagarra lastoa
ta naiz baberruna,
ortan ez ta batere
kunplimentu-duna.
Askotan zaio aizez
betetzen barruna,
atzetikan boteaz
kia ta lurruna;
baita ere jotzen du
zoli zinburruna,
gor badago zurtzeko
alboko laguna.
Nik nai nikio oraiñ
berez iltzen utzi;
ez dezadala, dio
saltzalleak, etsi,
damutu eztakidan
bigar edo etzi;
gaixoak ez omen du
orixe merezi.
Erantzuten badiot
daukadala salgai,
amalau errialen
badit erosi nai,
berealaxe dio:
«Ondo da, jauna, bai,
artuko diot bigar,
egon bedi alai».
Saltzalleari gero
eman diot auzi,
baña kondenatu nau
kostu eta guzi;
zuzen-bidean bear
nuan irabazi,
baña kontuan nonbait
belutxo naiz jausi.
Nerez jenioa det
osoro estua,
saltzalleak du berriz
lasai ta bastua;
baña berak dionez
da gizon prestua,
ala eman omen dit
aiñ merke astua.
Ardien kulpak ditu
pagatzen bildotsak,
asto gaixoak ditu
maiz artutzen otsak;
kanpotikan bero ta
barrutikan otzak,
akabatuko dute
aurtengo izotzak.
Bentaja geiago're
astoak baditu,
sekulan eztiranak
munduan aditu;
baña eztet nai iñor
geyegi arritu,
gezurtitzat ez nadiñ
munduan gelditu.
«Baserritarra», n.º 36, Otsaillaren 17-an, 1906-an.
|
 |