NABARRA, ENE LUR
1.
Nabarra, zu zera nere lur maitea.
Zure magal deunak zibuka zituen
Nere aurtzaroko egun zoruntsuak.
Ortze eder orrena len ikusi nuen.
Argi ongilea. Ta zure aizeleun-
Eresi goxoak gogoa lenengoz
Dardaratu zidan, opa bikain antzo,
Nere belarriak betez bozkarioz.
Nabarra kutuna, su-izki goriekin
Idatzirik daukat zure izen donea
Biotz guenean, eta antxe nai zaitut,
Biziko naizeno, eduki gordea.
2.
Zein ederra zeraden
Ene aberria,
Aunar bi egaletan
Gozaro yarria!
Zeru garbirontz duzu
Jasotzen musua,
Ta elur-eun zuriaz
Estaltzen burua.
Maiz laino urdinetan
Betartea biltzen,
Gure begietarik
Zera eskutatzen.
Zure basoetako
Iledi yoriak
Orlegiz janzten ditu
Mendien egiak.
Zure erregin-apainak
Darorz izurretan
Gabe ibai urdinaren
Apar zurietan
Eta Erriberako
Lauetan edatzen,
Kastilla mugaraño
Dirade zabaltzen.
Ebro otzan aberatsa
Murmurka digaro,
Zure eder arrigarri
Abesten maitero.
Ta aren ozko epel ta
Apar urduriak
Muinkatzen dizkitzute
Leiaz oin garbiak.
Ene Nabarra, zure lur lauen
Edertasuna maite dut.
Euzki gartsuak gozaratua
Udaran betesten zaituz.
Egun-aitaren izpi goriek
Ugalkor eiten zaituzte.
Urre-itxasoan, atseden gabe,
Txitxarrek abesten dute.
Eta galburu biitu ta arroak
Kulunkatzen dira leunki,
Aize biguna baidatorkie
Muin egitera maiteki.
Biarko abintz ederra dira:
Ek emango dute sarri
Ogi zuririk ausarki, izango
Dana giza-gozagarri.
Ta udazken itsa datorrelarik,
Bai eder zure mastiak!
Andu biurtu ta zimurretan
Zintzulik mordo yoriak.
Ale lodiak, ikatzarri leun
Antzo, eguzki maitekiz,
Islatzen dute. O igali bikain!
Zure errainak lerreraziz.
Sortuko biar, gori ta apartsu,
Biotzendako pozkarri
Izain dan lobel gorria, goiko
Emaitz goxo-maitagarri.
3.
Bainan oroz gain, nik maite ditut
Zure mendi donetsiak.
Aietan beti aurkitu baitu
Kerispea, gure erriak,
Menperatzeko asmoz etorri
Zitzaizkan arrotzen aurka
Ta an ixuri da gure asaben
Odola eurrez, ixurka.
Mendi maiteak! Zuen gainetan
Gurutza gailen ta zutik.
Alde orotik zuen egiak
Orlegiz daude jantzirik.
Orlegi dira loreil alaian
Ziltzen diran iratzeak;
Orlegi zuen basoetako
Soineko izur ta ezeak;
Orlegi dira zuen belaien
Estalki lorez yosiak.
Janzki orrekin, zein zoragarri
Zeraten, ene mendiak!
Aran pozkarrietan yarririk
Uri daude ta erriak
Ta zuen altzo samur-samurran
Lo dagite baserriak,
Ta zuen errai sakonetatik
Sortzen diran lats gardenak
Ta mazel-zear, arin-yauzikor,
Abesten yausten direnak.
Aberriaren beso emeak
Dira, idekiak maitero,
Bere semeak, besarka goxoz,
Estututzeko biziro.
Eta, oi, ene mendi doneak!
Oino gaurko egunean,
Gure asaben mintzo yoria
Dantzut zuen magalean.
3.
Oi lur, ene lur kutuna
Nik abes dagit, zoro, zure edertasuna!
Nabarra maitea, sortu nintzan kabi:
Zure gandik urrun bizi nintzanean
Erri minak alaitzen zidan gogoa,
Ta erio neraman biotzean.
Nere erriak otoitz eiteko biltzen dan
Eliz gurgarria irozoten duzu;
Ta zure erraietan, nere gurasoen
Ezur izoztuak gorderik dauzkazu.
Orrengatik, bada, su-izki goriekin
Daukat idatzia zure izen donea
Biotz guenean, eta antxe nai zaitut
Biziko naizeno, eduki gordea.
Oi lur, oi ene lur beiko bizitzari
Begiok itxiko zaiztan egunean,
Xokon bat bedere aurkituko al dut,
Berpiztearen zai, zure magalean.
Vida Vasca, 1956
|