XIII. AZKEN GUDUAK: AZKEN EGUNAK
Buruilaren lehena. L'Ingon ibaia orok iragana dute: Rouy-le-Petit hartua da. Gerla ez da halere bururatua: hiltzerat doan lehoinak aztaparkaldi ederrik ematen ohi du oraino.
Bi orenetan manu berri bat ethorri zitzaukun: lehen-bailehen joaiteko Somme ibaiaraino, eta abiatu ginen berehala. Xixtu ederrik aditu behar ginuen haatik bidean. Nihun etzen hesi bat: ageria aintzinatu behar ginuen nahi-eta-ez. Eta, horren gainerat, uste baino hainitz aleman gehiago aintzinean! Oro gain-gainetik armatuak, bertzalde! Zer parrapatak igorri zauzkuten burutik beheiti! Hainbertzetaraino nun, ilhunari buruz, gu oro etzanak ikustearekin lotsatuak ginela egin baitzuten! Eta oldartu zauzkun. Garhaitu gintuen oraino eta beren tokietarat joanarazi. Biharamunean hartu ginioten Cote 77, bainan zer zalapartak ibili ondoan! Biderik etzen gehiago ageri, hainbertze hil bazen! Prusiano famatuak gintuen partida: ez da beraz harri-tzeko: ...Voyennes eta Courlemanche urruntxago ziren. Jauzi berean aise joan gintazken haradino, bainan etzen zuhurtzia: gure eskuineko tropa frantsesek urhats ttipi bat baizik etzuten oraino eginik. Ez ginuen Mont-Lavé hartako erhokeria hasi nahi: sobera gosta zi-tzaukun. Bertzalde ez ginen aski, sobera menturatzeko. Eremu ederra hartu ginuen halere, bi herrixka horietako lehen etxetaraino kasik, bazterretik oraino xehatu gintuzten tiroen gatik. Erran ditake biharamunean, aldizkatu gintuztelarik, phikoak onduak atxeman zituztela Ehun eta Berrogoita Laugarreneko adixkideek. Laster hartu zituzten bi herrixkak.
Ondikotz, Berrogoita Hamazazpigarrenean ez ginen gehiago hiruzpalau ehun gizon baizik gelditzen! Gure hiletan bazen bertze aintzindari eskualdun bat: P. B. Montalibet. Mauletarra zen. Delako zimentazko geriza hetarik baten aintzinean hil zaukun, hango aleman guziak kalitu ondoan. Laster ikharagarriko etsai tropa batek inguratu zuen haatik: etzuen amor eman nahi izan: grenada bat eskuan zeraukan oraino, biharamunean han iragan ginelarik. Heriotze ederra aintzindari batentzat!
Ez ginuen, phorroskatuak izanik ere, ephe-handirik ukhan: bi egunen buruko galdea ginuen berritz eta emeki-emeki jarraikiarazi gintuzten guduan ari zireneri, zer gerta ere. Horrengatik buruilaren hamabia arte ez ginuen tiro bakhar bat igorri. Orduan Hamel delako herrixkari hurbil zer-nahi ikusi ginuen mendixka bat alemaneri ezin khenduz. Etzaukuten segurki aise utzi eta ez dugu sekulan ahantziko han iragaiten zer ikusi ginuen biharamunean: hogoi bat etsai hilak lerroan beren mitrallusen aldean: lehenak zigarro erdi bat bazuen oraino ahoan, bigarrenak arrosorio batzu... eskuan!
Handik bizpahirur egunen buruan gune hura utzarazi zaukuten eta beribil handietan ereman gintuzten, lagun berrien bilha, Villers-Cotterets jada guti edo aski ezagutzen ginuen hiri pollit batetarat. Ondikotz, eskas gintuen hamabortz ehun lagunentzat ez gintuen han ehun bat baizik atxeman!
Urriaren hamarra arte nihork etzaukun deus galdetu, ez bagine baino gehiago. Guk ere ez nihori. Bainan ez gintuzten ahantziak: zakuak bizkarrean harturik, berritz bidearen gainean ginen hamekan argiko. Orduan ikusi ginuen lehen aldikotz Soissons, fama handiko hiri bat. Erran gabe doa etzuela gehiago hiri baten itxura handirik: etzen orotan harria harriaren gainean baizik ageri.
Ez ginen haatik han sartu berritz suan. Ez-eta berehala. Bainan ez ditugu hemen ezarriko alemanetarat hurbiltzeko iragan gintuen herri eta herrixkak. Sobera dire. Hau erran dezagun bakharrik: hobe zen herrixka horietan ez gelditzea, nun-nahi minak utziak baitzituzten alemanek!
Berritz tiroka hasi ginenean, ezagun xahar bat baginuen begien bixtan, Chevresis-les-Dames. Lau urtheren buruan lehengo begitarte pollita galduxea zuen haatik. Ez ginen harritu. Bospasei egunez zalaparta ederrik ibili ginuen hango inguruetan, azkenean alemanak berritz ihesari eman arte.
Handik goiti frango aldiz, eta azkarki, buru egin zaukuten oraino: nun, ahantzia dugu. Ahantzia ez duguna da harasko fueratuak gintuela hazilaren hiruan pausatzerat igorri gintuztelarik zenbeit egunentzat aintzindariek. Ez ginuen gehiago tirorik aditu behar. Hazilaren hamekan eskualdun tropa baten kantu eta irrintzinek Compiègne ederki inharrosi zutela erraten badautzuegu sinhetsiko othe gaitutzue? Ba naski.
Iduritzen zauku ez duela hainitz balio bertze deus handirik erran dezazuegun orai. Ez da Eskual-Herrian etxerik Mulhouse eta Alsaza guzian handik goiti orok iragan gintuen egun ederren berriak xeheki aditu ez dituenik. Han atxeman gintuen oren handiak. Oren handia? Bai, gure Eskual-Herri maiterat bethikotz itzultzeko orena! Ordu zuen berrogoita hamasei ilhabeteren buruan.
Horrengatik aithortuko othe dautzuegu ez giniola bihotzminik gabe adio erran Alsazari? Ez baitezpada ederra zaukulakotz, ez-eta ere hango jendea maitagarria delakotz! Eskualdunarentzat deusek ez ditu Eskual-Herria eta eskualdunak balio! Bihotzmin harek bertze errorik zuen: han utzi behar gintuen oraino gerlako lagunetarik hainitz! Han utzi behar hainbertze aintzindari on! Han utzi behar gure koronel maite xaharra! Eta han utzi behar... sekulan gehiago ez ikusteko!
Eta, salbu bakhar-bakhar batzu, gehiago ez ditugu ikusi! Menturaz frango bada jada gerlako bi mila berrehun eta hogoita hemezortzi lagunen ganat joanik! Hek eta bizi direnak zeruan ikusiko ditugu egun batez, agian...
|