X. APHIRILAREN HAMALAUA ETA ONDOKO EGUNAK
Hogoi bat egun bazuen jada gudu latzgarri horrek hasia zela. Aintzindariek errana zaukuten Mont-Renaud Pariseko gakhoa zela. Ez ginioten etsaieri utzi ez utzi nahi gakho hori. Gutik egin zuen halere aphirilaren hamalauean.
Goizeko zazpiak gabe hamar bat airetako aleman, rruuu-rruuu-ruuuu, gure buruen gainean itzulika han zabiltzan. Zazpi orenetan hasi ziren kanoiak. Handi eta ttipi, orotarik bazen. Nihun ez dugu egundaino hoinbertze eta hoinbertze aditu batean. Etziren luzez arizan. Oren laurden baten buruko ixilduxe ziren. Orduan agertu zauzkun etsaiak. Aintzinean, debru batzu bezala, flammenverfer direlako su igortzaile lotsagarriak beren mitriolatzeko tresnak bizkarrean; ondotik sekulako grenadari sail luzeak. Kantuz eta irrintzinaka ari ziren, jada bertze nunbeit aditu gintuen bezala, edanak oro. Lehenik bidean traban eta kausitu zituzten frantses gaixoek etzuten luzez iraun: erreak erori ziren, karrasiaka. Hetan zen, ondikotz, Lesgoirres liotinant eskualduna, jada kolpatua izanagatik bere menekoen kuraieztatzeko han zagona. Hola hiltzen ziren egiazko aintzindariak!
Ez dakigu Haltsun gerlako hilen harrian liotinant maite eta bihotzdun horren izenik baden. Balinbada, haurrek egun guziez behatzen ahal diote: gerlarien liburuetan ez dute ederragorik irakurtuko. Duguesclin, Bayard, Soult eta gaineratekoekin parrez-par ezar dezakete aise Lesgoirres beren herritarra...
Gure lehen sailak suarekin garbiturik, bide frango egin zuten alemanek, urrundik igortzen giniozkaten tiro parrapaten gatik. Etzitaken bertzela. Eta gehiago ere aise eginen zuten norbeitek nunbeitik oihu egin ez balauku: Bainan orok tiro egizue bada su untzieri, bertzeak geroko utzirik. Hala egin ginuen eta laster aleman mitriolatzaile guziak lurrean ziren, sutan berak. Bardin ginen orduan alemanekin. Ez gintuzten gehiago lotsatzen ahal. Hain xuxen, flammenverfer hek erortzearekin, duda bat ukhan zuten ondotik zarraizkiotenek. Beren-baitaratzeko astirik ez ginioten utzi. Berrogoita hamar bat frantses jauzian sahetsetik agertu zitzaizkoten eta baionetekin erhainen xixtatzen hasi, haratxago joanarazteko. Ez dugu zeren erran alemanek berehala beren gibelaldeak erakutsi zauzkutela.
Bainan laguntzerat heldu zitzaizkotela lasterka bertze batzu ikusirik, jauregitik ehun bat metretan bezala gelditu ziren. Denbora laster badoa holakoetan: bederatziak eta erdiak baziren jada. Bardin laster joan zauzkun gainerateko orenak, tiroka, baionetakaldika, azkenekotz errabiaren errabiaz xixpa muthurrekin burutik beheiti elgarri kaskaka. Arratseko zortzi orenetan harrasiaren gibelean ziren alemanak... egundaino bezala. Zer eguna! Orhoitzekoa segurki...
Biharamunean nihor guti higitu zela erraiten badautzuegu sinhetsiko othe gaitutzue? Aise. Alabainan nekheak ez du legerik.
Berrogoita Hamazazpigarrena hondatua baitzen, kasik xirtxikatua, laguntzaileak igorri zauzkuten orduan: Hirur Ehun eta Hemeretzigarreneko berrehun bat soldado. Hain xuxen zer-nahi eskualdun bazen horietan. Laster elgar ezagutu ginuen, berehala ez bada. Bethi gogoan dugu nola geronek oren goxo frango iragan ginuen gure laguntzerat ethorri bi sarjant eskualdunekin. Bat mugazaina zen, bertzea Laphurdiko kontrabandixt handienetarik bat. Etzen haatik, berehala errateko, Senpereko jaun erretor zenaren Piarres famatu hura: mugari hurbiltxagokoa zen oraino. Gerla hasi baino zenbeit egun lehentxago mugazain harek baziozkan kontrabandixt hari ehun ardiz goiti mendian khenduak. Adixkide handi ziren halere, eta nola musikatzen zuten elgar gure aintzinean!
—Gerla ondoan ez da gehiago menturatuko ene ardieri lotzerat: hemen gizon hiltzen arizana, badaki makhilarekin kaskako bat emanen diotala!
—Errak, hi bezala arizana nauk gero ni ere gizon hiltzen! Hire makhikaldi txarrari tiro batez ihardesten badiot, adio hi eta hire ardiak! Orhoit hadi!
Eskualdun horiekin mendixka haren puntan iragan gintuen lauzpabortz egunak baino lakhetago guti ukhan dugu gerlan. Arras ongi elgar aditu ginuen alemaneri buru egiteko eta ez gintuen urhats baten egiterat utzi. Egia erran, alemanek beren aldetik etzuten halako errabiarik erakutsi: iduri zuten kasik gure herritarrekin ongi goxatzerat utzi nahi gintuztela!
Hogoita bi egun bazuen Mont-Renaud gure gain ginuela. Aski egun segurki. Handik jautsarazi gintuzten beraz, ezkerrago joanarazteko Ville deithu herrixka baten aintzinerat, gure mendixka Ehun eta Hogoita Hirurgarreneko soldado biphil eta erneeri fidaturik. Ez ginezaken ordain hoberik utz han. Ez ginuen uste berritz harat itzultzerik izanen ginuela. Bainan aphirilaren hogoita hamarrean alemanen minenverfer eta kanoiek Ehun eta Hogoita Hirurgarrena kasik leherturik, eskukaldi bat eman behar izan ginion, jada jauregirat heldurik urrunago abian ziren alemanen gelditzeko lehenik, urrunago fueratzeko gero. Zer eskerrak bihurtu zauzkun ondoko egun batez Ehun eta Hogoita Hirurgarreneko koronelak! Merezi gintuen...
Erran gabe doa, lehen jada xirtxikatua bazen, orduan azken piruraino higatua zela Berrogoita Hamazazpigarrena. Bagintuen zortzi aintzindari hilak eta hamasei handizki kolpaturik joanak: ehun eta hirur soldado hilak, lau ehun eta hiruetan hogoita hamabortz kolpaturik edo eriturik Frantzia barnerat igorriak. Zenbeit galdu, bertzalde.
Hainitz laudorio ethorri zitzaukun Armadatik eta alde guzietarik. Bat bakharrak etzaukun halako atseginik egin nola gure eskuinean gerlan ari zen tropako koronelarenak. Huna hitzez hitz zer erran zaukun: «Martxoaren hogoita bortzetik hunat bethi elgarri hurbil ginabiltzan, zuek eta gu. Ez zintuztegun orai arte guti baizik ezagutzen. Harritu eta xoratu gaitutzue. Hogoi aldiz irabazia zinukete gerlako xingola. Bozkatuz ematen balitz, urhezko bat eman ginezazueke berehala ene soldado guziek eta nik. Bai, gora Berrogoita Hamazazpigarrena!»
Atsegin egiten dutela holako elhe batzuek gerlarieri, ezin dudatua eta ukhatua da. Handiagoa eta miletan handiagoa ukhan ginuen haatik ondoko egun batez, Mont-Renaud eta inguruak utzirik, handik urrun Berrogoita Hamazazpigarreneko eskualdun gehienek elgar atxeman ginuenean! Zer besarkadak elgarri heldu orduko, oro bertze mundutik atheratzen bagine bezala, Margny-lès-Compiègne derizan herrixkako ostatu txar batean! Nausiak uste izan zuen hastean oro erhoak ginela! Bainan gero, oro erran giniozkalarik, zoin gogo onez eman zauzkun zenbeit pinta arno xahar... konduaren gainerat! Kondu eder baten gainerat...
Eskual-Herriko elizetan maiatza heldu delarik kantatzen aditzen baitugu Maiatza da urtheko sasoin ederrena, mila bederatzi ehun eta hemezortzikoa baino ederragorik ez da egundaino argitu guretzat...
Bainan Maiatzean Ama Birjinari kantatzen zaion kantu maite horrek badakizue betbetan zertaz orhoitarazten gaituen? Mirakuilu handi bat iduri duen zerbeitez. Beha bada. Passel jada aiphatu dautzugun herri ttipian etxe guziak aspaldi lurrerat joanak ziren, aleman kanoiek leherturik. Doidoia elizako alderdi bat zagon xutik eta hartan, xilo batean, Ama Birjina Lurdekoa, erostean bezen berri eta oso. Mont-Renaud gure mendixkari beha zagon, zaintzeko bezala. Eta nork daki ez duen harek zaindu, guk baino hobeki edo gurekin? Guillaume Alemaniako enperadoreak oihuka errana zuen Lurdeko Ama Birjinak etzuela aski bothere izanen aleman soldadoek hautsiko zituzten besoen antolatzeko... eta Lurdeko Ama Birjina baten aintzinean zer hautsi zen? Alemaniako soldadoen nausitasuna. Handik goiti ez dute maiz onik ukhan...
|