IV. VERDUNEKO IFERNUA
Mila bederatzi ehun eta hamabortzgarren urthea hasi da: zer ekharriko othe dauku? Deus onik naski! Jada ez ginuen gerlaren laster bururatzeko esperantza mikorik gehiago...
Hamazazpi ilhabete lekuaren gainean iragan dituen soldado batek ez du aise egun guziez gertatu zaiona erranen: egun haini-tzek elgar iduri zuten. Maizegi gauza berak errepikatu behar lituzke eta irakurtzaileak ase letzazke. Ez gintuzke sobera ase nahi! Jauzika ibil gaiten beraz larrienetarik larrienetarat, gogorat heldu zauzkun heinean, eta bezala!
Urtharrilaren hamalauean minen erauntsi ikaragarri bat burutik beheiti igorri ondoan, berrogoita hamar bat alemanek jauzi egin nahi izan zaukuten gainerat. Hobeki eginen zuten higitu ez balire: erdiak hil gintuen gutienetik. Geronek, bi hil eta zenbeit kolpatu.
Otsailaren hemezortzian, aintzinean nor ginuen jakiteko, dotzena batek jauzi egin ginuen alemaneri buruz. Ez ginuen nahi ginuena egin guk ere, bainan bospasei lagun galdu, ba. Zenbat behargabeko urhats ez dugu hola egin haste hartan!
Uztailaren hogoita bortzean rusiano alemanekin gune hartan lanean ari zen batek ihes egin zioten eta gure erreketan sartu, jada aiphatu polones batzu bezala. Egia edo gezurrak, zer-nahi berri eman zaukun.
Geroxago, Champagnako gudu handia hasi zelarik, uste izan ginuen guk ere gure zilhoetarik atheratu beharko ginuela eta norapeit aldaratu. Ez: han berean utzi gintuzten oraino eta bethi. Nihork ez luke haatik gure gerla hori etzela gerla edo holako gerla aise egiten dela erran behar: zilho horietan iragan dituen hamazazpi ilhabetetan Berrogoita Hamazazpigarrenak lau ehun hil ukhan ditu eta sei ehun kolpatu. Hirur ehun galdu bertzalde. Hori ez bada gerla?
Hola atxeman gintuen ondoko Aphirilak. Etzen orotan gehiago Verdun baizik aiphatzen. Harat deithu gintuzten beraz denboraren buruan. Ez dugu gordeko batere ez ginela berantetsiak!
Zenbeit egunez bidean eskola berezi ba-tzu eginarazirik, goiz batez hartu gintuzten beribil handi batzuetan eta, aizea bezala Givry-en-Argonne, Triaucourt, Nubécourt eta ez dakigu nun gaindi ereman. Lapitzak ez dauzku izen guziak paperean atxiki! Landrecourt delako herri beltz zikhin batean egin ginuen lo, moroek selhauru batean utziak zituzten zorrien erdian. Herri hortan ukhan ginuen haatik atsegin bat: zenbeit eskualdun buruz-buru eginik arratsari buruz, hetan atxeman ginuen haurreko adixkide handi bat: Frantchua Iribarne, Baionako trinket berriko nausia. Zer oren goxoa iragan ginuen elgarrekin! Frantchua, milesker hogoi urtheren buruan...
Maiatzaren hiruran lau egunen jatekoa eman zaukuten eta gauaz gudu tokiari buruz abiarazi. Bide guziak harat eta hunat zabil-tzan soldadoek zauzkaten: ez, etzen errex ibiltzea. Jada ageri zen nunbeit zerbeit handi bazela. Nun? Laster ikusi behar ginuen gure gostuz.
Ez da gure eskuetaratu libururik aski erran duenik zer ifernua izatu den Verdun. Hamabi egunez gure begiz ikusi dugu geronek, bainan ez dezakegu bertzeek baino gehiago erran! Eskuarak ez du aski hitz handi eta sarkorrik hortako! Norbeiten izpirituak berak ez dezake-eta asma! Hain xuxen, egun batez, Douaumont delakoari buruz ginoazilarik, bidean buruz-buru egin ginuen Ybarnegaray jaun deputatu gure adixkidearekin. Hango ifernua jastatua zuen jada. Jauzi batez gainerat ethorri zitzaukun, besarkatu gintuen eta erran: To, gaizoa, Jainkoak zaint hezala! Jainkoak zaindu gintuen, ezen hau finka dezakegu, eskuetako bortz erhiak juramentu egiteko elgarri lothurik. Verduneko ifernutik ez da bizi eta oso atheratu, Jainkoak zaindu duena baizik!
Baitire erraten dutenak egungo egunean ez dela gehiago mirakuilurik ikusten, gu bezala Verduneko ifernuan sartu balire eta handik erre gabe atheratu, ez litazke hola min-tza! Guk eta gure lagun batzuek zango-besoak oraino ukhaitea, horra mirakuilua!
Gau guzia bidean ibili ginen, nihun gelditu gabe: argia ginuen halere gure tokitarat heldu orduko. Argi zabala gero! Batzu gelditu ziren Tunnel de Tavannes delakoan, ber-tzeak Fort de Vaux delakoan, gutiz gehienak erreketarat joan haatik. Erreketarat joan? Nun ziren errekak? Etzen nihun bat ageri lur irauli hortan...
Manua ukhana ginuen, harat joaitean, zer-nahiren gatik zehe batez gibelat ez egiteko, lekhuaren gainean hiltzeko oro alemanak buruaren altxatzerat utziko gintuen baino lehen. Manu bera eman zaukuten bizpahirur edo lauzpabortz egunen buruan Thiaumont deithuaren aintzinerat igorri gintuztelarik ez dakigu zertako. Obusa erauntsi latzgarrienen gatik, aire pozoindatuen gatik, jada han eta hemen usteltzen ari zirenen usain ezin jasanaren gatik, gose-egarrien gatik, ororen gatik, ez ginuen bururik gibelat itzuli. Berrogoita Hamazazpigarreneko gizonek, Verduneko aldia bururatua ginuela erran zaukutelarik baizik. Lau ehun eta berrogoi hil han utzirik, joan ginen pausurat. Ehunka kolpatu bertzalde.
Verdunen izan diren soldadoetan bat ez da, gogoz edo bortxaz, bere eginbidea ederki bethe ez duenik. Batzu badire haatik ber-tzeek baino gehiago egin dutenak. Nola ez aipha eskualdun bat hemen? Etchegoyen senpertarra, Achkonatarretarik bat. Donibanen dago egungo egunean, karrikan ikusten duten haurrek gapelua khentzen ahal diote lurreraino! Kanoiak karrasiaka ari ziren batez, mandatari bat galdetu zuten hitz bat norapeit hel-arazteko. Bere burua eskainirik, eta kasik segurki heriotzeari buruz zoala jakinagatik, Etchegoyen abiatu zen lasterka. Horra nun bide erditarat gabe obusa batek ehorzten duen. Lurpetik hats bahi hamahirur orenen buruan ateratu zutelarik, aintzindarieri badakizue zer erran zuen gaizo eskualdunak?: Barka, othoi, hitz hau ez badut oraino hel-arazi! Nahuzue oraino egin dezadan? Erran gabe doa etzutela utzi; bainan ba gerizarat nahi bazuen eta ez joanarazi.
Ez dugu menturaz bertze behin soldado kaskoinik hemen aiphatuko, eskualdunekin berekin ukhanen baitugu zer erran, bainan Camales deithu gure lagun batek merezi du. Mandatu baten norapeit erematerat zoan hura ere, Etchegoyen bezala. Kolpatua da bidean: zangoek ez dezakete gehiago ez ibil ez atxik. Herrestan helduko da bururaino, odola purrustan doakiola, mandatua doidoia eginen du eta han berean... hila eroriko! Gaizo Camales!
Hoberenetik ere, soldadoek etzezaketen luzez iraun Verdunen: gehieneri zainek gaina hartzen zioten, bertzeak zenbeit egunen buruko burutik joanarazten zituen egartsuak. Ez daki pairatzea zer den behinere luzez edan gabe egotu ez denak! Sofrikarioen sofrikarioa, hori da segur! Aise sinhetsiko duzue beraz nola atsegin hartu ginuen hamabi egunen buruan ifernu hartarik atheratu ginelarik!
Ligny-en-Barrois herri pollit bat da eskualde pollit batean. Harat ereman gintuzten pausatzerat, eta han iragan gintuen hogoi egun goxo. Arrats gehienetan inguru guzietako eskualdunak elgarretaratzen ginen, elizan elizkizun maite zerbeit eginik, gero bi mus partidaren ostatuan egiteko. Han egin gintuen bereziki hendaiar andana baten ezagutzak. Zer gizon gazte maitagarriak B. Pardo, E. Molle, I. Avril, B. Olascoaga, A. Eguimendi, A. Etchenausi eta izenak galdu ditugun bertze batzu! Bainan, gerlako denboran erreka beretan hain adixkide ikusi ditugun adixkide horiek zertako behar ditugu orai bi erreketan ikusi? Hainbertze eta hainbertze lagunek beren odola bakearentzat ixuri-eta, zertako behar dugu orai gerlarien arteraino gerla ikusi? Ezin sinhetsia da holakorik badela nihun.
Verduneko akhidura joan orduko, gure zainak beren ozkan eman orduko, Argonara, manatu gintuzten, eta treinek lau oren laburrez ereman gintuzten haradino.
|