XII. BERRITZ ARGONAN ETA ALEMANEN ONDOTIK
Zer herri ederrak ikusi gintuen oraino berritz Argonarat joaiteko: Pantin, Gretz, Esternay, Fère-Champenoise, Vitry-le-François, Revigny, Ste-Menehould, Clermont! Gogotik treinatik jautsiko ginen segurki karriken ikusteko, bainan gure beha zagon Berrehun eta Hamaseigarrena, Vienne-le-Château eta La Harazée jada ezagutuetako gune ilhunetan.
Ez gintuzten toki hobeago batetarat igortzen ahal gure zaurien sendatzeko. Hamabortz egun goxo baizik ez ginuen haatik iragan hango erreketan. Aintzindariek nunbeitik ikasirik bake denborak zirela Arbonan ere, hamabortz egun lehenago han berean aldizkatua ginuen Berrehun eta Hamaseigarrena gau batez ethorri zitzaukun eta guk baino hobeki ezagutzen zituen erreka hetan eman, lehen oldarrari buru egiteko. Gu bospasei kilometretan kokatu gintuzten, oihan beltz batzuen erdian, handik galdea zen tokirat jauzian joaiteko. Bizpahirurlauetan aleman eta frantses kanoiak orroaz hasirik, uste izan ginuen alemanak agertu zirela eta abiatu. Bainan ez. Argonan deus etzen higitu: Champagnan hasi ziren gerlako azken guduak, uztailaren hamabortzean.
Ez ginuen oraino Argonatik joan behar hango erreketarat itzuli bat egin gabe. Ondoko gau batez hartu gintuen. Ez luzerentzat; hiruzpalau aleman esku-kolpe ttipiren urruntzeko eta geronek bertze hainbertzeren egiteko denbora doidoia! Italianoak gure gune ona hartu zaukuten agorrilaren hamabian eta Argonari erran ginion adio. Adio, bethikotz! Eta bizpahirur egunen buruan treina har-arazi zaukuten Breteuil delakoan jausteko. Bidean hiri eder frango ikusi ginuen berritz: Chalons-sur-Marne, Meaux, Le Bourget, Chantilly eta Creil bederen.
Bertzeen izenak aspaldi galduak ditugu gogotik eta paperetarik.
Egun guti zuen oraino gu ginoazin guneetan alemanek zafraldi bat ederra hartua zutela. Gibelerat zoazin, bainan ederki buru eginez han-hemenka. Zerbeit onik egitekotan, etziren nihun lurrari lotzerat utzi behar: horra zer erran zaukuten aintzindariek Fouquescourt delako herri baten ondoan Kanadako soldado eder batzuek aldizkatu gintuelarik hogoita seian.
Biharamunean eta hogoita zortzian ez ginen hainitz lehertu Cote 77 deithu mendixka hartzeko. Ez eta ere haratxago lur umil luze batzu etsaiari khentzeko. Are gutiago Nesles hiriaz jabetzeko. Zer dire kilometrak eta han-hemenka tiro parrapata batzu garhaitia jada eskuen puntan dutela dakiten gerlarientzat? Bi airetako aleman ozarrek bizpahirur orenez aski kexatu bagintuzten noiz-nahi ehun metretaraino jautsiz eta handik agertzen gineneko tirokatuz, aireak hutsarazi giniozkaten azkenean heieri ere: itzulipurdika eror-arazi gintuen sua zariotela. Barneko laur airezkarietarik bat etzen atheratu: lauak gure begien bixtan hantxe xirrigarratu ziren xori batzu bezala.
Eguerdi ondoxean ibai gothor baten aintzinean ginen: l'Ingon. Orai gerla aintzinean baino ezagutuago da segurki Frantzian. Bertzaldean etsaiak erne zaudela ikusi ginuen. Etzen zuhurtzia egun argiz oldartzea: ibaiari hurbildu orduko erreko gintuzten alemanek. Gau beltzaren beha egon ginen beraz eta hamar orenetan berritz abiatu. Ondikotz ez gintuen bi zubixka baizik bertzalderat joaiteko. Hurbiltzen ziren guziak lurrerat edo urerat zoazila ikusirik, koronela etzen tematu eta inguruetan etzanarazi gintuen oro gau guzia lo egin ginezan manaturik... baginuen. Nola egin lo holakoetan!
Dena dela, sei orenetako berritz bazterrak higitzen hasiak ziren biharamunean. Bainan Cote 77 delakoan beren zimentazko geriza batzuetan, bertze orduz Plateau de Vauclerc hartan bezala, ongi gordeak, oro phorroskatuko gintuzten eta laster alemanek, bezperan baino gehiago tematu bagine. Ez ginuen huts hori egin. Ez gintuen eskuak gurutzatu ere haatik, bainan multxoka hameka itzuli egin ginuen eskuin eta ezker nun zer xilo atxemanen ginuen azeri batzu bezala sartzeko. Etzen xilorik.
Bizkitartean ibaia iragan behar zen. Iragan... ahal bezen laster eta gostako zena gosta, aintzindariek nahi zuten bezala buruilaren lehen egunetako Somme ibai handiaren hegietarat heltzekotz! Jainkoak beharrik argitu zuen orduan bederatzigarren konpainiako liotinant gazte biphil bat: Carayon de Talpeirac. Gure kanoiak betbetan orroaz hasarazi zituen alemanek erauntsi horren azpian buruak aphal zetzaten, hura kanoikaldieri berrogoi bat lagunekin hogoi urhatsetan jarraikiko zela. Hala egin zuten eta sudurrak oraino lurrean sartuak atxeman zubiz bertzaldeko lehen etsaiak. Etzuten nihoren preso hartzeko astirik, oro kalitu zituzten, jauzian han-harat joan eta, berehala egin erreka ttipi batzuetan etzanik, etsaiak menean atxiki! Orduan delako liotinantak argi xuri bat zeruetan gora igorri zuen, zubia iragan ginuen orok eta eskuinagotik tiroka ari zitzauzkun guziak hil edo preso hartu. Laur ehun preso hartu gintuen, zenbeit gora behera. Azken denboretan frantsesek baino mila aldiz aiseago altxatzen zituzten eskuak gure etsaiek, irriskua gainean zutenean: batek etzuen kaput nahi...
Ibaia iragana ginuen eta eremu eder bat hartua: zerbeitek traba egiten zaukun halere. Eta traba handia, urrunago menturatzeko! herrixka txar batek. Rouy-le-Petit zuen izena: alemanez bethea zen. Zer lanak ikusi gintuen heieri herrixka horren hutsarazteko. Buruilaren lehenean hartu ginioten, gehien-gehienik Drouault eta Fisher bi liotinant gazteeri esker. Hau kanboarra zen: orai Hendaian bizi da bere emazte eta haurrekin. Noiz-nahi ikusten dugu, bainan egun eta oren latzgarri horiek ez ditugu behinere aiphatzen: ez du maite. Guk ere ez gintuen eginen, Eskualdunak galdetu ez balauzku...
Gauari esker Fischer liotinanta lagun batzuekin hurbildu zen lehen etxeraino eta hango beilariak lo atxeman. Ez da bethi errex loari ihardokitzea, alemana izanik ere. Eta beilari dohakabeak etziren oraingo arras iratzarriak, handik aski urrun gure koronelak bira ostiko eman ziotelarik nunbeit! Herri bat hartu behar denean, lehen etxea etsaiari khentzeak ematen du lanik handiena. Hura baginuen eskualdun bati esker. Handik, argia ethorri orduko, bertze guzietan sartu ginen, baioneten puntak alemanen gibelaldetan ederki kamusturik...
Horra nun eta nola irabazi zuen Berrogoita Hamazazpigarrenak bere bigarren ohorezko aiphamena. Etzaukuten eman zaukutena baino ederragorik ematen ahal. Bainan ez ginuen ebatsia. Bertze hainitz eta hainitzen artean han galdu ginuen gure gomenantetan maitatuena: Pimouguet zaharra. Gerla hastetik gurekin zen. Orok Pimpim erraten ginion, trufaz baino gehiago amodioz. Hala erratea nahi zuen berak ere. Olata bezen ona zen bere meneko gizonentzat. Aspaldi gerlako xingolaren beha baitzagon, ukhan ginuen egunean hetsi ziozkan begiak kanoikaldi batek.
Pimouguet gomenantak ere bezperan ukhana zuen hiltzerat zoazinen eta jada aiphatua dugun lotsa hura. Haren meneko soldado batzuek zutelakotz l'Ingon lehenik iragan, eskuen tinkatzerat joana zitzaioten orori, loriaren loriaz. Drouault liotinanta ikusirik joan zitzaion eta bere haur bat bezala besarkatu zuen. Eta orduan harekin ziren lagunen alderat itzulirik: Oi, zertako behar dugu holako gizona bihar galdu! Oro harritu zituen elhe horrek. Oharturik, huna zer erran zuen oraino gure gomenant zaharrak: Bai, bihar hilen da... eta ni ere ba! Egia zen, ondikotz!
|