VII. MAIATZAREN BORTZA ETA SEIA
Hogoita batean berritz etsaiaren parerat joan ginelarik eta berrehun bat metretarat hurbildu, ez ginen, menturaz uste dugun bezala, zalapartan tiroka hasi. Gure haintzurreri lothu ginen berehala, eta oro. Iguzki xoragarri bat agertu zen hainbertzenarekin. Horri esker, zer lanak egin gintuen hantxe hamar bat egunez! Alemanak etziren haintzurtzen ari denbora hortan: erran ditake etzauzkula ixiltzen. Lagun frango hil zaukuten.
Zertako ez ginioten ihardesten? Maiatzaren lehen egunetan egin gogo ginuen oldarrarentzat, zer gerta ere behar baigintuen aintzineko egunetan kanoiek hala itzuli phurdikatuak ziren erreka hek hein bat bederen erreberritu: horra! Plateau de Vauclerc behar ginuen, guk, etsaiaren aztaparretarik khendu.
Maiatzaren laua hautatu zuten aintzindariek oldarra hasteko. Airetako batzu aski goiz oharturik frantses kanoiek oraino lan gutisko egin zutela gure aintzinean eta zokho frangotan, geriza ederretan, zimentaz eginikako geriza ederretan, alemanak ongi gure beha zaudela, ez ginen higitu. Gure eskuinean, arra-tsaldeko lauak ondoxean, bertze soldado fran-tses batzu oldartu ziren haatik etsaiari eta, begiak idekitzeko astirik utzi gabe Craonneko malda hartu zioten.
Gure erreketarik xoratuak beha egon ginitzaioten lagun gaizoeri eta, nihork manatu gabe, oro esku joka hasi ginen herriko pilota partidetan bezala maldaren punta-puntan frantses banderaren landatzen ikusi ginuelarik soldado bat. Jauzian oro aintzinduak zituen. Ondoko egunetan ikasi behar ginuen bakarrik soldado hura aphez eskualdun bat zela, sortzez milafrangarra. Egungo egunean Afrikan aphezpiku da: Mgr. St-Pierre.
Oi, bortzean argiko aditu gintuen orroak! Gu baino lehen iratzarririk, goitika zalapartaka ari ziren alemania guziko kanoiak. Hileri zainak inharrosi ez baziozkaten goiz hartan, sekulan ez diozkate inharrosi!
Bederatzi orenetan abiatu ginen alemaneri buruz, othoitz labur batean gutiz gehienak Lurdeko Ama Onari gure buruak fidaturik. Hiltzeaz nola orhoitzen den holakoetan gizona, munduko irri, phesta eta jauxietan aisegi ahanzten badu ere!
Guk ez dugu gerlako aski jakitate phondutik phondurat bi egun horietako gudueri jarraikitzeko. Laster eta laster gal gintazke boyau Camberg, boyau Stauffen, boyau Neckar, boyau Ranstadt eta bertze holako erreka batzuetan. Badakigu haatik izen horiek guziak alemanez direla. Eta nola maiatzaren bortzean edo seian Stauffen eta Ranstadt eta orotan sartu baiginen, alemanak garhaitu gintuen. Ausiki eder bat egin ginuen heien eremuari. Nahi bezalakoa? Ez naski. Bereziki zimentaz eginikako bizpahirur gerizek ez gintuzten hurbiltzerat baizik utzi. Bazinakite zer odol errekak zoazin geriza horien aintzinean, bortzean, eguerdi gabe jada!
Bizpahiruetan etsaiari iduritu zitzaion naski lotsatuak ginela, odol hustuak ez baginen, eta guk hartu lurrak berritz beretzeko jauzi egin zaukun gainerat. Hamar urhatsetaraino errabian arizanik tiroka eta grenada ukaldika, azkenean baionetekin urrundu gintuen alemanak aldi bakhotx. Bainan etzuten aise etsitzen eta ezin bertzela eginak sar arazten zituen beren gerizetan segurki azkenean! Aitortu behar da gerlari handiak direla alemanak eta heien garhaitzeko ez dela nor-nahi aski! Ez, futxo!
Hirur ehun hilez goiti ukhan ginuen gudu horietan, eta bortz ehun kolpatu hurbil-hurbila.
Hemen egia erran dezagun zabal-zabala orai: bi egun horietan gizon frango galdu ginuela funts handirik gabe eta debalde, zimentazko geriza heieri buruz! Kanoiek beharko zituzten lehertu lehenik, nun ziren airetakoek ongi erakutsi ondoan, eta gero guk phiko ondo batzu bezala biltzen ahalko gintuen min gutirekin. Hola, hamar lagunetarik zortzi etziren eroriko. Egia erran, hala beharra bazen!
Nahiz bi egun horietan aski egiteko ukhan ginuen gure buruarekin... orok bezala, hainitz behatu ginioten gure laguneri. Harritu gintuzten. Aspaldi baginakien, froga hoberenak emanak baitzauzkuten, hainitzen egiteko on zirela: ez ginuen halere uste hoinbertze egin zezaketela aire pozoindatu eta obusa erauntsien kontra. Jainkoaren kreatura guzietan segur bat ez da gizonak bezenbat bihotz duenik ez-eta ere gizonak bezenbat jasaiten ahal duenik! Zer eginik eta zer jasanik etzituzten azkenekotz begiak hetsi hainbertze eta hainbertzek han! Nahiko gintuen hemen han hil zauzkun eskualdun lagun guzien izenak lerro-lerro ezarri, haur guziek gogoz ikasteko: ondikotz, oro ahantziak ditugu salbu batena: D. Larretche guzien artean maite ginuen laphurtar ixil eta goxo bat.
Han kolpatu zaukun ere lagunetan hoberen-hoberena: J. Landetcheberry aphezgeia. Ilhabete baten buruko gibelat ethorria ginuen haatik, erdi-sendo, bainan begitartea xuri oraino, bertze zenbeit bezala eritegietako bizi goxoari aztaparka lothu gabe. Alta, bere hamabortz edo hogoi mila arimekin Fontainebleau hiri gustagarria eta lakhet-lekhu litake ba!
Maiatzaren seiean kolpatu zen I. Landetcheberry. Gerla aintzinean Baionako apheztegian herritar bat baitzuen aphez egiten ari zena hura ere, Beaurieux derizan herrixkan atxeman zuen, bera bezala kolpatua, artatzerat joaki. Maiz gertatu othe da herri bereko bi aphezgeiak bi gunetan egun berarekin kolpatzea? Naski ez. Bigak sendatu ziren Jainkoari esker. Bat Garroko ikastegiaren buruzagi da, bertzea Baionan eskola ematen ari. Bainan herritarrak direla erran badugu ez othe dugu erran behar zoin herritakoak? Landibarrekoak dire. Eta, hasian hasi, lehenaren izena salatu dugunaz geroz, sala dezagun orobat bigarrenarena: J.B. Lompageu.
Hogoitabat aintzindari eskas, hamar hilak eta hameka handizki kolpatuak, Berrogoita Hamazazpigarrena gehiago etzagoken etsaiaren aintzinean. Bururik gabe, gorphutzik ederrena deus ez da. Erreka latzgarri hetarik atheratu gintuzten beraz eta pausatzerat jautsarazi inguruetako herrixka batzuetarat. Han ukhan ginuen atsegin handi bat: egun batez Goñi kanboarrarekin eskuin eta ezker aire hartzen ginabiltzalarik, Baionako Territorialak ikusi gintuen. Gure lagun gaizoa etzen guti harritu, gutienik ustean, bere anaiarekin bide gurutze batean buruz buru egin zuelarik! Nola elgar besarkatu zuten bi anaiek! Familia handi batetako zaharrena eta gazteena ziren eta ez dugu uste gerla hasiz geroztik elgar ikusia zutela...
Baslieux eta Maizy jada aiphatuak ditugu bizpahiruetan: harat ethorri zitzauzkun errearoaren hamabi edo hamahiruan beribil handi batzu, hartu eta Alsazako eskualderat eremateko. Gure odol gorrienaz busti, bietan busti guneak ez gintuen gehiago ikusi behar.
|