VIII. BALLERSDOFF ETA CHAMPAGNA
Ez dakigu Alsazako eskualde guzian baden Ballersdoff baino herrixka pollit eta gustagarriagorik. Hartan gelditu ginen, herri eta eremu frango bidean ikusirik. Hango jendea han bizi zen bethi: jende on bat, soldado frantsesari arras atxikia. Nihork nihun ez dauku behinere begitarte hobeagorik egin. Xaharrek bereziki etzakiten guretzat zer egin. Gazteekin ere ederki elgar aditzen ginuen haatik, nahiz frantsesean baino trebeago ziren oraino alemanean. Bizkitartean etxe gehientsuetarik norbeit bazen ba Alemaniako armadetan!
Atxiki eta zaindu behar gintuen errekak etziren handik urrun: hiruzpalau aneurkin edo kilometretan gorenetik. Gure alanbre sailetaraino lur guziak ibiliak ziren. Hortarik ageri da etzela gune gaixtoa. Hain guti nun egun bethean laborariak beren ontasunetan ikus baitzitazken, haintzurra edo sega bizkarrean! Alemanek etzuten oraino uste gerlarik galdu behar zutela eta etzituzten aintzinean berenak zituzten eskualde hek funditu nahi. Egun goxorik iragan ginuela han gaindi erratearen beharrik othe dugu beraz? Bi ilhabete handiz ez ginuen berrogoita hamar bat gizon baizik galdu, eta hil guti horietan...
Frantses eta alemanen errekak etziren bertze guneetan bezen hurbil elgarretarik: lauzpabortz ehun metretan. Egunaz ez ginezaken min handirik egin elgarri: kanoiak ere lo zauden ardura. Gauaz egon behar zen erne, nihor ez hurbiltzerat uzteko. Eskualdun bat bederen badakigu gerla Alemaniako goseteian bururatu duenik, bere zaintzale geriza ttipian lokharturik.
Altkirch deithu herri handisko bat baginuen begien aintzinean. Hango karriketan gure largabixtekin noiz-nahi aleman soldadu batzu ikusten gintuen harat eta hunat ibilki: egundaino ez diotegu tiro bat igorri, bethi inguruetan jostetan ari zaizkioten haur gaixoak hil edo kolpa beldurrez. Guk bezenbat bihotz ukhanen othe zuten alemanek kasu berean? Beldurtzeko da ezetz.
Hala-hala hango eliza-dorre ederreko leiho batek zer tiro parrapatak ez ditu hartu!
Zaintzale batzu baziren han, noiz-nahi gure airetakoeri tiroka ikusten gintuenak. Ez dakigu behinere bat atxeman dugun haatik, leihoa zabal izanagatik.
Holako gune on eta goxo baten uzteak min eman zaukun. Nork ez du aise sinhe-tsiko? Bainan gerla batean ez dago bethi bereri bakean ez-eta erdi bakean bizitzea. Champagnarat joanarazi gintuzten beraz bidez-bide. Belfort, Chaumont, Bologne, St-Dizier, Bevigny eta Givry direlakoetan gaindi. Oinetako hoberenen higatzeko bide aski, segur! Hazparnen eginak zitazken gureak: iraun zaukuten.
Champagnan bada herrixka bat Souain deithua, Suippes herri-nausiaren aintzinean, Tahure gerla denboran hainitzetan eta handizki aiphatua izan den bertze herrixka bat baino ezkertxago: hango erreketan egon behar ginuen bortz ilhabete. Nihun sekulan ez dugu han gaindi bezenbat hil-herri ikusi. Aise ageri zen noizpeit gudu ederrik izan zela han ere.
Eskualde hortan galdu behar ginuen ondoko egun batez gerla hastetik bethi gurekin edo gure inguruetan zabilan erreximendu eder eta maitagarri bat: Baionako Berrehun eta Berrogoita Bederatzigarrena. Italianoek amor emanik, Italiarat igorri zauzkuten hortako herritar gehienak Chasseurs direlakoen jauntziekin, kontrabandixtak mendietan trebe direla.
Berrogoita Bederatzigarrena gurekin utzi zaukuten halere eta Champagnan noiz-nahi gurutzatzen ginen hango adixkide onekin herriaz mintzatzeko, bi mus partidaren elgarrekin egiteko... edo xahako zahar zenbeiten husteko. Holako batez egin gintuen zuhaitz motz batzuen gerizan Blazy Uztaritzeko jaun aphez-nausiaren ezagutzak. Zer aphez xehe eta bihozduna!
Etzen zalaparta handirik gune hartan orduan. Egun gehienak gure haintzurrak eskuan iragan-eta, gauari buruz hartzen gintuen bakarrik xixpak eta grenadak, edo alemanak gutaraino heltzerat ez uzteko, edo geroni aleman bat edo bertze gure sareetarat bilduko ginuen ikusterat joaiteko.
Hola galdu ginuen hazilaren hiruan gure axuantetan famatuena. Etzen ordu arte gizon horrek egin etzuen eskukaldi ezin sinhetsirik eta guziek oraino gogoan ginuen nola Plateau de Vauclerc hartan berak, berberak, hamalau aleman alimale preso hartu zituen eta tete batzu bezen umil gure erreketan otxatxo sar-arazi! Harritzeko biria zuen. Behinere deusek lotsatzen ez dituen gizon hetarik bat, hots. Champagnan atxeman behar zuen bere azken orenak. Ilhundu orduko hamar bat soldadorekin joan zen parrez-parreko lehen errekak bederen ikusi behar zituela eta hango zaintzaleak preso hartu. Etsaiaren alanbreetan bide bat eginik, ororen aintzinean iragan zen eta, bi grenada eskuan, aleman erreketarat jauzi egin Altxa eskuak oihu egiten zuelarik han zitazkeneri. Bi ximixtek ihardetsi zioten gau beltzean eta hantxe erori zen gehiago ez xutitzeko. Ez dakigu lagunek nola egin zuten gorphutz haren gibelat ekhartzeko alde guzietarik hasi ziren tiro parrapatekin...
Hazilaren hemezortzian liotinant bat harat bererat joan zen gau beltz bati esker. Berrogoi soldado bazituen berekin. Alemanen sathor zilho guziak ikhertu zituzten, bainan, zerbeiti oharturik, etsaiaren beilariak nunbeit kukutu ziren,... eta gure lagunak eskuak hu-tsik itzuli etxerat.
Eta bertze zenbat holako itzuli ez dugu Champagnan egin! Astean bat gutienetik. Biga gau berean egiten ere gertatu izan zauku eta lau aleman gurekin ekhartzea!
Alemanak etziren gu baino gutiago nahi. Hek ere noiz-nahi oldartzen zauzkun. Etzuten haatik behin baizik guretarik norbeit ereman, eta aldiz frangotan gure bizpahirur lagunetaraino utzirik itzuli behar izan zuten!
Holako aldietan baginakien haatik biharamunean argiko zer ukhanen ginuen: obusa erauntsi bat ederra. Urus baiginen oraino aire pozoindatuak heldu etzauzkularik!
Horra nun eta nolatsu, Eguberri-Urtatsak elhurpean iraganik, hasi ginuen gerlako azken urthea: mila bederatzi ehun eta hemezortzia. Nihork haatik etzuen oraino holako ametsik gutartean: guk irabaztea baizik ez ginuen gehiago gogoan, baiginakien denbora guretzat ari zela lanean, eta alemanek nihundik etzuten oraino erakusterat ematen amor ematerat zoazila. Gehiago dena, azkartzen ari zirela iduri zuten kasik eta fama bat hedatzen hasia zen errekaz erreka gure kontra laster oldar baten egiterat deliberatuak zirela. Bainan ez gintuen Champagnan atxeman behar oldar horrek. Martxoaren hogoita batean, kanoi guziak bizpahirur egunez ororen lehertzen arizan ondoan, hasi zelarik, gu Champagnatik aski urrun ginen jada pausatzerat joanak. Akhabo gintuen haatik pausu eta egun ederrak guk ere gerla bururatu arte. Su handia lothua zen.
|