XI. MONT-LAVé ETA SACONIN
Aintzindari jakintsuna egiten zuten Alemanian Ludendorff: ez ginion gutiago Pariseko bidea moztu guk. Nola iretsiko zuen hori? Bertze alde batetarat itzuli zituen beraz begiak eta Chemin des Dames hain ezaguturat bere armada hoberenak igorri. Eta, ondikotz, zilho bat nunbeit eginik, armada horiek abiatu ziren aintzinat, iduri aldi huntan oro erhautsi behar zituztela!
Bethiko beribil handi hetan hartu gintuzten berritz Compiègne Johanna d'Ark Saindu gerlaria erortzen ikusi zuen hiriaren inguruetan eta bederatzi orenen buruan Laversine derizan herrixka bati hurbil pausatu. Herrixka hortan erran beharra zaukuten zoin gune har. Bardin-bardina zitzaukun harat edo hunat igor ginetzaten, fidos ez ginuela jada aintzineko egunetan ikusiak baino handiagorik ikusiko. Egia hau da: ez ginuela haatik hainitz jostatu behar, manatu gintuzten eskualdean!
Jada iguzkia gora zen, Saconin iraganik, eskuin eta ezker abiatu ginelarik: airetako alemanek nahi bezala segitu zituzten gure urhats guziak. Horrengatik min handirik gabe heldu ginen gudua karraskan ari zen gunerat. Afrikako soldado batzu ziren han ordu arte. Aldizkatu gintuen berehala eta... oren laurden edo oren erdi baten buruko alemaneri hamabortz ehun metra lur khendu. Jauzi handia! Ondikotz, handiegia! Horrek galdu behar gintuen arratsari buruz eta biharamunean. Gure eskuin-ezkerretan nihor etzen higitu: alde guzietarik hartuak ginen beraz. Maiatzaren hogoita hameka zen.
Ilhuna hurbilago eta etsaien tiro parrapatak usuago heldu ziren. Bainan laster ezagutu ginuen zeri buruz jokatu gogo zuten: goizean hartua baiginioten Ferme Mont-Lavé erraten zioten laborari etxe handi bat haren zaintzen utziak zituzten ehun eta hogoitahamar soldado preso terrepentean harturik, hari buruz. Arrats guzia jauzika ibili ziren alde guzietarat eta halere deusik ez egin: Arosteguy liotinant miarriztar batek ederki buru atxiki zioten: etzituen hurbiltzerat utzi...
Errearoaren lehenean aleman airetakoen burrunba aditua ginuen argia gabe: zerbeit ikusi nahi zuten... Kanoikaldieri bidea erakutsi zioteneko, Arosteguy liotinant bihotzduna zen lekhuan lehertu eta ehortzi zuten bere lagun gehienekin, eta lasterka laborari etxeari buruz abiatu bizpahirur tropa handi. Bospasei ehun bazitazken, elgar lothuak. Tiro parrapata batzuek berehala erakutsi zioten etzela oraino heien sudurrarentzat gure lurrik ez-eta etxerik, zaintzale guziak etzituztela oraino hilak. Orai handik, gero hemendik, azkenean alde zuten lekhutik, hamar aldiz bederen gure lagun gaixoeri oldartu ziren aleman horiek. Bethi debaldetan: etzuten beren bidea hilez emokatu baizik.
Uste ginuen ilhunak bederen geldiaraziko zituela. Batere. Eta horra nun oihu bat aditzen dugun hamarrak alderat laborari etxeko athe-athean: Frantsesak, ez du balio gehiago tema zaitezten: zatozte! Alemanek zer irriak eginen zituzten barnean ziren frantsesek sinhetsi balituzte eta xixpak pausatu! Urruntxago harrituak ginauden, gu, zer ikusi edo aditu behar ginuen. Ez ginen luzez beha egon. Botaren araberako errefera ethorri zitzaioten alemaneri, eta hitz batek, hitz bakhar batek ilhuna inharrosi zuen: Kaka dela! Gau beltzak beharrietarat ekharri zaukunean, zer atsegina egin zaukun hitz horrek! Argia urratu arte ez ginuen bertzerik ibili gogoan: Kaka dela!
Etxea ez dutela lausenguka hartuko etsiturik, zer egiten dute orduan alemanek? Ilhunari esker beren minenverfer berrienak hurbiltzen dituzte eta, harria harriaren ondotik etxe guzia lehertzen argiko. Beharrik barnean zirenak aski goiz ohartu baitziren irriskuari eta, etsaiak beren lanari utzirik, demendreneko harrabotsik egin gabe gibeleko athe batetik, bi jauziz, urruntxagoko harpe batean sartu!
Berrogoita hamar ziren gorenetik hola alemaneri buru egin zutenak. Berrogoita hamar bat bakharrik, bainan zer gizonak! Ondikotz, hemen emateko ez dakigu Durat kapitainaren izena baizik! Lehentxago kapitain horrek igorria zioten dakizuen hitza etsaieri. Ez da harritzeko holako gizona, sarjant xoil gerlarat ethorririk, kapitaingoraino heldua bazen. Ezin sinhetsia da nola egin zuen oraino buru oldar handieneri delako harpean, eta batere ez dakigu azkenean noiz eta nola atheratu zen handik bere azken hamar gizonekin! Dakiguna da, koronelak manatu ez balio atheratzea, hantxe hilen zela lorietan! Jada buruan emana omen zuen kepi gorri-gorri bat hirur galonekin orori erakusteko ederki erortzen bazakiela kapitain frantses batek...
Denbora hortan zer ari ginen gu? Sinhetsazue nihor etzagola lo: etzen han lokhartzerik. Emeki-emeki alde guzietarik inguratzen ari gintuzten alemanek. Hortzez eta haginez ariz, hein batean atxiki gintuen behin eta oraino bi egunez. Bainan eskuin eta ezkerrean laguntzailerik ez bada gudu batean, deus egitekorik ez da... eskuak altxatzea eta amor ematea baizik. Ez ginuen amor eman nahi. Ez ginuen amor eman. Nolazpeit jeneralari gure manerak jakinarazirik, manua igorri zaukun alemanetarik lehenbailehen urruntzeko. Errearoaren biga zen. Gaua hedatu orduko, parrez-par baiginuen malda bat, Saconin ahal ginuen bezala erauntsi lotsagarrienen azpian iraganik; malda hari aztaparka lothu ginen. Herriko etxe gehienak jada lurrerat ari ziren karraskan.
Eskuineko frantsesak leherturik, argiko berritz gainean gintuen etsaiak. Gu gintuzken naski gehienik partida han gaindi. Egitate batzu badire gizonak sekulan ahantz ez detzazkenak: ez othe zituzten gure batzu oraino gogoan alemanek? Iduri luke.
Berrogoita Hamazazpigarrena urtuxea zen bizpahirur egun hartan. Bainan Bussy bezalako koronel batekin zer ez ginezaken egin oraino? Urhatsez urhats baizik ez ginuen beraz gehiago lurrik utzi. Zehe bakhotxa ederki gosta zitzaion etsaiari, eta, laguntza gibeletik ethorri zaukunean, jada malda hartako ogi eremuetan itzatua ginuen!
Nahi duzue orai jakin zer erraten duen gudu horietaz geroztik eskuratu dugun egunkari aleman batek? Huna:
«Horra hirur egun gudu gaitzak ari direla Saconin frantses herrixkaren inguruetan. Bai, frantsesek bihotz handia erakutsi dute gudu horietan! Tropa troparen gainean igorri dute guri bidearen hesteko! Halere zehez-zehe lur phuska bat hartu diotegu. Ohore beraz hogoi bat frantses erreximenduren kontra gudukatu diren alemaneri! Frantzia guziko erreximendu hoberenak zituzten aintzinean, Division de Fer famatua barne».
Berrogoita Hamazazpigarrenak ez othe detzazke beretzat har eta atxik elhe horietarik zenbeit? Baietz iduritzen zauku. Bizpahirur egun horietan ez ginuen gure aldean soldado frantses handirik ikusi. Norekin parti beraz laudorioak? Guretzat atxikitzen bagintu ez bakharrik zenbeit, baino oro?
Ederki pagatu gintuen haatik. Maiatzaren lauean koronelak oro bildu gintuelarik handik zenbeit mila urhatsetan, badakizue zenbat soldado eta aintzindari ziren eskas?
Hameka ehun. Eta hameka ehun horietan, hirur ehun hil naski!
Hiletan batek min egin zaukun guzien gainetik, adixkideetan leialena baitzen. Hendaiarra sortzez, Antoine Lafosse postetako enplegatu bat zen gerla aintzinean. Gerlan liotinangorat heldua zen jada. Begitarte onaren egiten bazakien nor-nahiri, bainan guzien artean eskualduneri, fagore edo laguntza baten galdetzerat joaiten zitzaizkonean. Orok maite zuten. Gaixo Antoine! Hiltzeko bezpera arratsean ikusia ginuen eta mintzatua. Halako lotsa bat bazuen jada hil behar zuela eta etzaukun gorde. Frangotan gerlan gertatu dena da, hola, hiltzerat zoazinak lotsa horrek hartzea: nork ez diote hori aditu gerlari guzieri?
Eta orai bakhotxari berea. Erran dezagun beraz maiatzaren hiruan Tarbeko Hogoita Laugarreneko soldado batzu ikusi gintuela gutarteraino beren kanoiekin menturatzen eta gutartetik beren kanoiak etsaiaren kontra deskargatzen zirurikan. Segurki birikak beren lekhuan zituzten gizon horiek! Eskuaraz mintzo ziren elgarren artean... nunbeitik ere! Ez da beraz harritzeko...
|