|
II. BERTZE GUDU IKARAGARRI BATZU
Agorrilaren hogoita laua, zer egun hitsa! Are hitsagoak ondoko hiruzpalauak!
Hogoita lauean zortzi orenetako alemanak pur-pur-pur ikusi gintuen oihan batetik atheratzen. Gure tiroek laster itzularazi zituzten beren gerizetarat. Bainan huna nun manu berri bat heldu zaukun hainbertzenarekin: gibelat egiteko lehenbailehen, alemanak nausitzen ari direla gure bi bazterretan! Gure zakuak bizkarrean hartu gintuen eta han-hemenka, etsaiaren zaintzeko, lagun batzu utziz, joan, joan eta joan gibelat bizpahirur egunez, beldurra zamari eta gose-egarriak bideko lagun. Pipatzeko belhar miko bat ukhan baginu bederen!
Artetan alemanak soberaxko hurbiltzen bazitzauzkun, gure beilari eta zaintzaleek bi tiroz laster frogatzen zioten bidea etzela oraino arras libro, ez ginela oro hilak. Nach Paris eta nach Paris nahi duten bezenbat oihu eginik ere, behin baino gehiagotan, bide erditarat ere joaiteko, luma ederrik utziko dute Berrogoita Hamazazpigarrenaren eskuetan. Bertze eskuetan utziko dituztenak, bertzalde!
Agorrilaren hogoita zortzian Guise deri-tzan herrixka pollit baten parean ginen. Gure bidetik bazter-arazi gintuzten, herrixka hortan amor ematerat zoazin batzuen laguntzeko. Egun hartako harat-hunat, jauzi eta kalapitek ez dute izenik eskuaraz! Arratsean gure xixpak ez ginezazken gehiago hunki, hala berotuak ziren! Lau ehun gizon galdu gintuen hantxe! Haatik uste etzuten zafraldia hartu zuten alemanek ere egun hartan eta badakigu, aleman gerlako liburu batean irakurturik, egun txarrago guti ukhan dutela gerla guzian!
Ondoko gauean beterraba batzu landa batean kausiturik, zoin gogotik lothu ginitzaioten oro ausikika, gosez baino gehiago egarriz! Bainan jan-edanek baino indar gehiago ematen dio gizonari bihotzak, eta nola ez ginioten bizpahirur egunez alemaneri oraino frogatu ez ginela ahulduak, are gutiago lotsatuak. Agorrilaren hogoita hamarrean, Chevresis-les-Dames delakoan ginauden beraz bethi erne nundik agertuko zitzaukun etsaia. Han gaindi ziren anglesek amor emanik, iduri zuen bere indar guziak gure kontra egin behar zituela. Ez. Algeriako tropa zaldizko batzu artean sartu zitzauzkun eta gu, bake denboran bezen trankil, berritz bideari lothu Marne derizan ibai famatu hartaraino. Horra nun eta nola atxeman gintuen goiz batez guziek dakizuen Joffre jeneralaren oihuak. Buruilaren bortza zen: biharamunean behar ginuen alemaneri oldartu orok hilka...
Eskualdunek guk bezen ongi badazkite orduan ikasi izen batzu: Montceaux-les-Provins, Montmirail, Château-Thierry, Fismes, Merval, Maizy, Craonne, Craonnelle. Sobera ongi gogoan hartuak ditugu sekulan ahanzteko. Herri horietan hasi ginuen oldar handia.
Egia, hau da bizkitartean: seietik hamahiruraino Berrogoita Hamazazpigarrenak etzuen deus handirik egin. Etzaukuten galdetu. Urrunskotik jarraiki ginen beraz gudu ikaragarriari, behar-orduan eskukaldi bat nor-nahiri emateko prest haatik...
Hamahiruan, suaren erdian ginen berritz, Ventelay, Poucy eta Ponlavert iraganik, Corbeny hartzeko. Erratea bezen errex balitz egitea, berehala hartuko ginuen Corbeny. Lanak ikusi gintuen, eta ez gintuen arratseko baizik hartu azken etxeak. Alabainan emeki ibili behar ginuen harat doatzin bideetan, segurak ez baitu parerik. Eta ongi egin ginuen hola jokatzea ezen, usnatu gintuzteneko, alemanak karraskan tiroka hasi zitzauzkun Craonne-ko patarretarik.
Jendeak baziren oraino Corbeny-ko etxe batzuetan. Aditu bazintuzte heien loriazko oihu eta karrasiak gu ikustean! Bainan guk ez ginuen konplimenduen egiten gelditzeko astirik: urruntxago xara bat bazen, alemanak xaran; eta lehenbailehen hek handik fueratu beharra etzuen luzatu, eta gau hartan delako xaran egin ginuen lo. Lo arin bat haatik, gathuak bezala begi bat artetan idekiz xixpa kargatua gorphutzari kontra, zer gertatze.
Etzen deusik gertatu gau hartan. Bainan biharamunean! Argiko aleman kanoiak orruaz hasiak ziren. Eta zenbat! Behinere ez ginuen oraino hoinbertze aditu! Bederatziak alderat etsaiak abiatu ziren gutarik hurbildu nahiz bezala. Oren batez gure tiroek beren lurrari itzatu zituzten.
Gisa hortan eta buruz buru nihundik etzaukula amor emanaraziko ikusirik, bertze zerbeit asmatu zuen orduan alemanak: gibeletik behar zitzaukula oldartu. Berry-au-Bac gure eskuinean baitzen, jauzian joan zen harat, hango beilariak phorroskatu, eta itzuli handisko bat eginik berritz guri jazarri, erran dugun bezala, gibeletik. Zer odolak ixuri ziren hantxe oren pare batez! Bi aldetarik ulia bezala zoan gizona lurrerat! Bainan sobera baziren, aise sobera, guk bakarrik buru egiteko, eta, hori ikusirik, jeneralak manatu zaukun Corbeny berehala uztea eta doi bat bederen gibelatzea. Ahal zen bezala, obusa erauntsi ikaragarrienaren azpian jo ginuen beraz La Ville-aux-Bois herriraino eta han kokatu, etsaia hurbiltzerat utziko ginuen baino lehen oro hilen ginela zin eginik elgarri. Hirur aldiz oldar gaitzean ethorri zen lehen etxetaraino: hirur aldiz gure baioneten puntan urrundu ginuen han barna.
Gutituz ginoazin haatik eta beldurtzeko da gau hartan berean amor eman beharko ginuela, handik goiti gutaraino atrebitzen ziren etsai guziak Tarbeko Hogoita Laugarrenak bere kanoiekin phorroskatu ez balitu! Gau hartako bakea ukhan baginuen hola, ez dugu uste bezperan baino lo hainitz gehiago egin ginuela horrengatik...
Egundaino bezala tiroka ari ginen argihastean. Bainan zertako geroko xehetasunetan sar? Holakoetan bethi xehetasun berak ditazke. Egun guzia jozak eta emak arizan ginen bezperan bezala, lur phuska frango hartu, eta gero galdu. Ondoko gauean La Ville-aux-Bois hustu ginuen haatik etsaien kanoiek eta oldarrek azkenean leherturik, gose-egarriekin ezin xutik egon...
Hamaseia, aski egun goxoa, guziak har. Pabeko erreximendua gu baino pausatuxago baitzen eta ez hala hondatua, gure tokiak har arazi ziozkaten eta gu ezkertxago igorri. Etsaia etzitzaukun batere oldartu, izan ez bagine baino gehiago. Egia erran pabetarrekin ukhan zuen nun josta!
Hala-hala, hamazazpian argia gabe etsaiaren kanoiak guri buruz hasiak ziren. Etziren ixildu arratsaldeko bi orenak arte. Etsaia noiz agertuko zitzaukun aintzinat beha ginauden, gibeletik heldu zitzauzkula aldi huntan ere beilari batek oihu egin zuelarik. Harritu ginen, bainan ez lotsatu eta, behin han atxikirik, lagunetarat joaiteko bidea moztu ginion bi jauziz.
Hortan bururatu zen guretzat Bataille de la Marne erdaraz erraten dioten gudu latzgarria, eta aztaparka zilho egiten hasi ginen, zilho hetan ilhabeteak eta ilhabeteak kasik higitu gabe egoteko...
Aise asmatzen duzue hiruzpalau egun horietan sarraski ederrik ikusi ginuela; zortzi aintzindari hil zauzkuten, eta ehun eta hamabi soldado; zazpi aintzindari kolpatu, eta lau ehun eta hogoita hemezortzi soldado. Galdu gintuen eta eritu zauzkun gizonekin, hemeretzi goizean konduak egin gintuelarik, Berrogoita Hamazazpigarrenak bazituen zortzi ehun eta hamabi gizon eskas. Oi, lagun maiteak!...
|
|