IX. NOYON ETA MONT-RENAUD
Georges Gaudy gure adixkide handi bat da: gerlan ezagutu ginuen. Ahal zen guziez elgarretaratuak ginen eta elgarrekin ginabiltzan, politikan eta gainerateko guzietan asmu berak edo bertsuak baigintuen. Gerlaz geroztik ere ikusten izatu zauku. Holako adixkidan-tzak deusek ez ditu hiltzen, ez urtheak, ez urruntasunak. Bada, Georges Gaudy denboran gerlari on bat balinbazen, orai liburu-egile handi bat da. Gure jakinean baditu jada, aski gaztea delarik oraino, bortz liburu xoragarri agertaraziak: hautarik bat L'Agonie du Mont-Renaud derizana. Erdara dakiten guziek atsegin zorrotz batekin irakur lezaketen liburua, hain da eder eta unkigarria! Eskuetan ukhan dugu, gure adixkideak berak igorririk. Ehun edo berrehun herritarreri irakur-arazi dugu, prestaturik. Erran gabe doa azkenean norbeitek ez daukula itzuli. Prestatzen diren liburu guzien zortea omen da. Jakin baginu! Ezen orai liburu horrek laguntza ederra eginen zaukun errateko ditugunen aski moldean errateko. Gogoz ari beharko dugu edo paper muthur ttipi batzuen laguntzarekin doidoia. Berrogoita Hamazazpigarreneko gerlari ohi zenbaitek Eskualduna irakurtzen badute, barka dezagutela gure xuhurtzia...
Martxoaren hogoita hiruan sartu ginen beribil handi eta zahar batzuetan eta Epernay, Mareuil-sur-Ourcq, Crepy-en-Valois, Compiègne, Montdidier eta ez dakigu nun gaindi, zoin aldaxkaren gainean geldi ez dakiten xori errebelatu batzu iduri, itzulika ibilirik, hogoita hamazazpi orenen buruan Noyon deithu hiri ederreko inguruetan pausatu. Jada hango jendea ihesi zoan, harritua. Anglesek amor emanik, alemanak gainerat heldu zitzaizkoten alabainan. Ez dugu uste Beljikan berean deus lotsagarriagorik ikusi ginuela ahure xahar bat, bere emazte xahar ezindua eskorga batean etzanik, hari pusaka baino! Astelehen bat zen naski, eta hogoita bortza.
Eguerdi alderat manua ekharri zaukuten lehenbailehen joaiteko Noyon baino haratxago, etsaiak bethi hurbiltzen ari zirela. Jatekoaren egiten ari ginen bide hegian: tupina guziak ostikoka uzkaili gintuen eta gerrikoak gehixago tinkatu. Erretzeko bero bat bazen. Noyon iragan ginuen saltegietako edergailueri hainitz behatu gabe, eta Baboeuf izena zuen herrixka bati buruz abiatu, etsaia han geldituko ginuela athe eta leiho guzietarik tiroka. Baduk hoberik! Alemanak gu baino lehen harat helduak ziren eta athe-leihoetarik guk hek gelditu beharrak, hek gelditu gintuzten gu! Haste ona.
Hain xuxen gure armadako jenerala harat ethorririk, etsaieri ihardetsi gabe berehala gibelat itzultzea manatu zaukun, gostako zena gosta Noyoneko karriketan ahal zen bezenbat denbora atxikitzeko. Horra zer xedetan gi-nauden gau beltzak hiriaren erdian atxeman gintuelarik. Etxe andana bat bazen jada sutan.
Su horiek orotarat hedatzen zuten argiaren gatik, alemanak etzitazken guk ikusi gabe hurbil. Kantuz hurbildu ziren hamekak ondoxean. Etzuten uste nihor bazela karriketan. Menerat ethorri zireneko frantses xixpek beren ametsetik iratzar-arazi zituzten segur! Kantuen ondotik nigar eta karrasiak entzun gintuen...
Bainan, jada errana dugun bezala, alemanak gerlari hautak dire. Behin gibelatzerat bezela egin eta, berritz laster ikusi gintuen guri buruz heldu baionetak eskuan. Tiro parrapata eder batzuek han berean itzatu zituzten gutiz gehienak, bethikotz.
Handik laster bertze batzu hiriaren ber-tze buruan gure lagun batzueri agertu zitzaizkoten eta urrundik oihuka hasi Anglesak zirela, othoi uzteko hurbiltzerat. Beharrik begi eta beharri erneak zituen beilatzen han zagon liotinant eskualdun batek, Aigneren Sarako jaun errientak. Laster usnatu zen jukutria eta alemaneri bere gizonen baioneten puntak jasta-arazi.
Hamar, hogoi aldiz oldartu zitzauzkun oraino gau hartan alemanak: argia hek baino lehenago sartu zen Noyoneko karriketan. Ez, etzen etsaia hiriaz jabetu, guk aintzindarien manuz utzi giniotelarik baizik, eta zortziak alderat Dauvé jenerala berbera ethorri zi-tzaukun laudorio handienen egiterat Noyon hola zaindurik, eta othoi bihotz berarekin Mont-Renaud zaintzea galdetu zaukun, Pariseko gakhoa zela...
Haran luze eta aberats baten aintzinean mendixka gothor bat, horra zer zen Mont-Renaud hori. Alde guziak ageri ziren puntatik, eta hartuko zuenak hogoita hameka eta eskua bazituzken eskuin eta ezker ibiliko ziren tropen zaintzeko... eta irrisku handirik gabe bere kanoiekin zafratzeko. Beha beraz zer balio ikharagarria zuen bai frantsesentzat bai alemanentzat mendixka horrek! Bai-eta punta-puntan zeruetan goiti zoan jauregi dorredun batek! Lasterka joan ginen beraz mendixkarat eta han landatu.
Etzen alemanik agertu goizeko hamarrak arte. Gau hartako zauri minen artatzen egon ziren ordu arte, dudarik gabe. Mendixkaren bertze aldean higitzen ikusi gintueneko, tiroka hasi ginitzaioten. Bainan tiroek batere lotsatu gabe, bide guzia hilez emokaturik ere, kasik jauregiraino ethorri ziren eta handik trufaka hasi Franzosen kaput eta Franzosen kaput! Bainan gure baionetek sar-arazi ziozkaten trufak eta harat hago joanarazi laster...
Hainbertzenarekin horra nun ordu arte ixilik zauden aleman kanoiak zirurika hasten diren eta, sekulako grenada meta baitzen mendixka baino beheraxago Passel deithu herrixkan bildua, hari su ematen dioten. Ikusten duzue orduan gure planta: aintzinean etsaiak gero eta errabia handiagoan oldarka, gibelean mila grenada bederen alde guzietarat zapartaka! Gerlan ibili denak baizik ez dezake amets gure lana. Gutik egin zuen egun hartan oro ez baiginen han garbitu eta alemanek ez bazuten hainbertze gutiziatzen zuten Mont-Renaud hartu!
Arratsaldeko lauak alderat, mendixka gibeleko su ikharagarriari oharturik, bi aldetarik inguratu nahi izan gintuzten etsaiek. Tiroka phorroskatu gintuen eta etzuten urhats bat egiten ahal ukhan... aintzinat.
Orduantxe aditu ginuen egun guziko lehen frantses kanoikaldia. Zer atsegina egin zaukun! Eta zer esperantzak sor-arazi zituen gure bihotzetan hain ongi ezagutzen ginuen xixtu mehe harek! Ezen orai baginakien ez ginela gehiago bakerik eta, galdetu orduko, Tarbeko Hogoita Laugarren famatuak ederki lagunduko gintuela! Eta hola ethorri zen gaua, alemanak sudur puntaren agertzerat berritz menturatu gabe...
Biharamunean, beraz martxoaren hogoita zazpian, argiko kitzikan hasiak gintuen haatik berritz, han edo hemen nun atxemanen zuten artexka bat jauregiraino bederen lerratzeko, eta zazpi orenetan meta osoak gainean gintuen. Gure tiro parrapatek behin lotsatu zituzten eta zortzi orenak arte etziren gehiago higitu. Hobeki eginen zuten orduan ere geldirik egon balire. Agertu guziak kalitu gintuen terrepente.
Bainan min ematen zioten gu nausi uzteak eta, berritz ere oldartzeko, xokho batean elgarretaratzen ikusi gintuen ilhunari buruz. Laster hutsarazi giniozkaten lekhuak. Bardin-bardina, zazpiak ondoxean.
Hogoita zortzian ez ginuen hoinbertze kalapita ukhan eta alemanak etzauzkun behin baizik oldartu. Beren kanoieri batere laguntzarik galdetu gabe, ustez eta hola lo atxemanen gintuztela, goizeko zortzi orenetan herrestaka hurbiltzen hasi zitzauzkun. Berehala frogatu ginioten ongi iratzarriak ginaudela eta urrundu ziren... salbu gure aintzinean zabal-zabala gelditu ziren berrogoita zenbeitak...
Are maltsoago egon ziren hogoita bederatzian. Bainan gauaz aditu harrabots batzuetarik iduritu zitzaukun hogoita hamarrean zerbeit ikusi behar ginuela. Hala-hala gertatu zen. Zazpiak eta erdietako jada baioneten puntan fueratu behar izan gintuen, hogoita zenbeit gizon animale preso harturik. Ez, gure bizian ez dugu halako gizon handirik ikusi!
Bederatzietan lehenik, hamarretan gero berritz beren egin ahal guziak egin zituzten jauregirat heltzeko. Debaldetan.
Eguerdi alderat aleman airetako bat kasik buruen gaineraino jautsirik, airezkaria tiroka hasi zitzaukun. Gosta zitzaion bere kopeta, berehala gure tiroak mustuilka lurrerat aurdiki baitzuten. Denboraren buruan ongi gogoan dugu oraino airezkari haren izena: Max Linder. Hain xuxen denbora hartan bazen zinema horietako komediantetan izen hori izengoititzat hartua zuen bordeles bat eta hunen anaia gurekin ibilia zen gerla hastean: Leuvielle liotinanta.
Handik goiti, zer bakea hirur egun handiz! Aphirilaren hirua arte aleman bat etzen higitu. Orduan haatik zer tropak oldartu zitzauzkun arratsaldeko hiru orenetan! Tarbeko adixkideen laguntzarekin phorroskatu gintuen.
Ederki da, egin ginuen bezala, behar hortako mendixka baten zaintzea eta etsaia tokiaren gainean itzatzea: ederkiago, ahal bada bederen, handik urruntzea. Horra zer lani lothu ginen hirutik lauerako gauean. Ilhunari esker soldado erne batzu aintzinat menturatu ziren, eskuin eta ezker ibili nun zer ikusiko edo adituko zuten, eta argia gabe berritz kargatuak itzuli Bussy gure koronelaren ganat.
Izen hori lumaren puntarat ethorri zaukunaz geroz, iduritzen zauku Bussy gure koronela bezalako gizon bati Eskualdunak berak zenbeit hitz zor diozkala. Aintzindari handienetan ere ez dire dotzenan hamahirur holakoak. Bertze bizpahirur koronelen ondotik ethorri zitzaukun Berrogoita Hamazazpigarrenerat Bourg-et-Comin hartan ginelarik oraino. Adin bat iduri zuen ordukotz. Gerla Afrikan ikasirik, sekulan etzuen gudu bat urrundik segituko: bethi han zen bere soldadoen erdian. Ikusi izan dugu oro baino aintzinago ere irrisku guzien gatik. Soldadoak maite zituen eta etzituen nolazpeitka manatu nahi. Guk ere maite ginuen. Baginakien sekulan etzuela odol xorta ttipiena debaldetan ixur-araziko. Orok begiak itsutzen gintuen beraz harek zerbeit manatu orduko eta norat-nahi baginoazin, lorietan ez bazen, fidos gutienetik. Gerla gurekin bururatu zuen. Hogoi urthe badu horrek, bainan gutarik nihork ez du Bussy koronela ahantzia. Ez du hanbat denbora oraino eskualdun zenbeitek hitzarturik makhila eder bat Larresoron eginarazi ginuela eta gure koronel maiteari igorri. Ordainez hitz bat igorri zaukun berehala eta aithortu egundaino deusek etziola halako atseginik egin nola dohain horrek, eta hitzeman hil arte bihotzeko xokhorik hoberenean atxikiko zituela bethi Eskual-Herriko bere gerlari ohiak...
Aphirilaren lauean ez ginen oro hilak izan bagine baino gehiago higitu: alemanak lokhartzea nahi ginuen. Bortzean bortz orenetako oro xutituak ginen haatik eta zenbeit aintzinat abiatuak. Bide frango egina baginuen etsaiak guri ohartu zireneko. Guk baino lo pisuago othe duten alemanek?
Jauzi ederrena bi liotinant eskualdunek egin zuten beren gizonekin: Montalibet mauletarrak eta Lesgoirres Haltsukoak. Urrunago joaiteko harrasi handisko bat iragan beharko zuten, bainan etsaiak jada haren gibelerat bilduak ziren eta handik tiroka hasiak. Nola hurbil? Etziren menturatu: etzitaken.
Seiean, argi hastean Lesgoirres liotinantak harrasiari buruz bortz egin ahal egin zituen. Kanoia ttipi berezi batzu galdeturik, egiazko erauntsi bat igorri zuen harrasiaren gibelean tiroka hasiak ziren alemaneri. Oro debaldetan. Etzen hurbiltzen ahal izan bezperan baino gehiago. Eta horra nun hainbertzenarekin inguruetako aleman kanoia eta minenverfer guziak marrumaka hasten zauzkun! Berehala ezagutu ginuen zertarat ginoazin: alemanek oldartu nahi zuten. Oren osoak etziren kanoikaldiak ixildu eta jauregi eder hura azken harriraino lurrean zen jada, etsaiak zeraukaten eta hurbiltzen ikusi gintuelarik mendixka guzia zeraukaten erhauts eta khearen erdian. Konda-ahala baino gehiago baziren ukhondoa ukhondoari: guk lurrerat aurdikitzen ginuen batentzat, biga edo hirur berehala gure xixpen puntan han ziren, irri tzar bat ezpainetan, lurretik atheratu debru batzu iduri. Amor emateko orde, arratsaldeko bi orenetan harrasiatik haratago igorriak gintuen eta geroni harrasiaren kontra landatuak. Ez hainitz denborarentzat, ondikotz! Lauak gabe berritz handik urrunaraziak gintuzten, bati hamar oldarturik. Orduan, hasian hasi, nahi izan zuten eremu gehixago hartu: gure baionetek etzituzten utzi.
Aphirilaren zazpi-zortzi-bederatzietan zalaparta guti: kanoiak arizan ziren gehienik. Ageri zuen oro nekhatuak ginela. Hamarrean haatik lagun batzuek ustegabeko jauzi bat egin zuten argi hastean harrasiraino eta, gainerateko guziak hilik, bi aleman preso hartu. Urrunago ere itzuli bat egin zuten eta bertze bi aleman berenkin ekharri. Arratsaldean alemanen aldi. Ederki bermatu ziren bizpahirur aldiz harrasiari buruz. Debaldetan: aldi bakhotx hondatu gintuen eta gibelat igorri.
Aphirilaren hameka-hamabietan sobera harat hunat eta kalapita izatu zen oro gogoan hartzeko eta orai hemen errateko. Hamar aldiz bederen alemanak ondo-ondoraino ethorri zitzauzkun erho batzu bezala. Erho batzu... edo gizon edan batzu bezala! Etzaukuten zehe bat lur khentzen ahal izan, bi egun horietan gainerat igorri zauzkuten grenada meta eta aire pozoindatu guzien gatik. Egun eta oren ikharagarriak segurki. Handiena ikustekoa ginuen!
|