I. LEHEN EGUNAK, LEHEN GUDUAK
Mila bederatzi ehun eta hamalaua! Eskual-etxeetan hameka nigar eginarazi duen urthea! Gerla hasteko urthea!
Bainan gerla aiphatzea balio othe du denboraren buruan? Ezetz iduritzen zitzaukun. Baietz iduritu zaiote gure adixkide batzueri, eta bazinakite zer elhe pollitak atxeman dituzten lan huni lotzea delibera dezagun! Horren gainerat Soubelet jaun kalonjeak jakinarazirik Eskualduna gerlako berrieri lorietan zabalduko zuela, egun huna gu, lan hau Jainkoaren laguntzarekin noizpeit bururatuko dugulakoan! Badakigu: gerlarietan bakarrak badire guk baino gehiago ikusi eta egin dutenik, bakarrak gerlan ikusiak guk baino hobeki hemen erran zetzazkenik: ez dire ausartatzen holako lan bati lotzerat. Hutsak barka detzotela ausartatzen denari, othoi. Sobera galdetzen othe dugu? Ondikotz, ez dezakegu gerlako xokho bat baizik aipha: gurea. Beraz ez dugu hemen Berrogoita Hamazpigarren Oinezkoa baizik aiphatuko: hartan egina dugu gerla. Bainan uste dugu bertze erreximendu guziek horrek bezenbat egin dutela: bat nola ibili den ikusiz, eskualdunek ikusiko dute nola ibili diren bertzeak...
Jauntzi berri ederretan, Arrochaforte eta Liburnako hiri ederreri behingotz adio erranik, Berrogoita Hamazazpigarrena treinetan sartu da. Orai badoa. Badoa Lorraina deithu eskualdeari buruz lehenik. Ez du haatik hezur zaharrik eginen han: lau egun ttipiren buruko Beljikatik galdea heldu zaio. Euriak euriari hartzen du harateko bidea. Comercy, Bar-le-Duc, Ste-Menehould, Vouziers, Hirson eta Avesnes laster hortan iraganak dire. Huna Beljika. Agorrilaren hogoita bata zen. Egun hortan ohartu ginen egiazki gerlarat ginoazila. Jada ihesi zoazin xaharrak, emazteak eta haurrak, ahal zituzten guziak bizkarrean, nigarrez, abiatu orduko lehertuak. Ikhara, gainerat.
Salatuko othe dautzuegu hemen egun hartan erran elhe batzuez, airerat eman kontseilu batez dugula gure gerla guziko urriki bakarra? Bide bazter batean ginauden, etzanak. Hurbiltzen zauzku bi neskatxa. Bi ahizpa zitazken itxuratik hartzeko:
—Barkatu, jaun soldadoa: kontseilu bat eman behar daukuzu. Burhasoak hilak ditugu, gure anaia soldado da: etxea utzirik Frantziarat joan behar othe dugu berehala edo egon othe gaitezke hemen gaindi irrisku handirik gabe?
—Haur maiteak, nihundik etzauku iduritzen lotsatzekorik baduzuela oraino: itzul zaizte beraz zuen etxerat: hoinbertze eta hoinbertze harat-hunatekin bideak ere baditu bere irriskuak zuentzat!
Ethorri bidetik itzuli ziren etxerat, eta, ondikotz, segur alemanen aztaparretarat erori! Gaixo neskatxak! Bai, orhoitzeko eguna guretzat, hori: bainan orhoitgarriagoen ikusterat ginoazin laster! Jada bi armada frantses Sambre derizan ur handiaren kontra alemanarekin zalapartaka ari ziren hiruzpalau egun hartan. Gure aldia hurbildua zen: arras hurbildua.
Agorrilaren hogoita hiruan ethorri zitzaion manua, eta Berrogoita Hamazazpigarrena berehala zabaldu zen landa handi batzuetan. Fontaine-Valmont delako herrixkan gelditu ginen geroni, elizaren inguruetan, xixpa puntaraino kargatua, nor nundik agertuko zen. Thuin begien bixtan ginuen eta jada hango karriketan tiro bakhar batzu adi zitazken. Etzen oraino lotsatzekorik. Irri egiten ginioten ere, han nunbeit, airean zapartatzen ziren aleman obusa batzueri.
Irriak sartu ziren haatik betbetan xara batetik gainerat ethorri zitzaukun tiro parrapatarekin! Hain xuxen, largabixtak begietan, xokho batean xutik zagon kapitain bat, tiro batek kopetaren erdian atxemanik, zabal-zabala erori zen, hila, doidoia oihu bat eginik: Haurrak, gorde ongi! Berrogoita Hamazazpigarreneko lehen hil maitea, geroztik gure ondoan hil diren aintzindari eta soldado gutiz-gehienen izenak ahantzixeak balinbaditugu, zurea sekulan ez dugu ahantziko: bethi odolezko hitzez nun-nahi gure begiek eta gure bihotzak irakurtuko dute: Constans!
Constans kapitaina erortzen ikustearekin, alemanek uste izan zuketen aintzindari guzietan handiena hil zaukutela eta lotsatuak ginela. Kantuz eta irrintzinaka xarako zuhaitz guzien gibeletik atheratzen ikusi gintuen guri buruz abiatzeko, beren gapelu gris marra gorriekin. Gainerat igorri ginioten ximixtarekin, etziren nahi baino lasterrago sartu berritz beren xaran! Hola egiten dire gerlako aprendizkoak. Guk ere arratsalde hartan egin behar gintuen!
Gure koronelari iduritu othe zitzaion xara hartan etzela aleman hainitz? Ez dakigu. Bortzgarren konpainiari manatu zion bethi zoala baionetekin xaratik alemanen fueratzerat! Gure lagun gaixoak abiatu ziren eta alemanetarik berehala ukhan guk doidoia emana giniotenaren ordaina: tirokaldi bat ikaragarria.
Jo handik, jo hemendik, alemana aintzinatzerat ez uzteko gure bothere guziez bermatu ginen oro, handik goiti, eta arratsalde apalak leku bertsuetan atxeman gintuen, elgarretarik bizpahirur ehun metretan.
Gauari ginauden loriatuak, ilhunari esker xaran sartuko ginela ixilka eta alemaneri emanen giniotela orhoitzeko prerekaldi bat. Gerla ez da zathika egiten: ez da zathika egin behar. Lan onik egitekotz, ez da bakotxa bere alde bermatu behar: orok bat eginez ere, bada zer egin. Aintzindari handiek jakinarazi zaukuten beraz ez ginezan xara haren aintzinean bertze denborarik gal eta emeki-emeki egin ginezan gibelat. Zer errabia beltzak hartu gintuen oro! Bainan manatua egin behar! Lehenik lauzpabortz, gero bospasei, han-hemenka elgar laguntzeko itzuliz, abiatu ginen beraz Beaumont deithu herrixkari buruz. Gauerdiko han behar ginuen.
Eta horra nun ilhuna nausitzerat bezala zoalarik, gutarik aski hurbil soldado tropa handi bat ikusten dugun trankilki guri buruz heldu, oraino ezagutzen ez ditugun jauntzi batzuetan. Aintzin-aintzinean hiruzpalau gizon alimale Beljikako bandera handi batekin, eta hautarik batek frantses zerratu ederrez oihu egiten dauku:
—Adixkideak, ez gaitzatzue gero tiroka!
Gero eta hurbilago gintuen: kasik ehun urhatsetan. Beharrik orduan norbeit ohartu baitzen alemanak zirela! Bildotx larruarekin otso hek gure bandera nahi zaukuten ohartgabean ebatsi! Kukuak makhur jo zioten eta, baionetak xixpen puntan, jauzi egin ginioten gainerat. Gehienak hantxe gelditu ziren lurrean, ahoz goiti. Gehien-gehienak gero! Bainan min ederrik egin zaukuten hek ere eta geroxago Beaumont hartako karrika bakarrean gure sailak kondatu gintuelarik, zer huts-arteak! Sei aintzindari eta lauetan hogoita hamar bat soldado hilak: bertze hoinbertze kolpatu eta galdu bertzalde. Gerla hasia ginuen. Ez litake guri espantu egitea gure Berrogoita Hamazazpigarrenaz, bainan nola ixilik egon gure lagunen bihotza arratsalde hartan ikusi-eta? Gerla bururatu arte egintza harrigarri frango ikusiko dugu: harrigarriago guti. Jainkoak nahi izan baitzuen Thuin jada aiphatu herri hartako jende gaixo batzu ondoko egunetan nunbeit kausi ginetzan, nahi duzue salatzea zer erran zaukuten? Huna hitzez hitz: «Bi egunen buruan, alemanak urrunduxe zirelarik, joan ginen gudu ikaragarri hura egin zinuten gunerat. Bidea ez ginuen aise iragan: hilez emokatua zen. Xokho batean bi frantses eta bi aleman atxeman gintuen beren baionetekin oraino elgarri josiak!»
|