IV. JENOBEBA SARTZEN DUTE PRESONDEGIAN
Orra urrezko palaziyotik
gure Kondesa atera
ura zeriyon lurpeko zulo
kartzela illun batera.
Noizik bein Golo juaten zitzayon
bisita bat ematera,
lenguan zegon; bayetz esanta
bueltatutzen zan ostera.
Bildurgarrizko soñubarekin
zabaltzen ziyon atia;
Golok bakarrik, besterik iñork
etzuben libre juatia.
Galdetzen ziyon, ez al tzan asko
ainbeste eramatia.
Erantzun ziyon: —«Konpli dedila
Jaunaren borondatia».
Kartzela arrek altu-altuban
sayetera bat baziyon;
zein tristia zan ikusitzeko
besterik serbitze etziyon.
Illunbi artan seme bat, beriz,
Jaungoikuak eman ziyon...
Esnia falta, zer jantzirik ez...;
lastimatutzen zitzayon.
Estadubartan arkitutzia
ama batentzat zer pena!
Txarruan ura, ogi pixka bat,
izan ziteken beltzena...
Jaungoikuari ofrezituta,
au da esaten zubena:
—«Desditxatuba izan dedilla,
aurtxua, zure izena».
Abuan busti ogiya, ziyon:
—«Ai ene seme laztana!
Tori, gaxo orrek; txupatu zazu
ama zuriak daukana.
Neretzat ere urri det baña
ematen dizut dedana...».
O! Zeñen pobre Kondesagandik
mundura jaio zerana!
Argiyarekin Golo juan zan;
jarri zitzaion aurrian.
Oraziyuan billatu zuben
belaunikoka lurrian,
sernetxua artu besuan eta
estutubaz bularrian...
O! Jenobeba kontsolatzeko
etzeunden leku txarrian.
Kulparik gabe preso zegola
au Golok ondo zekiyen.
Alere kartaz beti Kondia
engañatutzen zebillen:
«Drako morroya Kondesak il du;
begira nola dabillen;
Sinistu beza ni onen plantan
zein penatua nabilen».
Ain gezurrezko kartak egin-ta
Kondia engañatu zuten.
Ama semiak il zitzatela
baimena eman ziyoten.
Golo ta bere lagun gaixtuak
danak uraxen nai zuten:
Ai Jenobeba! Zuk dakizu ondo
nola tratatu zinduzten.
Albisti onekin Golo juan-ta
Kartzelan zitzayon sartu:
—«Ama-semiak iltzeko karta
senarragandik det artu.
Oraindik ere itxoingo det,
nai bazenduke mudatu...».
Ain zan umila Jenobeba ta
itzik etziyon trukatu.
Malko goriyak asi zitzaizkan
au zuenian jakindu.
—«Ai! Ene seme! Biyak iltzeko
aitak ordena eman du...».
Aurtxuak, parrez, bazirudiyen
nai ziyokela lagundu...
Ama, negarrez, lurrian auspez
luzaruan zan egondu.
Illabatiak zeramazkiyen,
gorputza zeukan galduba;
txutik doi-doya ibilitzen zan
—ainbesterano aulduba—,
aurtxua, berriz, zatar gañian
mantalarekin bilduba...
Ai Desditxado! Gaztetik zera
aitak iltzeko salduba!
Azkeneko aldiz Golo juan zan
amorratuba bezela:
zenbat denboran itxoingo ziyon,
kontu atera zezala...
Ai! Jenobebak erantzun ziyon
ura mudatuko etzala.
Aserratuta esanaz juan zan
illeraziko zubela.
Desesperatzen etxera juan zan;
etzegon urrikaltzeko.
Borreruari deitu ziyoten:
Aizkora zorroztutzeko;
Ama-serniak mortura eraman,
lepuak ebakitzeko.
Il zituztela sinistu zezan,
begiyak ekarritzeko.
Sententzi ori neskatxa batek
Golori aditu ziyon.
Gabian juan-ta Jenobebari
zelatan jarri zitzayon,
sayeteratik ixillik deika
—ark naitasuna baziyon—:
—«Zein zera zu? —Ni, Berta, Señora».
Orduban itz egin ziyon.
Kondairak diyo sayeteratik
bertan itz egin ziyola:
—«Ai jenobeba!...». Albixte trixte
batekin zertokiyola:
Ura iltzeko borreruari
Golok agindu ziyola;
kontu ixillik bazeukan ezer,
arren, esan zezayola.
Erantzun ziyon: —«Aulduba nago
kartzela ontan nagola...».
Itz egiteko adiña indar
arkitzen etzitzayola.
Papera, argiya, tinta ta pluma
ekarri zeizkiyola:
Senarrarentzat azken despeira
eskribituko ziyola.
Penagarrizko estadu artan
zegola zizkan ekarri:
sayetaratik al zan bezela
eman zizkaten alkarri.
Arrilluaren gañian auspez
eskribitutzen zan jarri;
senarrarentzat karta egin zuben
guzizko lastimagarri.
Esaten zuben: —«O Sigifredo!
Nere esposo leyala!
Segura nago Goloren birez
engañatuba zerala.
Karta au letzian jakingo dezu
nik maitasuna dedala;
esan dizuten mantxarik gabe
iltzera garbi nuala».
Aita ta amaz akordatzen zan
eriyotzako orduban
paper ta tinta malkoz nasturik
lastimatzeko moruban:
—«Geiago alkar ikusitzerik
ez dadukagu munduban;
Jaungoikuari nai dakiyola
gertatutzia zeruban».
«Bai, Sigifredo, karta au letzian,
andria maite badezu,
Golori ta ni iltzen nautenai
barkatu biar diyezu;
neregatikan odol-tanto bat
ixuri bear ez dezu;
gaizki egiña obra onakin
pagatu biar diztezu».
«Bai, Sigifredo! Zuk ezkontzeko
egin-tako erregaliya,
orain mozteko agindu dezun
lepoko apaingarriya,
gau triste ontan erantzitzeko
ustez ez nuben jarriya».
—«Torizu, Berta; orain zuretzat
nere akordagarriya».
Urrena karta eskañi ziyon:
—«Torizu, Berta leyala».
Golok bilatu gabetandikan
txit ondo gorde zezala;
—«Etorritzian Kondiai eman
esan dizudan bezela...
Adios! Beste mundura arte!
Jainkuak paga zaitzala».
|