www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Bakarrizketak
Juan Ignazio Uranga
1908-1917

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Euskal-Erria, 1908-II, 1909-I, 1909-II, 1915-I, 1916-I, 1917-I.

 

 

aurrekoa  

MARI

 

(BAKARRIZKETA, EGINTZA LABUR BAKARREAN)

 

Iruditegiaren antolaketa izango da lo-gela pollit bat.
Egintariya agertuko da mankutzik oiaren gañian exerita,
jaiki berriya balitz bezela, Mariren ekantza eskuetan dubela.

 

 

TXOMIN BAKARRIK

 

        (Ekantzari musuka.) Onek, onek ekarriko du nigan zoriona! Au da nere biyotzaren poz emallia, ta etorkisunaren bide lasai ta egokiya! (Musuka.) Zorioneko Mari! Zu gabe, ez niteke luzaro bizi. Zu zaitut, errotak ura baño bearragoko gai naigarritzat zauzkatana, biyotzaren ezekaitzat loreak intza oi duben bezela.

        Nik ez dakit zure ontasun gaiak noraño goratu nitzazkian; bañan badakit txit ondo, nere opadi aundiyaren naierak ez nituzkiela osatuko.

        Eskalleran gisako zerbait tresna arkiko banuke nere begiyen aurrean, ogei-bat mallaz gora ipiñi arren ere, goragoko leku bat billatu bearrian arkiko nitzakela uste det, zure biyotzaren gai loratsu oiek, apain ta dizdiratuz ager ditezen, intza malkoz, udzberriyan landareak bezela.

        Zuk eragiten dizkiratzun ametsak, zoratzen nabilkite esna nabillen guztiyan, nere eginkisunez azturik; ez det ikusten zu besterik lo egiñ ondoren begiyak zabaltzen ditutanean ere.

        (Musuka.) Ai, nere Mari! Nere kolkoko epelean gau guztiya igaro dezun ekantza! Zuk, zuk zoratu bear nazu osoro! Biyotza gaixotzen asi baño lenago, ekarri bear dirazu baldin zure borondatia ala bada, zure maitasun baratzako lurrak ematen duben belar zaiñ goxotik exkutada bat, maitasun miñari oker biderako indarrak kentzeko.

        Zuk bakarrik senda zenezake nere miña! Egizu bada alegin guztiya, nere izar dirdizariya; bidal zadazu lenbailen belar sendakai ori, edo bestela zedorrek ekarri. Naiago nuke. (Itxedon.)

        Askotan, begiz ikusten ez bazaitut ere, biyotzez, beti nere aurrian arki zaitut maitasun ibilkai onen aginduz.

        Maitasuna! Maitasuna! Zer itz ederra! Biyotzian arki da, zure labe sutsua! Ortik irtenik zabaltzen dira ugariro urrezko ezpal printzak diruditen txinpartak, eta oietako batek usterik gutxiyena dan garaian ikutuko banindu biyotzaren beko muturretik... Zer zorioneko eguna izango litzaken neretzat, Mari! Ai ura eguna! Ez litzaiket aztuko biziyak irauten diran bitartian, ta elkarren izatera iristen bagera, egunaz ta gabean oroitu araziko dizut txinpart orrek jo ninduen eguna, zer zoragarriya izan zan zu maite zaituen onentzat.

 

                Ai, Mari, Mari, Mari!

                gaur, nigan atozkit,

                biyotzaren aginduz

                zure zai nagozkit,

                bart arratseko amets

                goxuak datozkit,

                maitasuna, labean

                erregotzen dagokit.

 

        (Ekantzari begira.) Zu zera bai, zu, neri askotan lua galerazten dirazuna. Zure izena oroitzeak bakarrak burua nastutzen dit, eta ur saltoko zurrunbilluak baño soñu aundiyaguak egiñik jartzen dizkit buru muñak. Au lana! Au lana! Ta, guztiya zergatik? Maitasun sutsu onegatik. Naiago nuke, oraindik nere ama maitiari bularra edozkitzen banego eskutxo txikiyak bular gañian jarririk.

        Orduan ere maitasuna banuben, bañan, norgana?

        Ama, ama! Zuganako maitasuna beste gabia nitzan ta, oraiñ? Oraiñ maitasun ura bidez bestera aldatua da, ujolde gogor batek ibaiak oi dituen bezela. Nekea, nausitua daukat aspaldiko egun oetan, ta auldadiak mendian artua nauka. Ai ama! Noiz arte iraun bear ote du nere bizi eziñ onek? Ez al dira paketuko nere odolak, edo zornetu egin bear ote dute? Mari! Mari! Zorneak, odolak mendean artu baño len, ekarri zaizkidatzu zure baratzako belar ezekaiak senda nadiñ lenbailen; arren da arren, eskatzen dizut mesede au, zure borondatiak ukatuko ez diran uste osuan, ta Jainkuak ordainduko dizu guztiya. Ai, au nekia! Au eziñ egona! Begiyetako azkuriak ere, ez dit uzten pakian.

 

                Mari! Mari! berriro

                badatorkit lua,

                maitasunak biyotza

                saukat oso jua;

                egun batez indartu

                bazitzaidan sua,

                galdu zait zañetako

                pakeon gozua.

 

        (Itxedon.) Noiz ikusi bear ote zaitut berriro? Ta, zer egin bear det ikusten ez bazaitut geiago? Erotu? Ez, ez; iltzea txarra izango da, bañan erotzia txarragua dala uste det. Nere amak baleki nere berri, ez ote lirake berriro titiya emango bere magalean gozoro arturik, nere barren bero au eze dediñ? Ez ote lizkirake expañak buztiko ospiñez, xapi txuri puxka batekin txitxariak oi nituenian bezela? Uste det baietz; bañan nola maitasun miñak ez, diran aurdarozko gaitzak bezelakoak, nere amaren alegiñak, aundi, neurrigabekoak izan ta ere, utz biurtuko lirake. Nere miña senda lezakien sendakiñik ez da iñon, non ta Marik nai ez duben; onek bakarrik dauzka bere maita baratzan senda belar onak, eta au izango da baldin borondaterik badauka, ni sendatuko nauena.

        Amak ez lezake nigatik ezer egiñ, zergatik gaitz au dan, ezagun erresa izan arren ere, izaiakin odola ateratzen dalarik sendatu ezin litekiena maita zornea barrenen gelditzen dalako.

        Ibilli eziñ onek ondatzen nau, ta loaren zapuzkeriyak ematen diran jipoiak elbarritzen dizkit ezur ta mamiyak; askotan gertatzen zait etxetik irtetzen naizenian norabait joateko asmoan, zer egin ta nora noan ez dakitala gelditzia, itxu gidari gabeko baten antzera.

        Askotan nabaitzen det nigan negar egin nai bat, bañan biyotza negarrez arki dalarik, begiyak ukian jartzen zaizkit, malkorik eman nai ez dutela. Negar egin nai, ta eziñ! Zer larritasun ta nekeak igarotzen ditutan! Ukian daukat pakea! Beti guda biziyan biyotza! Au lana! (Kalkatuaz) Au lana!

        Noiz egingo ote du pake zoragarri orrek nigan ager aldi bat? Ez dakit; ez dakit gaitz onekin zertaratuko naizen!

        Marik ez du nai nere jabe izan, iñolaz ere izango da, diruz urri xamar nabillelako, bañan agiyan, dirutan bakarrik al dago zoriona? Dirudun asko ez al dira bada ikusten zoritxarpean? Ez ote dit Marik zorne zikiñ au garbituko? Ama, ama! Zer egingo det baldiñ aingeru eder orrek ukatzen badit eskatzen diyotan mesede au? Ez ote diyo gure Jainkoak biyotza bigunduko? Ez al gaitu bada bere seme-alabak guztiyak? Eta guztiya dezakien Jaun Altsuak ez badizkit aditzen nere otoitzak, zer egin bear det? Nere burua urkatu? Au lana! Au lana! Nere biyotzak egunen batian mendian artu ninduen, ta, orra: guztiya nere kalterako.

        Erotuko ote naiz Ez det uste, zergatik arki detan burua, guztiz osasundun ta kementsu, bañan biyotza... biyotzean nabaitzen ditut aspaldiko egunetan, gorabera aundi ta astiñaldi gogorrak; aula nago guztiz zankuetatik, eta oñak aundituak. Ai ama!

        (Biyotz gañian bi eskuak elkarren gainka jarririk.) Emen! Emen! Emen dago nere miña! Onek dakarki eriyotza nigan! Onek illunduko ditu nere begiyak! Argirik ez da izango neretzat geiago! Ama! Ama! Ama! Zure semea maitasunak illko du! Ez nago luzaroko! Ageri da sega beltza nere biziyaren eske datorrena! Orra or; orra non datorren! Gure Jainkoak guk egindako gaizkiyen epaia eman bear duben zelaian, ikusi bearko degu berriro elkar! Neriak egin du! Nere gai ta kemenak aitu dira! Mari! Mari! Ai! (Biyotzeko miñ batetakuak botatzen du zilipurdika illa.)

 

Euskal-Erria, 1917

 

aurrekoa