www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Bakarrizketak
Juan Ignazio Uranga
1908-1917

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Euskal-Erria, 1908-II, 1909-I, 1909-II, 1915-I, 1916-I, 1917-I.

 

 

aurrekoa hurrengoa

NERE DIRUAK

 

(BAKARRIZKETA)

 

                                Gregorio Beorlegi-ri:

                        Ero algara Beorlegi-k dit

                        apaindu txaloz ugari,

                        orrengatikan diyot eskeintzen

                        Nere diruak berari.

 

Iruditegiak aurkestatzen du ganbara zar bat;
aulki ta armariyo pipiyak zulatutako baten gañian
edontzi zikindutako batzuek dituela.
Bakarrizketalariyak txantxotu bearko du
jaka luze bat da espartzin ajatutakoekin,
irurogei urteko gizon bat balitz bezela.

Urgunka irixten da aulkitzarrera ta poliki poliki exeritzen da.

 

        Au lana, ta au nekia! Aski diru izan ondo bizitzeko, ta ala ere eziñ. Mutill zarra izatiak alderdi urriyak oi ditu. Zertarako det dirua iñoren laguntza, ta pallaku gabe bizitzeko? Emazte baten jabe egiñ izan banitz garaiz, ez nitzan gaur arki naizen bezela arkituko pallaku xamurki bat nork egiñik gabe.

        Oso gazterik irten nitzan etxetik, Amerikara joateko, ta an urte batzuek igarorik nekepean, egin nitzan zerbait diruren jabe, ta andik etorri nitzan nere jaioterrira senidien artera ustez, bañan, zer zorigaixtua! arkitu nitzan guraso ta seniderik gabe.

        Nola iñork etzekiyen nere arkibiderik, iñorgandik ez det izan aien ill berririk, ta ikusirik dirua beste alderdirik ez neukala, bururatu zitzaidan onera etorri nitzanian, bakar bakarrik nere gaiñ bizitzia ganbara zar ontan.

        Iru urte dira Amerikatik etorri nitzala, ta bi izango dira gutxi gora bera gaitzak atxitu ninduela.

        Geroztik gau t'egun neregan dauzkatan oñaziak ez dirate pakerik ematen, bart arratsian ere, oieratu ta pixka bat berotu nitzanerako, min gogor batek eldu ziran eskuiko belaunkatillutik asi, ta ixterraren goenerañokuak.

        Gero orrekin bakarrik aski etzalarik, aldatu zitzaidan miñ ori, alderdi bereko bular gañera, ta bular gañetik saietsera, ta saietsetik nik ez dakit nora. Orla bizi baño obe luke batek ezkondu. Bañan, norekin? Nor da nere zale? Non ta nik dauzkatan diruz norbait ez dan itxumentzen, ez dakit ni bezelako elbarri baten jabe zeiñ egin liteken.

        Adixkide batek esan ziranian ezkondu izan banitz, gaur nork ondo zaitua izango nuben, bañan norekin diruak erdizkatua ere bai, ta nola nik bakarrik nere izerdi ta nekiakin pillakatu ditutan diru oiek, ez det nai izan nere aldamenerako iñor ekarri. Gaur damu det, bañan alferrik.

        Oek oñaziak! Sendakiña ekarriko nuke, bañan nola oien etorrera izan oi dan oso galeztiya, obeko detala uste det nere gisa igortzi batzuek ematia, oliyo erriakin.

        Ta, oliyorik ezpadet zerekin igortziko det? Oraiñ oroitzen naizelarik, zortzi bat urte izango dira Amerikako mendiyetan artzantzan nebillela gaixotu nitzala oraintxe beselaxe oñaze gogorrakin, ta, esan zirala nere adixkide batek ubilla gaitza zala nik neukan miña, ta joan nedilla sendakiñ batengana al nezakien lenena. Nik orduan ere nere gordallua maite izaten nuben, ta igaro nituben nere oñaze aundi aiekiñ ogei bat egun bai oker aundi gabe; bañan ikusirik gis artan ez nezakiela iraun luzaro, goiz batez nagusiyari baimena eskaturik jetxi nitzan errira zaldiz, sendakin baten iritziya jakiteko asmoan.

        Ez nezake esan zenbat ordu igaro nituben bidian, bañan bai, oñaze ikaragarriyak mendean gogorki iduki nindutela sendakiñaren etxera iritxi nitzan bitartean.

        Zer ordu mingarriyak izan ziran aiek neretzat! Oroitzeak berak ere, ikara ematen dit! Bañan gaur, non nago? Ementxe, ganbara zar ontantxe bakar bakarrik nork begiraturik ere gabe, negarra daridala. Zertarako det dirua? Onen arlote bizitzeko diru bearrik al da? Dirua! Dirua! Zorigaixtozko eguna izan zan diruak mendean artu nindueneko ura!

        Ez al zan nere mesederako izango emakume pallakuti xamurkitsu batek berengandu izan banindu garaiz?

        Negargarrizko egunak daramazkit iru urte oetan, ta ez dakit zertaratuko naizen. Ai oek oñaziak! Jauna! Noiz errukituko ote zera nitzaz? Ez nazazula utzi arren, zure eskutik! Barkatu, barkatu ezer gaizkirik egin badet! Oñaze oek kentzeko sendakairik ez ote det arkituko iñon? Iñor ez ote da etorriko ni naguen lekura? Zeiñ etorriko da nigana, etxe arlote ontara? (Ukalondoan eskuiko eskua jarririk.) Ai, ai, ai, ai! Oek oñaziak! Orain emen! Oraintxe gorputzaren aieka guztiyak arrapatu dizkit miñak. Nori deituko diyot oraiñ? Alderdi bat bakar bakarra ikusten det ustez nere mesederako. Amerikatik ekarri nituben edontzi batzuetan izan bear ditut ustu ezpadira beren gisa, edari ta igortzigai onak, baldin mintzera egiñ ezpadute. Nuan ikustera. (Altxatzen asten da ta eziñik erortzen da aulkira.) Au lana! Eziñ altxa; ta oñaze oek, zerekin kenduko ditut altxatzeko kemenik ezpadet? (Ojuka.) Bearra! Bearra! Atozkit zure indar guztiyakiñ, ta lagun zadazu. Zure bear naiz, ta atoz aguro!

 

Bigarren saiua egiten du, ta altxaturik joaten da
urgunka edontziyak dauzkan lekura.
Batek, ezagungarritzat, dauka ipiñiya ingi muttur batian
erderaz:
Para uso externo. Ta ekartzen du
len exeri ta egondu dan aulkira. Exeritzen da.

 

        Bearrak lagundu dit, eta ona nik bear nuben sendagaia. Au da, bai, Para uso externo. Ontatik pixka bat edan ezkero, oñaziak upaketuko zaizkit. Au da, bai, edan bear detana, ta beste orrekiñ igortzi. Edango det bada ta, ia zorionerako izaten dan. (Eztalkiya kendurik edaten du.) Noizpait bear ta oroitu naiz zerekiñ sendatu nitzan Amerikan. Au da ainbeste mesede egin ziran sendagaia, bestela ez dakit onezkero lurpean ez ote nitzan izango. (Oñaziak geiagotzen zaizka.) (Deadarka.) Ara! Ama! Ai ama! Ai, ai, ai, ai! Len bañon oñaze geiago. Au lana! Au lana egin det!... (Deadarka) Okerrekua edango nuben. Bai, bai, okerrekua izango zan, bestela gutxiyagotuko ziran oñaze oek. (Txilbor gañian eskua jarririk.) (Deadarka.) Ai, ai, ai, ai! Zer egin det? (Larriturik eta karraxika.) Ai, ai, ai, ai! Nere diruak, nere diruak. (Deadarra aultzen dijua.) Ai, ai, ai, ai! (Gorputza bigurrika jarririk erortzen da zilipurdika illa.)

 

Euskal-Erria, 1915

 

aurrekoa hurrengoa