www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Bakarrizketak
Juan Ignazio Uranga
1908-1917

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Euskal-Erria, 1908-II, 1909-I, 1909-II, 1915-I, 1916-I, 1917-I.

 

 

aurrekoa hurrengoa

SORGIÑAK

 

(BAKARRIZKETA)

 

Iruditegiak agertu bearko du moldatua, etxe arlote bateko
gela baten antzera; aulki zar laztozko ondodun
iru edo lau-rekin, ta laztaida azal bat lurrean,
txurikiñ gutxirekin, mai zar txiki bat
baztar samarrean ta kopre zarpaill bat.

Bakarrizketagillea agertuko da eskutazapiya goratzean
laztaida zarraren gañean zear etzanean.

 

        Ez daukat pakerik! Au eziñ lo egiña! Gaistakeri-en bat egiñ al det beti onela bizitzeko? Bear ez bezelako gizon-en bat izana al naiz gazte nitzanean? (Abo zabalka altxatzen da). Ez det uste; bañan zerbaitek erakartzen ditu nigan orlako ez bearrak, ta gañera, zerbait biurkeri egiñ badet ere noizpait, zer eskubide daukate nere gaiñ sorgiñak? zergatik orrenbeste jipoatzen naute?

        (Larriturik). Ona; ona non dabiltzan orain ere zuriz jantzirik, zintzarri aundiyai otsa ateriaz. Au ixtilua! Ta beti sorgiñak nik bear nukean pake ederrari belarriyak eten bearrik, teinkaka dabiltza une batian bakarrik geldirik egon gabe. Au nekea, ta au eziñ egona!

        (Pixka bat itxedon ta). Nolazpait ere lasaitu naiak norbaiten billa nabilki nere gogoak; eta ala, gaur eguardiyan adiskide batekin topatu naizen beziñ azkar esan diyot zer gertatzen zaidan, ta zer gaizki bizi naizen sorgiñ tarterik eziñ ateriaz, bañan onen erantzunak ez dit gogorik aze.

        (Karraxika). Ona, ona! Ai au lana! Nora joango naiz? Ez al da emen inguruan iñor ni estuasun oetatik lasaituko nauenik?

        (Sorgiñak elduko baliyoteke bezela oso larriturik deadarka). Ama!... Ama! Atozkit azkar, lagun zadazu; zure bear naiz. (Sorgiñai esango baliye bezela). Zoazte, zoazte nigandik! Pakia, pakia nai det! Nik zer egin dizuet orrenbesteraño jipoatzeko? Nere gizagaiak orren txarrak izan al dira oraindaño? Agiyan lapurreta, edo eriotzen bat egiñ al det noizpait?

        Au lana! Au lana! Utzi zadazute beso biyetatik elbarritu baño lenago!

        (Itxedon). (Aldamen guztira begiratuaz). Badijoaz, badijoaz! Oraiñ zer egin bear det nik? Nuan, nuan nere laztaida zar gañera lotara, baldiñ sorgiñak usten badirate; bañan, nola lo egingo det odol guztiya zornetu badirate? Dirurik banu, kandel bat erosi, ta erretzen jarriko nuke baztar batian, Arantzazuko Amandrearen izenean.

        Egun bat onik eziñ det igaro sei edo zazpi illabete oen barrunbian, ta gaixotu nitzalarik izango dira lau bai gutxi gora bera, ta lo gozorik egiten ez detala berriz, berrogei ta amargarren eguna gaur osatuko zan.

        Zergatik etorri ote nitzan Amerikatik diru geiagoren jabe egin baño lenago? Amabi urte igaro nituen oso zintzo erririk ezertarako ikusi gabe, ta egun batez nere zorigaixtoz jetxi nitzan erriya nolakoa zan ikusteko intziriz, ta oraindik zorigaixtoagoz erriratu ondoren ikusi nuben ontzi eder bat Pasaiko kaira etortzeko asmoan zegoana, ta intziri aundizko eziñ egonak menderaturik, etorri nitzan erri aietaz azperturik nerera; geroztik dira nere bizi gaietan gaur ezagutzen ditutan ez bearrak eta sorgiñak.

        Onera iritxi nitzan lenengo egunetan, ezagun ta adixkide asko etortzen ziran ni ikusdatuaz nola arki nitzan galdetzera; ez errikoak bakarrik, baizik baserritarrak ere etorri oi ziran, seme edo aide, an zituztenen berri jakitiatik.

        Gerora, andik ekarri nituen diru pixarrak aitu zitzaizkidanean, nere ikusdariyak joan ziran poliki, poliki urrutiratzen nigandik, ta karriketan ikusten nindutenean ere begi zearka begiratzen ziraten, zerbait txarkeri egiñ baniye bezela.

        Arrezkero dira nere gaizki izateak, eta lagun ta adixkidien begiratu naiez-ak ere; iñork ez dit lagundu nai ezertan, ta iñor ez dator nigana diru jabe nitzala zeritzotenean bezela.

        Dirua! Dirua da erabilkairik pizkorrena ta gizartean geiena maitatu oi dana; bada gaur diru jabe arki banitz oneratu nitzan egun aietan bezela, auldadiak ez ninduen orrenbesteraño menderatuko, ta sorgiñak etziraten, ematen diraten ainbesteko jiporik emango.

        Noiz, noiz izango ote da pakiak besuak zabalduko dizkidan eguna? Noiz errukituko ote da nitzaz Jaungoikua? Orrenbesterañoko gaixtua izan al naiz bada Jauna, jipoapian dauzkatan gai urriyak katibatzeko?

        (Belauniko arrenduaz). Jauna! Jauna! Erruki bedi nitzaz, eta zorionaren egalpea musutzen utzi bezait! Au da otoitz onen bitartez nere biyotzak eskatzen diyon mesedea! (Altxatzen da poliki poliki esku biyak elkartuaz).

        Oraiñ ere emen datoz intxisuak, sorgiñ zitalen aurrelariyak, pake maitiaren ondatzalle petralak, nere odolak irakiñaz zorne pikortuaz arri biurtzera, ta osasunaren zañariyak uztelduaz maxutatzera.

        Nola biziko naiz luzaro, pakiak laguntzen ez ditala? Ez al da obe lenbailen iltzia?

        (Larriturik). Ona emen berriro; sorgiñak dira, sorgiñak nere billa dabiltzanak ta pakerik eman nai ez diratenak. Utzi, utzi! Ni ez naiz, beste ori da. Bañan zein beste, bakarrik banago?

        (Bere errañua ikusirik oso larri). Ez nago bakarrik ez; orra or beste beltz beltz ageri dan ori; orrekin nai dezutena egin zazute, utzirik neri pakian.

        Ai, ai ai... Zer da nere zankuetan nabaitzen detan dardara ikaragarri au? Nik egin ditutan otoitzak alperrikakuak al dira? Oñak txingurriz betiak baleude bezela dauzkat, eta berriz ere badirudi sorgiñak...

        (Asnasik eziñ arturik bezela). Bai, sorgiñak dira berriro besotik eltzen diratenak. (Ojuka). Zoazte emendik! Pakian bizitzen utzi zadazute! Erotako ote naiz? Ez da gutxiyagotako ere neri gertatzen zaidanarekin. Ai au lana! Au nekia! Au eziñ upaketua! (Pixka bat egonta). Nuan, nuan. Bañan, usten al dirate oñ aldaketa bat egiten?

        Gaur, gaur ikusten ditut nere inguruan beñere baño ugariyago erlauntzan erleak bezela; ta zer gogor eltzen diraten.

        (Larritasun aundiz). Ez orrenbesteraño eztutu, utzi lasaiago! (Lepora bi eskuak eramanik). Ez ito!... Ez ito!... Utzi!... Utz...i! (Guztiz marrantatsu). A... a... a!... (Erortzen da gorputz biurka lurrera).

 

Euskal-Erria, 1915

 

aurrekoa hurrengoa