|
ERAKASTE X.
Gauza beraren gañean
Ekusi genuen igaro dan Ikasbide edo Doktriñan, nola santutzen dan Jaieguna Meza osoa enzunaz; nork enzun bear duen. Dakuskun gaurkoan nola enzun bear dan, ta non dan ondo kristauak enzutea.
G. Asko ote da Gorputzeko presenzia edo mezan korputzez egotea, ondo ta bear bezela enzuteko?
E. Ez orrelakorik; bear da debozio egiazko edo biotzetik irtena.
G. Zertan dago debozio au?
E. Dago eramatean Mezara borondate zindo edo egiazko bat, ta alegiñez idukitzean atenzio kontuzko bat, iduki oi dan bezala ardura andia ematen duten gauzetan. Idiren bat erosi bear bada, ekusi nai da, begiratzen zaio kontuz, aztertzen da burutik oñetara; jaanean dan salobrea, edo garzoa. Begiraune arin batekin ez da paketzen eroslea; ez dabil batera ta bestera begira, idi aurrean dadukanari kontu geiago egin gabe. Bere atenzio ta biotz guzia daduka abere edo ganadu aren itxura, loditasun, txiki edo anditasunean begia bete artean. Ona nolako atenzioa. Zergatik? Zerren asko dijoakion utsegitean. Zenbat bada geiago dijoakio Kristauari meza debozioz enzutean tratulari bati idia erostean baño? Beraz egon behar du Meza santuan atenzio ta kontu andi batekin biotza iraatxirik dadukala, begiak nasaitu ta erabilli gabe batera ta bestera, zeregin ardura andikoetan oi dan bezala. Atenzio bear onek obligatzen du Kristaua dilijenziak egitera, diberti dezaketen bide guziak kentzeeko. Badira bai billatu bearrean leku, sentiduak bilduko dituena, billatzen dituztenak nasaitu ideak; jartzen dira beren naiz ate ondoetan sartu-irtenak ekusteko; darabiltez sarri beren begiak bata ta bestea ekusten, aztutzen dira Meza aurrean dagoanaz; atenzio asko daramate personeetara, ta ala enzuten diran mezak, ez enzunak bezala dira, ta bear bada ez enzutea baño ere gaiztoago ematen duteen ejenplo txaarragatik. Lotsatzen dira gizon asko, Elizan ta altara aur ta urrean dauden eseritegi edo jarlekuetara igarotzen; nai dute urruti egon Jesu Kristogandik; ez egiaz humiltasunez, ta bai nagitasun garbiz; pillotzen dira ate ondoetan alkarri eragozten diela atenzioa, ta bear bada kiñuka ta parrez egoteko. Ala bada, daudenak borondatez, ta berak bideak emanda sentiduen batutasun gabe, batera ta bestera begira Mezatan ezpaleude bezela, egingo dute bekatu mortala Meza enzuteko obligazioa dagoanean, leenago Meza ondo enzun ezpazuten, edo gero enzuteko gogoa ezpadute, ta bada dibersio beren naizko au gauza edo gai astunean. Ordea zein da gauza edo gai astuna dibersio borondatezkoa bekatu mortala izateko? Meza parte bere naiz ez enzutea litzakeana ber bera. Mezaren asieratik Ebanjelioa esan arte guztian egongo balitza bat borondatezko dibersio edo nasaitasunean, dala parrez, dala batera ta bestera begira, naiz pensamentu edo gogorazio alperretan, izango litzake gai astuna; baita konsagrazio osoan ere, zerren parte oek dira meza asko gutxitzen duteenak. Noiz edo berriz begiratze ariñen bat egitea, bereala biurtzen dala atenzio idukitzera, ez da bekatu mortala izango; beniala ere ez, uste ustekabean edo arrazoi onarekin egiten bada.
Pueri et puellae non sunt peccati mortalis rei, etsi huc, et illuc vagantur oculis, rideant, agantque alia quae essent gravia in adultis. Videatur Calataiudius in Doctrina de Puerorum sin Confessionibus. Sunt tamen monendi suaviter, instruendi quomodo se gerere debeant in Sacri audiotione.
Zergatik esanda Mezako dibersioa bada borondatezkoa ta gauza astunean dala bekatu mortala?
Zerren bakoitzaren naiz ezpada, ez du eragozten biotzeko atenzioa. Gure imajinazio edo irudialmena da, dio San Franzisko Saleskok, mirabe gaizto ta ero baten gisakoa. Mirabe gaizto batek irtetzen du etxetik batera ta bestera ebiltzera etxekoandrea lotan dagoan artean. etxekoandreak jakiten du, egiten dio agiraka, ta nai luke iduki arrazoiko zeregiñetan; neskame gaiztoa gelditzen da denpora apur batean; ordea noiz gutxien uste duen etxeko andreak, artzen ditu neurri ta erak iges egiteko etxetik auzo edo kalera. Zer erru edo kulpa du etxekoandreak neskame ero gaiztoaren sartu irtenetan? Nola egon liteke beti bere zai, lorik egin gabe? Borondatea da etxeko andrea bezela; bere serbitzari ta mirabea da imajiñazio, edo gogorazioa. Borondate onekoak diranak nai lukee iduki loturik neskame txar au, eskuratu ta arrazoira ekarri. Ordea onek iges egiten du nora nai borondatea lotan bezela dagoan artean. Dabiltza bata ta bestea burruka. Ezin det nai dedan on guzia, zion San Pablo Apostoloak; ta bai nai ez ditudan gauza txaarrak. Nere aragian dakust lege bat gaitzera eraman nai nabena ta beste bat nere borondate ta biotzean aragiarekin auzka ta auzitan bezela ebilli bear duena. Gauza bat da aragiaren eskaari ta naiera txaarra, ta beste bat biotz ta borondate animakoarena. Biotz ta borondatea sendo badaude bekatuari lekurik ez ematean, aragiak eskatu ta eskatua gatik, ukatzen bazario ez dago bekaturik. Ekusiko dira Kristau Jainkoa maite duteenak, leenago illko lirakeanak bekatuari leku eman baño. Oek ere izan oi dituzte aragiaren eskaari txaarrak, tentazio gogorrak, gogorazio zatar ta lotsagarriak. Baña ez die lekurik ematen; ezagu dezatenean etsaia, arpegi ematen die; naigabetzen dira alako tentazioak etorri zaizteelako, kentzen dituzte gogotik pensamentu txaarrak, ez dute idikitzen biotz edo borondatearen gelako atea; eskatzen die Jainkoari laguntasuna, ta garaitzen dituzte animako etsaiak. Ala bada Meza santua enzuten danean, etorri oi dira burura milla erakeria, dabill imajiñazioa bazter askotan borondatea konkortuta bezela dagoan artean. Alako batean pizkortzen da, esnaatzen da lotatik bezela; ekusten du nondik nora ebilli dan bere mirabe edo imajinazio eroa; lotzen du, ezi nai du, ta indartzen da idukitzeko atenzio osoarekin Meza aurrean dagoanean; dago ala apur batean, ta berriz uste ustekabean ta borondateak nai ez lukeala, iges egiten dio etxeko zeregiñetara, edo beste ardit bat balio ez duten arazo, ta erakerietara. Badakizu noiz dabillen etxea gaizki? Etxekoandrea ta neskamea dabiltzanean gaizki bata ta bestea; alkar laguntzen diranean gauza debekatu edo gaiztoetarako; esan nai det, borondatea ta imajiñazio txaarra adiskidetzen diranean; imajiñazioak dakarrena biotzak pozik artzen duenean; au da borondateko atea zabaltzen zaionean imajiñazio gaizto edo aragiaren naikunde, guraari edo eskabide txatarrari.
Emendik ateratzen da, ez duteela Kristau borondate onekoak zer estutu ta beldur izan Meza entzun ez duteela ondo, beren naiezez, ta damuz imajinazioa dijoakielako lurreko erakeria ta arazo alperretara. Egiaz nai danean debozioz enzun meza ipintzen ez diranean eragozpenak ondo enzuteko, sentiduak aleginez lotzen badira, ta ezagutzen danean ebilli dala imajiñazio eroa batetik ta besteera bereala nai badu ezi ta berriz atenzioa ipiñi, Meza ondo enzuna da; zerren beren borondate ta biotzak ez du alderik egin Mezatik, ta ondo egon naia galdu ez dalako imajiñazioaren ibiltazio ta zabaltasuna gatik. Nork esan zenbat tentazio ekartzen dizten etsaiak Kristaurik onenai orazio, komunio, ta Meza enzuteko ordu edo unean? Batzuetan tentazio itxusi ta ezin zatarragoak; beste batzuetan konkortasun ta loa, onela eragozteko gauzaak ondo egitea. Baña ez du ezer ateratzen etsaiak, animak nai ezpadu alako gauzarik, bere damuz igarotzen bazaioz, ta ezagutzen dituenean, kentzeeko dilijenziak egiten baditu; ta geienez geiago irabazten du alako gerretan, errazago dalako gozaro ta atenzioz egotea, burruka ta peleatzen ebilli bearra baño; ta neke geiagoak irabazte geiago dakarrelako. Soldadu batek erraz du erregeren esanak egitea gerrarik ez danean, eguraldi onarekin ta tellapean guardia egitean. Ordea gerra egunetan, eguraldi txaarrekin, tellape gabe, bero edo otz andiekin egon bear danean etsaiak zaitzen, lo gutxi, jan gaizki ta etsaiaren persekuzioetan, zenbat gaitzago da? Eta zenbat obeto serbitzen du errege? Ala gertatzen da bada kristau on askorekin. Beti bezela dabiltza burruka tentazioakin; gozorik ez meza enzute, komunio, ta orazioan; bai gauza txar asko burura etortzea. Egiten dute alegiña Meza ondo enzuteko; nai lukee txit asko atenzio ta debozioz egon; penatzen dira ala eztaudenean, ta begitantzen zaie ez duteela Meza ondo enzuten imajiña ero edo gaiztoak etortzen zaiztelako. Esana esan betiko, biotza ta borondatea laguntzen ezpadira imajinazio alper ta eroekin, meza ederki enzuten da. Doktrina bearra batzuentzat. Beste batzuek dira nasaitzar, ardura edo arreta gabeak, korputzez Elizan badaude, gogoaz non nai ta beren konturik ezaz ebillia gatik pensamentuarekin uste duteenak Meza ondo enzuten duteela. Ez, ez biotzak laguntzen ezpadio Meza santuari, ta borondatea badago beste leku batean, ez enzuna bezela da. Kendu bear dira gogorazio alperrak ezagutzen danean ta pensamentua lotu bear da ebilli ez didin non nai; joaten bada munduko arazo ta zeregiñetara, ekarri bear da atzera, igarri ezkero aldendu dala; ta orazioa egiteko prestatu bear bada anima, zenbat geiago prestatu bear da obligazioko Meza ondo enzuteko? Biotza edo borondatea urruti badago, korputzeko egoera utsa ezertako ez da.
G. Zeñ dira prestaera onak meza ondo enzuteko?
E. Eramatea bizitza sentiduetara zabaldu gabea, egotea Jangoikoaren grazian, edo beintzat borondategabea bekatua dan gauzaren batentzat, ta artzea neurri onak meza esaten dan artean pensamentu ta sentiduak iges ez dezeen.
Ori orrela bada ez dute Mezarik enzuten bizitza gaiztoa daramatenak, ta bekatu mortalean daudenak. Enzun dezakete dui duian, ta bekatu mortalik ez egiteko bestean bear dan atenzioa badaukate; baña galtzen dituzte grazian daudenak ateratzen dituzten animako ondasunak. Mezako sakrifizioa da gure relijioko obra edo egitadarik andi ta miragarriena. Nondik etorri ditezke mesede geiago? Nola obeto eraman Jainkoari diozkagun zorrak? Nondik erakarri grazia ugariagoak? Jesu Kristo ber bera jartzen da gure alde; palagatzen du Jangoikoaren aserrea, gelditzen du bere justiziako zigorra, ta aldara santuan Aita Jangoikoari eskintzen dion odolak, eskatzen dio gure bekatuen barkazioa, ematen diozkaz eskerrak guri egin dizkigun mesedeak gatik, ta iristen ditu, nork esan zenbat grazia!
Meza bakar batean onra geiago ematen dio Jesu Kristok bere Aita Jangoikoari, Aingeru guziak, Santu guziak, ta Ama Birjiña Santisimak bere alabanza ta gauza on guziakin eman diena baño. Zertatik dator bada askok irautea bekatu ta bizitza gaiztoan, beste askok bizitza epel ta aurrerapen gabean. Nola aberastzen ez dira graziaz? Ai Kristauak! Prestamentu bear bezalako gabe goazelako Meza santura. Jesusek nola bekatuak barkatuko ditu, bekatutik irten nai ezpada, bekatuko lagungarri ta okasioak larga nai ezpadira, iraun nai bada bera ofenditzen? Nola gure zorrai eranzungo die, zor berriak egin nai baditugu, ta ematen ezpadigute ardurarik diozkagun zorrak, edo guk barkatu nai ezpadiozkaguz lagunari egin dizkigun bidegabe edo ofensak? Sazerdoteak Mezaan eskintzen digu bein baño geiago Jangoikoaren pakea esaten duela Jauna izan didilla zuekin. Nola iduki dezakegu berekin animako pakea bere grazia billatzen ezpadegu, berarekin etsaitzen bagera, ta Jaunaren adiskide ezpagera, edo beintzat egiazko bekatuen damuaz billatzen ezpadegu bere adiskide izatea?
Gerra gogorra darabilte Jangoikoarekin bere kontra dabiltzanak ta bere kontra dabiltza, bere Mandamentuak urratzen dituztenak. Zer onera edo probetxu aterako dute Meza santutik bizitza ondu nai ez duteenak? Ona zer esaten zien anzina Jeremias Profetak Jerusalengo gaiztoai: Aragi santuak kenduko dizkitzu zure gaiztakeriak zeintzuetan ipiñirik dauzkatzun atsegin ta gloria? Numquid carnes sanctae auferent à te malitias in quibus gloriata es? Uste degu bada Kristauak Jesu Kristoren aragi garbiak kenduko dizkigula naita ez bezala guk maite ditugun bekatuak? Barkatu, larga nai ez ditugun bere ofensak? Eta idikiko digula Zerurako atea, gure penitenzia gabe? Jesu Kristo biotza idikirik altara santuan gurutzeko eriotzan eskini zion odol ber bera eskintzen diola; berriztatzen Kristo gure amorez artu zuen Pasioa, ta guk berriz ta berriz berriztzatzen (sic) bere tormentuak, ta darabilgula bere odola gere oñen azpian? Bai kristauak bai; enzunaren enzunaz sinisterik ematen etzaio San Paulo Apostuluaren esakune oei. Berriz guruzeratzen dala biotz barrunbean Jangoikoaren Semea, ta ostikopetzen dala bera bekatu mortalekin. Rursum crucifigentes sibimetipsis Filium Dei... qui Filium Dei conculcaverit.
Au onela izanik, zenbat borrero edo kruzifikatzalle dijoakioz Jesusi bere aldaren aurrera? Bera Jerusalenem kruzifikatu zutenak biurtu ziran beren etxeetara bularrak kolpetzen, egin zuten bekatuaren damuz; eskatu ere zion Kristok Aita Eternoari aien bekatuaren barkazioa, zerren kruzifikatu zuten ezagutu gabe, zer egiten zuten, edo nor zan kruzifikatzen zutena. Orazio arekin ekarri zien argia ta bekatuaren damua. Percutientes pectora sua revertebantur. Nola esan dezake Jesu Kristok gure altaran Kristau kruzifikatzalleak gatik ez dakitela zer egiten duten ez nor dan kruzifikatzen duteena beren biotz gaiztoetan eskuz ezpada ere? Irtetzen dute bada Meza santutik, Jesusen aurretik, ez borrero Jerusalemgoak bezala bularra kolpetzen, ez bekatuen damuarekin, ta bai sartu ziran bezala ta bizitza gaiztoarekin aurrera kruzifikatzeko gogoz. Nola deituko diegu mezan Aingeruai gurekin alabatzera Jangoikoa; nola gure itzak aienekin lagundu, ezpain utsekin alabatzen badegu, gure biotzak urruti dauzkagula? Gaiztoen sakrifizioai gorroto die Jaunak, ta ez ditu artuko oen doe ta eskintzak. Egia da, gure gaiztakeriak ez diola galerazi edo eragozten Mezako Sakrifizio santuari Aita Jangoikoari ematen zaion gloria, Jesusek agertzen digun amorea, ta berez duen bertutea. Gaizto asko bildu ziran Kalbarioko Sakrifiziora; asko gelditu ziran biotz gogorrekin; baña etzuen aien gaiztakeriak eragotzi Aita Eternoak artzea pakez ta amorez Kristok eman zuen bizitza; mundua gelditu zan redimitu edo odol prezioso arekin erosirik. Baña gaizto gelditu ziranak, penitenzia egin etzuteenak, zer on atera zuteen sakrifizio guzientzat egin zan artatik? Beren kontra deadar egingo du Kristok ixuri zuen odolak. Ala bada, gure gaiztakeriak ez dute eragotziko mezako Sakrifizioaren anditasuna, ez bere baliotasuna. Baña zer on aterako degu agertzen bagera deabruari emaniko biotzekin, bekatua laztan degula, bekatu lagun ta bideak oiñean dauzkagula? Eragozten baditugu gure animetan egin nai dituen graziak, nola aserratuko etzaio Jesusi, ta nola bere aragi ta odol aldaran eskintzen diranak, jaiki ta deadar egingo ez dute noiz edo noiz gure gogortasunaren kontra? Aita Eternoak amorerik andienarekin begiratzen badio ere bere Seme maitearen odolari, nola begiratuko die Kristau gaizto ara dijoazenai, bekatuaren damurik ez duteenai ta aurrera ta aurrera Meza ta guzi, dijoazenai bizitza bekatuzkoan? Ai Jesus! Zenbat eskergabetasun igarotzeko etortzen zeran aldara santuetara! Zein ixillik zauden ekusirik zere etxean ta zere aurrean anbeste Kristau gaizto! Agertzen dira Meza enzutera lapurrak, orditzarrak, lujurioso mota guziak ta bizio guzietako jendeak. Daude oniritziz gogo gutxirekin, zeren non tesoroa, an gogoa. Beren biotzetan adoratzen dituzte idolo txaarrak; oentzat dira pensamentuak, itzak ta biotzeko naikunde osoak. Zu, Jauna, aserratu ziñan arkitu zinituelako Jesuralemgo Elizan saltzalle ta eroslak; atera zinituen aserre santuarekin jotgai edo azote batekin esaten zeñiela, esanik dago nere etxea orazioko etxea da, zuek egin dezute lapurtegi bat.
Orain bada lotsa geiago bear ez ote dute gure Elizak non agertzen dan edo nora datorren Jesus Korputz ta anima bizi bizirik, ta non dauden Aingeru asko, San Krisostomok dionez adoratzen, onratzen, ta ingurutzen Meza ematen dan aldara santuan Jesus ber bera, gure amorez ill zana, ta mundu guzia juzgatu bear duena? Orain dago egia da, Bildots otzan, manso ta illaren gisan, illda balego baño geiago aserrerik agertzen ez duela, kendu nairik gure bekatuak, garbitu nairik bere odolean gure animak. Zer aterako degu ezpañarekin, ta eskuz bularra joarekin Mezan esateaz: Jangoikoaren Bildots munduko bekatuak kentzen dituzuna, errukitu zaite nizaz, edo barka izkidatzu nere bekatuak, gure biotzak oso gogor urratu gabeak badaude bekatuaren damu izan gabez? Beste batzuek dira bekatu mortaletik gordetzen diranak; baña daramatenak bizitza nagi epel bat bekatu benialetatik gordetzen ez diranak ezertan ez dauzkeelako; txit atzerak diranak orazio ta bizitza batu baterako; korputzari eman era guziak janean ta loan; igaro eguneko ordurik geienak alperrik bezela, Jangoikoarentzat asko irabazi lezakeela, au da aurreratu bearrean birtuteko bidean daudenak; onzi aizejegabe bat bezala ez aurrera ez atzera. Onelako asko diaz Meza enzutera astegunetan ere; baña egoten dira fede laburrarekin, gozogabe, makal makal, ta urte osoak igarota pausu bat eman gabe Jangoikoaren bidean. Ai ta zenbat ondasun galtzen dituzteen kontu geiagorekin Jangoikoa serbitzea gatik! Mastiko morgotatxoak jaten dituzten azerikumeak ez artu ta iltzearren; esan nai det ez gordetzearren anima bekatu benialetatik zeintzuk egiten dituzten ugari ta beldur gabe, ta sentiduak bildu ta batuagoak idukitzen ez dituztelako, ta orazio ta mortifikaziora ematen ez diralako; erdi munduko, erdi zeruko biotz ebakiarekin. Divisum est cor eorum. Epela zeralako errebesatuko zaitut nere aotik, au dio Kristok alakoak gatik. Nola bada artuko ditu bere biotzaren gela ta barrunbean? Nola sartu bere komunikazio ezkutukora? Nola igarri, zein samur ta gozo dan Jesusen aurrean egotea? Orra bada zergatik ateratzen dan onera edo aurrerapen gutxi Meza enzutetik. Jesusen biotzeko iturri ederra beti dago jario ederrean. Ordea ez die urik eman nai onzi loietara, ta txit gutxi biotz munduko gauzeetatik utsiturik ez daudenetara. Arkituko balitu bere biotza betetzen dioen biotzak, utsiturik daudenak amore bidegabeko guzietatik; edo bai bere amorean aurreratu nai duteenak egiaz, kentzen dituztenak gogoz bere amore osoaren eragozpen guziak, nolako ur gozo ta garbigarriak ixuriko ez lituzke Meza enzutean aldara santutik! Nondik atera oi zituzten San Ignazio Loiolakok, San Felipe Nerik, Santa Teresak, ta ezin aitatu beste santu santa ta anima on askok amore santuaren garbitasun ta ur zerukoetan ito bearrak? Meza eman ta enzunetatik. Eliza, Kristo aldaran dagoanean, Zeru bat da. Zerk goiko Zerua Zeru eder egiten du? Trinidadeko iru Personak. Jangoiko batean an egoteak, Jesu Kristo korputz ta anima Aingeruz lagundurik egoteak. Zer falta da bada gure Elizetan Jesu Kristo jarri danean Ostia konsagratuan? An daude iru Persona, Aita, Semea ta Espiritu Santua Jangoiko batean; an Kristo bizi bizirik korputz anima ta odol guziarekin; an Aingeru datozenak onratzera beren Jaun ta Errege maitagarria. Ekusten ez ditugu ez, gloriako argiarekin Zerukoak bezela, egia da, baña bai fedeko begiekin. Ikusi ezin dezakeguz karzela edo korputzeko presondegi illunean gauden artean; baña Zeruan daukatena ber bera daukagu beste gisa batean bada ere, esan zion Santa Teresak anima agertu zitzaion, ta Zeruzale bati. O Fedea! Zein illa zauden!
Nor aserratuko ez da Jesusi amore apur bat badio, ekusirik Kristau askoren epeltasuna ta federik eza, Mezako Sakrifizio itzalgarrian batzuek berriketan, besteak parrez ezeri ez dagokiola ta nai osoz; asko batera ta bestera begiak darabiltezela iñoren soñoko edo janziai astiro begira, ta bear bada amorezko ekusmen txarretan? Bai, izan dira adiskidetasun gaiztoan bizi diranak, Mezako orduan ere begiak beren maiteai egotzirik urtzen ziranak amorio loi zatarrean, ta Meza ondoan alkartzen diranak berak dakite zertarako. Nora eldu diteke Jesusi egiten zaion injuria? Nola jaikitzen ez gera aserre santuarekin, arako emakume aurrak daramezanak mezara oekin jokatzen egoteko, errosarioak eman ta artu ta bota dabiltzala, ez berak Mezarik enzun, ez albokoai enzuten largatzen dienak, eleizatik ateratzeko? Nork ekusi lezake negar gabe dakartezala txakurrak Kristoren etxera beren zauka, gorabera, ta gaiztoagoak diran gauzaak egiten dituztela aldaren kontra ta beren artean? Eliza txakurtoki eginik? Meza santua esaten dan artean gora ta bera txakurrak? Au Kristau errietan? Turkoak beren Elizetan atrebitzen edo aizartzen ez dira begiak aldamenera eramaten, txistu apur bat botatzen, ta daude begi bilduekin beren eskaria egiten Profeta gezurti bati. Eta Jesu Kristoren etxean, eta Jesu Kristoren aurrean kiñuka, parre eroz, berriketa luzeetan, begi arrotu ta ebiltariekin?
Erakurtzen da Beata Beronika Binaskoren bizitzan, zegoala bein Meza enzuten oi zuen debozioarekin, egin ziola aldamenean zedukan bere aizpa bati begiratze alper edo ezertara etzetorren bat. Aingeru bat zerabillen beti bezela anima santa onek bere aldamenean ekusten zuen itxura edo irudian. Egin zion bada Aingeru ark bere arintasuna gatik alako begiratze aserrakor ta itzalsua, ezen uste izan zuen ill bear zuela bertan ikararen ikaraz, ta igaro zituen iru egun oso beti negarrez barkazioa Jangoikoari ta Aingeruari eskatzen. Boland. 13 San. L. 3. c.9. Zer esango dute bada kristauen Aingeru gordetzalle Elizara laguntzen dienak, ta Elizara jesten diranak Zerutik aldaran adoratzera Jesu Kristo, dakustenean anbeste lotsagabekeria, ta desprezio Elizari ta Kristo berari egiten? Nolako poza berriz Infernuko etsaiena? Bai; baldin egia bada San Agustin andiak diona, Elizeetan berriketa ta itz alperrak esaten daudenak itz egiten duteela deabruarekin, Quim Ecclesia Dei inania fatur, cum diabolo confabulatur, zer esan dezakegu Meza santuan berriketan, ta modu gaiztoan daudenak gatik? Munduan ezpalego Sazerdote bakar bat baño, nolako garrarekin joango lirake al dutenak bere Meza enzutera? Eta nolako debozioarekin egongo lirake? Eta Jesus onak amore geiago agertu digulako Sazerdote asko emanik, ta ugari mezaemalleak, gu atzeragoak, otzagoak, ta esker galdukoagoak? Ez guk artu nai neke apur bat al danean Meza enzuteko, ta ezin danean damuz gelditzeko? O lotsatzeko gauza lotsagabeak ezpagiña! Dator Jai eguna, enzuten da Meza gogo gutxirekin; billatzen dute askok Meza anbat ariñena ta itoka esana; iges egiten dute Meza nagusitik luzea deriztelako, ta Animazaiak predikatzen duelako Jangoikoaren itza. Elizan Korputz bat egin bear lukeenak Zerutik eresteko grazia geiago, largatzen dute Bilkui santua, bere Elizako Meza nagusia; enzuten ez dituzte enzun ta jakin bear dituzten gauza asko, asteko jaiak, baraurrak, ta doktrina santua, ta gero zer dator emendik? Utsegitea jaiak, baraur egunak, aragia jatea egun debekatuetan, ez jakitea bear dan doktriñarik, irautea jakin ez andietan onbide, bere animaren kargua duenak eman nai dionik ez artzea, ta erriak egotea bekatuz josirik. Plazak edo karrikak jendez beterik danza peligrosoetarako; Ardantegiak edan ta edan egoteko gaua etorri artean; Jangoikoaren egunak deabruari ematen zaizkola. Bespera ta Errosarioa gutxi batzuentzat. Ona zertara etorri dan Kristauaren bizitza. Ordea, Jesusen legea au da? Eta uste du erregiñatu beti Jesu Kristorekin onela bizi danak? Non ikasi degu, biziera lasai ta mundukoan dagoala Zeruko bidea?
G. Ote dago gertaera sinisgarririk ezagutzeko zenbat on dakartzen egunoro Meza debozioz enzuteak?
E. Txit asko ta guziak aitatzeko bear litzake denpora luzea. Bizi ziran bein auzoetan arotz bi; batak zedukan zer jan, janzi, ta zerekin on egin; ta bestea beti zebillen arrastaka gogorrean bearrari eskutik utzi gabe, baña txit estu ta premia andian. Alkarrekin zeudela egun batean, esan zion ondo ta eraz bizi zanari nekez ta premian bizi zanak: Adiskidea, gauza bat esan bear didazu, zertan dago zuk nik baño bear geiago ez egitea, langintza edo ofizio batekoak biok izanik, ni egotea premian, ta zu ez? Niri guzia palta, ta zuk bear dezuna baño geiago etxean on egiteko ere? Eranzun zion besteak: egingo bazenu zuk, nik egiten dedana, biziko ziñake ni bezala. Nik goizean goiz jaiki, ta enzuten det Meza santua; an eskintzen diot nere biotza, ta eskatu ere bai bedeika dezala nere izerdi ta bearra. Animari emanda lenbiziko gosari au, asitzen naiz bearrean, eskura datorkit bear guzia, arkitzen det nola saldu nere bear egiñak iñor engañatu gabe. Beste arotzak artu zuen bide bera, asi zan goizoro Meza debozioz enzuten ta laster ezagutu zuen zein egia andia zan, zaldiari jaten emateak, ta meza enzuteak ez dutela luzatzen bidea. Ez dezu inoiz erakurri nola San Isidro Atxurlaria meza enzuten zegoan artean Aingeru batek erabilli zituen idiak soroan, ta egin bearra Santuaren ordez? Nai degu korputz ta animan zorioneko izan? Izan bada debozio andi bat meza santuari.
|
|