www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Kristau Erakasle Euskalduna
Juan Antonio Mogel
XVIII.mendea, 2004

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Bonaparte Ondareko Eskuizkribuak, (Rosa Miren Pagola eta taldearen edizioa). CD-ROMa, Bilduma osoaren edizio digitala. Deustuko Ubibertsitatea / Eusko Jaurlaritza, 2004

 

 

aurrekoa hurrengoa

ERAKASTE VI.

Nola onratzen dan Jangoikoaren izen santua
boto, promes, edo eskeintza onakin

 

Non assumes nomen Domini Dei tui in vanum. Exodi XX.

 

        Ekusi degu igaro dan doktrinan, nola egiten zaion Jangoikoari bidegabe txit itxusia blasfemiako bekatuarekin. Ekusi bear degu orain nola honratzen dan bere izen santua, izaten bagera itzeko, edo leialak osotzean egiten diozkagun boto, promes, edo eskintzak; ta nola ez egiñaz gaizki artzen degun bere izen santua.

        G. Zer da baña boto edo eskintza, zeñari deitzen dien geienak promesa?

        E. Da bada, Jaunari egiten diogun ezaguera ta borondade osoko agintza bat, egin al dezakegun, ta egitea, ez egitea baño obeago dan gauzaren batean. Batek borondate ta obligatzeko ustearekin, agintzen badio barautzea urteko ostiral guzietan, egiten du gauza bat egitea obeago dana, ez egitea baño, ta egin al duenean kalte gabe egin bearko du, ta gaitz edo arrazoizko beste gauzaren bategatik ezin baraurtu bada, ez du orduan katigatzen boto, edo eskintza egiñak. Ordea beste gauza bat da gogo, asmo, edo zerbait egiteko propositoa, ta beste bat boto edo egintza. Konfesatzen geranean degu obligazio osoa artzeko gogo edo proposito sendoa ez bekatuan geiago erorteko, ez lekurik emateko gogorazio edo pensamentu gaiztoai. Ordea proposito oso alakoak ez dira egiazko boto, edo promesak. Onetan uts egiten dute ez dakiten askok, eta gaitz da igartea askori, noiz artzen duten proposito soilla edo utsa, ta noiz botoarekin lagundua. Botoak berez dakar obligatzeko petxu edo karga borondatezkoak diran gauza guzietan ere; ta onelako kargarik bere buruari ezarri ez dionak, ta bai bakarrik artu gogoa egiteko, ez egiñaz bekaturik ez izatea nai duela, du igargarria proposito utsa zala. Gaisotzen da bada, ta sendatzea gatik artzen du gogoa mezaren bat ateraerazi, edo Santuren baten imajiñari argigarria eramateko. Galdetzen bazate, nolako obligaziopean egin zuten agintza alakoa, ez dute arrazoirik emango; bakarrik esango dute artu zutela asmo ta gogo bero bat aitatu ditugun gauza onak egiteko. Benetako botoak eskatzen du aozko edo biotzeko eskintza obligatzeko gogo ezagutuaz. Itzekin egin bada, aztertu, aratu, edo ekusi bearda itz aiek diran edo ez botoarenak, edo bakarrik proposito utsak, ta nai zuen edo ez obligatu; edo bai bakarrik egin debozio utsez.

        Botoak eskatzen du ezagueraz ostean naibide edo libertade osoa, ta egiten bada ezin bestez indarrez edo engañuz, ez da baliosoa. Ordea beldurra bada bide onekoa, ta beregan sartua, balio du. Ona ejenplotxoak. Guraso batek artzen du asmoa bere seme, edo alabaren bat fraile, edo monja sartzeko. Obeto obligatzeko, erregutzen dio egin dezala relijioan sartzeko promes, edo botoa. Ekusirik guraso gaiztoak, bere umeak gogo gaiztoarekin artzeen dituela erreguak, zer egiten du? Erakutsi arpegi gaiztoa, egin sarri agiraka, edo tratu gaiztoa eman. Umeak bere burua gordetzeagatik alako bizieratik, egiten du promesa gogo gaiztoz, indarrez, edo nora ezean bezela. Promes onek ez du balio, zeren ez duen bear bezelako nai oso edo libertaderik. Baña beldurra bada zuzena ta bere biotzetik etorria Jangoikoaren argiz edo inspirazioz bezala, da egiazko botoa. Itxasoan bat dijoala jaikitzen dira olatuak, aize portitzak. Onzia dabill galdu gordean edo ondatzeko perillean. Beldurtzen dira batzuek ito bearraz, ta bestela leorrean iñoiz ezpazuten ere alako gogorik, itxas-andiak larritzen ditu; Jangoikoaren aurrera agertu bearrak eskiñierazitzen die sartzea errelijioan, ta obligatzen dira artara. Boto onek balio du, katigatzen du egin zuena, zeren beldurra zan zuzena, ta bere biotzean sortua, engañu gabea, ta asko eraman ditu Jangoikoak gauza onetara, bizitza berri ta on bat artzeera, ta kobentu estu batean salbazioa billatzera, bestela galduko ziranak. Jonasek egin zituen Jangoikoaren esanak itxasoko osinean sartu, baleak irentsi, ta Jaunak andik ito gabe atera zuenean.

        G. Zergatik esaten da Jangoikoari egiña? Etzaie botoa egiten Ama Birjiña ta beste Santuei ere?

        E. Egia esateko botoa beti egiten zaio Jangoikoari, dalako adorazioko honra berari bakarrik zor zaiona. Esaten danean egiten diot Ama Birjiñari promes, baraur egiteko bere jai aurreko egunean; ta onelako ta alako Santuari eramango diot kandela edo argigarria, aditzen da, eskintza alakoak egiten zaizkola Jangoikoari Ama Birjiña edo Santuen onrarako, ta izan ditezen gure bitarteko onak zerbait eskatzen degunean, bada ematen duena Jangoikoa bera da, ez Santua; eskatzen duena, da Santua, ta ematen da Jesu Kristo Jangoiko ta Gizona danaren izenean. Onratzen da onela Jangoikoa Santuetan, ta Santuak ez dira iñoiz aspertzen Jangoikoa onratzez.

        G. Zer beste lagungarri bear du egiazko promes edo botoak?

        E. Izan bear du gauza onaren gañean egiña; zeren ezpada gauza ona eskintzen dana, ez dio Jaunari atsegiñik emango, ta bai egin bidegabe edo injuria andia, nai balu bezala gauza gaizto edo okerra; ta nola Jangoikoa testigotzat ekartzea gezurren baten gañean dan bekatu txit astuna, ala ere da eskintzea Jangoikoari bere kontrakoa dan gauzaren bat, ta ezjakiñak, edo ezagutu ezak libratzen ezpadu, egiten du pekatu mortala.

        Onela egiten dute pekatu mortala dakitela, ezagueraz, ta libertade osoaren palta gabe; esaten dutenak, egiten diot Jangoikoari boto edo promes bengatuko naitzaikola Urliari, egin didan kaltea gatik, kenduko diodala bizitza, emango diodala kerella ondatuko dedan bat.

        Oro bat gauza onen batzuek eskintzen bazaioz Jangoikoari asmo gaiztoz nola diran Mezaren bat atera erazitzea bere etsairen bat ill didin, edo beste kalteren bat izan dezan; ematea limosna edo eramatea argia ain lekutako imajiña Santu bati, iritxi dezan kastiguren bat gaizki egin edo nai dionari. Oek dira blasfemiako bear egiteak.

        G. Zer egin bear da egiten bada promes bide gaiztoko, edo kunplitzea gaizki egiña dana?

        E. Damutu gaizki eskeñia, ta ez kunplitu eskeñi dana. Israeltarren agintari batek eskeñi zion Jangoikoari Amonitarren gerran ongi irteten bazuen, sakrifikatuko ziola eriotzaz lenen arkitzen zuena bere etxekoetan. Berri onak ematera irten zion etsaiak garaitu ondoan, bere alaba bakar ta maite maiteak neskatx asko, ta soñu ederrekin. Begitandurik kunplitu bear zuela Jangokoari egin zion eskintza eragabea, illerazi zuen damu andiarekin. Gaizki eskini zuen, gaizkiago kunplitu.

        Izan ere bear du gauza obeago baten gañean. Ezkontzako Sakramentua berez ona da; baña berez obea garbitasun osoa gordetzea. Ala bada ezkontzako botoa berez ez da baliosoa, ta katigagarria, zerren eragozten duen berez obeago dana, au da kastidade, edo garbitasun osoa. San Pablok dio ezkontza ona dala, ez ezkontzea obea. Ezkontzako botoa baliosoa balitza, eragotziko luke obeago dana, ala kastidade osoa gordetzea, nola relijioan sartzea. Ezkontzako obligazioa dagoan esturaldi batean, edo juezak artarako obligatuta ezaguturik, agintzen dionean; edo bestela bekatuaren bean obligaturik dagoanean, noiz bait gertatzen dan bezala, izan liteke baliosoa ezkontzako botoa. Bere buruz ebilli bear ez da gauza ain astunean.

        G. Zenbat modukoa da boto, edo promesa?

        E. Askotakoa; bata da osoa, leta edo kondizio gabea, edo euskaraz esan oi dan bezala biribil biribilla; eta bestea, kondizioren baten bean egiten dana. Lenbizikoak ez du katigario edo lotutasunik bigarrenak bezala. Onelakoak dira borondatez bat obligatzea Jangoikoari atsegin emateagatik, edo animako salbazioa erraztzeko, relijioren batean sartzera, kastidadea gordetzera, baraur egitera onelako edo alako egunean. Bigarrena da egiten danean promesa lotutasunen batekin, edo kondizioren baten azpian; onelakoak dira: egiten det promes sartzea relijioren batean, baraurrak ateratzea, santuren baten imajiña bisitatzea sendatzen banaiz gaitz onetatik. Geiago; boto batzuek dira bakoitzaren, edo bakoitzak berak bere nekez egin bear dituenak, nola dan joatea onelako edo alako elizara; besteak, eskintzen danean bakoitzaren ondasun edo gauzaren bat, nola diran mezaren batzuek ateraerazitzea, limosnaren bat egitea; ta irugarrenak, bakoitzak berak, ta bere gauzaren batekin egin bear dituenak, kontu dezagun joatea Aranzazuko eleizara, ta an largatzea limosna, edo mezaren batzuek, ateraerazitzea Ama Birjiñaren onran. Vota personalia, realia, et mixta. Onelako botoak osotu edo kunplitu bear dira, al didilla, egin diran gogoari begiraturik.

        G. Egin lezake batek botoren bat bestea obligatu edo lotu dezakeanik?

        E. Bai gauzaren batzuetan, ta ez guzietan, ona nola. Herederuak obligatuak daude konplitzera ondasunen jabeak egin zituzten promesak beren ondasunen bidez, kunplitu ezpazituzten egin zutenak, nola dauden ateraerazitzera larga zituzten meza karguak, ta pagatzera zorrak. Ordea egin bazituzten bestelako boto beren buru edo personekin kunplitzekoak, ez daude obligaturik besteak, ta bai bakarrik berak. Ez du ondorenak baraurrik zer atera, elizaren batera zer joan, onelako botoak egin bazituen ere ill zan ondasun emaleak; bai ordea obligatu bazan norbait kunplitzera ill zanaren ordez.

        Guraso batek egiten badu boto bere seme, edo alaba relijioan sartzeko, ez dute seme-alabak obligaziorik kunplitzeko alako eskintza gurasoak egiña.

        Botoa izan diteke betirakoa, edo aldibatekoa. Boto betirakoa da bizi dan arteko egiten dana. Onelakoak dira apaiz, ta fraileak egiten dituzten kastidadeko botoak baita ere beste-edo-zeñek egiten dituen muga gabeko promesak bizitza guzian gordetzeko asmoz. Aldibateko edo denpora mundukoak dira denpora jakin, ebaki, mugatu, edo zatiren baterako egiten diranak, nola diran urte bateko ostiral guzietan baraurtzea, edo urtebatean illoro konfesatzea. Betirako edo bizitza guzirako egiten denak obligazioa dakar bizitza guzirako, arrazoi egiazkoren batek eragozten ezpadu. Baña denpora neurtu edo jakiñekoa bada, bukatzen da obligazioa denpora berarekin. Edozeñek daki sazerdote, fraile, ta monjak egiten dituzten botoak dirala oso osoak ta solemneak, aditzen da apaizetan kastidadekoa, ta fraile-monjeetan berbera, ta beste biak, zein diran obedienzia, ta pobrezakoa.

        G. Ondo da boto edo promesak egitea?

        E. Berez gauza ona da, baña ez dira ariñegi ta arrazoi on gabe egin bear, ta ebakiko dira okertasun asko, iñoiz egiten ezpadira konfesari jakitun batekin itundu edo alkartu gabe. Asko dira beren buruz katigatzen diranak obligazio estuekin; gero edo damutzen zatee, edo dabiltza ezagutu ezinik ziran edo ez egiazko botoak, buruauste, ta arazo askoren artean jartzen dirala berak ta konfesoreak. Eskeintzen dituzte baraurrak debozio aldi edo une batean ta gerora urratzen dituzte; eskintzen dituzte meza ateratzeak bear bada bere etxeko premiari begiratu gabe; gaztetxo dirala beingoan eskeñi Jangoikoari beti gordetzea kastidadea, ta emendik gero Erromatik dispensak ekarri bearrak, bear bada gezurren bidez; edo ezkontzea, agertu gabe boto egiña ta damutua. Ez naiz aspertuko esateaz, botoa egin baño leenago galdetu bear litzakeala konfesoreari egitea ondo dan ta nola egingo dan. Egia da botoaren indarrez egiten dan gauza onak duela irabazi edo merezimentu geiago; baña nolako karga kunplitzen ezpada? Egiten du batek garbitasun edo kastidadeko botoa. Jangoikoak artzen dio; garaitzen baditu tentazio zatar garbitasunaren galgarriak, irabaziko du geiago botoa egin gabe garaitu dituenak baño. Baña leku ematen badio borondatez, ta deabruak bera garaitzen badu, egiten ditu bi bekatu mortal, bata kastidadearen kontra, ta bestea botoaren, edo relijioaren kontra, ta au da bekatu txit astuna, egiten diolako Jangoikoari bidegabe itsusia gorde eztiolako eskiñi ziona. Zenbat geiago begiratu bear dute eleiz gizon izateko gogoan sartu diranak! Nolako señale edo igargarriak eman bear ez dituzte sartu nai dutenak eleizako ministro izatera? Jangoikoak egiaz billatu ta deitu gabe lotutzen badira anbeste obligazioren azpian, nola salbatu gero? Nolako kalteak egin ez beren anima ta besteenai? Beti betiko agur bat egin bear dionak ezkontzari, Jesu Kristori aldara aurretan eskiñi bear dionak aingeruen gisako garbitasuna, nola prestatu bear du aurrez aragiari uko egiñik, bezatu, ezi, ta illduratuaz naikunde, ta griña oker guziak? Bekatu guzia ez da sartzen diranena erraz, ta prestaera txatarrakin; guraso ta aurride asko ere naastzen dira. Buruan jartzen bazaie beren semeak eleizatik eramatea, ez die begiratzen beren lurreko onizateari baizik. Egiten dituzte nola alako infarmazioak (sic), santu batzuek balira bezela irudierazi edo pintatzen dituzte, billatzen dira nai bezelako testigoak, gezurrezko juramentuak egiten dira, ta kristau ona etzana, egiten dute sazerdote on bat. Emendik zenbat kalte? Baña nork esan?

        Promesa ezpada Jangoikoari atsegin emango diona, edo animarentzat ona, kunplitu bear ez da, edo gutxienez aldatu bear da on izango dan gauzaren batera. Zenbat promes egiten dira Jainkoari begiratu gabe, ikusgura, ebilli naiz, ta sentiduai atsegin ematearren? Zenbat mutill, zenbat neskatxek egiten dituzte promesak joateko Aranzazu, Urkiola, ta ospe andiko Ermitetara, estalki onekin. Gurasuai baieza, edo baimena ateratzeagatik, ta olgatzeko galanki ta gaiztoki? Gurasoak enzuten dutenean egin dutela promesa, beldurtzen dira; ta beste gabe ematen die, beren baia edo lizenzia. Orain bada nolako onra ta atsegiña emango dioe Jangoikoari onelako promesak? Zer onera edo mesede animai? Autatzen dira egun ospe edo bulla andikoak; jende gazteak dijoaz bideetan nasaitasun andiekin; mingaña darabilte itzketa lotsagarriekin, eskuak askatuak egiteko esango ez dedana; bekatu astun asko eginda sartutzen dira elizan; konfesatzen badira, ez konfesatzea obeago litzakean gisan, ta biurtzen dira beren etxeetara gauza egiaz on bat egin gabe, ta bai gauza gaizto asko. Zenbat urrutiago erromeria, anbat naiago. Ostatuetan, ardantegietan, ta errietako etxeetan gelditzen badira, Jangoiko maitea! Zenbat gaiztakeria! Nolako danzak? Apaintzen dira alegiñez; begiak lotutasun gabe, ederiritziak likatzen ta arrotzen ditu neskatxak; emendik gero anbat ezkontzeko itz era gabeak; emendik anbat animako kalte, ta burukomin berentzat ta gurasoentzat. O Boto ederrak! Gurasoak, ez utzi seme-alabai joaten alako lekuetara ta alako egunetan, ta inoiz ez, animako kaltea ezagutu ezkero; neskatxik onenak ere arkituko dira milla labanarri, edo perillen artean. Etxe, edo erritik kanpora, gurasoen begi gabe, eztago gazte galtzeko arriskoan ez dagoanik. Promesak estalkiak dira ta beintzat bai obligatzen ez dutenak animako onean ez diranean. Nik libratuko nituzke gazte guziak alako botoetatik, ta naiagoko nuke beren errietan konfesa ditezen alako egunetan, ta gorde dezen etxea. Zergatik ekusten ez dira boto edo promes geiago konfesatzeko onelako egunetan? Ebilli nai da, olgatu ta ez Jangoikoari atsegin eman.

        Arritzeko gauza da Turko, Mairu, ta kristauen arteko desberdintasuna. Aiek beren itxutasunean sinisturik Mahoma zeritzon Profeta txaarra, dala gure artean Jesu Kristo bezala, egiten dituzte Boto edo Promesak, joateko bisitatzera Gizon gezurti aren ezur ustelak. Dijoaz leku urrutietatik jende pillo edo aldra asko prozesioetan. Baña nolako debozio itxurapenekoz beterik? Ateratzen dituzte baraurrak; bide luze ta gorietan dijoaz ixil isillik, buruz beera, oin utsetan. Eltzen diranean beren Profetaren elizara, auspeztzen dira: nolako negarrak? nolako eskaariak? Itzalaren itzalez aizartzen ez dira ez itz bat ateratzen, ez txistu apur bat botatzen, ez begiak eregitzen. Erromeria eginda biurtzen dira beren etxeetara humill humillik. O kristauen lotsagarriak! Ez du merezi Jesu Kristok Profeta falso batek beste? Noren legea da santuago ta garbiagoa? Bada nola aserratuko etzaio Kristo garbitasunaren ain zaleari ekustean kristauak dijoazela erromerietara nasaitasun guzien artean, ta bere Jai santuak ta Santuen Elizak artzen dituztela aitzakia ta estalkitzat egiteko bekatu asko? Bada, larga onelako Promesa bulladun edo ospetsuei, ta egin nai dituenak botoak, egin ditzala animarentzat onak izango diranak, Jangoikoari atsegin emango dioenak, ta konfesorearen oniritxi edo baiduri zuzenarekin. Egingo balira promesak Jakob batek egin zuen gogo santu ta debozioarekin Mesopotamiako bide luzean sartu bear zuenean, ta santu-santa askok egin dituzten asmoakin, batzuek Jerusalenem bisitatzera Kristoren Sepultura edo ill obia, beste batzuek Erroman San Pedrorena, Santiagon izen onetako Apostoluarena, Loreton Ama Birjiñaren etxe ta imajiña, ez nioke atzerapenik emango; baña gaurko erromes ebiltariak beste asmoekin dabiltza erriak ekusteagatik, ta olgatzerren (sic) galanki nasaitasun andien artean.

        G. Eta boto egiñak bete edo konplitu bear ote dira?

        E. Bai, badira, esan dan bezela, egiazko botoak izan bear duen gisakoak, au da animaren onekoak. Ona zer dion Espiritu Santuak, Egiten diozunean eskintza edo botoren bat zure Jaun ta Jainkoari, ez dezazula luzatu konplitua, zerren Jangoikoak eskatuko dizu, ta luzatzen badezu (arrazoi on gabe) eraatsiko zatzu bekatutzat. Ona zer dion beste leku batean: Kaltegarria da gizonarentzat promesa egin ezkero ez egotea eskintzan, edo egin gabe largatzea. Nolako damua artzen ez dute gizonak gordetzen ezpazate itza edo eskintzaren bat? Ez da itz batekoa esan oi da. Da esatea dala gizon dollor, prestu ez, ta zikotza. Eta ontzat eramango ditu Jangoikoak berari egiten zaizkon dollorkeriak?

        Ona jakitunetatik ateratzen dan zuzenbidea. Promesa edo botoa bada gauza astunean da bekatu mortala ez kunplitzea, baita ere geiegi lutzatzea (sic) arrazoi egiazko edo zuzen gabe. Izango da gai astuna meza bat ateraerazitzea, errosario bat esatea, baraur bat ateratzea, ta onelako beste gauzak. Ordea Abe Maria bat esatea, ta onelako gauza arinak ez kunplitzea botoz eskeñi ondoan, bakarrik izango da bekatu arin edo beniala.

        G. Jokoan maldizio edo birao astunak egiteko oitura batek ekusirik, egiten badu ez geiago jokatzeko botoa; ote dago obligaturik ez inoiz iñolaere jokatzeko ta bekatu mortalaren azpian?

        E. Egingo du bekatu mortala jokatzen badu diru zatiren bat, zeña galtzeak len ematen zion birao astunetarako bidea; baña jokatuko balu dibersio utsez, edo gauza gutxi gutxiren bat, zeña galduagatik etzaion aserratuko, ez biraoetan urratuko, ez da beintzat bekatu mortal izango jokatzea alako moduz. Botoa egin bazuen alperrik denpora galtzen zuelako, ekusi bear da denpora alperrik galtzeak eragozten dion obligazio astunen bat kunplitzea; ala bada, izango da botoaren kontrako bekatu mortala, baita ere obligazio astunai ez eranzuteak dakarren bekatua. Erakurri bear dituztenak libruak beren obligazioai ongi eramateko, nola diran konfesore, mediko, barbera, letraduak... igarotzen badute denpora geiegi jokoan erakurte bear bestekoa eragozten diena, ta gero gaizki egin beren ofizioko karguak, oentzat da gauza astuna denpora alperrik igaroa, ta botoa ere kunplitu bear dute bekatu mortalaren bean. Baña jokatzea denpora gutxian, ta beren obligazioai eranzutea eragozten ez dien neurrian, ez da izango bekatu mortala, beintzat jartzen ezpada denpora gutxitik askora igarotzeko peligroan. Diru asko jokatzea eragozten dute legeak, ta oek gauza astunean obligatzen dute bekatu mortalaren azpian. Diru askoko jokoak dakarzkiz ernegazio astunak, madarikazioko itzak, etxeak galtzea, ta jokatzallea balitza aberatsa, pazienzia andikoa, ta kalte andirik bere etxeari ez dakarkiona ere, emango luke eskandalua, ta joko-lagunen bekatuak bere animan artu bearko ditu. Botogabe ere egiten dira bekatu astunak joko onelakoetan, ta botoak, laguntzen badie, urratzeak egitendu relijioaren kontrako beste bekatu astun edo mortala. Botoa egin duenak ez jokatzeko, dala birao astunak egin, edo geiegi jokatuaz ekarri dituen kalteak gatik, ezin eskatuko du dispensarik, ta ez beste gauza batera aldatzerik; emango ere ezin dio konfesoreak jokatzeko lizenziarik buldaren bidez; zerren onetarako bear da arrazoi ona, ta arrazoi onik ez dago jokatzeko animako peligro andiarekin.

        G. Zer esan berriz ardorik inoiz ez edateko boto edo promes osoa egin dutenen gañean?

        E. Begiratu bear da zergatik egin dan boto ain astuna. Orditzen edo moskortzen zalako bazen, ezingo du edan ardao orditzeko duikorik, ta boto ondoan ala edaten badu, egingo du edan-aldi bakoitzean pekatu mortal relijioaren kontrakoa, baitaere orditzeak dakarren pekatu edo bekatuak. Esaten det bekatuak, zerren orditzeak dakartzen batzuetan bekatu bat baño geiago. Edaten duenak alako botoaren ondoan gauza gutxi gutxi bat geiegira igarotzeko peligro gabe, egingo du bekatu beniala. Badira ordea gizon mota batzuek edaten asiezkero largatzen ez dakitenak, errazago daudenak batere edan gabe, zerbait edanda aurrera igaro gabe baño; trago bat edatea, batezere lagun artean, ta ardantegietan, da alakoentzat okasio ezaguna orditzeko. Onelakoak gutxi bat ere ezin edan lezakete, botoa ausi gabe gauza astunean; zerren okasio urreko ta ezagunean jartzea, berez dan bekatu. Ur betikoak gaitz egingo badie, edan dezakete ardo ondo urtua, edo ematua. Asko legoke zer itz egin gauza onen gañean; bakarrik esango det botoren bat egin duenak artu dezala konseju konfesore aitu bategandik. Dispensarik atera nai badu, egin bear duela egiazko arrazoiakin; ekarriko duela bere gañera Jaunaren aserrea konplitzen ezpadio egin dion ezkintza. Ona San Pedro Damianok dakarren gertaera negargarri bat.

        Sartu zan bein itxasoan gazte bat; jaiki ziran olatu andiak ta galdu gordean zebillela, egin zion Jainkoari eskintza au: Jauna, egiten diot boto, ta ematen diot itz osoa sartuko naizala onelako Relijioan gordetzen badit bizitza. Paketu zan itxasoa, irten zuen leorrera, ta laster aztu zan egin zuen botoaz, ta onelakoak egin oi duten bezala, eman zan bizitza lasaira. Bondil (sic) edo txanbil batekin iturrira dijoanak, artzen du ura, ta gero atzea ematen dio iturriari; ala bada egin zuen Jainkoarekin gizon gazte ark. Zebillela egun batean danzatzen bere lagunekin, erori zan etxe batetik tella bat; jo zuen buruaren erdian, ta larga zuen illik bertan libratu zan itxasoko uretatik, ta leorrean arrapatu zuen uste ustekabeko eriotzak. Itza edo botoa bete balu, eranzun izan balio Jangoikoaren deiari, zeñek arrotu zuen itxasoa salba zidin Relijioan, izango zan bear bada santu bat, ta da gaur kondenatuen artekoa, non igaro bearko duen bizitza gogorragoa Relijioko penitenzia artean baño. Zenbat aldiz bidaltzen ditu Jainkoak gaitzak, eritasunak, naigabeak, ta eriotzako peligroak ondu gaitezen? Ordea egiten diran botoak dira geienez osasuna billatzeko, eriotzari iges egiteko. Beldur utsa, ta bera mundukoa ta aragiaren amorez irtena, da geienetan botoak egiteko gai edo motiboa. Egin botoak bai ordu onean, Vovete; baña ez utsik eman, ez larga egin gabe eskiñi zaiona Jainkoari reddite. Begira nola Jaunak konplitzen dituen bere itzak, bere eskintzak. Ala bada guk ere egin bear degu berarekin. Bai arren bai.

 

aurrekoa hurrengoa