|
ERAKASTE II.
Lenengo mandamentuaren gañean
Diliges Dominum Deum tuum ex toto corde tuo.
Zer agintzen da Lenengo Mandamentuan? Jesu Kristok eranzuten du itz oekin: Amatuko dezu zure Jaun ta Jangoikoa biotz guzitik. Adin, edo entendimentu guziaz, anima guziarekin, ta alegin osoarekin. Ex Deut. 6.
Asko ote da Jangoikoari ez gaitziriztia, edo ez gorrotorik artzea Mandamentu au gordetzeko? Ez ori; bear da Jangoikoa laztan ta maite izatea borondate zuzen ta garbi batekin. Bakarrik Infernuko gaizkin, ta oen gisako gizon ernegari (sic) ta gaizto batzuek artu oi dioe gaitz-iritzi edo gorroto Jangoikoari. Ordea guziz gutxi dira kristauen artean Mandamentu au gordetzen dutenak; zerren benetako amorio edo maitetasunak eskatzen duan askok uste duten baño geiago. Guraso bat ez da paketuko gaitzik umeak nai ez izateaz; eskatuko dio arrazoi andiarekin maitetasun, oniritzi, edo amorio oso bat.
Eta zergatik amatu, edo maite izan bear da gure Jangoikoa?
Amorio bi ezagutzen dituzte Santo Thomas ta beste Jakitunak; bata sariaren ustez artzen dana, ta bestea sariari begiratu gabe iduki dezakeguna; bata da, seme pin ta on onen maitetasuna, ta bestea serbitzari leialena. Serbitzari on ta leial batek egiten ditu etxeko Jaunaren esanak borondate onarekin; baña igitzen edo mugitzen da ala egitera, ematen zaion aloger edo sari onagatik, eta ekusten badu zerbitzari onek bere urteko alogeraz gañetik noiz edo berriz etxeko jaunak ematen diozkala sari berriak, jateko, soñeko, edo gabon sariak, onek pizkortzen du obeto bear egitera ta alabatzera etxeko-jaunaren liberaltasun, edo prestutasuna. Eta dio: noren biotza irabaziko ez du, nork pozik egin ez gau ta egun bearra, ain ongi saristatzen didan ezkero? Alako batean, esaten dio etxeko jaunak, testamentua egin duela, ta ill ondorako largatzen diozkala aginsari ederrak seme bati bezela. Zer esango ez luke ta zer egin gabe utzi serbitzari ark? Al duen guzi guzia. Baña guziaz ere, bere amorio, maitatze, ta serbitze ona jaiotzen da etxeko-jaunaren sariemateetatik. Maitatzen du, zeren dan ain ona, ta eskuzabalekoa beretzat. Esker onekoa da serbitzari au, zeren ondo eranzuten dion ondo egiñari.
Berriz seme on ta piñ batek egiten ditu kontuz ta atsegiñez bere aitaren esanak. Ez da oroitzen aitak eman al dezokeanaz, ta itxaroten badu ere ondo saristatua izango dala, ez dio oni begiratzen, ta bai aitari dion berezko maitetasun bati, egiteko bere esanak. Uste, ustekabe pobretzen da aita, arkitzen da gaisorik, etzaio gelditu zer eman bere semeari, damutzen da onezaz. Zer esaten dio seme onak: nere aita maitea, ez naiz orain artean ere egon zurekin, ez egin zure esanak zugandik itxaroten nituen erenzia edo ondasunak gatik. Ni lengoa izango naiz zure premia, gaizotze, edo eritasunean. Nere bekokiko izerdiarekin zure jana irabaziko det. Zu, nere aita izatea, ta ain ona izatea da asko nik zure esanak egin, zuri lagundu, ta zure amorez eramateko edozein neke. Ona emen amore garbiaren irudi bizi bat. Ez du seme onek bere onera, edo interesik billatzen; serbitzen du bere gurasoa onegandik ezer artu ezin dezakean orduetan ere. Ez da lotutzen bere biotza aitaren erenzia edo ondasunetan; ta bai bakarrik aitaren izatean, ta oni dion oniritzi, maitetasun, edo amore orakarri batean. Amor non laborat. Amore garbiak berriz ez du neke astunik; guzia arintzen zaio. Galduko ditu gauak, igaroko ditu otzak, beroak, eguraldi gaiztoak bere maiteari atsegin emateagatik. Ez dio ezer eskatuko bere amoreaz gañetik, ta bai berak eman, al duen guzia. Ala gertatzen zaie Jangoikoa maite dutenai amorio garbi zindo, ta bere ona edo interesa gabeaz. Gauza bat da amatzea Jangoikoa guretzat ona dalako, edo bere ontasunetik itxaroten ditugun betiko ondasunak gatik, ta beste bat amatzea gure aita dalako, edo berez duen ontasun ondo gabeagatik; bat da seme onen maitetasuna, ta beste bat serbitzari onarena. Biak dira amore onak, baña seme-amorea askoz obea, zeren jaiotzen dan egiazko karidadetik, ta ezin iñoiz egon diteke era batera, ta biotz batean bekatu mortalarekin, Elizak erabakita daukan bezela Baioren kontra, Nik maite ditut, dio Jangoikoak, neu maite nautenak. Eta Jangoikoak maite duena dago bere grazian. Bada orain guri lenengo Mandamentuan eskatzen zaigun amorea, da amore garbi, zindo, edo semeena. Egia da batak bestea eragozten ez duela; esan nai det, Jangoikoari dioenak amorio garbi ta biotzean beste interes edo oni irasten ez diranak ere, baizikan Jaunaren oniritzi ta on nai izateari, deseatu dezakeela Zerua, nongo saririk ederrena dan Jangoikoa bera, ta onen betiko gozamena ta gutxienak diran ango beste atsegin guziak. Zeruko deseo au igaro diteke erraz amorio karidadeko, edo garbira. Zerua deseatzen duenak, ez anbeste an animak ta gorputzak izango dituzten kontentu ta atsegin andiak gatik, nola an iñoiz ofendituko ezin degulako Jangoikoa, amatuko degulako txit asko ta borondate garbiarekin, batuko diralako anima ta Jangoikoas (sic) amorezko katea iñoiz urratuko ezin diranekin, ta ekusiko degulako Jangoikoa dan bezela estalki ta irudi gabe, ta non aspertuko ezin geran bera alabatzez, bera bedinkatzez, amatzen dute onela amore garbi garbiarekin, ta argatik erakusten zuten Santuak anbat naikunde, edo deseo Zerura joateko. Desiderium haberis dissolvi, et esse cum Christo. Ala esaten zuen San Pablo batek amore garbiko garren artean; urratu nai nituzke korputza animarekin loturik daukaten kateak, egoteko Kristorekin.
G. Nai nuke enzun onen gañeko gertaera edo ejenplotxo bat.
E. Ona emen txit egokia. Amore ardoz ordituta bezela irten zuen egun batean bere gelatik Santa Maria Magdalena Paziskok esku batean illitia, ta bestean morko bete ur zekarzela. Nora zoaz Magdalena? Esan zioen beste Monja ala ekusi zuteenak. Zoratu zatzu? Nai dezu erre Konbentua? Geiago egin nai det eranzun zien; erre Zerua al banu illiti onekin, ta itzelli Infernuko sugarrak ur onekin. Jakin beza mundu guziak, ez duela Magdalenak Zeruaren bearrik, ez Infenuan gogoa ipintzearen premiarik, amatzeko ta serbitzeko Jangoiko ain on ta maitagarria.
Alaere nola gutxi batzuena dan amorio ain gori ta ain garbia, kristauak bear dute geienez gogoa eraman ta sarri Zeruan Jangoikoak bere maiteentzat prestaturik dauzkan atsegin andietara. Asi bear gera amatzen Jangoikoa bere ontarte edo mesede andiak ezagutzetik, ta eskertsuak izanda, elduko gera errazago, amorio gozatuagora. Bide onetatik igo zuten Santuak perfekzio ain andira. Santa Teresa, ta San Ignazio Loiolakoak ala egin zuten, ta ala besteai erakatsi ere. Errazenetatik asi bear da, gaitzagoetara eldu edo igoteko.
G. Beraz Jangoikoaren amorioa ez da berdiña guzietan?
E. Ez da. Ona San Agustin, ta Santo Thomasi artuta gizon aituak erakasten duteena gai onetan. Iru amoriozko gradu edo maila ezagutzen dituzte: amorio asi berriena, amorio aurreratzen diradenena, ta amorio eldu eldua, edo anima garbituena. Gizonak ere ditu iru estadu: aurtzakoa, gaztetasuneko ta egingo dan añekoarena. Ala bada Jangoikoaren bidean sartu berriak diranak, geien geienez idukitzen dute amorio-ume, argal, ta eten erraza. Onelakoak tratatzen ditu Jangoikoak aurtxoak bezela atsegin biguñ, samur, ta sentikorren esnea emanaz, artzen ditu bere bularrean bezela, zeren indarrik ez duten janari sendoentzat; ematen die ogi mamiñ utsa ta bera biguña, ta ez azaltsu gogortua; bide bigun onetatik alderatzen ditu anima beragana etor-berriak lurreko atsegiñetatik. Ordea zerbait indartu diranean, kentzen die ogi biguñ ta samurra, janerazitzen dizte gogor sikatuak. Esan nai det, gelditzen dira puskaka animako agortasunetan, entendimentuko illunpean, gozogabe oraziorako; ezin len bezela aztertu dituzte Kristoren bizitza, edo Pasioko pausuak, daude beren ustez ezer egin ezinda. Jaikitzen dira bere kontra etxekoak, adiskideak, ta nor ez. Sarri deabruak ekarten diez milla tentazio itxusi, ernegazioko pensamentuak, larga bear diola bide artu zuenari, eztuela ezer egiten orazioan denpora alperrik igaro baño. Ikaratzen dira komuniora eltzeeko; begitantzen zaie ezkutuko bekatu mortalen baten daudela, larga dituela Jangoikoak; ta zenbat onelako pena ta espirituko mingoztasun! O anima gaisoak. Aurrera bide orretan, zeren sartu zaitu Jangoikoak purgatorio, edo garbitegi ezin obean. Landara gazte udaberrian ostro ta lora ederrekin zetorrena, gelditzen da neguko otz, txingor, ta elurrekin igartua bezela. Baña orduan azitzen dira bere sustraiak, sartutzen dira barren ta sakonago lurraren azpian. Sendotzen da, ta udaberria berriz datorrenean, nola eze ezea dagoan, errotuko da, emango ditu ostroak, janziko da loraz, ta ekarriko ditu frutuak. Betiko euri ta bustia ez da ona arbolentzat, ez da geienez betiko negar ta gozotasunak ere. Tentatua ez danak zer daki? Dio Espiritu Santuak. Soldadu gerran iñoiz sartu ez diranak, betiko pake, ta olgantzan bezela egon diranak, dira beldurti, ta iges errazak. Ez ala Soldadu gerran oituak, noiz bait erituak, otzak, ta beroak igaro, ta gose eta egarrira eginak. Oek, zenbat obeak dira? Ala bada anima, betiko pake ta gozotasunean daudenak, ez tentaziorik, ez persekuziorik daramatenak, igaro ez diranak bide agor ta illunetatik, edo dira utsegiñak, au da engañatuak, edo txit argalak ta amorioan umeak. Garbitzen ezpada atsekabe, edo tribulazioko sutegian, ez da iñoiz sartuko Kristoren ezteietan, edo Jangoikoaren unio edo batutasun estu ta gozoan. Nai dutenak sartu bizitza, Kristori atsegin osoa emango dionean, guziak igaro bear dute sarrasketa edo persekuzioa, dala anima barrenean, dala munduaren aldetik: Guziak, dio Apostoloak. Jesu Kristogan arkitzen degu ispillu ta jarraigarri ederra. Nolako agortasun ta tristurak igaro etzituen Baratzako orazioan? Onek ateraerazi zion odolezko izerdi lurreraño erorten zana. Begira berari gurutzean agortasun gogorrean bere Aita Zerukoari itz egiten ziola: Nere Jangoikoa, nere Jangoikoa, zertarako, edo zergatik largatzen nazu? O, ta nolakoak izan bear zuen, bere Aita ain maiteak gozagarri guziak kenduta, edanerazi zion kaliza edo edari mingoitza azkeneko ondarretaraño! Irakurtzen baditugu Santa Teresa, Santa Maria Magdalena Paziz, ta Santa Rosa Limakoaen bizitzak, ekusiko ditugu sarturik urte osoetan eriotza bera baño ere gogorrago ziran espirituko illuntasun ta agortasunetan. Eta oro bat gertatzen zate anima birtute goratura deituak diradenai, beintzat bai geien geienai. Orain bada, onelakoen amore ezkutu, ta ezagutu gabea da Jangoikoaren amorioan aurreratzen diradenena, zeren txit asko aurreratzen dan pazienzia, humiltasun ta beste birtuteetan, penazko bidean. Berriz, zer esan dezaket amorio osatu, edo birtute goratuan arkitzen danaren gañean? Onelakoak dira txit gutxi, ta ala ez da leku au amore ain andiaren goratasunak azaldatzeko. Goazen gauza errazagoetara.
G. Fedea, ta Esperanzako birtuteak egon ditezke karidade, edo Jangoikoaren amorio gabe?
E. Bai; kristau txit asko dira sinisten dituztenak fedeko artikulo guziak, ta itxaroten dutenak salbazioa penitenzia egingo dutelako usteaz, bizi dirala bitartean bekatu mortalean; ta pekatu mortalean dagoanak ez du karidadeko amoriorik. Orregatik Eliza Ama Santak eragotzi du sinistea ta erakastea bekatu mortalean daudenen obra edo egitada guztiak dirala gaiztoak. Oen Fedea, ta Esperanza, oen limosna ta beste berezko obra onak ez dira egiaz karidadean sustraituak, baña intenzio edo gogo onarekin egiñak badira, ez dira gaiztoak, ta txit sarri laguntzen dute biguntzeko Jaungoikoa, ta iristeko penitenzia egiteko laguntasun sendoak. Baña Jangoikoaren grazia gabe ez da Zerurako irabazten; azitik dator garia, ta graziatik gloria.
G. Zein dira Jangoikoaren amorioko señale, edo ezaubideak?
E. Lenengoa ta Kristo ber berak erakatsia da, bere Mandamentu santuak gordetzea. Oek gordetzen dituenak, ni maitatzen nau, dio. Mandamentuetan agintzen dan guziak, joten du Jangoikoaren, ta lagunaren amoriora. Beraz gorde ezkero, nai ta ez amatu bear da Jangoikoa, bada laguna edo projimoa amatu bear da, ez lurreko begirakunez, ez adiskidetasun, aidetasun, edo beste doaiak gatik, ta bai Jangoikoaren amorez. Ez du Jangoikoak debekatzen amatzea adiskide, aide, auzoko, erriko, ta ezagunak; baña Jangoikoaren zuzenbidez edo begirunez ez dana, ez da karidadeko amorea, ta bai mundukoa. Orregatik, amatu bear dira etsaiak, edo gaitz egiten digutenak ere, ta oen amorea geienez obea da, zerren bakarrik ama genzakez Jangoikoaren amorez, ta ez gure naturalezak lagundurik. Eta etsaiak amatzen ez dituenak, ez du amatzen Jangoikoa, ala bere esana gordetzen ez degulako, nola diralako projimo guziak Jangoikoaren antzera edo irudira egiñak. Ala bada dionak amatzen duela Jangoikoa bere mandamentu guziak gorde gabe, gezur garbia esaten du. Guziaz ere galdetzen badiogu edozein kristauri, amatzen duen Jangoikoa, eranzungo du bereala: nola ere maite dedan, ez det amatuko? O itxutasun lotsagarria! Nola onra lezake Jangoikoa bekatuekin desonratzen duenak? Nola amatu ofenditzen duenak? Nola alabatu, bere esanak egiten ez dituenak? Nola on guzia deseatu Jaunari berez danez gaitz egiten dionak, edo bere lege santua oinbean darabiltenak? Amorioa eratsia dago obra onetan, eta ez itz uts ta soiletan, dio gure euskaldun Santu ta Patroi Ignazio Loiolakoak. Amorioa beargiña da, ta ez nagi alperra dio San Gregorio andiak. Obra onak dira amorioaren ezagubideak, ez berriketa luzeak. Nolako soldadua, dio San Agustinek bere Erregeren esana egin nai ez dituena, gerrako denporan iges egiten duena; sari ta alogera artzeeko prest dana ta nekerako nagi alper andia? Nork farra egingo ez lioke onelako Soldadu txarrari esango balu, maite duela bere Errege? Nork bada gezurti anditzat idukiko ez du kristau dendatzen ta nekatzen ez dana animako etsaiak garaitzera, esaten duenean, nik amatzen det nere Jaungoikoa? Au onela izanik aterako degu kontu, zein gutxi diran Jaungoikoaren amorioa dutenak, ta Soldadu onak! seme batek egin nai ez balitu aitaren esanak bai berriz aitak nai ez dituenak, naigabeak ematen diozkala, atsegin eman bearrean, litzake aita amatzea? Nork esan au?
Bigarren señalea da, esku aurrea ematea Jangoikoari; au da naiago izatea galdu gauza guzia Jangoikoaren amorio ta grazia baño. Ni baño geiago ezer maite duena, ez da gauza neretzat, dio Kristok. Galdu bear dira honra, osasun, ondasun, ta bizitza bera, Jangoikoa baño leenago. Ala bada ez du Jangoikoa maite, ta bai bere burua, bizitza galtzeko prest ez dagoana Jaunaren honran ta amorez. Eta egia esateko, nolako injuria egiten etzaio Jaungoikoari gere buruak, gauza, edo bizitza geiago estimatzeaz bera baño? Bizitza galtzen badegu Jaunaren amorez, arkituko degu bizitza obea Zeruan, bizitza iñork kenduko ez diguna, bizitza gozo beti iraungo duena. Orain bada askok dute maite Jaungoikoa? Goazen azterrenak ateratzera. Etorriko da adiskide bat beste bategana, ta esango dio: informazio txar bat egin bear det, zeatz bear dezu auta bestea. Gizona, nik ez dakit orrelakorik, nai dezu gezurraren gañean juramentu egin dezadan, ta anima galdu? Ezin nezake, eranzuten dio, ta ongi. Baña estutzen du adiskideak: nik uste nuen geiago egingo zenuela nigatik, etzera adiskide ona; zuk ala ez esatera, galdua naiz, multatuko naute, galduko det auzia. Adiskide bat ateratzeko onelako estu ondotik, ez dezu orrenbeste egingo? Ez nikezu nik orrelako txatarkeriarik egingo. Biguntzen da, ta adiskide anima galtzalle bati atsegin ematearren galtzen du Jaunaren amorioa, grazia, ta gloria, ta geiago estimatzen du adiskide gaizto ura Jangoikoa bera baño. Orra nolako biotza zedukan; bigarren itzerako aldatu zan ta gauza gutxi bate gatik, iñork bularrean ezpatarik ipiñi gabe, ausitzen du Jangoikoaren Lege santua. Batak maiteago zuen bere onra edo diruba Jangoikoa baño, ta besteak adiskidea. Badira beste batzuek esango dizutenak maite dutela Jangoikoa, ta kalteren bat egiten badie soroan, mendian, edo honran, an dira birao gogorrak, madarikazioak, gorroto edo ekusi eziñak. O amatzalle ain gauza gutxi bate gatik ausitzen dutenak Jangoikoaren Legea, ta galdu bere grazia ta amorioa!
Nola esan dezakete berriz beren ondasun ta bizitza baño ere maiteago dutela Jangoikoa itz garratzen bat esan dielako, kalte arin bategatik, ematen dituztenak benguzko auzi edo kerellak, gasta erazitzeko gaizki esan edo egin dienai? Kristok nai du, ematen badige masallako bat, prest egoteko beste bat eramatera bere amorez, auzitan kendu nai badige Korputz estalgi edo tunika, emateko kapa pakearen amorez. Nork esango du bada, maite dutela Kristo bere esan oek egin bearrean, ematen dituztenak auzi bidegabeak, edo erneguz, aserrez, ta gorrotoz ematen diranak?
Berriz, non dute Jangoikoaren amorio garbi ta santua edaten dituztenak pekatu loi zatarrak ura bezela, ta ardoa baño ere poz geiagorekin? Eztue ezpatarik bear onelakoak pekatu egiteko. Borondate idiki, ta zabal zabalarekin ematen die sarrera ta egotegia pensamentu txatar lizunai, gozatzen dira beren naiz gauza loietan. Amore loiarekin nola alkartu amorio Jangoikozkoa? Ekusten dira kristau izeneko asko atsegin geiagorekin enzun, edo esaten dituztenak itz itsusi ta lotsagarriak, parre gozoak egin oi dituztenak ipui gaizto, ta amore kantak enzunda ta Jangoikoaren itzetarako iguia ta atzerapena dutenak. Oek maite dute Jangoikoa? Zein gutxi! Maite dute bai Infernuko Asmodeo deritzon etsai zikiña, edo onen legea.
Zoaz berriz galdetzera maite duten Jangoikoa eskuka zikiñez ase ezin diranak, amore loitik sortzen diran apa ta laztanetan aspertu ezin diranak beren, ta beste askoren animak galtzen dituztela. Zoaz bai galdetzera aragizko bekatuetan korputz, anima, ta sentidu guziekin sarturik daudenak, amatzen duten Jangoikoa biotz, ta alegin guziarekin berak eskatzen digun bezela? Eztue beste amorerik beren bekatu lagunarena baño. Oekin beren pensamentuak, oetan beren biotza, oekin itzkera amorezkoak, oen amorean daude katigu, ta ez bakarrik ezarten die, beren idolo loiai fede gabeak zur, edo arrizkoai bezela, inzenso zati bat, baita eman ere beren entendimentua, ta borondate osoa. O zori gaiztokoak! Eta zer esango die Jangoiko amore guziak merezi dituenak, bere esanak gorde nai ez, ta maitatzalle gaiztoen esanak pozik egiten dituztenai! Ta, nola kastigatuko ez ditu! Nik botako det alakoa, dio Kristok, Infernuko oean, ta an lengo amore ordean egon bear due beren maitatzalle zatarrekin betiko gorroto, ernegazio, ta alkarganako aserrean. Mittam eam in Lectum. Apoc. 2. 22.
Amore ederraren beste siñalea da pazienzia, edo onez eramatea mundu onetako naigabeak, dala Jangoikoak ematen dituenak zuzen; dala gizonen edo infernuko etsaien aldetik datozkigunak. Charitas patiens est. Karidade, edo Jangoikoaren amorea padezikorra da, edo onez eraman erazitzen dituana atsakabe, ta naiezak. Kontrako aizeakin geitzen da sua mendi bat erretzen dagoanean. Onzi bat zuzendu bear duenak, ez du bere jakituria agertuko itxasoa eznetan edo pakez dagoanean, ta bai olatu aserre, laño, ta bisutsen erdian. Udaberrian enzuten dira txoritxoak kantatzen; ordea negua urreratzean, ixiltzen dira. Ala bada kristau batzuek ere. Tentaziorik ezpadue, orazio, konfesio, ta komunio santuetan arkitzen badira gozaro, negar samur ta biotz biguñarekin, sendo dabiltza Jangoikoaren bidean, kantatzen dituzte bere alabantzak. Baña mundukoak esesten badie parrez, zorroztzen (sic) badituzte mingañak oi duten bezela, gaizki esateko, aserratzen dira, tristetzen dira, ta asko, pazienziaren paltaz, biurtzen munduko dibersio ta nasaitasunetara.
Badira beste batzuek azaletik, ta mingañaz Jangoikoa maite dutenak, ta biotzaz ez. Esango dituzte egunoro iru errosario, debozioko Aita gure ta Abe Maria asko, ta Jangoikoa ta bere Ama alabatzen duten mingain berarekin esango dituzte murmurazio astunak, ta gauza bear ez diranak; egongo dira luzaro elizan errezatzen, eta etxe guzia irabiratuko dute deadarrez mirabe gaisoai pakerik ematen ez diela ezerezkeria batzuek gatik, ta bai humildatu nai ez pake osoak egitera auzokoren batekin. Oek dira Fariseo gaiztoak bezela zaietan ziogi iriñetan ero, obligaziorik ez duten gauzetan txit begiratuak, beldurtiegiak, pakerik ez debozio batzuek esan gabe eguna igaro bazaie; eta urratu ardura gabe Jangoikoaren Legea, ta larga obligazio estuko gauzak. Ematen die mamia deabruari, ta azala Jangoikoari; garbitzen dituzte onziak gañetik, ta barrunbea uzten dute garbitu gabe. O amatzalle ederrak! Jangoikoak eskatzen du biotz ona, garbia, zuzena, ta oso osoa. Asko daude deboto, buruz beera goizean elizan, ta arratsaldean modestia gabe plazaan.
Jangoikoaren amorio señale andia ere da animen zelo, gose edo egarri izatea. Jangoikoa maite maite dutenak ez dakit nik zer egingo ez lukeen besteen animen salbazioagatik. Badakite zer kosta zaion Kristori gure salbazioko atea idikitzea; zer dan zorioneko edo zorigaiztoko izatea Zeruan edo Infernuan. Ezin badue agirian bear egin animak irabazteko, ez ari predikatzen, ez konfesatzen eliz gizonak ez diralako, egin oi due alegin guzia itz onekin, orazio ta penitenziakin irabazteko Kristorentzat. Nolako negarrak botatzen etzituzten Santa Teresa, Santa Maria Magdalena Pazizko, ta beste Santu ta Santa askok, fedegabe, ta kristau gaiztoen itxutasuna ekusita? Nolako eskaariak Jangoikoari aien salbazioagatik? Berriz Jangoikoa maite dutenak sentitzen dituzte asko berari egiten zaizkan injuria ta ofensak bekatu mortalekin. Nola Seme on batek sentituko ez ditu bere Aita kolpetzen ta banatzen ekusten badu? Eta nola minberatu ez, Jangoiko Aita guziak baño Aitagoa dana milla aldetara ofenditua ekusten duen anima ona?
O Kristauak! Amaezazute Jangoikoa, zeren berak leenago amatu gaituen. Quoniam deus prior dilevit nos. Eta Jangoikoa gizon egin baño leenagokoak ere amatu bear bazuten biotz ta anima guziarekin, zenbat arrozoi geiago degu, Kristau bere odolarekin erosiok amatzeko gere Kristo Salbagille maitagarria! O lotsatzeko gauza! Jesus gure premiarik ez duenak eskatu guri ama dezagula, ta amatu nai ez? Eta ofenditu? Ez arren geiago, ez.
|
|