|
ERAKASTE V.
Jangoikoaren Legeko bigarren mandamentuaren gañean
Non assumes nomen Domini Dei tui in vanum. Exo. XX.
G. Zeren gañean izango da gaurko doktrina edo erakastea?
E. Jangoikoaren Legeko bigarren Mandamentu onen gañean, ez dezu aitatuko zere Jaun ta Jangoikoaren izena utsean, alperrik, edo ezeri ez dagokiola.
G. Zer agintzen da itz oetan?
E. Onra dezagula Jangoikoaren izen beneragarria, edo aitatu bear dala lotsa andi batekin.
G. Zer eragozten da berriz?
E. Eragozten dira, bere izena lotsa edo errespeto gutxirekin artzea, blasfemia, edo itz bere desonragarriak, juramentu bidegabeak, ta birao edo madarikazio itzak lagunaren kontra.
G. Agintzen da beste gauzarik?
E. Bai, eta da osotzea edo kunplitzea boto, edo eskintza bere izenean egiñak, edo bide zuzenekoak, gero banaan aitatu ta azaldatuko ditugun bezala.
G. Nolakoa izan zan Jangoikoak beretzat artu zuen izena?
G. Etzuen artu izen berezko edo apartekorik. Gizonak asko izanik, bear dituzte bakoitzak beren izenak, ezagunak izateko, baña nola Jangoikoa bakarra dan, ez du izen bearrik. Onela eranzun zion San Atalo martiriak fedegabeko agintariari galdetu zionean, nola deritza zure Jangoikoari? Orobat agindu zionean Jangoikoak Moises bere serbitzari andiari joateko Ijituko errege Faraonen aurrera, ta bai Israeltar an bizi ziradenetera, zer izen dezula esango diet galdetzen badiae esan zion Moisesek? Eranzungo diezu, esan zion Jangoikoak, Danak edo izatea duenak, bialdu nau zuek gana. Ni naiz naizana. Etzien bada berezko izenik artu. Jentilak eman zizten izen asko beren Jangoiko asmatu, edo begitanduei. Esaten duenean gure Jangoikoak, bera dala dana, esan nai du bera bakarrik dala bere izatea berez duena; len, orain, gero ta beti esan dezakeana, ni naiz naizana. Beste gauza guziak ez dute berenezko izaterik, ta bai izate berezkoa duenak emana edo eraatsia, zeñek eman dien bezain erraz kenduko likie, nai balu.
G. Ori orrela bada, edo Jangoikoak beretzat izenik artu ezpazuen, nola agintzen digu ez dezagula utsean artu bere izena?
E. Itz oetan agintzen digu Jaunak ez dezagula ofenditu bera iñolaere itzez. Lenengo mandamentuan eskatu zizkigun bera onratzeko gure gogo, edo biotz osoa, ta egitada onak, ez onratuaz imajina bidegabeak; ta bigarren mandamentuan eskatzen digu onra dezagula edo adoratu gere itz onakin.
G. Jangoikoak beretzat izenik artu ezpazuen ere, etzioen eman gizonak izenik?
E. Bai, Hebreoak, zeintzuek zuten Jangoikoaren ezaguera, deitu zien Jehovahren izenarekin, ta izen oni anbat lotsa gordetzen zioen, zein da aizartzen edo atrebitzen etziran aoan artu edo erabiltzera. Irakurtzen ziranean izen au zeukaten libruak, etzuten aitatzen izena bera, ta bera aditzeko esaten zuten: lau letra dituenak dio, esan ordean Jehovahk dio. Bakarrik apaizak artu zezaketen aoan, ta ez ori, nola nai baizik elizjanziekin zeudenean; ta apaizak ala aitatzen edo izendatzen zutenean, aurrean zegoan jende guzia auspaztzen zan; onelakoa zan izen santu onen itzala, ta gordetzen zitzaion lotsa. Zein gauza lotsagarria Kristauentzat! Nolako bidegabe, edo injuria egingo ez dioe bere izen santua gaizki darabiltenak gezurrezko juramentuetan?
G. Noiz berriz eman zioen euskaldunak Jangoikoari izen au?
E. Galdetze ederra. Baña nork jakin noizkoa dan? Bear bada euskara bera bezain anziñakoa; esan nai det, Babelgo Torrea egiten ari ziranetik Noeren ondorengoak. Euskera ordukoa dala sinistzeko daude arrazoi asko Eleiz-doktriñarako egokiak ez diranak. Denpora artan gizon guziak zuten Jangoiko egiazkoaren ezagutza. Beraz nola edo ala adierazo bear zuten, ta euskara iraastean tokatu zitzaien Tubalen familiakoak, zein ziran euskaldunen asabak, artu zezaketen Jaungoikoaren izena. Dan bezela dala, anziñakoa, egoki ta ederr da izen au, ta beste itzkuntza guk ezagutzen ditugunena baño ederragoa, Jehovah Hebreoena alderatu ezkero. Jaungoikoak esan nai du, goietan, edo Zeruetan dagoan Jauna. Onela esaten zuen Dabidek Qui habitat in coelis irridebit eos. Zeruetan bizi danak, edo Jaun goikoak farre ta burlak egingo die gaiztoai. Iñon ere obeto ez du agertzen bere Jauntasuna, nola Zeruan. Beraz euskaldunak eman dioen izen Jaun-goikoarena da txit eder ta asko esan nai duena. Ala ere ez da izen, esan oi dan bezela, proprio edo beretsua, nola etzan esatea Jangoikoak beragatik, ni naiz naizana, nola ez dan Karlos laugarrenarentzat esatea Españako Jauna. Guk esaten badegu ere Jaungoikoa ez diogu Goietako Jaun oni beste izenik ematen eta egia esateko Theologoak diotenez, Jangoikoak ez du izen bear bezelakorik; nomen Dei est ineffabile. San Agustin Elizako Irakasla andiak dio, anziñako edo lenbiziko Españarrak ( eta ziran guziak orduan euskaldunak) ezagutzen zuteela Jaungoiko bakar gauza guzien egillea, korputzgabea, iraupen betikoa, gure asiera, ta ona. Gerora Españarrak jende arrotz ta erbestekoen sarreraz, ta erakastez sartu ziran idoloak adoratzen; baña Kantabroak zeriztenak, erri orain euskaldunak diran guziak, ta orduan euskerari eutsi zienak, adoratzen zuten Jaun-goiko bakar anziñako Españarrak ekarri ta ezagutu zuteena, ta etzien ematen izen berekoi edo propriorik, ta Athenastarrak bezela adoratzen zuten izen gabeko Jangoiko bat, baña ez aiek bezala beste Jangoiko palsoekin naas. Eta Jangoiko izen gabeko ura, esan zien San Pablok, zala Jangoiko egiazko berak erakatsi edo predikatzen ziena. Onela gure Euskalerrietan beti ezagutu da egiazko Jaun-goiko bakar gauza guzien egilla, ta asiera. Ala bada badegu zerekin adirazo Jangoiko bear bezelako izenik izan ezin dezakeana. Ez da alperra au jakitea kristau euskaldunentzat bigarren mandamentuaren esplikazioa obeto aditzeko.
G. Ori ondo da, baña jakin nai nuke nola onratzen dan Jangoikoaren izena,
E. Aitatuaz, ez edo nola, ta bai debozioz, gauza onean, lotsa andiarekin, ta izen santu onen amore edo oniritziz.
G. Zer esan nai du aitatzeak debozioz?
E. Esan nai du, aitatzera goazenean egin bear dogula biotzaren jasokera edo altxatze bat, ta aitatzean, gogoan ta gogoz eduki bear degula.
Emendik dator uts egiten dutela kristau askok Jangoikoaren izen itzaltsu ta ain beneragarria aoan darabiltenak edonoiz, alperrik, utsean, ta ezeri ez dagokiola, gora ta bera itz bakoitzean bezela, aserre ta alegre diranean. Ez dezu beti aoan erabilli bear Jaunaren Izena, dio Espiritu Santuak. Zergatik ez? Izan diteke bere izena baño izen ederragorik? Ez; baña bera gatik, bakan erabilli bear da aoan. Soñoko edo jaunzi txit eder ta balio andikoak ez dira edo-noizko; dira jai andietarako; ez astegun ta leku guzietan erabiltzeko. Ala bada Jangoikoaren izena aitatu bear da debozio aldietan, gauza onetarako, ta biotz lotsa santuz betearekin. Agiraka, atralaku, iskanbillaz dabiltzala, arpegi su, aserrezkoz betearekin enzungo diezu askori, Jangoikoak naibadu pagatuko didak. Beste batzuek edozein berriketa, ipui kontatze, ta itzkera parregarrietan aitatzen dute Jangoikoaren izena. Ez da au lotsa gordetzea. Aserre aldiren bat badator, ta aitatzen badegu Jangoikoaren izena biotza paketzeko, umiltasuna eskatzeko, ta gogo onez, txit ondo egiña <...>. Oro bat Deabru edo aragiaren tentazio aldietan esatea nere Jangoiko maitea, nere Jesus ona lagun zakizkit estura onetan. Onelako ordu ta gauza onerako aitatzea, da izen santua onratzea; baña bestelako aldi askotan, gauza gaiztorako ta gezurrez ezpada ere, ta bai alperrik, da pekatu beniala, lotsarik gordetzen ez diogulako, edo eman ez bear duen estimaziorik izen ikaragarri ta santuari.
Berriz, egiten dute bekatu mortala Jangoikoaren edo Jesusen izen, Eskritura Santako, ta Elizako itzakin baliatzen diranak superstizioak diran gauzeetarako, nola dan bidegabeko osasuna billatzeko. Ala bada gaixoak osatu nai dituztenak Kurutzea oker eginda, orazio berez ona oker esanda, edo izen santuekin alkartzen dituztenak zeremonia bidegabeak, laguntzen dira, berak igarri gabe, Deabruarekin desonratzeko Jangoikoaren izena. Obeago, edo gaitz gutxiago litzake Infernuko etsai, naiz Mahomaren izena mauroak bezela aitatzea gaixoak osatzeko, Jangoikoaren, Jesusen, edo Santuen izenak aitatzea baño superstizioko zeremoniak laguntzen dienean. Zoazte gero billatzera atso, agure, edo gizon zatarra beren bedeinkazio ta zeremonia bidegabeakin osa zaitzen itz onak esaten dituztelako aitzakia, edo esesioarekin.
Egiten ere dute bekatu mortal itsusi bat Jangoikoari eskatzen dienak gauza gaizto ezagunen bat, nola dan etsaiaren kastigu bendekuzkoa. Badira bai, nork sinis lezake! ematen dutenak zerbait, Santuren baten imajinari argi egiteko, edo argia ipintzen dienak, kastiguren bat iristeko etsaiarentzat. O pekatu andia! Santuak billatzea berez gauza on diranakin, biotzeko gaizki nai edo gorrotoari lagundu diozen. Au da Santuak desonratzea ta armatzea eskale gaiztoaren kontra.
Badira bai mutil zoratu batzuek ematen dioenak neskatxen bati amore gaiztoz, kariño aragizkoz, edo bekatura erakartzeko Errosarioren bat, edo zidarrezko kurutzea. Non da oen fedea? Gauza santuakin baliatu animak galtzeko? Noraino elduko ez da bekatu naia edo Pasio txarra?
G. Nork ere darabill gaizki Jangoikoaren izen santua?
E. Blasfemiako itzak esaten dituztenak.
G. Zer da blasfemia?
E. Da, Thologoen Maisu nagusi Santo Thomasek dionez, Jangoikoaren kontra atera edo esaten dan ezauerako itz astun edo desonragarriren bat. Santuen kontra, esaten dana ere da Jangoikoaren kontra esatea.
G. Zenbat modu edo gisakoa izan diteke blasfemia?
E. Iru gisakoa dio San Buenabenturak; lenengoa, egozten zaionean Jangoikoari ez dana; nola dan esatea dala arduragabea, zuzentasun edo justizia gabea; bigarrena, ukatzen zaionean dana, edo duena; nola dan esatea, ez duela gure kontu edo probidenziarik; irugarrena, ematen zaionean kreaturaren bati Jangoikoari bakarrik dagokiona, nola litzakean esatea Deabruak dakiala Jangoikoak beste, urlia emakume Ama Birjiña bezain garbia dala.
G. Blasfemiako bekatua, zer pekatu da?
E. Beti da mortala ezaguera ta borondate osoz esaten bada. Egiten dute bada bekatu au premia, edo pobrezak estuturik ta ekusirik beste askoren zoriona, erneguz esaten dutenak, Jangoikoak ez duela zuzentasunik, ez dala bear litzakean bezalakoa, ez duela ondo egiten batzuei geiegi, ta besteai gutxiegi emanaz, eta onelako itz Jangoikoaren desonragarriak. Atozte ona jende zoratuak; uste dezute Jangoikoak arrazoi zuzen gabe egin dituela, Aberatsak, ta pobreak? Ez dala ondo egiña batzuei ematea osasun osoa, ta besteai gaitz betikoa bezala? Nor zera zu, gizon itxutua, aztertzeko Jangoikoaren bide ezkutukoak! Aberatsak dauzkatzuz zorionekotzat; ordea salbatzeko, Kristok dionez, ez da era ona aberats izatea; da gauza gaitza ez lotzea biotza arantzen izena ematen dien ondasun soil ta galkorretan; gauza gaitz da bear beste limosna egitea ta au ez egiña gatik kondenatzen dira asko. Egin ditu batzuek ondasundun edo aberatsak; baña irabazi dezen Zerua pobreai lagunduz, ta onegiñez. Nola bait Santuak diotenez, egin ditu ondasunen zailla edo administratzalle, ez jabe, beren eskuetatik igarotzeko premia dutenetara oek bear dutena janzian ta janean. Au egitea erraz ez da beraz ere ez salbatzea aberats izanda; Egin ditu pobreak, munduan biotza itxatsi edo etzigi ez dedin; pazienzia andi batekin Zerua irabazi dezaten; ta bestetik, billatzen badute lenen Zeruetako Reinoa, au da gordetzen badituzte bere esanak, eskintzen die laguntasuna premia lurrekoetan. Txoritxoak baño urreragokoak gaitu Aita Zerukoak; txoriai ematen die jana ta jaunzi ederra. Ibar-zelaiak apaintzen ditu lora ederrez. Eta gere Aita Zerukoak largako gaitu gu? Aita gurea erakatsi zigun Kristok, ta orazio ezin obeago onetan, nola eskatu egunoro ogia; ukatuko ote liguke guk eskatuko bagiño fede sendo, ta anima garbiarekin? Ez mantendu gu Aita Zeruko maitagarriak, bagiña seme edo alaba onak beraganako, edo maite bagenu? Aztertzen bada ondo konzienzia, arkituko dute pobreza andian bizi diran askok, Jangoikoaren laguntza ez ezagutzea datorrela bizitza txaarretik; eskatzen ez dutelako bear bezala, biraoka ta araoka jarduten dutelako premia orduetan, lapurretara ematen diralako ta bai bizi ere Jangoikoarekin konturik egin gabe. Eta gero zorroztu mingañak Jangoikoaren kontra suge batek eztena bezela min ematen dionaren kontra. Zer gertatzen da gero? Daramate emen Infernu zati bat, bizitza gozo gabe ta ernegaria, ta ill ondoan Infernu oso ta betikoa, non egongo diran blasfematzen sekula guzietan biziko dan Jangoikoa. Zenbat sartzen dira ezkontzako sakramentu santuan ezkondu baño leenago pekatu askorekin beren animak zikindurik ta penitenzia egiazko gabe? Zer itxaron dezakete onelakoak jentil batzuen gisan ezkondu badira Jangoikoaren beldur gabe? Emendik anbat etxe zorigaiztoko, non enzuten ez dan alkarren arteko errierta, birao, ta gaizki esatea baño. Emendik bizi izatea pobreza edo premian, zorpeturik, soroak agortzea, prutuak urritzea. Emendik gero Jangoikoaren kontra itz egitea, ezagutu bearrean beren bizitza gaiztoak ematen dituela bideak anbeste esturaldi, edo miseria idukitzeko. Egiten ezpadute penitenzia egiazkoa, garbitzen ezpadituzte animak bizitza gaizto guziko Konfesio oso ta damuzko batekin, iraungo du pobrezak, ernegazioak, pakerik ezak. Jangoikoak bidaltzen badu osti andi batekin arri soroen kaltegarria, galtzen badira gari edo artoak sikatze, edo euritza larregiarekin, adoratu bearrean Jangoikoaren esku kastigatzen gaituena, gure pekatuen penitenzia egiteko bidaldu duena, guzia da esatea ez duela probidenziarik; edo beste birao onen gisakoak, edo Infernuko etsaiai dearka egotea. O bizitza infernuko irudikoa! Non jaiki da odei belz bazterrak galdu dituena? Begira zenbat bekatu gisa errietan! Zenbat logreria edo bidegabeko artu eman, edo irabazte! Zenbat nasaitasun itzetan! Zenbat lujuria usai! O negargarrizko itxumena! Jangoikoak ematen baditu urte ugari, edo frutu askokoak, geitzen dituzte bekatuak eskerrak eman bearrean. Zenbat itzketa ero ta zatar soro edo basoetan? Nolako askatutasun edo libertade txaarrak galjaiteetan?... Dator urte estua? Lapurreriak, biraoak ta Jangoikoaren kontrako zer esanak. Eta zer dio Jangoikoari bere izen santua desonratua gatik? Zer onera aterako dezu bildu baño zure gañera bere aserre geiagoa? Presondegi gogorretan katea lodiakin, gose dirala ta kirats artean juezak ipiñi dituen gaiztagiñak, zorroztzen dituzte mingañak agintariaren kontra; ematen badu berriz eriotzako epai edo sentenzia, jakitun egin dutenean, nolako biraoak ta itz astunak juez zuzenaren kontra? Onek parre bezela egiten die alako gaiztagiñen marmario edo gaizki esateai. Urkamenditik gordeko ez dira biraoakin. Ala bada dira batzuek Jangoiko juez zuzenak kastigatzen dituenean.
Badira beste batzuek jokora emanak, galdu dutenean diru zatiren bat erneguz ta bendekuz ostikoka zoratuen gisan askatzen diranak Jangoikoaren kontra, zeñek eragozten dion jokatze bidegabe, edo geiegia.
Da ere blasfemiako bekatua esatea, Jangoikoak damu duela egingo det au, edo bestea. Orobat esatea, ernegatzen det Kristoz, edo Jangoikoaz. Ez da Jangoikoa nizaz oroitzen, ez du nere konturik jaio ezpanintz baño geiago; kastigatzen nau, merezi dedan baño geiago.
G. Zenbat gisakoak dira blasfemiak, esan diranez gañetik?
E. Bi gisakoak; batzuek dakartenak berekin herejiako bekatua; besteak, herejia gabeak.
G. Zein dira herejia dakartenak?
E. Dira fedeko gauzaren bat ukatzen dutenak; nola diran esatea, ez duela Jangoikoak Probidenziarik, ez dala zuzena, errukiorra, ta ongiña; ta guzien burukoa, esatea ez dagoala Jangoikorik. Onelako blasfemiatzarrak esaten badira ezaueraz, ta ala dalako siñistearekin, dira herejia osoak, ta salatu bear dira esanlak Inkisiziora, ta galdetu leenago gizon ixil, ta jakitun bati zer enzun duen.
Ote dira blasfemiak itz oek, barkatuko ezin dizkidaz niri Jangoikoak anbeste bekatu, salbatuko ezin nau; nere bekatuak andiagoak dira barkazioa merezitzeko baño? Ala esan zuen Kain gaiztoak. Berenez bada dira blasfemiako itzak; ordea batzuetan esan oi dituzte anima on ta beldurtiegiak ere deabruaren tentazio estuetan. Onelakoak badakite barkatu ditzakeala Jangoikoak, ta geiago esaten dituzte pintatzeko beren bekatuen anditasun ta askotasuna, Jangoikoari injuria egiteko baño. Ala ere, ez da ondo egiña ala itz egitea. Badira Kain ta Judasen gisako gaizto batzuek ernegazioz ta ondu nai ezez esaten dituztenak, ta ala bizi dira emanik edozein bekatu egitera. Oentzat dira blasfemiak. Badira ere ez gutxi beste bidetik uts egiten dutenak, esaten dutela, Jangoikoak ez du Zerua lastoz betetzeko egin, eroak ta sinpleak kondenatzen dira, kristauentzat egin zan Zerua, ez du mugarik bere ontasun ta errukitasunak. Onelako itzakin egiari okerrera joerazitzen dioe, ta jira ta bira esan nai dute, ez dagoala bizi baño nasairo, ta Jangoikoaren miserikordia utsarekin salbatuko dirala egitada edo obra on gabe. Itzen azalean blasfemia ezagunik ezpadago ere, bai usaia, esaten diran asmo edo intenzio gaiztoagatik.
G. Ondo ote da esatea gauzaren bat siniserazitzeko, Jangoikoa dan bezela, Jangoikoa Zeruan dagoan bezala, gaur esan dan Ebanjelioa bezain egia da?
E. Dira itz gaizki esanak, ta Jangoikoaren desonragarriak. Zer du zer ekusi Jangoikoaren izateak, Zeruan egoteak, ta Ebanjelioko egiaztasunak lurreko beste egia usteakin? Zenbat bider utsegiten dute egiaztzat dauzkeen gauzeetan? Badakit askok esaten dituztela asmo gaizto gabe, ta diotela, egia zuzena dala siniserazotzeko gogoz; ordea gorde bear gera onelako konparazio edo berdintzak egitetik. Fedeko egiak ta bestelakoak ez dute berdintzarik. Egia esan bear da, ez da euskal-errietan erdaldunetan beste blasfemia; ta euskerak ez ditu berez itzkuntza blasfemiagarriak beste erdarak bezela; ala ere euskarari indar eginda enzuten ditugu noiz edo berriz gaizto batzuen ezpañetatik.
G. Blasfemiako bekatu ezaueraz esana bekatu andia ote da?
E. Ona zer dion San Jeronimok: edozein bekatu txikiagoa da blasfemiakoa baño; eta ona Santo Thomas Irakasla andiak dakarren argibide edo arrazoia: Korputzeko gaitzetan da peligrosoena biotzera geien urreratzen dana, emen dagoalako bizitzako iturburua; ala ere bada Jangoikoari urren ikutzen zaion bekatua edo ofensak, izan bear du eskergeena edo astunena. Orain bada blasfemiako bekatua zuzentzen da artez artez Jangoikoagana, ikutzen dio bere Persona Jangoikozkoan. Errege bati bere arpegian esatea itz astun bat, zenbat andiagoa da bere bitarteko edo ministroren bati esatea baño? Zenbat gaiztoago bere agindu edo ordenaren bat ez gordetzea baño? Bada blasfematzalleak esaten du itz gaizto edo astuna Jangoiko beraren kontra. Argatik da bekatu itsusi, belz, ta beste guzien aztugarria bezela. Aldean darabilte alakoak Infernuko sillu, edo marka. Zoriogaiztoko kondenatuak amorruz ta erneguz gaizki esaten dute beti; beti biziko dan Jangoiko zuzenaren kontra madarikatzen dute bere izen santua; Zerukoak emango dizten bedeikazio edo alabanza aspertu gabeak, edo beti iraungo dutenak.
G. Beraz kastigatua izango da portizki blasfematzallea?
E. Bai, ta munduan merezi izan dituen kastigoetatik atera dezakegu, zer itxaraten (sic) dion beste munduan. San Luis Franziako Erregeak jakin zuen bein Jaun andi batek esan zuela itz txaar bat Jangoikoaren desonragarria. Agindu zuen ezarri edo iraatxi zegiotela aoan erradura bat zaldiari oñetan bezela iltzeak josirik aragi bizian. Jarri ziran bitarteko edo enpeñu andiak atzeratzeko errege santua sentenzia gogorra zirudian artatik. Baña alperrik. Ez, eranzun zien: nere injuria baño izan ezpalitza, barkatuko nion. Baña gizon bat jaiki Jangoikoaren kontra itz egitera ta utzi nik kastigo latz gabe? Ez orrelakorik; kastigo laburra da nik ematen diodana. Ezagutu dezala bere pekatu andia oñaza gogorren artean. Españako legeak ere kastigo andiak ipiñirik dauzkeez blasfemia ezarten dutenen kontra. Nork esan berriz, Jangoikoak egin dituen kastigoak blasfematzalleakin? Baña utzirik asko ta asko aitatu gabe, ona Eskritura Santako egia garbiak. Erabakirik zedukan Jangoikoak, Moisesen bidez eman zuen Legean, sentenzia au: Jaunaren izena desonratzen duena blasfemia, edo itz gaiztoz illko dute arrika errikoak. Ona gertaera bat. Gizon gazte batek egotzi zuen blasfemia bat. Sartu zuten laster katigutegi edo karzelan. Galdetu zion Moisesek Jangoikoari: Jauna, zer egin bear degu mutil gaizto onekin? Eranzun zion: atera ezazute kanpora, ta ill dezatela arrika arria jaso al duten guziak. Ala egin zan. Jesu Kristoren Legean, edo Ebanjelioan ez dira ipiñi onelako kastigo eriotzakoak. Eliza biguñ dabil alde onetatik. Ordea ona nolako penitenzia ematen zan orain baño blasfematzalle gutxiago zegoan denporetan. Esaten duenak itzen bat Jangoiko, Ama Birjiña, edo Santuren baten desonragarria, egongo da agirian eliz atarian zazpi igandeetan, ta azkenekoan oin utsik, estalgarri gabe, ta lepotik soka bat duela. Beste zazpi ostiraletan egingo ditu ur, ta ogi utseko baraurrak; ez dioe emango denbora orretan sarrerarik elizan; zazpi igande esan diranetan mantenduko ditu iru pobre, edo bi, edo bat bederik al badu, ta ezin badu, emango zaio beste penitenziarik orren ordean, ta nai ezpadu artu, itxiko zaizka eliz-ateak, eta onela iltzen bada, etzaio emango lurrik leku bedeikatuan. Senakerib erregea nola kastigatu zuen Jangoikoak bere blasfemiatzarrak gatik? Jetsi zan zerutik Aingeru bat, ta gau batean ill ziozkan bere ejerzito andiko eun ta larogeta bost milla soldadu, ta andik laster errege bera ere ill zuen bere seme batek. Eta nola kastigatuko ditu Jaunak Infernuko leizan? Ai! egiten ezpada penitenzia mugonez, zuzen konfesatu ta bizitza berri bat arturik. Ala egin dezatela bekatu itsusi onetan erori diranak. Bai arren, bai.
|
|