|
ERAKASTE III.
Gauza beraren gañean
Ego Dominus Deus tuus.
Zeren gañean izango da gaurko doktriña, edo erakaspena?
Gauza txit bear baten gañean, ta da agertzea zer agindu, ta zer eragozten duen Jangoikoak lenengo bere Mandamentuari dagozkion itz oetan. Ni naiz ijitu ta katiguko etxetik atera zaituen Jauna; ez dezu idukiko Jangoiko arrotzik; edo bakarrik artuko nazu zure Jangoikotzat, ta ez asmatu, ez adoratu beste jende itxu askok bezela Jangoiko berri, ta ez diranak. Ez diozu ezeri idolo edo imajiñarik egingo, ez zeruan, ez lurrean, ez itxasoan arkitzen dan gauzari; ez dituzu kreaturak honratu, edo adoratuko.
Ori onela bada, gaizki egiten dute kristauak Jangoikoaren, Jesu Kristo, Ama Birjina, ta Santuen itxura, irudi, edo imajiñak egin ta onratzeaz, bada dirudi eragozten duela Jangoikoak.
Ez dituzu itz aiek gaizki aitu bear, baizik Elizak aitzen dituen bezela. Agintzen du bada Jangoikoak bera bakarrik onratzeko; bera adoratu, ta bera amatzeko, ta ez beste Jangoikorik, eztalako bera baño besterik. Jangoikoak bere jendeari eman zionean agindu au, baziran lurrean Erreinu ta bazter asko, non onratzen ziran Jangoiko asmatu, begitandu, ta gezurrezkoak. Egiten zituzten urrezko ta zillarrezko imajiña edo idoloak. Batzuetan itz egiten zuten infernuko gaizkiñak idolo aien barrenetik, edo Sazerdote diruzaleak egiten zituzten milla asmo, ezkutuetatik itz eginda, siñis erazitzeko jende eroai beren Jangoikoak itz egiten ziela, ta eranzun galdetzen zituzten gauzai. Batzuek adoratzen zuten Jangoikotzat eguzkia, beste batzuek illargia; baziran suge, dragoi ta gizon ill ziran gaiztoai beldurrez bezela egiten ziztenak idoloak Jangoikotzat arturik. Guziak, arrazoiko argiarekin ezagutzen zuten bazala Jangoiko edo gauza guzien Jaunen bat, ta nola etzekiten nor zan, asmatzen zuten, batzuek bat ta besteak beste bat. Arritzeko itxumena! Fedeak argitu ez dituen jenderik geien geienak, egiazko Jangoiko bakarra ezagutu gabe, asmatu dituzte milla Jangoiko gezurrezko. Israeltarrak berak, Jangoiko egiazkoaren ezauera ta berri andiak izanik, ekusiezkero milagro asko, ta mandamentuak enzunik Jangoikoaren aotik, ekusi ziran idisko baten itxura bat egin ta adoratzen Jangoikotzat. Gure Euskalerrian, Jesu Kristo etorri baño lenago ere, etzuten ezagutzen idolorik, ez Jangoiko askorik, ta bai bat bakarra ta izengabea. Athenasko jakitunen artera joan zanean San Pablo, arkitu zituen idolo ta Jangoiko palsoak, baita bai nola onratzen zuten Jangoiko ez ezagun, edo izen gabeko bat, ta esan zien uraxe zala berak predikatzen zuen Jangoiko egiazkoa, ta besteak utsak, ta gezurrezkoak zirala. Baña gure anziñako aasaba edo guraso euskaldunak etzuten ezagutzen bat baño, zeñen izenik etzekiten, ta gero ederki eman zioen Jaun goikoaren izena, zerren Zerua da bere egotegi argiro ekusten ematen dana; ezta ere inoiz galdu Jangoikoaren ezauera au, ez herejiarik sartu, Jesu Kristoren fedea sartu ezkero. Zein nazio edo jendek mundu guzian konta dezake mirari au? Israeltarrak anbeste Profeta erakatsien artean, anbeste milagro ekusi ezkero, biurtu ziran sarri idoloak adoratzera Jangoikoa largata, ta euskaldun basoen artekoak Profeta edo Irakasle gabe, milagrorik, dakigunez, ekusi gabe iduki zuten Jangoiko bakar baten ezaguera, ta eskeñi ere bai honratzeko gauzaren batzuek. Erromatar ain jakitunak jabetu ziran gure Españaz Kristo etorri baño zerbait leenago; adoratzen zituzten Jangoiko txatar asko, jaso elizak, egin idoloak, ta España guzia sartu beren engañu ta gezurretan. Baña ez inoiz Euskalerri au. Emen iraun zuten len bezela ezagutzen Jangoiko bakar izengabekoa. Jesu Kristoren Fedea sartu ezkero etorri ziran Godo herejeak, jaubetu Españaz, zabaldu zuten Arrioen herejia. Baña ez gure Euskalerrian. Beti oek sendo Jesusen doktrina garbian. Zazpireun urtean egon zan Españarik geiena Mauru gaiztoen mendean, baña etzien sarrerarik eman berai, ez beren Profeta falso Mahomari euskaldun on ta leialak, ta leenago utziko zituzten ezpata artean beren bizitzak, Kristori traizio egin baño. O milla esker Jangoikoari emateko gauza miragarrizkoa! Nik ez dakit izango geran gu ain sendoak fede santuan, arkitzen bagera aiek bezelako peligroetan. Beintzat enzun dira itz ez onak igaro dan Franziako gerran. Tratatuak izan dira Sazerdoteak itz astunekin; amarrenak pagatzeko atzerapenak agertu dira batzuen aoan; ta ez dakit zer gertatuko zan Jangoikoak ebaki ezpalu etsaiak luzaroago egotea gure artean. Nai izan det berri au eman etzekiten euskaldunei, ezagu dezaten nolako gurasoen umeak diran. Goazen orain utzi genduan gauzara. Eragotzi zien bada Jangoikoak israeltarrai jarraitzea beste jendeen oitura gaiztoa, zeña zan adoratzea beste Jangoiko asmatuak, ta egitea idoloak lurreko, zeruko ta itxasoko gauzai. Zeruko kreaturen izenean aditzen dira eguzkia, illargia, izarrak; lurrekoen izenean naiz gizon naiz beste gauzak, ta itxasoarenean, arraiak. Baña ez du inoiz eragotzi Jangoikoak bere itxura, Aingeru, ta beste Santuenak egitea, honratzen bada bakoitza bear dan bezela gero ekusiko degun gisan.
G. Baña nola ez da idolatriako bekatua onratzea imajinak? Oek edo pinturaz egiñak, edo zur, zillar, urre edo bestelako gaiak dira. Zer eman dezakete, zer enzun, zer ekusi, begiak iduki ta ezer ezpadakuste, belarriak iduki, ta ezer enzuten ezpadute?
E. Galdetze onek ematen dit bidea erakasteko zer honratzen dan Santuen imajiñetan. Ongi dio Erromako Doktrinak, ez dala pintatzen inoiz Jangoikotasuna, baizikan Jangoikoaren perfekzio, edo propiedaderen bat. Pintatzen da Aita Eternoa Isaias Profetak ekusi zuen bezela Trono batean eseririk gizon zaar baten irudian. Zergatik ala? Adierazteko bere anzinakotasuna, bere betikotasuna, ta nola iñorgandik ez duen bere izatea. Onratzen da Espiritu Santua uso zuri baten itxuran, ala agertu zalako Jesu Kristoren gañean, ta usoaren kondizioetatik adierazteko Espiritu Santuaren propriedade (sic) batzuek. Aita Eternoa gizona ez da, ez du gaztetze, ez zaartzarik, ez korputzik. Espiritu Santua ere usoa ez da, korputz itxurakoa ere ez. Baña gure argaltasunak, mundu onetan gauden artean, ezin Jangoikoa ekusi lezake dan bezela; ta argatik bear ditu estalki, ta figuraren batzuek. Orain ekusten degu estalgarri, edo itxurapenekin, baña gero Zeruan arpegiz arpegi, edo dan bezela, dio San Pablo Apostoluak. I. Cor. 13. 12.
Berriz errazago aditu liteke txit ongi egiña dala onratzea Jesu Kristo, Ama Birjiña, ta Santu edo Santaen imajiñak; zeren iduki zituzten mundu onetan egiazko korputzak, ta badituzte gaur ere Kristo ta bere Amak Zeruan. Elizako lenbiziko urteetan asi zan usario edo oitura au. Zeruko Aingeruak izan ziran Zaragozako errira ekarri zutenak, berak egindado Ama Birjiñaren imajiña gaur ere dirauana, ta zeñen debozioak ekarri diozkan erri ari ta España guziari anbat mesede. Eskribitu edo itz egin bear banu herejeai siniserazitzeko doktriña au, ekarriko nituzke argibide asko egi onen alde, au da, Eleizako denpora guzietan onratuak izan dirala Kristoren, Ama Birjiñaren, ta Santuen pintura, itxura edo imajiñak. Nork esan berriz, zenbat mirari egin dituen Jangoikoak Santuei ematen zaien onragatik imajiñen bidez?
G. Beraz onera edo probetxo andiko gauza da onratzea imajiña santuak?
E. Nola ere dan, Eliza Ama Santak nai du bere semeak ikasi ta gogora sarri ekarri ditzeen imajiña edo pintura onen bidez lege anziñako, ta berriko gertaerak, obeto onratzeko Jangoikoa. Zenbat gauza miragarri adirazo zizten Espiritu Santuak Profetai onelako estalki edo imajiñen bidez? Zer esan nai du deitzea edo ematea Jangoikoari Judako Leoiaren izena, baizikan adirazteko bere Altasun edo Podere guzien gañekoa? Ekusten danean Jesu Kristo bildots baten irudi, edo itxuraz, nork gogoratuko ez ditu bere humiltasun, otzantasun, ta espirituko biguntasuna? Ekusten degunean Kristo bera Arzai baten soñokoaz, aditzen degu bere erruki ta ontasun neurrigabea. Beste batzuetan pintatzen da Kristo munduan ekusi ta agertu zan itxurarekin, edo pilare bati lotuta azotez ebakirik, edo Kurutzea lepoan duela, edo Kruzifikatua bezela. Zein kristau da onelako imajiña, edo irudiakin bigunduko ez dana? Zenbat Santuk beren besoetan artu, laztandu, ta bustitzen etzituzten malko goriz Jesus Kruzifikatuaren imajiñak? Zenbat bekatari gogorrak irten dute Magdalenak bezela jiratuak, negarrekin bustirik Jesus Kurutzetuaren imajiñen oñak? Nork adirazo denpora laburrean zenbat debozio gozo, ta asegiñakin irten duten kristau askok, Loreto, ta Pilareko Ama Birjiñaren imajiñen aurretik? Zenbat eri edo gaixo osatu dira, zenbat beste mirari ekusi imajiña santuen bitartez Jangoikoak egiñak? Zer? Lurreko errege, ta izen andiko gizonak onratzeko egiten dira beren imajiña edo pinturak, eta ez dira egin bear gure Redentore, Jesu Kristo, bere Ama maite, ta serbitzari on, edo Santuenak? Bai, kristauak, au da Elizako doktriña Santuak jarraitu ta erakatsi dutena, ta onek izan bear du gure jarraibidea.
G. Ala ere jakin nai nuke nola onratu bear dan Jesu Kristo, nola bere Ama, ta nola bere Serbitzari Santu Zeruan daudenak.
E. Doktriña bear bearra jakituria laburrakoentzat. Ona bada Eliza Ama Santak erakasten diguna Trentoko Konzilioan. Jesu Kristorekin Zeruan erregiñatzen dauden Santuak erregutzen dute gure premiak gatik, ta gauez on edo probetxagarria da gu zuzentzea berak gana eskatzeko beren laguntasuna, ta beren birtutez iristeko mesede ta grazia bear ditugunak Jesu Kristo gatik, zeña dan gure Salbagille, edo Redentorea. Onela bada gu zuzentzen gera Santuak gana, ez berak guri emateko bear ditugun laguntza, mesede ta graziak, baizik jarri ditezen enpeñu ta bitartekotzak Jangoikoarekin, zeñen adiskide maiteak diran, ta beren bitartez, ta Jesu Kristoren izenean alkantzatzeko bear ditugun gauzak. Ematen duena zuzen, ez da Santua, ta bere Jangoikoa, zeña dan grazia guzien iturburua, ta Jangoikoak emango duena ematen du bere Seme Jesu Kristoren izenean, edo bere amorez ta merezimentuak gatik. Ezin salbatuko gera Jesusen izen edo amorez baizik, dio San Pablok Santuak esaten dute Jangoikoak ematen du, Santuak berak enpeñutzat ipintzen duten Jesusen izena gatik. Ala bada Santuak gana gu zuzentzeak, ez du gutxitzen Jesu Kristo Jangoiko danari zor zaion lotsa, onra edo benerazioa ta bai nola bait geitu zeren obligatzen ditugu Santuak eskatzera Jesusen izenean ta onela onratzen dute izen santu au zeña gabe ezin ezer iritxi dezaketen. Zuzentzen geranean Santuak gana eskatzen diegu, erregutu dezatela gugatik, izan ditezela ta enpeñu, ta bitarteko; ordea zuzentzen geranean Aita Jangoiko bera gana, edo bere Semea dan Jesu Kristo gana, esaten degu: Jauna, errukitu zaite guzaz eman bekit salbazioa, edo grazia. Zeruko Santu, Santa, Aingeruak ez dute berenik ezer; guzia dute Jangoikoa gandik artua; onratzen dute adoratzen ta bedeinkatzen dute Jangoikoa, ta bildotsaren izena artutzen duen Kristo Sedenti in throno et Agno.
G. Eta zer ofizio egiten du Jesu Kristok gure alderako?
E. Nola Jesu Kristo dan Jangoiko, eta gizon, eman dezake berak, ta erregutu ere bai Aita Jangoikoari. Ala dio San Juanek, dala gure abogadu, edo bitartekoa Aita ganako, ta bitartekoa izate onek ez du eragozten berak ere ematea Aita Eternoak bezela, biak Jangoiko bakar bat izanik; ta Aitak, Jangoiko gizona dan Jesu Kristoren eskuetan ipini zituelako grazia ta gauza guziak. Sciens, quia omnia dedit ei Pater.
G. Baña nola honratu bear da Ama Birjiña, ta zer egin dezake guri laguntzeko?
E. Aditu ondo. Ama Birjiñari ematen zaion honra edo benerazioa da laburragoa bere Seme Jesu Kristori ematen dioguna baño; zerren Kristori zor diogun Jangoikoari dagokion adorazio oso ta onra betikoa, ta Ama Birjiña da Kreatura bat, Jangoikoak egiña, ta Jangoikoari bezelako adoraziorik zor etzaiona. Da gure bitartekoa, gu gatik erregutzen duena, ta aitortu zuena izan zituen grazia andiak artu zituela Jangoiko poderosoa gandik. Ordea zor zaio Aingeru ta beste Santu guziei baño onra andiagoa, ta iritxi dezake guretzat askoz geiago. Nola ori? Zuelako urtasun txit andia Jesu Kristorekin, zeñen Ama egiazkoa dan, ta San Agustinek dionez, Kristoren aragia dala Mariaren aragia, Ama dan aldetik. Caro Christi Caro Mariae. Ama Birjiñaren graziak dira Aingeru ta Santu guzienak baño andiagoak, ta maiteago du Kristok beste kreatura guziak baño. Beraz geiago egin dezake bere bitartetasunaz. Ori aditzen det orain, baña nola jakin lezakete Santuak gure premia? Nondik jakin eskatzen diegula?
Guk, ez dakigu argiro nondik dakizten; bai ordea ekusten, enzuten, ta jakiten dituztela. Jakin dezaketez lurreko gauzak, edo Jangoikoak ematen dien argiaren bidez, lurrean Profeta Santuak jakiten zituzten bezela, edo Aingeruak erakatsirik, edo berriak emanik, edo bai Jangoikoagan, ispillu argi, garbi ta eder batean bezela, ekusten dituztelako. Lurrean, erbeste negarrezko onetan, anbeste gauza miragarri etorkizun ere agertu bazien Santu askori, nola agertu ez Zerukoai lurrean igarotzen, ta igaroko diran gauzak?
G. Baña zertako onratzea Santuen erlikia, edo ezur ustelduak, edo erabilli zituzten soñokoak? Zer aterako degu debozio modu onekin?
E. Sarri askotan adirazo du Jangoikoak honra ditzagula Santuen relikia, ondokiñ edo enparauak. Zenbat mirari ekusi ez dira? Eliasen estalki edo kaparekin, zer egin etzuen Eliseok? Irakurri, San Agustin, ta San Anbrosioren libruak, ta oetan agertuko dira, zenbat gaixo osatu ta zenbat beste mirari egin dituen Jangoikoak Santuen ezur edo bestelako relikiakin. Elizako denpora guzietan onratuak izan dira ezur, len Espiritu Santuaren tenploko zatiak izan ziranak. Santuen ezurrak daude egun batean biztutzeko Zerurako. Zuen buruko illetxo bat ez da galduko, esan zien Kristok bere Apostoluei.
G. Eta mezako Sakrifizio santua nori eskintzen zaio?
E. Jangoiko ber berari, ez Santuei, ta bai oen memoria edo oroitzapena honratzeko. Izendatzen ditugu Santuak meza ematean, ta ala onratzen ditugu; ematen ere diozkaguz eskerrak bere serbitzari onak irabazi zituzten biktoriak gatik, zerren lagundu zien artarako bere grazia andiakin. Milla ta irureun urtera dijoa esaten zuala San Agustin andiak. Ez degu sinistu bear eskiñi edo ofrezitzen zateela Martiriai, beren obi edo sepulturen gañean meza emana gatik. Egiten degu ori onratzeko beren memoria edo gomutea; ezta eskintzen Purgatoriotik ateratzearren, bada martiriak ill ondoan Zerura dijoaz iñon gelditu gabe; eskintzen da bada onratzeko Jangoikoa Santuetan, ta oek eska dezaten gu gatik. Ona nola itz egiten duen Sazerdoteak mezako orduan: O Trinidade santua! Arzazu eskinsari au, zein ofrezitzen dizugun gure Jaun Jesu Kristoren Pasio, biztze, ta Zerura igo zuenaren onra ta oroigarrirako; beti garbi gelditu zan Maria zorionekoaren, Joan Bautista doatsuaren, San Pedro, San Pablo Apostolo, ta Santu guzien onran, oen onrako dana, izan didin (sic) gure salbaziorako, ta guk oroitzen ditugunak, erregu dezaten gu gatik. Ez da itz ederragorik aitutzeko Elizako doktriñaren garbitasuna. Eskintzen dana da Jesu Kristo ber bera; eskintzen zaio bere Aitari, ta eskintzen da onratzeko Santuak; ta oek eska dezen Jesu Kristo eskintzen danaren izenean.
G. Baña zergati Elizak onratzen ditu Santuak, zergatik ipiñi beren imajiñak aldaretan, ta zergatik zelebratu beren jaiak, edo Zerurako jaiot-eguna?
E. O nolako galdetze ederra! Baña gutxik ezagutzen duena. Onratzen dira bada jaiakin Santuak beren birtuteak guk gogoan arturik, egin ditzagun berak egiten zituzten gauza onak, beren oñatsetatik (sic) ibilli, ta eldu gaitezen, elduziran betiko Gloriara. Ez dute Santuak gure onraren bearrik, guk bai beren eskarien eskari oek zuzendu bear dira geien, alkantzeko grazia salbatuko gaituena. Animako premiak dira leenengo eska gaiak, ta korputzekorik ere eskatu bear etzaie gure animaren kalterako izango bada. Eskatzen zaizte osasuna, onrarekin irtetea aldi batzuetan. Ordea, zenbat alditan obeago da animarentzat gaitza, ta desonra? Euria bearbada, edo eguraldi ona, egiten dira Prozesioak. Ondo egiña da. Baña zein gutxi diran animako euri bear edo grazia gatik eskatzen ari diranak! Bekatuarekin galdurik daude asko, ta gutxi ekusten dira Santuak gana zuzentzen iristeko penitenziako grazia. Osasuna bear bada mezak ateratzea, Boto edo Promesak. O Fedearen laburtasuna! O animaren amorio laburra! Santuen jai-egunak artu oi dira bekatu geiago egiteko. Joan ermiteetara, elizan sartu irten bat egin, ta beste egun guzia igarotzeko jan edan geiegietan, danza gaiztoetan, ta zertan ez? Jentillak ez tue anbeste gaiztakeria egiten beren idoloen jaietan, nola kristauak Ama Birjiña ta beste Santu batzuen egunetan. Nola igo zuten Zerura? Ordikerian ta bekatu bideetan zebiltzala? Martiriak eman zuten bizitza Jangoikoa ez ofenditzea gatik, ta zenbat kristauk egiten dituzte bekatu mortalak txit erraz, tormentuen beldur gabe? Nai duenak bada salbatu, ibilli bearko du beren bide garbi, ta zuzenetatik. Au da berentzat onrarik andiena. Bai, bai.
|
|