|
ERAKASTE VII.
Juramentuaren gañean
Jurabis in veritate, et in iudicio, et in iustitia.
Ekusi degu nola onratzen dan Jangoikoaren izena botoak egin ta konplituaz. Dakuskun orain nola onratzen dan juramentu on, ta bidezkoekin, ta nola desonratu gaizto ta bidegabekoakin.
G. Zer da Juramentua?
E. Da ekartzea nolabait Jangoikoa testigotzat gauzaren bat siniserazitzeko. Juramentua egiten duenak nai du berez danez Jangoikoaren izenarekin agertu ta siniserazi egia dala dioana. Juramentuan artu diteke Jangoikoaren izena argiro, ta zuzen, baitaere estalkiz, zearrera, ta ezkutuz bezela. Artuko da argiro ta zuzen, izena bera aitatzen danean; onela da esatea Jangoikoa gatik au onela dan bezela; Jangoikoa ipintzen det testigo egia diodana. Orobat da Jesus ta Kristoren izenak artzea, zerren Jesu Kristo Jangoikoa dan. Berriz artuko da estalkiz, egiten danean juramentu Ama Birjiña, santu-santa, Zeru ta Jangoikoaren perfekzioren bat argiro agertzen dan kreaturaren batzuetan. Emendik datoz ez dala juramentu esatea, euli edo txoriagaitik (ta onelako beste kreaturak gatik) onela da esaten dedana; zerren esaten duenak ez du asmorik onelako itzekin Jainkoa testigotzat ekartzeko, ez enzuten dutenak daude alako ustean, ta testigo alakoak ez dira Jangoikoaren izena adirazi nai dutenak.
G. Juramentu ote da gauzaren bat siniserazitzeko esatea ala Jainkoa?
E. Itz au geiegi dabil mutil ta gizon euskaldun askoren aoan. Ez da erraz jakitea zer esan nai duten itz onekin. Esan nai badute Jainkoa Jainkoa dan bezela, batetik da juramentua, ta bestetik blasfemia gisa bat dalako berdintza edo konparazio Jangoikoaren izen, ta izatearen desonragarria. Badu zer ekusi Jangoikoaren izatearen egiak beste egia lurrekoekin? Ez da bada orrelako konparaziorik egin bear; ezjakiñak, ta asmo gaiztorik ez idukiak libra ditzakez bekatutik; baña kendu bear da oitura txaar guzia. Esatea bada ala Jainkoa gauzaren baten sinisgarrirako, da juramentua artakotzat artzen danean, aitatzen dalako Jaunaren izena egia ustekoren bat siniserazitzeko. Ezpadu ere uste esaleak egia dala dioana, juramentua da, ta alakoan beti bekatu mortala, zerren adirazi nai duen, egia dala esaten duena gezurra bada ere beragango.
Esaten duenak itzen bat juramentua dalako ustez, edo juramentu egiteko gogoz, egiten du juramentu biotzez badaere. Badira batzuek uste dutenak juramentua dala esatea ementxe nagoan bezela, gaur jan dedan ogia bezela. Oek ez dira juramentu itzak, zerren nere emengo egoteak, ta gaurko ogijateak ez du zer ekusi Jangoikoa testigotzat ekartzeaz. Ordea, nola juramentu itzak zirala uste zuten batzuek, ta uste arekin esan dituzten, biotzez ta gogoz egin zuten juramentu. Beste batzuek esan oi dute, gaurko argi santua ekusi dan bezela ala da au. Au esaten dutenak ere juramentutzat daukate izkune au, ta gutxienez da biotzeko juramentua, zerren asko alditan ez dago juramentua izatea itz uts ta azalekoetan, nola esateko asmo, uste, edo iritxian. Zer esan nai dute berriz argi santuaren izenez? Ez dakite esaten dutenak ere. Argiuts ta soilla aitatzea onela, orain argi dan bezela au egia da, ez da juramentuko itzkera; ez dan bezela esatea gaba dan bezela. Baña geitzen zaionean argi, edo egunari santuen izena, dirudi aitatzen dituztela itz aiek juramentu gisan, edo Jangoikoak egiñak diran aldetik.
Da juramentua esatea Ala Jangoikoak Zerua eman dezadala, edo ala salba nazala, baita ere Jangoikoa izentatu gabe esatea ala salba nadilla. Esaten danean askok bezela soil soilik Kristoren Pasioa, edo gauzaren bat siniserazitzeko esaten ezpada, ez da juramentu itza. Baña ez dira itz orrelakoak aitatu bear debozioz baizik, ez irritu edo ernegu aldietan. Ez dira ere juramentu itzak oek; nere fedean, nere konzienzian ala da, gizon prestua, kristaua, Apaiza edo Frailea naizan bezela. Ala ere obe da ez esatea orrelako itzkerarik, ta bai, edo ez garbiro. Juramentua da atzekin kurutzea egitea gauzaren bat siniserazitzeko, muñ egiten ez pazaio ere kurutze egin danari. Edozeñek daki berriz Eskribadu, Alkate, Rejidore ta beste Juezak eskatzen duten juramentua, dala itz utsekin esanaz egiten dezu juramentu egia diozuna? dala Bara edo Alkate zigorrari, edo Kurutzeari muñ eginaz beste itzgabe, dirala juramentuak.
G. Zer esan berriz gaztetxoen juramentuen gañean?
E. Ona zer gertatzen dan oekin. Dabiltza jokoan; pillota falta bada edo ezpada (orobat beste jokoetan) asitzen dira errierta ta ez da baida andietan. Esaten dio batak besteari, artzen dek ere animan, edo ere konzienzian? Bai artzen diat dio besteak, gezurraren gañean eranzuten badute, beldurtzen dira, ta kezkatzen ditu konzienziak. Beraz juramentu ustez esaten dituzte, ta gaizki dalako beldur andiarekin, gezurrez eranzuten badute. Konfesatu bear dira bada azi ezkero oroitzen danean txikitxotan esan oi zituela gezurrez, ta eragotzi bear zate mutiltxoai alako izkerak aoan artzea. Beste batzuek dituzu, beintzat erri batzuetan, alako errierta, ta ez da baideetan lagunari erasoten dioenak, al infierno, o al inpreñu al Cielo, edo ala Zeru. Oen gañean orobat esan bear da. Ikasten dituzte izkune onelakoak, esaten dituzte biotzeko kezka ta beldurrez, ta Jainkoak jakin zenbat kalte animetan konfesatu gabe beldur ta guzi, edo beti iraunaz oitura txarretan. Badakite berriz ziurki dala juramentua kurutzea eginda muñ egitea. Guraso, eskola maisu, ta anima-zaiak alkartu bear lukee kentzeeko mutiltxoetatik onelako itzketa ta oitura gaizto ta animen galgarriak. Jokoan dabiltzala berenaz irtetzearren, ta estu arkitzen diranean, gezur edo egia, eranzuten dute edozein gauza.
Juramentuak dira lau gisakoak; batzuek dira ez edo bai, dakit edo ez dakit esateko egiten diranak juramentu itzekin; onelakoak dira Justiziaren aurrean egiten diranak, galdetzen danean ekusi, enzun edo egin duen gauzaren bat, ta eranzunaz, ez, bai, edo uste det, dudatzen naiz. Bigarrena da, kinatzea edo zemaitzea pena edo kastigoren bat juramentu itzekin, nola diran esatea, juramentu egiten diat ausiko diadala burua, illko audala. Eskintzakoa, edo zerbait eskintzen danean Jangoikoa nola edo ala testigotzat ekarrita, nola dan esatea, Jangoikoak ala salba nazala; nik emango dizudan bezala ogei ezkutuko edo beste edozein gauza bat. Laugarrena, Jangoikoaren izenez, edo Jangoikoari nolabait deituta bere buruari eskintzen zaionean gaitzen bat egia ezpada dioana, onelako itzketa txaar asko dira. Dreabuak naramala au onela ezpada; ill nadilla ematen ezpadiat au edo beste bat; bizirik jaiki bear ez nuke banatzen ezpadet urlia, edo berendia. Azkeneko itz oetan daude bi eskintze gaizto, bata bere buruari, ta bestea lagunari. Juramentu mota gaizto au egin diteke edo konplitzeko asmoz, edo alako asmo gabe. Esaten badu konplitzeko asmo gabe, egiten ditu gutxienez bi bekatu mortal, bata gezurraren gañean juramentu egin duelako, ta bestea bere buruari ezarri diolako madarikazioko itza, ta da eskatzea Jangoikoari bizirik jaiki ez didilla, ta onetarako bidea ematea gezurra esanda. Au da gaitz andia eskatzea, beretzat nai ezpalu ere. Esan det gutxienez egiten dituela bi bekatu mortal, zerren lagunaren gaizki nai, edo gorrotoz, esaten badu dago irugarren bekatu mortala. Gerta liteke biotzez gaizki nai izatea ezpadu ere usterik banatzeko proximoa. Esaten badu Dreabuak naramala bengatzen ezpanaiz urliarekin bengatzeko asmoz, daude gutxienez bi bekatu mortal, bata egiten duelako juramentu gauza astun ta gaistoaren gañean, nola dan bengatzea; bestea proximoari dion gaitznai edo gorrotoa gatik. Badira irugarren bekatu mortala arkitzen dutenak juramentu alakoan, ta diote dala bere buruari gaitza eskintzea. Baña egiaren gañean esaten danean, edo gauza txarra bada ere egiteko asmoz, ez dio gaitzik benetan eskintzen bere buruari uste duelako deabruak eramango ez duela egiazko gogoz esan ezkero. Orregatik esan det egiten dituela gutxienez bi bekatu mortal. Eta ez da ezer bi bekatu mortal egitea ain laster, erraz, ta itz batean bezala? Non da fedea? Badakite zer dan bekatu mortal bat alako juramentugilla gaiztoak? Ekusiko degu gero nolakoa da juramentu gaizki eginaren gaiztakeria.
G. Baña eskiñi dionak juramentuz gaitza lagunari, konplitu bear ote du?
E. Ez, egiazko gaitza bada. Azaldatuko det zer esan nai dedan egiazko gaitzaren izenez. Esaten duenak ill nadilla, deabruak naramala ausitzen ezpadiot burua, bengatzen ezpanaitzako... ez dio bururik ausi bear ez benganzarik artu, zerren burua ausitzea, ta bengatzea diran egiazko gaitzak. Guraso batek esango balu Jangoikoak kastiga nazala kastigatzen ezpadet nere Seme edo alaba gaizki dabillena, bear du modu onean ta bide zuzenez kastigatu, zerren kastigatzeko obligazioa du aldi batzuetan, ta guziz bizitza gaiztotik alderazitzeko, kastigoa bear danean. Kastigoa, ta umearen naigabea ez da egiazko gaitza. Maite dan umeari ezarten zaio zigorra.
G. Juramentu egitea bekatu ote da?
E. Bear bezela, bear dan orduan, ta bide zuzenez egiten bada bekaturik ez dago, ta ematen zaio onra Jangoikoaren izen santuari. Au da fedeko egia Jainkoak egin zuen juramentu, ta etzaio damutuko. Ala dio Dabid erregeak. Jangoikoak juramentu egitea da eskintzea berak zerbait bere izenean, da agintzea gauzaren bat bere itzaren egiaztasuna gatik. Naizana naizalako edo nere izena gatik egin nuen juramentu bedinkatuko zaitudala, ta geituko derala zure arraza, zeruko izarrak bezela. Per memetipsum iuravi. Eskritura santeetan erakurten da Profeta onak sarri, baña bear orduetan gauzaren baten sinisgarrirako, aotatzen zituztela itz juramentudun oek, Bizi da Jangoikoa, Bizi da anima zurea. Vivit Dominus. Vivit anima tua. Isak, ta Abimelek erregeak ez da baida batzuen ondoren ardilarren gañean, pakeak egitean egin zutela juramentu irauteko adiskidetasunean. Iuraverunt sibi mutuo. Abran Patriarkak egin ziola bere morroe Eliezer zeritzonari juramentu zuzena.
Ori ondo dago anzinako legean egitea juramentuak bekatu gabe, bada Jeremias Profetaren aoz esan zuen Jangoikoak: egingo dezu juramentu egiaz, juizioan, edo zuzenki ta justizian edo gauza onaren gañean. Baña dirudi Jesu Kristok ontzat emanik bera etorri baño leenago egiten zan juramentua, eragotzi zuela bere legearen jarraitzalleentzat. Nik diotzut, ez juramenturik egiteko guziz. Non iurare omnino; Zuen itzketa izango da ez ez, bai bai. Ala dio Kristok, baña ez du itz oekin eragozten guziz juramentu zuzen, egiazko, ta premiazkoa, ta bai edo nola, ta ezeri ez dagokiola juramentu egitea. Bein baño geiagotan esan oi zuen Kristo berak, Bene benetan dirautsuet, Amen amen dico vobis. San Pablok bazekien Kristoren erakasteen berri, ta egin zien Korintoarrai juramentu au, egia esaten ziela siniserazitzeko: deitzen diot testigotzat Jainkoari. Testem Deum invoco. Ala dakigu santu ta santa askok Kristoren legean egin dituztela juramentuak, ez edo nola ta bai bear orduetan, egiaz, ta zuzenki.
G. Zerk lagundu bear dio juramentuari ondo egiña izateko?
E. Egin bear da egiaz, ondo begiraturik, ez ariñegi, ta egin bear da gauza zuzenaren gañean. Au da Jainkoak eskatzen duena.
G. Egiaren gañean egiten ezpada, beti ote da bekatu mortala?
E. Aitu ondo, zerren dan doktrina guziz bearra, zeña ez jakiñez, egiten dira bekatu asko. Egia bi dira, bata usteko edo iritzikoa, ta bestea izatekoa. Egia usteko edo iritzikoa da batek esateko unean egiatzat ziurki edo ezta baida gabe dadukana. Gerta diteke noiz edo berriz, nik neregango egiatzat idukitzea berez ala ez dana. Egia dalako uste osoarekin zerbait esaten badet, ez det Jangoikoaren aurrerako gezurrik esango, zerren nabillen zuzen nere konzienziarekin, ta uts egin dezakegu erraz asko alditan gure kulpa gabe ere. Orain bada juramenturen bat egiten duenak egia dalako uste osoan, ta bear dan azterria egin ezkero jakiteko nola zan, berez ta izatez egia ezpalitzaere, ez du bekaturik alde onetatik egingo, zerren esan dedan konzienziak agertzen zidana. Berriz nere iritzi edo ustean esaten dedana juramentuarekin gezurra bada, gezurra berez ezpalitzaere, egingo nuke Jangoikoaren aurrearako juramentu gezurrezkoa, zerren egin dedan nere konzienziaren kontra; ta onen kontra dana bekatua da San Pablok dionaz:
Emendik dator juramentu egin orduko begiratu bear dala astiro ta arreta andiarekin dan edo ez egia esan bear dedana, eman bear dan testigantza, edo deklarazioa. Beingo batean eskatzen badie, ta leenaz ondo aztertu edo esaminatu ezpadu konzienzia, eskatu denpora zati bat juez edo juramentu eskaleari, itundu konfesore edo kura jaunarekin, ta eldu gero juramentu egitera ta egia aleginez esatera, ekusia ekusia bezela, ta enzuna enzuna bezela geitu, edertu, ta gutxitu gabe. Egin ere bear du beldur ta lotsa santu batekin oroitzen dala nor dakarren egiaren testigotzat. Ala egingo balitza, ez lirake izango anbeste juramentu gezurrezko.
Berriz dakianak juramentuaren bean esatera dijoana gezurra dala, ta ala egiten badu, egiten du bekatu mortal belz itxusi ta izugarria, iñoren kaltean ezpalitza ere; ta iñoren kaltean balitza, geitzen da bekatu edo bekatuak ekusiko degun bezela gero.
Oro bat da gezurrezko juramentua gauzaren bat dala edo ez dala esaten danean juramentuarekin ondo jakin gabe, ez da baidan dagoala, edo itxumustuan. Esan bear dira bada gauzak jakiñak jakiñak bezala, dudakoak dudakoak bezela estalgarri gabe.
Jauna, esan oi dute batzuek, egia da egin nuela juramentua gezurrez, ordea, ez justiziaren aurrean, ez gezur andia ta kaltegarria siniserazitzeko, ta bai iñoren kalte gabe, gezur txikiaren gañean, ta gere artean.
Ez da ansi; dan gezurrik txikienaren gañean egiten dan juramentua, dakiala, edo jakin bearrean gezurra zala, da bekatu mortal andi andia justiziaren aurrean egiten ezpada ere. Gezur txiki utsa ez da bekatu mortala; baña gezurrik txikienean juramentu egitea da gezurraren testigo Jainkoa ekartzea, zeña dan injuria andia. Baña egia esanda, galdu bear bada bakoitzaren onra, ta etorri kalte andiak lagunari, zergatik esan egia? O zenbat anima daramazan Infernuko onra naiak, ta lagunari atsegin emateak! Galdu bear da onra, galdu osasuna, galdu ondasunak, ta galdu bizitza ere, bekatu egin baño leenago. Badago zer esan Jesu Kristoren doktrina onen gañean? Ni baño, dio, beste gauzaren bat maiteago duena, ez da gauza neretzat, ez da nere eskolakua. Eta norena da Kristorena ez dana? Bizitza galtzen badegu emen bera gatik, arkituko degu leku obean. Baña txit asko dira etorkizunari begiratu gabe, kalterik izan ez dezen munduan, anima galtzen dutenak. Salatzen dituzte. Justiziaren aurrera gaitzen bat egin dutelako. Uka ta uka egin badute ere. Orobat adiskide, aide, edo auzokoren baten salazio edo akusazioan. Galduko da, esan oi dute, nik egia esaten badet; sartuko dute karzela edo katigotegi gogorren batean, etorriko zaizkaz kostu andiak, multaren bat ezarriko dioe. O Kristau eroa! Eta galdu nai dezu zuk betiko, igaro Infernuko presondegi irteteko aterik ez duenera, bestea galdu ez didin? Paga dezala emen gaitz egin duenak. Justiziak, zeña dan Jangoikoaren eskubideak dituena gaiztagillak kastigatzeko, du eskua galdetzeko egia dakitenai. Justiziari gezurra esatea juramenturik eskatuko ezpalu ere da bekatu zor zaion obedienziaren kontra; ta zer izango da geitzen bazaio gezurrari juramentua?
Izaten dira noiz bait erriertak, alkar banatzeak. Justiziak berea egin nairik artzen ditu deklarazioak. Eskatzen du juramentua egia esateko. Baña bakoitzak garbitu nai du burua, bestea gaizto egin, gezurra gezurrari ezarririk. Dakartez testigoak, oek oro bat adiskide, auzoko, edo aideren bati mesede iritxikoa egitea gatik, uka egia ta bear bada egotzi kulpa ez duen, edo gutxi duenari. Gero datoz kastu ta multak pagatu bearrak neurri gaiztoan, kulparik geien zedukana libratzen dala, edo guziz, edo gauza gutxi batekin. Nork desegin bear ditu kalte oek, edo egin restituzioa? Deklarazio txar ta gezurrez juramentu egin zutenak. Baña infernurako gelditzen da bekatu au agertzea zuzen; ta konfesatzen bada zuzen, zenbat dira biurtzen dituztenak lagunari kendu zaizkonak bide gaiztoz?
Beste batzuetan iruk edo lauk egiten dituzte kalteak basoetan. Salatzen dituzte justiziaren aurrera. Bakoitza burua garbitzea ta bestea loitzea, da lenbiziko gogoa. Egia aitortu, ta pagatuko zuen pagatu bear zuenak; baña juramentu gezurrezkoekin ezkutatzen da egia, ta pagaerazitzen dizte bear etzuenei, edo bear baño geiago.
Berriz auzietan zenbat okertasun egin bear ditu juezak juramentu gezurrezkoen bidez? Zenbat kalte gero auzi gaizki irabazietatik? Eta guzia iñoren esanak egiteagatik? Nola desegin kalte egiñak? Zenbat buruko min konfesorearentzat! Zenbat kezka, aranza, ta estutasun konfesatzen bada zuzen, ekusirik ez dagoala salbaziorik restituzio edo biurrerak egin gabe, iñola ere al dala edo al dan bestean? Ez duenean zerekin biurtu kalte guziak, ta baldin badago gauzak zuzentzeko biderik, juezaren aurrean itza edo gezurra deseginda, nolako atzerapen ta beldurrak ori egiteko? O balin balekite etorkizunen berri! eta nola ikaratuko lirakean gezurraren gañeko juramentuak egin baño leenago. Informazioetan bakoitzak aldi askotan probatzen du nai duena; esanerazitzen zaie testigoai bai edo ez nai dana. O Kristauak! Ez inoiz arren juramenturik egin premia gabe, gauza onean ez dala, ta beti egiaren gañean; ta galdetu aurrez kura jaun edo konfesoreari nola eranzun konzienzia ondo aztertu ondoan.
Juramentua artu bear da purga bat bezela. Purga artzen da ezin bestez, aginduz, ta osasuna gatik. Ez du purga iñork artzen premia gabe, ta bai eri edo gaiso danean, osatzeko, ta beti atzerapen ta nagitasun andiarekin. Irago al didilla artu gabe, ez du bere atsegiñez artuko. Ala bada egin bear dan juramentuarekin ere; egin bai bear orduan, premiaz, ta agintzen danean, ta beti egia garbia esaten dala.
Emendik dator ez dala asko egiaren gañean egitea; bear da premia, ez arinegi, ez noizean bein. Juramentua ondo edo bear bezela egiteko okasio egiazkoak gutxi dira. Ez ta bai bakoitzean bezela juramentu egiten duena egia ustean ere, jartzen da oitura arturik, duda orduetan bai, edo ez esatera, baita gezurrez ere. Espiritu Santuak ber berak dio, etzaiteala oitu juramentuetara; zerren asko erori dira oitura orregatik: jurationi non assuescat os tuum, multi enim casus in illo.
Egia da berez egiaren gañean egiten dan juramentua ez dala bekatu mortala premia gabe egiñagatik, bai ordea bekatu beniala. Eta bekatu benialak erraz egiteak ez ote du kalterik? Baña premia gabe txit sarri egitea egiaz dala ere, balin bada gezurrezko juramentua, edo gauza gaiztoren batean egiteko peligro ezagutuan izango da oitura alakoa bekatu mortala. Badituzu batzuek txit sarri aotatzen dituztenak itz juramentuko oek ala Jainkoa, Kristoren Pasioa, Kristoren odola. Oitura au artu duenari estu orduetan oro bat irtengo dio alako esateak gezurra siniserazitzeko, ta aserre orduetan esateko, ala Jainkoa nola banatuko au dan. Kristoren Pasioa, illko al aiz. Ala bada, noiz edo berriz juramentua egitea premia gabe, egia zuzenaren gañean, bekatu benialetik iragoko ezta, ez pazaio beste okerrik biltzen. Baña usario, oitura, edo sarri egitea izan diteke bekatu mortala esan dedan peligroa gatik.
Ez bada aaztu doktrina au gezurraren gañean, dudaz edo ezagueraz juramentua egitea, naiz justiziaren aurrean, naiz bestela, beti da bekatu mortala.
Gauza gaizto ta astunaren gañean egitea egiaz bada ere, da bekatu mortala juramentua bera, ta naikunde gaiztoa beste bekatu mortal bat. Egiaren gañean premia gabe noiz edo berriz, ta oitura gabe egitea, da bekatu arin edo beniala. Premiaz, gauza onaren gañean, ta egiaz egitea, ez da bat ere bekatu, justiziaren aurrean ezpada ere.
Baña noiz egon diteke premia justizia gabe juramentu egiteko?
E. Juramentu egiazkoa egitetik dijoakunean gere onra, ondasunak ez galtzea, etxeko, edo lagunaren pakea. Santa Teresari asmatu zioen bein gezur astun ta txit andi bat. Bazekian sinistuko etzioela ez utsarekin. Ixillik egon balitza, etorriko ziran errierta andiak; ta pakea ematearren,ta animako kalterik izan etzidin etsaitasuna gatik, egin zuen juramentu au, nik orrelako asmorik iduki badet kendu dezala Jainkoak nire izena bizitzako librutik. Igaroko zuen santa andi ark berez zanez edozein atsakabe; baña nai zituen kendu animako kalteak, eman pakea besteai, ta ala egin zuen juramentu egiaz ta premia artan.
Esana esan, gerez danez beti atzeratu bear gera juramentu egitetik, egin bear da ezin bestez noraezean, egiaz, ta obligatuak geranean. Ikara santu bat sartu bear da gure biotzean. Ona zer dion Espiritu Santuak. Juramentu asko egiteak laztu, ta zurtutzen ditu buruko illeak; ta jende on edo prestuak alakorik ez enzuteagatik, estaltzen dituzte belaarriak, ta itzuliko dute burua beste aldera. Ona beste leku baten zer erakustzen dan. Gizon juramentu asko egiten duena beteko da geiztakeriz, ta bere etxetik ez du alderik egingo kalte, edo zigorrak. Nolako zigor ta kastigoa izan etzuen Balthasar Babiloniako erregeak Jangoikoaren etxeko onzi edo basoetan ardoa edan zuelako? Ekusiko bagenu norbait meza emateko Kalizak artu, kalera eraman, ta beretan ematen edatekoa edozein arlote, jente arrotz ta erromesi, zer esango genuke? Nolako naigabea artuko ez luke fede apur bat duen edozein kristauk? Zer dala uste dute Jainkoaren izen santua ekartzea gezurraren testigo, ta deitzea benganzarako? Zer noizean bein aoan artzea gezur edo egia, zuzen edo oker nola deritzon bakoitzari? Ostutzen duenak zerbait gaizki egiten du, egia da; ordea irabazten du zerbait mundurako. Baña zer ateratzen dute Jainkoa gezurraren testigotzat ekartzeaz? Zer atsegin iduki dezake gaiztakeria orretan? Zer litzake errege bati deitzea gezurrez, edo gauza gaizto ta gutxien nai duena ekusteko? Jende prestu ta ondo jaioak asko mintzen dira bere esanari sinistea ez emateaz, ta eskatzen zatenean juramentua. Munduak balekusa, dio San Krisostomok, ez dezula batere juramenturik egiten, ta etzerala gezur zalea, errazago sinistua izango ziñake juramentuakin dabillena baño; zerren ekusten dira gezurrekin ere juramentuak egiten. Nola dabiltzen munduan anbeste gezur, ta juramentugilla asko, siniste gutxi eman oi da.
G. Nai nuke enzun gertaera edo ejenplo bat ezagutzeko bekatu onen gaiztotasuna, ta inoiz egin ote duen Jainkoak kastigoren bat.
E. Ona emen. Bizi zan Korzegan gizon bat, zeñek larga ziozkan ill aurrean bere alaba bati irureun ezkutu. Amak alarguntzan obeto gorde bearrez diru aiek alabaren dotetzat, eman ziozkan auzoko gizon bati, zeña zeukan prestu ta leialtzat. Eldu zan bear ordua, ta joan zan ama gizonari eskatzera. Zer diru eskatzen didazu emakume gezurtia? Ez det nik zure dirurik; ortikan nere begien aurretik. Onela bota zuen ordu gaiztoan gizon animagabe ark. Alargun gaxoak nola etzuen paperik, ez testigorik, eskatu zion alkate jaunari galdetu zezola gizon gaizto ari juramentuaren bean egia zan artu zituena irureun ezkutuak. Artu zuen alkateak juramentuan, ta egin zuen gezurrez, etziola alargunak eman ari alako dirurik gordetzeko. Alkateak artu zuen juramentuan gizon gaizto aren emaztea, zeñek bazekian bere senarrak artu zituena diruak; baña ark ere ukatu zuen. Jangoikoaren aurrera igo zuten ama ta alabaren negarrak, eta gorde zuteenak burua lurreko justiziaren kastigotik, ez Jangoikoarenetik. Senar-emazte juramentu gilla gaizto aiek bazituzten iru ume, bata ogeta bost urtekoa, bigarrena bostekua, ta irugarrena seaskan zeukatena, bost urtekoa zaitzen zegoala. Eldu zanean andrea etxera juramentu gaiztotik, arkitu zuen seaskan larga zuen aurra lurrean illik, ta begitandu zitzaion ito zuela bost urteko ume zaitzen zegoanak. Alako kolpea eman zion oni bere aserrean, nonda larga zuen ill leerturik. Etorri zan senarra etxera, ta ekusi zituenean ume biak ill da, artu zuen ezpata bat, ta igaro zion korputz guzitik emazteari. Artu zuen preso justiziak gizon gaiztoa, ta agindu zuten, laster urka zezatela. Etzegoan borrerorik, ta ona non eskeñi zan irugarren seme andia bere aita urkatzeko, artu zion gorrotoa gatik ill zuelako ama. Ala bada urkatu zuen bere eskuekin. Andikan laster seme aitaren urkatzalleak ezaguturik egin zuena, beste urkatzalle edo borrero guziak baño lotsaari edo desonra geiago an gelditzen zala, gizon aurrean agertuko ezin zala, ernegu ta amorru gogorrak arturik, urkatu zuen berak bere burua. Orra nola galdu zan bereala bezela etxe guzia juramentu gezurrezko bana egin zutelako guraso gaizto aiek, gelditzen etzala lurrean beren oinordeko, edo kastakorik. Baña nora ziraden guraso gaizto aien, ta seme nagusiaren animak? Bai, kristauak, bai; esanik daduka Jangoikoak alako juramentugilla gaiztoen etxean beti izango dala inoiz alderik egin gabe juez zuzenaren kastigoa. Non discedet a domo illius plaga. Jangoikoa dakartenak gezurraren testigo, egiten dioe bidegabe, edo ofensa guziz itxusi bat. Batzuek bizi dira beldur gabe, ekusten ez dituztelako alako kastigoak beren etxeetan. Ez luze iritzi ez. Eta orain ixillik badago ere Jangoikoa, artuko du ezpata bere egunean, ta bere izen santua gaizki erabilli duten mingañak, izango dute infernuko sugarretan aberats kondenatuak baño zerk mindu geiago. Zorigaiztokoak beren bekatuen gaiztotasuna ezagutzen ez duteenak. Zorigaiztokoak egiazko penitenzia, ta ondu gabe eriotzak arrapatzen dituenak. O zenbat konfesio gaizto egiten diran zuzen agertzen ez diralako juramentu egiñak, oetatik etortzen diran kalteak, edo beintzat bai obetzen ez diranak! Zorionekoak Jangoikoaren izenari ekartzen dioenak lotsa, edo onra andia. Zertako eman ote zigun Jaunak mingaña? Bera aspertu gabe beti alabatzeko. Bakoitza izango da ezagutua bere itzkeratik, nola ezagutu zuten Kaifasen etxean San Pedro Galilearra zala. Itzkera Aingeruena dutenak alabatzean Jangoikoa, dira Zeruan jaioak bezela. Infernukoen itzkera dutenak dakartela Jaunaren izena gezurretara, bendekuko gauza gaiztoetara, agertzen dute nongoan diran, edo noren eskolakoak. Dendatu bear gera bada bedeikatzera ta biotz guziarekin esatera, Izan didilla bedinkatua Jaunaren Izena orain ta mende guzietan. Amen.
|
|