|
ERAKASTE XII.
Memento ut diem Sabbati sanctifices.
Ekusi degu igaro diran erakaste edo doktrina bietan nola jaiegunetan enzun bear dan Meza santua nola eragozten dan bearra egitea, nolako bearra ta noiz. Ekusi bear deguna gaurko doktrinan da, nola aserratzen zaion Jangoikoari jai eguneko bearragatik, ta geiago bekatuaren lan txarra gatik.
G. Beraz egia da aserretzen zaiola txit asko Jainkoari jai egunetako bear egiteaz?
E. Bai ta nola ere aserratzen zaion, ta agertu ditu sarri bere aserre zuzenaren igargarri ezaubide edo señaleak. Zenbat denpora bearko litzake astiro ta bein banaan kontatzeko egin dituen kastiguak! Franziako Obispo Jaunak egin zuten Bilkui, edo Konzilio batean esaten zuten, anziña ez ezen gure denporetan ere, ezarri dituela Jangoikoak zigorrada edo kastigo latzgarriak. Izan dira batzuek illak soroetan oñaztarrien bidez bearrean zeudela; odola irtetzen, eskuetan beargin gaiztoak zeukan gauzatik; erri guzi bat erre ta autstua, errikoak bearrera jai egun batean irten zuteelako; bati baño geiagori gelditu zitzaizten besoak igarturik bearrean ziardutela; Ama Birjiñak Zerura igo zueneko jaian, batek su eman ziolako karobiari, jo zuen surtara karobiarekin, ta gelditu zan erre ta desegiña, ta anima Infernuko surtara igaro zala korputza karobi sutuan erre ta kiskaltzen zan artean. Ez dira ordea kontatu gabe largatzekoak San Maurilo miragilla andiaren bizitzan kontatzen diran gertaera oek. Etxeko-jaun ardura gabe batek agindu zien bere morroe batzuei bear debekatu bat egiteko jai egun batean; bearra zan gariak jorratzea; mutil ogituko edo serbitzariak agertu zioen beren atzerapen, naiez, ta beldurra, esan ura egiteko; baña etxeko-jaunak biraoka araoka, ta deadarka estutu zituen sorora juateko. Aurrerena zan etxeko-jaun edo ugazaba; baña jorraiarekin lurrari ikutzeaz batean, gelditu zan itxutua, etxera bere oñekin biurtu ezin zala. Ezagutu zuen nongoa zan kastigoa; asi zan negarrez Jangoikoari barkazioa eskatzen; asi zitzaien morroiai esaten, etzezela inoiz jaiegunean bearrik egin; bere buruan zekusela kastigu ondo zuzena, baña animaren onekoa, idiki ziotelako animako begi geunduak korputzekoak geundu ta illunduarekin. Eraman zuten morroeak besoetatik etxera, ta jakinik beren Obispo Santu Maurilo mirari andiak egiten zituenak zebillela alboera aietan bisita egiten, eraman zuteen beragana osatu zezan. Fede bizi batekin ikutu zien Santuaren janziai gizon itxutu ark, ta bereala abiatu zan ekusten. Egin zien Santuak jende bildu ziranai sermoi eder bat, erakusten ziela gizon Zeruak kastigatutako ura; beldurra sartu zitzaien, ta etorri ziran on andiak. Baña zer izango zan kastigatu ezpalu Jangoikoak amorez ta bigunki? Zer, eriotza ondoraño luzatu balio kastigatzea?
Beste gizon batek artu zuen askora bat basora joan ta bear egiteko jai egunean; ain sendo katigatu, likatu, ta iratxi zitzaion esku sabelean, non da ezin kendu izan zioen egina al guziekin, ta erabilli zuen gau ta egun bost illabete osoetan, igarotzen zituela oñaza, ta miñ portitzak. Eraman zuteen Santu beragana, erregutu zion Jangoikoari libra zezala gizon gaizki egiñaz ondo damuturik zegoan errukarri ura. Enzun zuen Zeruak erregu edo eskaari ain beroa; askatu zitzaion askora, ta gelditu oñazak. Ez det ezer asmatzen; ez dira ipuiak gertaera oek. Enzun edo jakin nai dituenak kastigo geiago erakurri bitzaz San Agustin, San Gregorio Turongo, San Pedro Damiano, ta San Buenabenturaren libru urrezkoak.
Askori begitantzen zaie zerbait aurreratuko duteela jaieguneko bearrarekin; baña utsegiten dute, zerren lau erreal irabaztea gatik galduko dituzte beste alde batetik ezkutu asko. Gaitzen artean ekusiko dira; giberri edo illedun ganaduak edo galdu lapurrekin, edo gaitzak eramango dizte. Osasuna paltako da etxekoetan; osatzalle ta osakarrietan ondatuko zaizte guziz geiago. Ona zer dion Jangoikoak Profeta baten aoz, sartu zinduen etxean ondasun gaizki irabazia ta autsa bezela putzegin batekin kanporako du. Intulistis in domum, et exultavi illud; au da esatea, etxeko aurrerapen edo irabazi egiñak, urratuz Jangoikoaren lege bear egitea, eragozten zizutena galduko dira ta desegingo ditu Jaunak kia ta lañoa bezela, ta irabazi ustean irtengo dute kalte andiekin Jaunaren egunak gordetzen ez dituztenak. Nai dezu ejenplotxo bat enzun? Erakurten da San Leofrido Abataren bizitzan atxurlari batek akabatu edo bukatu eziñik bere lana jai aurreko egunean joan zala sorora jai goizean bere bearrari azkena emateko. Etzuen gari ale bat artu ez bakarrik urte artan, ez da ere geiago; betiko urritu ta sekeriotu zuelako Jangoikoak lur guzia. Ona nolako aurrerapenak egin zituen bere etxerako.
Oriek sinisten ditut, baña ez dit niri orrelako, ez bestelako kastigurik egin jai eguneko bearra gatik. Ez dizula egin? Anbat gaiztoago zuretzat; besoa igartu balitzatzu bear debekatuan, naiz zere etxean izan kastigo ezagun bat, arimarako on izango zan; larga dizu ixillik Jangoikoak, ez zaitu azotatu, ez du zurekin zigor zuzen ta amorezkoa erabilli ta zu zaude bekatu egiñaren damu gabe? Etzera beraz bere ume garbia ta bai sasikume, edo borta. Guraso batek ondo nai dion bere umeari ezarten dio zigorra ondu didin, bestelakoari ez dio kausiorik egiten.
Arrazoi andia du, diote beste batzuek, eragotzi nai izatea jai eguneko bearrak; gizon zeken, zikotz, dollor, ta diruzale batzuek ari dira jai eguneko bearrean, lotsarik gordetzen ez diela Jangoikoari; armiarmen bearrak dira jai egunekoak, aize batek daramazi neke andiak artuta. Ederki diozute; baña zein zerate onela itzegiten dezutenak? Gu gera gizon prestu, diote, ongi jaio edo jaiak ondo gordetzen ditugunak, meza osoa enzun, ta bearren apurrik ez eginaz. Animarik galdu nai ez degu jaiak ez gordeaz. Naiago genuke asteoro bagenuz iru ta lau jai.
Sinisten det bai erraz, baña zer egiteko nai dituzte jai asko? Gaixo diranak karidadez ekusteko, ta igarotzeko eguna orazioan, komulgatzen, liburu onak erakurten, izkune santuetan...? Ori orrela bada, Jainkoak gorde ditzala alako gurari, naikunde, edo deseo onak; baña bada igarotzeko joko, danza, jan edan modugabeko, ta olgatze korputzekoetan, ez dute sinistu bear gordetzen dituztela bear bezala jai egunak, bearrik ez egiña gatik. Iru kristau gisa arkitzen dira, engañaturik daudenak gauza onetan; batzuek egun guziak jaitzat dakakeenak; esan nai det nekerik artu ta bearrik egin gabe daramatenak aste guzia. Badute zer jan nekazariaren bekokiko izerdiarekin, ta ez dute gero besterik egiten, baizikan eman korputzari eregu ta atsegin guzia; lo galanki aspertu artean, gosari ona, bazkari obea, apari galanta, janzi ala galakoak; eguna, bearginak buru edo korputzak mankatzen dituzten artean, igarotzen dute alperreria utsean, paseatzen, jokatzen, berriketa, ardi bat balio ez dutenetan; meza bat goiz beranduan enzuten badute edo errosario ito bat esan (au ere askok ez) uste dute gauza andi bat egin duteela. Ona zer dion Dabid Erregearen aoz Espiritu Santuak, ez ditu nekeak ta bear egin bearrak arrapatzen beste gizonak bezala; ez dituzte igarotzen pena ta naigabeak. In labore hominum non sunt et cum hominibus non flagellabuntur. Zer gero? Arrotzen dira, begiratzatzen die mukertasunez bere mendekoai anditzat buruak idukita, astea ta jaia guzia oro bat ezer egin gabe igarotzeko. Gogoratzen etzaie gordetzen ez duteela txit ongi jai eguna. Egiten ezpadituzte lapurreriak, bekatu itsusiak, jai bearrak, bizi dira konfianza galantean, kezka gabe, ta dira predikaririk azkorrenak lapur ta nekazari bear egiten dutenen kontra zoli zoli itz egiteko. O itxumen kaltegarria! Eta zenbat onelako erorten ote dira infernura Ebanjelioko aberats zeken ta burugiña bezala! Ark ere etzuen lapurretarik egin; ez da erakurten zala lujuriosoa, ez bearrik egiten zuela jai egunetan; bai bere buruari era guziak ematen ziozkala, jan ugari pobreen kontu gabe, janzi soñoko apaingarriakin; gastatzen zituen ondasunak gaizki, au da bere korputzeko on utsean. Ill zan, ta jo zuen Infernuko leizan. Aberatsak, jan ta janzitzeko premiarik ez duteenak, asteko egunak artu bear lituzkee egiazko jaitzat nekazari bearrean daudenak gatik orazio egiteko korputzeko janaria anbeste nekerekin irabazten dien ezkero, oen anima ta osasuna gatik Jangoikoari eskatzen diela; premian daudenean (ta zenbat egon oi dira jakin nai balitz!) ematen diela sokorru ta laguntasuna, zeñetara duten eskubidea beren bear gogorren frutuak diralako ondasundunen gauzarik geienak. Baña zein gauza gaitza egitea Kristoren agintza au, bear degunez gañekoa, eman limosna.
Beste jende batzuek dira asteko egunetan bear egin bear duteenak jango badue, edo gizon izango badira; egia esateko San Pablok dionez, ez du jan bear alperrak, edo nekerik artzen ez duenak. Siquis none vult operari nec manducet. Dator jaieguna? Jangoiko maitea, zenbat nasaitasun! Zenbat Jaunaren ofensa! Meza bat enzun debozio ariñarekin, egun guzian jokoari, ta disersio txaarrari emanak. Jai egunetan ardantegietan egoera luzeagoak Elizan baño. Jai egunean danzarik gaiztoenak, ebillerarik txatarrenak; aste artean alkar ekusi ta alkarrekin egoteko, erarik izan ez duten amore ez onean daudenak, jaia datorrenean alkartzen dira. Zertako ote? Aitatu ere bear ez diran, ta berak dakizten gauza gaiztoetarako. Oek konsagratzen die Jaunari bere eguna bearrik ez egiña gatik? Ona Santo Thomas Maisu andiaren doktrina iñoiz aztu bear ez deguna Jai egunean bekatu egiten duenak geiago egiten duela Jangoikoaren mandamentu onen kontra, beste edozein bear, berez bekatu ez dana egiten duenak baño. Da esatea, geiago desonratzen duela jai eguna orditzen danak, ta lujuriako zikinkeriak egiten dituenak, arriak lantzen, zurak askoratzen, ta lurra atxurtzen duenak baño. Ori ezin sinistu diteke esango dute askok. Ez? Enzun arrazoi garbi ta zuzena. Arriak lantzea, zurak askoratzea, lurra atxurtzea, ta ogia garbiro irabazteko beste bear gaiak, ez dira berenez gaiztoak, ta bai onera ematen duteenak. Bearra ez da ain estu eragotzia jai egunean, zein da egin ezin ditekean noiz edo berriz premia andietan, edo dispensa zuzenaren bidez. Baña orditzea, lujuria, ta bizitza gaizto Jangoikoaren kontrakoa beti beti da eragotzia, ta Aita Santu Erromakoak ere dispensarik eman ezin dezakeana. Atoz ona. Zertarako egin zan jaia? Esango didazu fede apur bat badezu, egiña dala eguna santifikatzeko. Zer da santifikatzea? Meza bat enzutea ta besterik ez? Meza enzutea ere ez da obligazio ain estua. Gaixo diranak, Elizara joan ezin diranak, ta onelako denpora ezin dan batzuetan libratzen dira animan, ta Jangoikoak gaitztzat (sic) artuko ez die meza ez enzutea. Baña bekatu egiteko lizenziarik inoiz eman du? Santifikatu dezakegu bekatu itsusiekin eguna? Bekatuaren gatigu, esklabo edo serbitzari bagera jai egunean bekatu egiñik, nola serbitu egun artan Jangoikoa? Arimarentzat Jangoikoak larga dizkigu egunak, korputzeko janaria irabazteko astegunak bezala; nola begiratu animari bera galtzeeko bekatuak egiten diranean? O itxutasun kaltegarria! O negar eragiteko gertakizuna! dio damuz ta min miñik San Antonino Florenziakoak. Kristauak bekatu geiago egiten dute jai egunean asteko beste egun guzietan baño. Jai egunak dira Deabruaren feria egunak, noiz geiago irabasten duten infernuko merkatariak beste egunetan baño. Ona zertara etorri dan kristautasuna; banaka batzuek ematen dira Jangoikoagana, daude Elizatan orazioan, konfesatzen dira; baña oei ere pakerik ematen ez die. Ona zer dion Jangoikoak Jeremias Profetaren aoz: Gorde itzatzuz zuen animak, ta ez ditzatzula eraman kargak, edo ez bearrik egin Jai egunean. Bear da bada beste guzien aurretik ez bekaturik egin, au da anima gordetzea, ta gero dator ez bearrik egitea. Nola bada gordeko du anima korputzeko bearrik ez egiña gatik bekatuaren pisu astunez kargatzen duenak? O nolako atsegiña ematen zaion Deabruari bekatuetan jai egunak igarotzen diranean! Mamia infernukoari, oskol ta azala Jangoikoari. Dirudi jai egunerako kanpae, edo eskilloiak jotzea dala bekatuaren gerrara jotzea dala pekaturako soñua, edo dei egitea. Jai egunik ezpalego, urrituko edo gutxituko lirake Jangoikoaren ofensa asko. Elizetako Santu Patroiak dira berak onratzeko egiñak; baña egun oetan egiten dira errietan bekatu geiago beste ill askotan baño. Elizak ipiñi ditu Ama Birjiñaren Jaiotzako Sorrera garbiko ta Asunziazioko jai andiak ta egun oek dira erri askotan noiz bekaturik itsuenak egiten diran. San Juan Bautistaren jai eguna edo Doneanea da anima goratzeko eguna, ta Jentil jaiak baño gaizkiago zelebratu oi da. Danzari baten pagua, San Juan Bautistaren Burua, dio San Anbrosiok ta bere egunean egiten dira Herodesen Jauregian baño danza gaiztoagoak. Au ez ote da burla egitea Santu andi oni? Ala igande, ta Elizako jairik andienak dira nasaitasun egunak, ta Deabruak irabazirik andienak egiten dituenak, ta noiz animak geiago galtzen dituen gure etsai aspertzen ez dan onek.
Badabiltza asko goizean meza arin bat enzunda, kale ta karrikeetan lasaitasun andienetan; begiak lasai, itzak lasai, eskuak lasai. Beste egunetan irten oi du deabruak animen eizara lakirio, edo esku-arma batekin bezela banaka iltzera; baña jai egunean su ematen dio baso guziari galtzeko barrunbean zeuden bizitzadun guziak; irten oi du arranzara astegunetan kañabera ta amuarekin arrai bat edo beste arrapatzera; baña jai egunean zabaltzen du sare andi bat ta artzen ditu pilla andiak; traxit (totum) in sagena sua. Ah Jauna! Ori geiegi gauzak jaso edo ponderatzea da gu beldurtzea gatik. Gezurra da? Ez, sinistu nai badiezu San Bizente Ferrergoari, San Agustini, San Antonino Florenziakoari. Atoz ona, nola ukatu gere begiekin ekusten deguna? Zertan ari dira kristaurik geienak? Meza bat debozio labur batekin enzunda, batzuek igarotzen dute eguna etxeko kontu, arazo edo munduko aurrerapenak egiten; anima apaintzeaz arreta gutxi, ta korputza eder agertzeko arazo andietan; badira kale, edo bideetan buru goratu ta gallenduekin, begietan lasaitasuna, janzian arrotasuna, ebilleran modestiarik eza, ezpañetan irri-parre tentagarriak, itzetan eztitasun ondagarria darakustela; alboetan zaldun, mutil, edo gizon askatu ta labañak. Eskintzen die luxuriaren amak bular gozo iritzikoa, edaten dute ezpañetatik erio artean. Neskatx nekazarietako asko, edo eskapeetan, edo beste zoko batzuetan, edo ardantegietan mutill-gizonekin igarotzen dituztela itzketa gaizto, eskuka itsusi ta lasaitasun guziak. Astegunetan bearrak aztuerazitzen dizte onelako gauzak, ta jaieguna autatzen edo eskojitzen da Jaunaren ofensarik geien ta andienetarako. Beste batzuek tanboril soñuan plaza edo korruetan saltoka, modestia guzia galduta, ur bedeikaturik artu bearreko bekatu txikirik egiten ez duteela beren ustez.
Zer? Kendu nai dizkiguz jaieguneko olgantza edo dibersio garbi inozenteak? Danzarik egingo ez degula leku agirietan Elizakoak eginda? Nai gaitu iduki edo etxeetan sarturik, edo bidaldu eremuren batera inork ekusi ez gaitzan? Jai egunean olgatuko ezpagera, noiz olgatuko gera? Astegunean bearrak darama denpora. Oriek dira humore gaiztoak erasotzen dituen doktriña estuak. Ala egin zuten gure asaba ta atzekoak, ala egiten dute jende, beata txar batzuek ez, ta beste guziak. Nik ez det konfesakizunik egiten orrelako danza agirietan; gaiztoago litzake zokondoetan danzatzea, edo itzketa lizunetan egotea. Jaunak, justizia, ta apaiz batzuek ere egoten dira guri begira galanki parre egiten duteela gure jolas ta jostatzeakin. Nork sinistuko dio gauza peligroso ta animen kaltegarriak dirala gure errietako danzak? Alperrik buruak txikituko dituzte misionista ta apaizen batzuek, ala izanda, ala da, ta ala izango da. Bada zer esan geiago?
Enzun bada nere eranzunak, ta arrazoi gabe itz egiten badet, ez sinisterik eman.
Zer da emakume danzari bat? Nai diozu enzun Espiritu Santuari? Bai, kristaua bazera. Da bada animak galtzeeko berezko indar andia duena. Ona gero gizonari ematen dion konsejua. Ez dezu tratatu bear ez sarri itzik egin emakume saltari, edo danzariarekin galdu etzaitean bere indar, lika, edo tentaziokin. Cum saltatrice ne assiduus sis, nec audias illam ne forte pereas in efficacia illius. O emakume danzariak, nolakoak zerate Espiritu Santuaren aoan? Dio ez enzuterik emateko zuen itz ta berriketai, aldegiteko zuekin tratatzetik, daukazutela lika katigagarria ta zeratela anima galgarriak. Orain bada, kristautzea baño leenago au bazion Jangoikoak, zer esango luke emakume Kristau saltari edo danzarien gañean? Beren itzak badira ain peligrosoak, ain kaltegarriak gizonentzat, zer izango da berai oratuta eskuz esku ta kolpeka ibiltzea ta belarriz belarri itzegiteas? Alkar oratze, ikutze denpora luzekoak ez dakartela kalterik ez tentaziorik? Pika berotu bati oratu ta eztutu ta zetaka edo mantxarik izan gabe? Ez; dio Espiritu berak. Qui tetigerit picem inquinabitur ab ea. Danzara dijoazen neskatxak janzi oi dira, duten, ta ez duten guziekin. Eta gizon danzari neskatx bat edo bi ederki apainduak alboetan dituena, egongo da buruz beera begi humillakin iraatxi gabe begia lagun aien arpegira? Eta onek ez du peligrorik? Bai, dio Espiritu Santuak, ez begiak egotzi emakume apainduaren arpegira galdu nai ezpadezu bere eder iritzian, bada asko galdu dira begiratze eraskorretatik; sua bezala irizikitzen da aragiaren naikunde jatorriz datorrena. Zer eranzun Espiritu Santuari? Beldurtiegi edo eskrupolosoa dala? Doktriña berri ta estuak dakazkigula? Ez dira danza nastuetan ekusten lujuriaren berogarri asko? Eztabilza begiak lasai? Ez dira izaten esku estutze amoragarriak? Itztxo oniritzi edo kariñokoak? Bota ta tira modestia gabeak? Samurtzen ez da neskatxaren biotza danzara eraman duelako mutil gazteak? Ah! nolako orapillo ta katea, zeñean deabruak lotzen dituen anima argal asko! Lasai bizi diranak ez die igarten kalteari. Jangoikoagana egiaz biurtu diran animak, argi zerukoa artu ondoan esango dizute, egiten duten edo ez gaizkirik danza orietan ebilli ziranean. Laster da lasaitu biotzik onena ta debotoena, aldegiten ezpadu jolas onelakoetatik. Inoiz ekusten danean anima beatatzat iduki dana danzara joaten, farre ta siñu egiten die jende lasaiak; au ere danzara? Ona zertara jo duten onen beateriak; galanki engañatu ditu konfesoreak. Ala kokatzen edo burlatzen dira. Beraz arkitzen dute lasaigarrirako bidea.
Ona beste arrazoi ederra. Santuak merezi dute edo ez sinisterik? Ez da iñor aizartu edo atrebituko ezer esatera. Zeruko bidea nork daki obeto ebilli danak baño? Bada santuak ebilli dira zeruko bidetik. Atoz ona, arkituko dezu santu bat esaten dizunik neskatx mutillen arteko danza naasiak ez dutela animako peligrorik? Ona zer dion San Efrenek: Nork sartu zituen danzak kristau errietan? San Pedro, San Juan edo beste Apostolo santuren batek? Nor izan dan jakin nai badezu, izan da anziñako dragoi Deabrua deritzona. Elizako lenbiziko irureun urteetan etzan izan kristauen artean onelako danzarik; egiten zituzten bai jentil edo fedegabeak, zeintzuen artean bizi izan ziran; baña gordetzen ere ziran berak joatetik. Zer jende gisa da au? esaten zuten jentillak. Ez dute olgatu edo dibertitu nai gure pesteetan; ezkutatzen dituzte buruak kantatzeko alabantzak beren Jangoiko kruzifikatuari. Biltzen dira jai egunetan orazio egitera, ta ez dakigu guk zer jaatera, (zan komulgatzea) ez dirudite gure orakoak. Alkar ondo artzen dute beti, batak daukana bestearena da. Gero sartu zan pakea elizan erregeak kristau egin ziranetik, sartu ere bai lasaitasuna. Lotsa botatzen asi ziraneko, abiatu ziran kristau banaka batzuek dantzatzen; ta beingoan obispo santuak jaiki ziran alakoen kontra. Eman ere zuten penitenzia gogorra jaiegunean danzara zijoazenentzat. San Krisostomo Elizako irakasla ain jakitunak, jakin zuenean neskatx bi joan zirala mutillekin danzatzen, aserre santu batekin esan zuen: Banakiz neskatx, bi aien izenak, deskomulgatu, edo botako nituzke Elizatik.
San Agustinek iñork ez bezela zekien zer gertatzen zan neskatx mutillen danza naasietan. Zer egin etzuen desterratzeko kristauen artetik orrelako oitura edo usario gaiztoa? Obe luke, dio, emakume batek gorua egin, ta gizasemeak arearekin soroan ekin, jai egun santuan, anbat peligroren artean danzatu baño. Prestat stivam aratri ducere, lanam facere, aut colum trahere, quam in his ludis periculose saltare. Danza naasi au da (dio berriz santu onek) ingurumaria jira bira bat, zeñen erdian dagoan deabrua, ta albo artan bere Aingeru gaizto kondenatuak. San Anbrosio andiak dio: Emakume danzari baten pagua San Juan Bautistaren burua. Danza naasiak dira geienez prozesio luze Infernuko gaizkiñak gidari dituena; dira txit askorentzat arri leun, non laban eginda erorten diran Infernuko osin sakonean. Ona nolako jolas edo dibersioetan igarotzen dituzten kristaurik geienak jai egunak. Dakartela santu bat anbesteren artean ez dionik danza naasi oek dirala peligro andikoak. Sinistuko ez diegu alako testigo asko nai digutenai?
Jaunak esan beza nai duena, gazteai etzaie eskatu bear eremu batera joatea. Ez dira dibertituko? Ez litzake gaiztoago izango bazterretan sartuta egotea? Ona soñu betikoa tanbolinarenarekin konpas batean dabillena. Soñu au ixiltzeko ez dira asko santuen esanak? Ez degu iñor bidaldu nai eremura, ez eskatu egon didilla beti etxean sarturik. Baña eskatu bear degu gordetzeko anima kondenazioko peligro andietatik. Eskatuko diegu gazteai kristau onak izatea, ateratzea begia, ebakitzea oñak bagaramate bekatura, esan nai det esku ta oñak baño laztanago diran okasio gaiztoak largatzea esango diegu Jesu Kristorekin, zorionekoak orain negar egiten duteenak, zerren gero izango diran gozatu, edo poztuak. Mundua gozatu, edo alegratuko da, esaten zien Kristok bere jarraitzalleai, ta zuek ebilliko zerate tristura iritzian. Baña zuen tristura biurtuko da atsegin edo gozatasunera. Beraz lurreko alegria, jolas eroak, ez dira Kristoren jarraitzalleenak, ta bai mundu Kristoren etsaiarenak. Eskatuko diegu gazteai egin dezatela orazioa tentazioan erori nai ezpadute ta ez joatea tentazio asko dauden ebillune, ta olgantzetara; gazteak daukatelako kontu geiagoren bearra aragiak, ta munduak engaña ez ditzan. Esango diegu gaztetasuna obea dala Jangoikoa serbitzeko zaartzea baño; zerren gaztetasun onak dakarren geienez zaartza ona, ta txarrak txarra. Eta egia esateko, zein dira danza peligrosoen bandari edo defensorerik azkor ta gogorrenak? Zaar gaztetan danzazaleak izan diranak; agure ta atso ille urdin ta bekoki zimurdun asko dira gazte bakartade zaleai esaten dienak; ah txoro txaldan gatzgabea! Ez du inork naiko, izeba txar bat izan bearko den; Elizak, ta orazioak emango diñee senarra; len ere baziran animako maisu ta konfesoreak, doktriña berridun batzuek agertu ditun, beti danzeen kontra jardun ta jardun daudenak. Nork sinis lezake dirala guraso obligatu nai dituztenak beren umeak irtetzera danza lasaietara ta largatzen dienak nola nai ebiltzen? Norako dira onelako gurasoak?
Ez dute gazteak olgatu edo dibertitu bear? Bai ordu onean neurri ta modu onean bada, ez modu gaiztoan ta animako peligro andiekin. Danzatuko balira mutillak mutillekin, neskatxak neskatxakin, oek mutilkeria gaiztorik egin gabe, ez legoke peligru ezaguturik kolpe bat edo beste emana gatik mokorka; ta onelako danza peligro gabeak egingo balira Elizako orduz kanpora, urrituko edo gutxituko lirake bekatuak, ta esango genuke askorentzat onak lirakeala. Baña ez, ez iñolaere erririk geienetan egin oi diran danza naasi edo mutil neskatxekikoak gatik. Danza utsa peligro gabea, batek bakarrik egiña, da geienez erakeria, ta ordikeriaren ondorena, esan zuen Zizeron Jentillak; baña ez da luxuriaren bizkorgarria, ez bekatua. Iñork ez du deadarrik egiten danza bakar edo mutillak alkarrekin, edo neskatxak gizaseme bage egiten diranen kontra, bai ordea naasi ta modestia guzia galtzen dutenen kontra.
Bekatu geiago egingo lirake, gaiztoago litzake plaza danzak kenduko balira, zerren zokoetako danzak, egoerak, ta izkuneak dakarten kalte geiago. Bada beste sesio, baña sustrai gabea San Pablok esanik larga zigun, ez dirala inoiz egin bear gauza gaiztoak ekarriko baligute ere on asko. Gezur txiki bat ere ezin esan genzake, bagiñaki aterako genukeala eriotzaren ortzetatik Errege, edo Aita Santu Erromakoa. Atoz ona; nor baitek ostuko balizu etxean dezuna, ta lapurrak eranzungo balizu, gaiztoago izango zala eriotza ematea, zer eranzungo ziñioke? Etzuela ez bata ez bestea egin bear, biak daudela debekatuak. Ori berori nik ere eranzungo dizut, ez dezula ez zoko danza gaiztorik egin bear, ez egoera ta izkune okerrik bakartadeetan; ez da ere plazan danza naasi edo modu gaiztokorik; non nai eragozten du Jangoikoak oker ebiltzea, ta tentazio andien lekuan egotea. Bazterretan izkune, ta egoera txaarrak dauzkeenak, edo eskuka zatar agirikoekin danzatzen duteenak, ezagutzen dute beren gaizki egiña, ez dute sesio edo aitzakiarik estaltzeko bekatua; gutxi batzuek dira oi dabiltzanak orrelako tokietan, konzienziak kezkatzen ditu; baña plaza agiri orietan esku estutze, ta amore akzioak egiña gatik, ez dute ezagutzen gaizkirik dagoala, ta dabilza jende pillo edo aldra andiak matasaturik, kateaturik, kolpeka, parreka lasaitasun guzirako prestatzen dirala gazteak. Ezpada nondik dator pestatik etxera biurtzean, ta gero kale bazterretan egitea anbeste izkune ta akzio lotsagarri? Pesta bukatzen da illun-abarrean, edo Abe-maria kanpaiak jotzean; mendietxeetako, edo erbestekoak biurtzen dira illunez edo gabaz etxera, bideetan illunean zenbat zanzo, ipui, izkera txar-oratze, apa laztan, ta beste eskuka lotsagarri? Nork kontatu zenbat bekatu egiten diran? Egun argiz ere naiz kalean, naiz bideetan lotsaren apur gabe dijoaz neskatxak mutillakin alkarri oratuta ta egiten dira esku erabilte gaiztoak. Gaztetxoai begiak idikitzen dizte; ikasten dute eskola bera. Egun santuak biurtzen dira Luziferren doktriñak erakatsi ta ikasteko. Erriko jendeak gelditzen dira bazterretan, kale zokoetan, etxepetan illunduta ere. Alkate-jaunak alde batetik kentzen baditu, dijoaz beste bazterretara. Nork esan zenbat gaistakeria egiten dituzten? Danzeetan adiskidetzen dira, len ezagutzen etziranak ere. Emendik gero anbeste ezkontza itz, anbeste erorte, auzi... Ixillik igarotzea obe litzake, esan bear ezpadira, agertzeko nola gordetzen diran egun santuak. O euskaldun maiteak! Lotsatzen naiz esan bearraz. Ezta kristau erri, ez hereje, ez jentiletan arkituko plaza, kale, bide, ta leku agirietan anbeste lasaitasun, lotsagabekeria, apa laztan ta eskuka zatar, nola ekusten dan euskaldunen artean. Urte askoan bizi izan naiz erdaldunen artean; ez det iñoiz ekusi kale, bide ta leku agirietan eskuka ta tentatze txar bat gizasemeak egiten emakumeari. Dira lotsati edo grabeak. Berriz euskalerrietan ez naiz atrebitzen irtetera pesta egunean paseo bat ematen, zerren ekusi oi diran zatarkeria asko. Nondik dator? Jendea lasaitzen da danzako soñu, algara, botaka, mokorka ta esku-erabilliekin, ta gero egin oi dira lotsagabe eskuka zatarrak.
Jauna, guk ez degu peligrorik ezagutzen; ez degu uste iñoiz gauza txaarrik egin degunik; ez det iñoiz konfesatu danzeetan egin dedan bekaturik. Ongi. Eztezula ezagutzen peligrorik? Au da peligrorik andiena, zere burua ez ezagutzea. Biotza jiratu, ta aldaturik bazenuka Jangoikoagana, beldurtuko ziñake bekatuaren usai ta gerizarekin ere; maiteago izango zenuke anima gorputza baño. Eta maiteago dezu danza-zale itxutua. Ez naiz aspertuko esaten. Baziñaki danzan dabiltzanak daukatela beren eskuetan sarna zatar eraaskorra joango ziñake? Iges egingo zenuke laster ta arin onean plazatik edo joango etziñake plazara. Esango zenuke zere artean banarame danzara iraatxiko didate bear bada beren sarna. Nolako igui ta gorrotoa emango ez lizuke sarnatien eskuetan ebilli bearra! Zerk egiten du au? Beldurtzen zaitu gaitzaren peligroak; maite dezu korputza. Eta anima sarnatu edo ezkabitzeko peligroak ez du bear kontu geiago?
Baña demagun, ez dezula gaitzik egiten ez konsentitzen danza naasi orietan. Ukatuko didazu asko dabilzala modestia gabe, ta egiten dituztela akzio txaarrak? Maite bazenu Jangoikoa, gorroto baziño bekatuari etzenuke iges egingo anbeste bekatu besteak egiten duten dibersio edo jolasetik? Ebilliko ziñake atsegiñez, olguraz, parrez ta algaraz beste danzarien modu gaiztoko ebilleretan? Badabilza askotan eun baño geiago neskatx ta mutil kate luzea eginda. Inguru aietan bost-eun edo geiago begira parrez. Ona zer gertatzen dan. Gizon bakoitzak du bere Aingeru zaille edo Goardakoa. Bitik bat, edo Aingeruak iges egiten dute plazako baralla, iskanbilla, ospe edo bulla alakoetatik, edo daude an naita ez bezela. An badaude, zer esango dute alkarren artean? Nolako aserre santua eduki bear ez dute Jangoikoaren ofensa asko egiten dan lekuan egon bearra? Nolako injuria egiten etzaie anbeste lasaitasunen testigo izatera eramaten diralako? Iges egiten badute andik, gelditzen dira danzariak laguntasun gabe, Aingeru gaiztoen eskuetan bezela. O kristauak! Begira zazute, dio San Bernardok, ez egiteaz Aingeruari gaitz iritziko dion gauzarik.
Beraz alde egin bear da alako lekuetatik? Bai bai, ta milla bider bai. Ezagutzen dezu egin dituzula len danza nasitan esku estutze amorezkoak, esan izketa txatarrak, ta ebilli modu gaiztoan? Zuretzat da okasio ezaguna, ez larga bear dana salbatu nai badezu. Zuk emakume eroa, konsentitu dituzu eskuko txaarrak, poztutzen ziñan oratze amoragarriekin ta igarten dezu danza naasi orietara joanda berriz ta berriz ere egingo dizkitzutela akzio desonesto, edo esan itz zatarrak, edo likatzen zaitzula kariño, oniritzi edo amorea danza lagunarekin? Iges egin bear dezu salbatu nai badezu, dalako zuretzat okasio ezagutu ta jakiña anima galtzeeko. Gaiztoa bazera ta erorkorra, gaiztoago egingo zera okasioakin. Ona zera, ta gorroto diozu bekatu loiari? Jarraitzen badiozu danzari, gaiztotuko zera, ta laster kenduko zatzu bekatuaren gorrotoa. Konzienziak lenbiziko aldietan zauka egingo dizu; gero etxezakurrak bezela jolas ta pesta. Lenengo joateetan artuko diozu, usai txarra; baña oitutzen bazera, batere ez. Eta gurasoak obligatzen banau danza naasietara joateko, zer egin? Animako kaltearekin, ez diozu obeditu bear guraso gaiztoari, zerren leenago da Jangoikoaren borondatea egitea, zeña dan gurasorik onena, urkoena ta osoena, lurrekoarena baño; banatzen bazaituzte irten nai ez dezulako plaza orietara, mutil artera zorionekoak zure kolpe ta zauriak; sendatuko dizkitzuz Kristok ezkutuko balsamo ederrarekin bere amorez egin dizkitzuten zauri edo oñazak. Kristau guziak iraatxi bear dituzte beren biotz barrenetan Jesu Kristoren itz eder oek, ez gaituztela beldurtu bear korputzeko bizitza kendu al dezakeenak, ta bai Jangoikoak, zeñek duen eskubidea korputz ta anima Infernuko leizara botatzeko.
Eta bekatu mortal egiten dute danzara dijoazen guziak? Ez det ori esan nai. Diot bada, danzak badira gauza txatar edo bekatuzkoak egiten diranak, onelakoetara joatea dakizula peligro ezagutua dala bekatu mortala. Onelako danzak dira geien geienez bakar lekuetan mutil neskatxak egiten dituzten fandangoak. Eun fandango danzatzetik jende lasaien aurrean, ozta bat izango da, zeñean egingo ez dan eskuegozte gaiztoa edo gona altxatu naia oñarekin, edo korputz urreratzean aurpegiz aurpegi mobimentu eskandalogarria, aurrean daudenai ematen zaiela gogorazio loietarako bidea. Oek ekusita parre ta parre. O emakumeak! Nora da zuen modestia, jarten zeratenean gizaseme lujurioso, ta lotsagabeekin alako danza gaiztoetan? Da bada bekatu mortala irtetea danzara, igarten danean zer egingo dioen gutxi gora bera, edo egingo diozkela esan diran gisako akzio txatarrak. Zer esan berriz etxeko-jaun edo guraso beren etxeetan onelako danzak permititzen dituztenak gatik? Zenbat bekaturekin kargatzen dituzte beren anima gaixoak? Plaza danza agirietan egiten ta konsentitzen dituztenak akzio desonesto, ta esan itz bekatuzko ta amoragarriak edo eskandalosoak, oro bat egiten dituzte bekatu mortalak. Amore gaiztoan bizi diranak egiten dute bekatu mortal alkarrekin danzan ebilliaz, zerren dan onelakoentzat okasio gaizto ta ezagutua.
Bein edo berriz, gutxi gutxi batzuetan dijoazanak asmo gaizto gabe, lotsaz edo mundukoen beldurrez, ta afizio edo eraspen gabe, agindu edo erregu utsez, proposito sendoarekin ez konsentitzeko uste kabean akzio txaarrik egiten badie, ez dute bekatu mortalik egingo, zerren ez dago onetan peligro ezagun ta urrekorik. Baña Jangoikoak nai du bekatu usaietatik ere aldegitea, ta nere konsejua da ez inoiz joatea milla erregu egiñagatik. Gauza bat da bekatu mortala ez izatea ta beste bat obe izatea, edo Jangoikoak naiago izatea egin ez dezagun. Apaintzea burua arrotasunen batekin, pilotan jokatzea denpora geiegian, dibersio alperrak bekatu mortalik ez dakartenean ere, dira Jangoikoak nai ez dituenak. Ala bada, plaza danza euskal-errietan egiten diranetara irtetzea bein edo beste, asmo gaizto gabe, ta gogo sendoarekin ez lekurik emateko gauza edo akzio txatarri ez izanagatik bekatu mortala alde askotatik da obe ez joatea. Jende lasaiak ekusten dituztenean kristau onak danzatzen plazako bulleetan, uste dute berak ere ibilli ditezkeala oker ebilliagatik; ez dute konturik ateratzen batzuentzat bekatu mortala dan gauza bat ez dala beste batzuentzat. Bestetik anima Jangoikoa urtxotik serbitu nai duteenak iges egin bear dute mundu usaia, ta biotza lasaitzea dakarten dibersioetatik.
Baña nork libra ditzakez kondenazioko peligrotik sarri, afizioz, borondate prestarekin okasio danetan dijoazenak danza naasietara? Oentzat da peligro andi, urreko, ta ezaguna, gutxi gutxitan, indarrez bezela, gogo gabe, lotsaz, edo resoluzio sendoaren paltaz okasio andi ta urrekoa ez dana. Esana da, iturrira sarri dijoan morko edo bonbilla, ausiko dala. Gizaseme batek itz egitea bein edo beste neskatx batekin asmo gaizto gabe, ez da bekaturako peligro urrekoa; baña itz egiteak sarri, afizioz, borondate prestarekin dakar berekin peligro andi ta ezaguna, ta ez luke konfesore begiratu batek absolbituko onelakoa, larga nai ezpalio tratatze ain luze, estu ta afiziozkoari. Tratatze sarri ta estuak dakar kariño edo afizioa; onek begien arintasuna edo itxastea; begiratze afiziozkoak gogorazio lizunak, tentazioak, itz amorezkoak ta azkenean zer ez? Nondik datoz mundukoen bekatu loiak? Ala bada danza sarri egiñak, afizioz artuak, okasio danean borondatea poztzen dutenak dira peligrosoagoak itzketa utsak baño. Eskuz esku luzaro oraturik ebiltzea, alboan ain urrean sua ta amullua egotea, ematen diran mokorkada bota ta tirak, parre algarak, dira peligro andiko gauzaak asmo agiri gaiztorik ez darametentzat ere, zerren begiak ta eskuak galtzen dituzte asko, sartzen da persona edo danza lagunarentzat oniritzi edo kariñoa; kariñoak dakar itzkera labañ ta samurra, onek tentazioa, lujuria biztzea... ta zer ez?
Ego absque ulla haesitatione existimo, incapaces esse sacramentalis absolutionis juvenes utriusque sexus, qui parato animo sunt ut frequentent choraeas quae, in usu sunt quia iuidicio prudentum, et esperientia ipsa teste, sunt occasio proxima ad multa peccata lethalia. Qui secus agunt Confessarii, qui parvi pendunt haec tam periculosa consortia sunt, ni fallit animus, duces Coecorum. Quid de illis loquar, qui si non manibus, at voce plaudunt haec luxuriae, incitamenta! Quamdo agitur de vitando peccato formali, inquirunt Segnerius et Ligorius, sequendae sunt opiniones minus faventes laxitati; et hi Apostolici viri, in regendis animis peritissimi, et pietate pleni, non sunt Antiprobalistaru<m> patroni. Non disputamus, an choreae ex se sint indifferentes; sed an ut in patria nostra exercentur, et frequentantur sint occasio proxima ruinae spiritalis.
O kristau euskaldun maiteak! Noiz begiak idikiko dituzute ezagutzeko ez gaituela Jangoikoak juzgatuko munduko usario, oitura, edo legeetatik, bere lege santutik baño? Zertarako dira anbeste sesio ta anbeste edergarri iraun erazitzeko dibersio anima askoren ondagarriak diranai? Zertako sinistu ez Zeruko bidetik joan ziran Santuei? Zertako asmatu berria dala danza onelakoak eragozten dituen doktriña? Ona zer dion Jangoiko ber berak, urratu zituzten nere egunak, edo Jai santuak, ta nik ezarriko det nere aserrea beren gañera. Nik zabalduko det jaien simaurra zuen arpegira. Da esatea, simaurtu ta zikintzen ditugula bere egunak, ta arpegian emango digula egunen batean gure lasaitasunaz. Eta zenbat obeago izango degu igarotzea Zeruko pesta ederretara zelebratzera an jaiak Aingeruen musika, ta anbeste Santuren alabantzakin! Non da gure fedea? Gaiztoak igarotzen dituzte beren egunak alegria, ta atsegiñ ematen dien dibersio txaarretan, ta beingo batean jesten dira Infernura, dio Job Santuak. Nai degu dibertitu deabruarekin? Ezingo degu erregiñatu Jesu Kristorekin esan zien San Pedro Krisologok bere enzula ta eleiztarrai. Ereiten badegu penitenziako negar malkoa bilduko degu pozarekin betiko gloria. Ala izan didilla. Bai arren bai.
|
|