|
ERAKASTE I.
Zer, zenbat, ta zein gorde-bearrak diran Jangoikoaren Legeko amar Mandamentuak
Erakatsi ditugu orain artean Fede, ta Esperanzako Birtuteai ditzaizken gauzak, edo zer sinistu, ta zer eskatu bear dan. Ezarri degu zimentua, egin ormak, baña etxe eder onek bear ere du bere tellatua, dio San Agustinek, zeña dan Karidadea, iru Birtuten artean andiena. Karidade au dago, edo dator Jangoikoaren amorio, edo maitetasunetik, ta au izaiteko bear bearra da gordetzea osoz Jangoikoaren Legea, ta Lege au dago sarturik bere amar mandamentu, edo agintzeetan. Nai badezu betiko bizitzan sartu, gorde itzatzuz mandamentuak, dio Kristok, ta oek gordetzen dituenak, maite du Jangoikoa, ta berekin du Karidade, edo amorio santu ta garbia. Baña nola ondo gordeko ezin diran ondo jakin gabe, ala bear ditugu argiro ta zearo azaldu edo adirazo, artzeen dugula mandamentuen etorria. Dakuskun bada.
G. Zer dira baña amar mandamentuak?
E. Dira Jangoikoak ipiñi dituen agintze eder batzuek, agertzeko bera dala gure Jaun, ta Jabea, ta guri eskatzeko zor diogun mendetasun, edo obedienzia oso osoa, oek gordeaz, edo bere esanak egiñaz, irabazi dezagun betiko zoriontasuna, zeña bakarrik dagoan Zeruan.
G. Noiz eman, ta agertu zituen Jangoikoak bere agindu, edo mandamentu oek?
E. Israelgo Semeak Ijitoko katigeratik atera ezkero irugarren illean.
G. Nola gertatu zan?
E. Esan zion Jaunak bere adiskide andi, ta Israeltarren Agintari edo Buru egin zuen Moisesi, adirazo bear ziola jende ari, zeñi ematen zion bere Puebloaren izena, nolako mesedeak egin zizton Ijitotik atereaz, ta ateratzeko egin zituen mirari arrigarriak; ta balin nai bazituzten egin bere esanak aurrerakoan, artuko zituela bere kontura, ta beti arkituko zutela bere laguntasuna. Eman zien Moisesek Jangoikoaren mandatu au, ta ao batekin eranzun zioen, prest zeudela guziak Jaunaren esanak egiteko. Igaro zion Moisesek Jangoikoari bere Jende aren eranzuna; bazekian egiaz Jaunak leenaz ere zer eranzungo zuten, edo orduko bere gogoen berri, baña nai zituen itzetik artu Moises bitarteko zala, gero izan etzezen esesio edo aitzakiarik. Esaten dio bada berriz Jangoikoak bere serbitzari, ta mandatari onari; adierazo bear diezu bada, nik diodala, presta ditezela iru egunean, ta itz egingo diedala Sinaiko mendiaren gañetik, ipiñi bear zituztela orretarako mugarri batzuek mendiaren inguruan; irtengo ezin zutela mugatuko lekuetatik; ta non ez, edo bestela, bizitza galduko zuela irteten zuen edozeñek.
Jetsi zan Moises mendi gañetik, non egon zan astiro Jangoikoarekin, ta esan zizten Israeltar bean zeudenai Jangoikoak agintzen zuena. Irugarren egunean argia agertzeaz batera, edo egunsentian, enzun zan mendi gain artetik irtetzen zuen trumoi ots izugarri bat; mendi guzia zegoan keatua, jetsi zalako Jangoikoa suarekin. Mendipetik enzuten zan itzaro zoli nork nai argiro enzun zezakeana, ta itz aietan esaten ziran amar Mandamentu oek. Exod. XX.
I. Ni naiz Ijitotik atera zaituen Jauna. Ez dezu idukiko beste Jangoikorik. Ez dezu izango Idolorik, ez adoratuko eskubearrik. Nik (sic) naiz Jangoiko portitz, poderoso, ta honrari begiratuko diodana, ta dakidana kastigatzen gurasoen bekatua irugarren edo laugarren jenerazio, edo oñerano; ta miserikordiak ugari zabalduko ditudanari amatu, ta nere esanak gordetzen dituztenen gañera.
II. Ez dezu ezeri ez dagokala, edo utsean aitatuko Jangoikoaren Izena.
III. Oroi zaite gordetzeaz atseren eguna. Ez dezu egun onetan bearrik egingo, ez zuk, ez zure seme-alabak, ez morroe-mirabeak, ez da zure abereak ere.
IV. Honratuko dituzu Aita, ta Ama luzaro bizi zaitean.
V. Ez dezu iñor illko.
VI. Ez dezu aragizko bekatu loirik egingo iñoren emaztearekin, ez andreak iñoren senarrarekin. Eragozten ere ziran ezkondu ta ezkongabeen arteko bekatua; ta milla lekutan erakusten da Eskritura Santuan, debekatuak daudela mutil ta neskatx utsen bekatuak ere, korputzez ez ezen, baita pensamentuz, itzez, gogoz, ta sentiduekikoak ere. Asko hereje gaiztok mandamentu au itz azalean arturik, sinistuerazo nai izan dute ez daudela eragotziak, baizikan ezkonduen bekatuak.
VII. Ez dezu ezer ostuko.
VIII. Ez diozu iñori testimonio gezurrezkorik egotziko.
IX, ta X. Ez dezu bide txarrez nai izango, ez lagunaren emazterik ez bere etxe, serbitzari, asto, ez idi, ez beste gauzarik. Ona emen amar mandamentuak.
Beldurrez izutu ta igarota zeuden Israeltarrak mendipetik itz oek entzuteaz, ta esan zioen Moisesi: ez dizagula zuzen Jangoikoak guri itzik egin; itz egiguzu zeuk bere ordez. O gauza arrigarria! Jangoikoaren itzak anbeste itzal bazuen bere lege santua emateko une edo orduan, zer izango da, ta nolako itzala izango ez du bere Lege santua gorde etzutenai itz egingo dienean? Trumoi beldurgarriak ematean izan ziran sua ta kea; ikaraturik etzuten nai Jangoikoak itz egitea bere Pueblotzat zeuzkanean, zer izango da Juizioko egunean, kontuak artzean, ta madarikatuko dituenean gorde etzutenak bere Legea?
Ekusirik Jangoikoak jende beldurtu ark nai etzuela berak itz egitea, deitu zion Moisesi mendi gañera, ta an eman ziozkan bere legeko mandamentuak izkribiturik Arri bitan, gogoan idukitzeko enzun zituztenak. Agiri etzanean Moises, edo luza iritzirik onen mendiko egoereari, ernegazio eman zion jende pazienzia laburreko ari, ta asmatu zuen egitea urrezko txaal bat Jangoiko orde adoratzeko. Emakumeak eman zituzten artarako beren belarrietako pitxi urrezkoak, ta oekin, Itxurazko Idisko bat egiñik, adoratu zuten danza ta pesta andiekin. Alako batean jetsi zan menditik Moises zekarzala mandamentuak izkribituta zeuden Arri zabal biak. Ikusi zuenean Idolo ura, ta jende gaizto aren zoramen gogorra, artu zuen aserre santu batek, apurtu zituen Arri bi edo Mandamentuen olak, alperrak izan balira bezela, ekarri baño leenago Israelgo semeak biotzez ausi zituztenak; erre ta urtu zuen urrezko Txal, edo Idiskoa guziak zekusela; bota zituan apurrak uretara, edan erazi zien ur ura; egin zion agiraka latz ta andia bere Anaje Aaroni eragotzi etzielako jende aiei alako bekatua egitea, ta dio Moisesek: Jangoikoaren alde edo bandokoak diranak, urrera ditezela ta batu nerekin. Bildu zitzaizkan Lebitak, artu erazi zizten ezpatak, ta illerazi zituen ogeta iru milla gizon pekatari bezela. Nola beste bein San Migel Aigeru Nagusiak, bereganaturik beste Aingeru beeragoko asko, gerra eman zien Aingeru gaizto Jangoikoarekin bat egin nai izan zuteenai, ta jaurtiki zituen Infernura; ala Moisesek ere irten zuen Jangoikoaren onragatik, ta kastiga erazi eriotza emanaz anbeste milla gizon, Jangoiko orde Idisko bat artu zutelako. Damu andia eman zion Moisesi bere kontura zegoan jende ark ain laster ausi zuelako Jangoikoari eman zion itz ona. Bildu zituen biaramonean guziak, egin zien Sermoi latz bat; eman zan negarretan bekatuaren damuz jende ura, ta Moises bitarteko Jaunarekin jarririk, iritxi zion barkazioa penitenzia egiazko bat egin zutelako.
G. Beraz mandamentuak zeuden Arriak ausita apurtu bazituen Moisesek, ez bide ziran gelditu gerokoentzat.
E. Bai; zeren agindu zion Jaunak gizon santu ari artzeko leenagokoen gisako arri zabal bi. Eraman zuen berriz Sinaiko mendi gañera, non egon zan beste berrogei egunean jan ta edangabe baraur gogorrean, ta an izkribitu zituen Jaunak arri bi aietan amar Mandamentuak. Jetsi zan Moises oekin, arpegitik zeriola Jangoikoarekin egotetik atera zuen argi zeruko bat. Ekusirik beldurtzen zala jendea beragana urbiltzen arpegiko argiak ematen zien ikara andia gatik, estaldu zuen arpegia, ta ala itz egin zien: Orra nola etorriak diran amar Mandamentuak, ta zenbat doktriña eder atera ditzakegun jakitetik berri ain ona. Nor egiaz arrituko ez da enzun ta sinistu ezkero, ez ipui kontuak, ezpada fedeko gertaera oek? Nork artuko ez du Jangoikoaren beldur santu bat, ekusiezkero fedeko begiakin, nola kastigatu zituen Moisesek beste aldetik maite zituen bere mendeko Israeltarrak, ausi zutelako Jangoikoaren lenbiziko mandamentua? Eta zer gertatuko zan Jangoikoak agertu zuen gogoa lotu ezpalu Moises berak orazio beroakin? Illko ta galduko zituen bekatu egin zuten guziak. Badakit esango didatela kristauak, ez dutela Idolorik, ez Idiskorik Jangoiko orde adoratzen, ez bekatu ain itxusirik egiten. Eroak ta esker gaiztokoak zirala Israeltarrak, ez Jangoiko bakar Zeru ta lurrak egin zituena adoratzeaz, ta sinistatzeaz urrezko Idisko, edo Txaala ezertako zala. Ederki diote: ordea, zenbat kristau dira Idoloen adoratzallen gisakoak, gaiztoagoak ezpadira? Bai, dio San Pablok, ondasun ta diruak onratzea, oetan biotza lotzea da idoloak serbitzea. Avaritia, quo est simulacrorum servitus. Zabaldu bearrean pobreen artean, beti dabiltza diruak pillotzen, ta tejitzen; eta askok bide okerretatik irabazte logreriako edo bidegabekotik. Jangoikoa onratzen da limosnakin; da eskintzea inzenso usai ederrekoa. Baña ukatzen die Jangoikoari inzenso au, gordetzen dituztenak diru alperrak, edo ondatzen dituztenak joko ta leku gaiztoetan. Eta zer, pekatua erosteko ematen badira?
Badira sabela Jangoiko orde artzen dutenak, dio Apostol berak: quorum Deus venter est, jan ta edan geiegietan zoriona ipintzen dutela; ta asko, Idolo ta Txaal bezela biurtzen dirala arrazoiko argia lausotu ta geundurik, adiña galdurik, ta Idiskoak baño ere korputzez gaiztoago egiten dirala. Nola ez? Idiskoak korputzez zuzen dabiltza, dijoaz kortara edo larrera zaburik egin gabe, ta berai ondo dagokien ura edanda, ez diezu zurrutada bat geiago edaneraziko milla akullurekin zirikatuta ere. Ordea kristau larregi dira trokatu artean jan ta edaten dutenak, janaren janaz, edo edanaren edanaz, ezpañetatik ardo bitsa dariotela, zabuka ta oñak lokatuta dijoazela etxera parre egiten diela mutiltxoak. O nolako bekatua! Badira kristau onratzen dutenak amore loi lagun bat, geiago Jangoikoa baño; beren gogorazio, asmo, itzketa ta gauza guziak zuzentzen dituztela amorelagunagana. Nola ekusiko duen; noiz era ona izango dan, noiz ta nola egingo al dituzten gaiztakeria itsusiak beren buruakin. Beren begiak enpleatzen edo dendatzen dituzte ekusten amorez beren maitea; belarriak ez dute beste pozik, ezpada enzuten alako baten itzak; oñak daramazkie beraren egotegira, biotza saldu zion guziz; eskuak, ezpañak, ta korputza bera ematen dioe amorio amorratuaz bekatu lagun infameari, ta gero Jangoikoarentzat pozik eztue. Nor dago lurrean idoloak adoratzen dituenik alako gar, ta amore itxuarekin nola gizon ta emakume amoratu ta likitstuak alkar? Eta zer itxaroten dioe onelako adoratzalle gaiztoai? Ez dakuste kastigurik Sinai azpian Israetarrak (sic) bezela, urratua gatik lotsa gabe, ta sarri, Jangoikoak anbeste itzal, ta lotsarekin eman zituen mandamentu santuak. Ordea elduko zaio itz egiteko eguna.
G. Arrazoi ederrak, egiaz, esan dizkidanak, baña baldin bearrak badira Mandamentuen ezaguera ta gordetzea, nola etzuten gizonak beren berririk Moisesen egunak artean? Urte txit asko kontatzen zituen munduak ordurako. Beraz iñor salbatuko etzan.
E. Ez dezu ondo aditu esan deguna; ta eranzun baño leenago zure galdeera edo itauneari, jakin bear dezu iru alde edo modutara itzegin diela Jangoikoak gizonai; biotzez biotzean, eskuz begietan, ta aoz belaarrian.
G. Ezin aitu nezake naaspillako itzkera ori argiroago adirazotzen ezpadit.
E. Ona bada. Itz egin zien Jangoikoak mundutarrai urte askoan, edo mandamentu iskribituak Moiseri eman artean, beren biotzetan ezkutuko argi edo inspirazio ederrakin erasten ziela animan bere Legea; ta argi onen bidez ezagutu zezakeen zer egin; ta zer egin gabe larga. Bazekiten amatu bear zituztela beren Jangoikoa, ta projimo edo lagun urko egiten ziran, ta guraso batzuetatik zetozen beste giza seme-alabak. Ezagutzen zuten etzala lagunari egin bear kalte, edo ondo etzan gauzarik, nola bakoitzak nai eztuan berari iñork gaitzik egitea. Amar mandamentuen artean bat bakarrik arrazoiko argian sartutzen etzan osoz, au zan, egun bat osoro honratzea bearrik egin gabe, ta egun au Zapatu edo Larunbata izatea. Orregatik beste mandamentuetan ezer aldatu gabe kristau legean Zapatuko egun au aldatu zuen Elizak Igande, edo Domeekara. Baña nola Jangoikoaren pueblo edo jende ark izan zuen gurasorik guraso munduaren egieraren berri zuzena, bazekian nola sei egunean egin zuen Jaunak, ta zazpigarrenean atseren, au da, larga zion geiago ezer egiteari, ta bear bada egun au gordeko zuen Moisesen bidez mandamentuetan Jangoikoak iskribitu baño leenago. Nolanai, bazekiten igaro bear zutela denporaren bat Jangoikoaren onrako gauzaren batean. Argatik esan degu biotzean irakatsi ziela Jangoikoak leenago bere Legea, ta biotzeko lege au ausitzen zuenak, egiten zuen bekatu ta kondenatzeko bidea. Zenbat ziran leenago ere txit ondo bizi ziranak?
Ordea obeto iraasteko biotzean lege santua, sarri gogoan erabilli zezaten, eman zien eskribituta len esan degun bezala, beren begiekin ekusi, erakurri, eta gordetzeko errazago. Oni deitzen dioe Lege eskribitua, ta artietakoari naturalezako legea.
Azkenean, egin zigun itz aoz, Jangoikoak berak gizon eginda. Zenbat alditan predikatu zuen Jesu Kristok, etzala bera etorri legea urratzera gordetzera baizik? Nai duenak Zeruko bizitza, gorde bear ditu Mandamentuak; ta oek gordegabe ezin iñork bera amatuko du. Nolako erakaste, ta bizitza santuakin eman zigun Zerurako jarraibidea! Kristoren Lege oni deitzen dioe Graziazko ta amodiozko Legea. Au da guzien artean onena, zerren laguntza geiago dagoan Kristoren legean beste bietan baño, Zerua irabazteko. Au onela izanik, ta Kristauak ezaguturik, nola daude anbeste, bizi diranak Infernuko bidean? Nola gorde ez Jesu Kristoren doktrina ta Lege amorez betea? Begitantzen zaie batzuei? Ezin gordeko dituala legeko Mandamentu guziak aragiz janzirik dagoan gizon zabukor edo argalak; besteak uste dute txit astuna ta pisutsua dala Jesu Kristoren Lege au. Beste askok uste dute, nola ala bizi izan agatik salbatuko dirala. Kristok larga zuela salbazioko bide erraza, zeña dan konfesio on bat. Baña ona nola deabruak zoraerazitzen dituen Kristau asko.
Jangoikoaren Legea ezin osoz gorde dezakeala aragiz janzirik dagoan gizonak? O nolako blasfemia, edo itz astuna Jangoikoaren kontra! Beraz Jaunak agintzen ditu ezin egiñak, ta izango da Jaun Mauruak baño gogorragoa. Jangoikoak ez du agintzen ezin dezakegunik. Egia da gere alegin ta indarrez ezin dezakegula gauza onik, ez garaitu tentaziorik. Zer da baña ansi, prest badago bere laguntza zeñekin guda dezakegun! Aur txikitxo bat ezin oñez ebilli bada erori gabe, aurzaiak ematen dio eskua, edo oratzen dio erabilgarrietatik, ta dabil onela. Argi gabe, ezin gizonak ezer ekusi lezake, baña bai argiarekin. Ala bada Jangoikoak argitzen gaitu, ta eskuak luzatzen ditu ibilli gaitezen zuzen ta erori gabe Mandamentuetako bideetan. Argiagandik iges egiten badegu, ta eman nai ez badiogu eskua Jangoikoari, gure kulpa edo errua da guzia. Kondenazio, edo gaitzapena zugandik, Israel, dio Jangoikoak. Argalak gera ta erorkorrak; bai, baña zenbat gure orakok gorde dituzte osoro Mandamentu santuak guk baño tentazio portitz ta gogorragoen artean? Jose Ijitokoak ez du garbitasuna galdu nai bere etxeko andrearen erregu, eskintza, ta indar guziekin, ta naiago du urte bi osoan Presondegi batean onra guzia galdurik egon seigarren mandamentua ausi baño. Nolako asmoak artu etzituzten Juez edo Agintari gaizto bik erori erazitzeko berekin bekatu loian Susana emakume onari? Artutzen dute bakarrik baratza batean, enpleatzen dituzte erregu, palagu, eskintza, beldurbide, ta zer ez? Egiten du oiu edo deadar. Gizon gaiztoak oro bat; oek asmatzen due mutil batekin bekatuan arrapatu zutela. Ematen zaie siñistea Juez gaiztoai, ta darame iltzera Susana, naiago zuena honra ta bizitza gabe gelditu garbitasuna galdu baño; azkenean honra ta bizitzarekin gelditu bazan ere, ta tentatzalleak guzia galduta. Zertako da esatea astunak dirala ta gorde-gaitzak Mandamentu santuak argiro badio San Juan Ebanjelariak, ez dirala? Mandata cuo gravia non sunt. Zertako esatea gogor pisukoa dala Kristoren Legea, berak badio biguña dala bere uztarria, ta ariñ eraman erraza berak egozten digun karga? Gutxitu zituen anziñako legean agintzen ziran gauza asko; geitu zituen graziako laguntasunak; lautu aldatsak, ta erraztu asko aldetzaa Zeruko bidea. Orain bada, anziñako lege artan arkitu baziran asko gorde zituztenak osoro karga astunagoak, ta laguntza gutxiagorekin, zer eskusa edo aitzakia emango dute Kristauak lege amorezko, biguñ, ta gorde errazagoa ez gordeaz? Josuek gorde zituen legeko karga guziak, Dabid garbitu zan penitenzia andiko iturrian, ta gero zedukan biguñegitzat bezela Jaunaren Mandamentu edo legea. Latum mandatun tuum nimis. San Juan Bautistaren gurasoak bizi izan ziran zuzen, ta garbiro, gordetzen zutela legea osoz. Nola bada estalduko degu gure nagitasuna Kristoren Lege biguñagoa gorde gabe? Gauza gaitz, gogor ta astuna dirudi pensamentu gaiztoari lekurik ez ematea, beti gerra ta guda bizian ebilli bearra animako etsaiakin. Baña orretako, ez da osasunik galdu bear; asko da biotza Jangoikoari jasotzea, gurutze bat ezkutuan egitea, Ama Birjiñari eskatzea laguntasuna, garaitzeko tentaziorik portitzenak. Eta nork esan lezake au dala neke andia? Non egon, dioe batzuek, itz, eskuka, ta akzio loirik egin gabe bizitza guzian? Nor? Jangoikoari ta animari amorio apur bat diona.
Geiago dana, munduak bere maitatzalleai ematen dien legea da azkoz (sic) gogorragoa, ta astunagoa Jesu Kristok bere mandamentuetan ematen diguna baño; munduko atsegiñak beazunez beteak, eta gurutzeko neke ta atsakabeak (sic) eztitu ta gosatzen dionak. Konzienzia gaiztoak, amesetan bezela atsegin loia igaro ezkero, dakar esturasuna, naieza, ta mingoiztasuna. Gaiztoak, Espiritu Santuak dionaz, esango dute: ibilli giñan bide gaitz ta gogorretan. Ambulavimus vias dificiles. Igo nai duenak kargu andi batera nolako naiez ta samintasunak igaro bear ez dituzte? Lo ariña, jateko gogo gutxi, ta asti gabe edo itoka; ugari mukertasun ta bekoki astunak; dabiltza betiko arazoan, enpeño edo bitarteko billa lotsarik askorekin ondatzen dituzte diruak, zorpetzen dira, ta azkenean geienak eztue iristen anbeste nekerekin billatu zutena. Nolako ernegazio, birao, ta gaizki esateak ezer atera ezpadute? Jangoikoa errazago arkitzen da; non nai, edozein orduz, bakar bakarrik bagoaz ere, enzungo gaitu; ez digu arpegian atearekin emango; ta bere amorez ta bere mandamentuak gordetzea gatik eramaten ditugun nekeak, ondo saristatuak izango dira; ta lurrean ere, dakarte animako pake ta atseren andi bat. Zoaz ekustera bekatu loizaleai gertatzen zatena. Galtzen dute askok beren onra edo izen ona; ekusiko dituzu ille tiraka, birao, ta araoka, engañua ezagutzen dutenean. Igaro zan beingo batean aragiaren atsegin itsusi, zatar, ustelkor ta iraupen laburrekoa. Gero, nolako kezka ta amorruzko arrabiak? Amore itxuan daudenak, zenbat asmo ta arrazkeria logratzeko denpora edo ordu egokiak, leku ezkutatuak? Galtzen dute loa, dabiltza egunaren edo argiaren igesi. Osasuna askok galtzen dute, eraasten zaiete gaitz lotsagarriak, argaltzen dira, artu bear dituzte osagarriak, igertzen zaie gaitza, ematen dute zer esana... Ta zenbat lujurioso igaro dira sepulturara aragi ta ezur ustelduekin? O deabruaren martiri zorigaiztokoak! Anima garbizaleak berriz, dira osasun obekoak, atsegin geiago arkitzen dutenak baraur, ta penitenzietan, Kristau aragikor edo lujuriosoak beren ibillera, ta gozo diruditen egitekoetan baño; munduan bertan ere zorionekoagoak dirala ondo bizi diranak Mandamentuen bidean, gaiztoak beren jolas, joko, ta nasaitasunetan baño. Aberastu nai dutenak, nolako bide gogorretan sartutzen ez dira? Ekustea da merkatari asko beti paperak beztuzen, egunik geienak daramez kontuak ateratzen; batean poza, bestean beldurra. Egiten dituzte askok irabazi oker ta bide gabeak; konzienzia deadarrez, ta onen oiu ta kezkak ito eziñik. Lapurretakin aberastu nai badute, nolako asmo ta tranpa gaiztoak estaltzeko logreria edo irabazi txatarra! Ala bada, egia garbi garbia da, aurrez daramatziela askok Infernuko peneen asipenak mundu onetatik, Jangoikoaren Legearekin konturik egin gabe bizi diranean.
Ori orrela bada ere askorekin, esango zait: beste asko bizi dira pake galantean, osasun ederrarekin, ezeren falta gabe, mandamentu santuak ausia gatik. Berriz kristau on ta lege santua gordetzen dutenak, bizi dira osasun gutxirekin, persegituak, gauza askoren premian, ta konzienziako beldur andiakin beren salbazioaren gañean. Ala da batzuetan, aitorzen det. Ordea norekin itz egiten det? Fedea galdu duten, edo ez duten anima kristauekin? Fedea galdu ezpada, Jangoikoaren kastigu andiena da largatzea bekataria kezka ta arantza biotzeko gabe; ematea osasuna, ondasunak, ta lurreko honrak. Gizentzen ipintzen da korta batean idi bat; ematen die ugari jaten, ez die uztarririk ezarten, ez ezertan nekatzen. Ekusiko dezu zein gizena, kolore argikoa, ta saltokaria dagoan. Berriz beste idi batzuek gutxiago jan, bearrean nekatu, akulluarekin zirikatu, beti uztartuta bezela ille latzarekin erdi argalduak agiri dira. Baña gero? Etorriko da Zemendia, aterako dute idi loditu ura gizentegitik, eramaten dute illtegira, beingo batean bukatzen zaizka egun gizentzen igaro zituenak, ta uztar idiak gelditzen dira etxean. Ala bada bizi dira kristau asko urratzen beldur gabe Jangoikoaren Lege Santua animarik ta etorkizunik ezpalego bezala. Gizentzen dira bekatuz, daukate gera ona edo estimazioa munduan, osasun ederra, neke gutxi, jan, edan, jokatu, ta nai bezela bizi Jangoikoak kastigu apur bat ere eman gabe. Baña esango zaie uste duten baño leenago: bildu dituzun atsegiñak, norentzat dira? Aterako dio anima eriotzak, ta agur honra, osasun, ondasun, jolas, jan edan, ta gozaldi mota guziak. Bai dio Espiritu Santuak, atsegin gaizto, ta bekatuzkoen azkena; izango da negarra ta damua. Extrema gaudii luctus occupat. Berriz Jangoikoak bere legearen gordetzalleai ematen badie emen naigabea, onen ondoren etorriko zate atsegiña. Zuen tristura, negar, ta naieza biurtuko da goramen edo kontentura. Tristia vestra vertetur in gaudium. Ordea nork esan dizu beti bizi dala triste anima garbi, ta Jangoikoaren Legea gordetzen duena? Noiz aztertu ta ekusi dezu bere barrunbean igarotzen dana? Zenbat alditan gozatzen du Jaunak zeruko atsegin, samurtasun, ta poz, gozo gozo egiten zaiztenekin? Bai, dio San Agustin ondo zekianak, penitente batek Kristoren oñetan bekatuen damuz bota edo ixurtzen dituen malkoak, gozoagoak dira, ta animako atsegin geiago dakarte, danza ta komediak munduan eskintzen dizten parre ta algara guziak baño. Nolako atsegiña ekarriko dioe bada anima garbi bati amorezko kontentu samurrak?
G. Baña mandamentu guziak gorde bear ote dira salbatzeko kristaua?
E. Bai, ta ona zer dion Santiago Apostoloak: bat ausitzen duenak beste guziak gordeagatik, nolaere bait guziak ausitzen ditu. Factus est omnium reus. Badira Infernuan asko ta asko, Mandamentu bat baño ausi etzutenak. Ez da asko kastidade edo garbitasuna gordetzea, arrotasuneko bekatu astun batekin ausitzen badegu Jaunaren Legea. Donzella garbiak, edo bekatu loirik egin etzutenak ziran Ebanjelioan Kristok pintatzen dituen sei Birjiñak. Ordea ziran nagiak, humiltasun edo karidadeko oliorik etzuten prestatu mugones, beren lanparetan, ta etzituzten santu ezteietako gelan ate joka ta oleska gero egon baziran ere. Humilde ta limosnaria izatea gauza ona ta bearra da; baña lujuria sartu bada animan ez du salbatuko beste birtuteak. Pipa edo upa ardoz bete bati egiten bazaio zirritu, edo arraka bat, bera da asko ardo guzia erorteko, ala largatzen bada. Egia da, lau edo bost zirritu baditu gaiztoago dala, leenago ustuko da ardoa, ta neke geiagorekin itxi, edo tapatu ere. Ordea bat du asko, guzia erorteko ta ustutzeko. Ala bada, gaiztoago ta kaltegarriagoa da urratzea iru edo lau mandamentu, bat baño; baita mandamentu bat sarri ausitzea, beiñ edo beste baño. Ordea, bekatu mortalaren epai, edo pitzadura bat da asko galdutzeko graziaren ur ederra, anima guzia leortua gelditzeko. Eta egiaz, Mandamentu bat ausitzen duenak gauza astunean, borondatean aldatzen ezpada, ausiko lituzke beste mandamentuak ere; esan nai det, ez dituela ausigabe largatzen beste guziak Jangoikoaren egiazko beldur edo amorez, ta bai bakarrik oniritziz, munduko lotsaz, edo pasioak tirarik egin ez diolako. Bekatu mortal baten egiazko damurik idukiko ezinda, beste bekatu mortal guziena iduki gabe; argatik dio Santiagok, bekatu guziak nolabait bereganatzen dituela, mandamentu santu bat gauza astunean ausitzen duenak.
G. Zer aginsari egin du Jangoikoak bere Lege, edo Mandamentu Santuak zuzen ta osoro gordetzen dituztenentzat? Eta nolako zemaitza, edo kastiguak gordetzen ez dituztenentzat?
E. Ona emen Eskritura Santuan erakurten ditugunak: Enzuten badezu (dio) Jangoikoaren itza, ta gordetzen badituzu bere Mandamentuak, etorriko dira zure gañera bedeikazio oek. Bedinkatua zu erri barruan ta bedeinkatua soroan; bedinkatuak zure aurrak, lurreko frutuak, abere, giberri, ta ganbarak; bedinkatuak zure ondorengoak. Eskeinsari ederrak. Baña baldin dio berriz, enzun nai ezpadezu Jangoikoaren esana, gordetzeko bere agintza edo mandamentuak, eroriko dira zure gañera madarikazio oek. Madarikatua izango zera erri barruan, madarikatua soroan, madarikatuak zure ganbarako aleak, ta madarikatuak zuk largatzen dituzunak. Deut. 28.
Bai, dio Dabid errege Santuak: gaztea izan nintzan, ta zaartu naiz; baña ez det iñoiz ekusi Jangoikoak egiaz largata anima justu edo zuzena; ez da bere ondorengorik ogi eske aterik ate, edo zer jan ez duela. Uste dezu Jesu Kristoren legean eztala egiaztzen eskintza au? Ona zer esan zien Kristok bere jarraitzalleai: zuen Aita Zerukoak, gutxi balio duten txoritxoentzat prestatu du jana, ta janzia; begira nola apaintzen diran ibarrak lora ederrekin. Ez dezue txori askok baño geiago balio zuek? Billa ezazute bada lenen Zeruetako erreinua, egizute Zerura joateko bear dana, zeña dan gordetzea bere Mandamentuak, ta emango zatzue bear dezun guzia. Utsik egin lezake Kristoren eskintza, ta esanak? Ala ere; o negar eragiteko gauza! dio damuz beterik San Krisostomok, Kristok argiro eskintzen dizkiguz, godetzen baditugu bere esanak, animako pakea, bear degun jana ta janzia, ta geien balio duena, edo Zeruetako erreinua. Guziaz ere jarraitzalle gutxi ditu. Infernuko etsaiak itz on beterik ez du Adani ta Ebari eskiñi zien jakituria, ta zoriontasun osoa; ta ausi zuteneko Jangoikoaren Mandamentua, sartu zitzaten jakiñeza, galdu len zuten zoriontasuna, ta gelditu ziran milla naigaberen azpian. Kristok eman zuen gure amorez eman al zezakean guzia, igaro anbeste neke gure salbazioa gatik; berriz deabruak ez du gure onagatik ezer egin, egin ere ezin lezake; bai al duen gaitz guzia. Bere esanak egitean ateratzen da animako gerra, pake egiazkorik eza, ta azkenean betiko kondenazioa. Guziaz ere, dio Santu, andi onek, geiagok egiten dituzte etsai gaizto onen esan kaltegarriak, Jesu Kristorenak baño. O itsutasun ezin esan duikoa! Magis illi obtemperatur, quam Christo. Geiago egiten dira etsai amorratuaren esanak Adiskiderik andienenak baño. Sinis lezake iñork ezpagiñaki betiko ekusiaz? O nere Kristau maiteak! Sartu arren gere biotzen barrenean, ta ez iñoiz aztu Espiritu Santuaren itz eder oek: Nere semea, gorde nere Lege ta mandamentuak zere ninia edo betseina bezala, lotu itzatzuz zere atzetan, ta eraatsi zure biotzeko oletan. Scribe eam in tabulis cordis tui. O nolako atsegiña arkituko degun Jangoikoaren esanak egitean! Nolako poza eriotzako orduan, deituak geran aurrean Jangoikoari kontu osoa ematera. Eta nolako zoriontasuna Zeruko sari azken gabeak artuko ditugunean emengo neke laburrak gatik Jaunaren Legea gordetzen! Iru, lau, ta milla bider zorionekoak gu ala egiten badegu.
|
|