|
TXINDURRIAK
Leen Itzak
Euskeraren landu-bearra ain da aundia, ezpaitugu arkitzen, maiz, arrunt samarreko salletan ere, gere mintzoz zeazki dazalkegunik.
Euskera zernaitara, apurka, bigundu dedin, bada guziok ibil bear genduken ta bakar batzuk dabilten bide bat. Erderazko idaztirik irakurri dugunean, aren mamia erakus genezake euskeraz. Ez itzez-itz emana, baña bai, eragaitzaren inguruka gabe, ta gaiari aurrez aurre begiraturik, labur eta doiki adirazia.
Gai orok ditute esanbear berexiak; gai oro da, bere neurriz, erabilgaitza, iñork aurretik urratu ez badu. Argatik eman dit gogoak, txindurrieri buruz Maeterlinck Maurizi-k pantzeraz idatzia, nik emen jalkitzea, leen esandako taiuz.
Elburuari gagozkiola, ez dut uste gaia —berez ala iduri arren— orri auei ez dagokionik.
Maeterlinck Maurizi
Beljikar elertilari aipatua. Olerkiek, eta areago antzerkiek, ots aundia emana.
Lan oietaz bazter, izadia aztertu-zale izanik, zenbait xomorroen biziera ta goraberak idatzi ditu. Gertantzo (neol.) edo novela bezain atsegiñez irakurri ditezke: gaia jakingarri baitute, ta ebakera berriz gain-gañekoa.
Erleen, txindurtzurien (neol.= termite) ta txindurrien berri emana du, idazti banatan.
Esan bezela, txindurriekikoa dut nik orain begien aurrean, ta neronek pantzeraz irakur ala, zueri euskeraz adirazi nai nizuteke. Ikus dezagun, alegia —euskera landuz bidenabar— Jainkoaren egintza zenbateraño dan arrigarri, are izaki apurrenekiko ere.
Orrela, euskera biguntzen ari orde, Maeterlinckek berak baño zitu oberik dakarkegu. Ura Jainkoaren lanaz bai-baita arritzen, ta ederresten baitu; baña ez aitortu nai Egillea. Biziaren eta geroaren izkutuak urduri darabil, besterik erakutsi nai balu ere.
Txindurrieri Buruzko Jakingarrienak
Orok dazauzkigun txindurriez sei milla mota ditute dagoaneko berexi jakintsuek. Aurreragoan, agian, beste ainbeste banatu litezke.
Ludiko xomorroetarik lagunarte-zaleenak, txindurriak eta txindurtzuriak dira. Oso lagunekikoak erleak dirala uste izaten degu; baña, amar milla enda artetik, ozta bosteun dira lagun-zale; txindurrietan eta txindurtzurietan berriz, enda bat ere ez da arkitzen bakar-zale danik.
Txindurtzuriak lurralde beroetan ez besteetan diran bezela, txindurriak, goi gorrietara ta ludi-kazko izoztuetara izan ezik, noranai edatuak ditugu.
* * *
Ikus, orain, txindurritegiko biztanleen bereixkundea.
Talde bat: erregiñak. Au da, eme ernalgarriak. Amabi-bat urtez bizi izaten dira.
Bigarren taldea: langilleak. Ez ar ez eme; zenbatu ezin alako mordoka. Oien bizia, iru-bat-lau urtekoa.
Azken taldea: eundaka batzu ar, bost-bai-sei astebetez gero ostendu-bearrak. Xomorrotegietan ori oi da legea: ernarigoaz gero arrak alper dira, beren eginbear bakarra bete baitute.
Soilki, arr-emeok izaten ditute egoak, baña eztei-ondoa burutu arteko: gero, atera egiten ditute. Gure ezkonberrien bidaldi-soñekoa iduri.
Erleek eta txindurtzuriek erregin edo ama bakarra oi dute; txindurritegian, berriz, lagunarteak bear ainbat errule dira. Txindurritegi urrietan, bizpairu aski. Ugarietan, berrogeitamarreraño ere. Ta txindurritegi elkartuetan ez da lege jakiñik.
Esango litzake txindurritegiak izkutuan aginte-batzarren bat ote duan, ta aren erabakipean ote dabillen ango gorabera oro. Arrigarria baita ango eragoa (orden). Txindurriek soin bakar baten xatiak bailiran diardute. Elkar-kabi aundietan, esate baterako, langilleek nolatan antzematen diote, lagunarte ari zenbatzu eme dagozkion?...
Ukutu-izkutuko arrigarria dugu ori, Jainkoaren eskutiko beste zenbait bezela.
* * *
Badakusagu, beraz, txindurritegian, oro-lege bearkor bat: nork eta nola adierazia dan ez agertu arrea, aren indarrak daragio txindurri-erri osoari. Baña, lege orren ertzeka, txindurri bakoitzak baduke berezko arimenik zerbait. Gizadian bezela, an ere badute nork-bere aalmentxoa, nork-bere eginbideen aukeramena.
Askotan ikusten degu txindurria, gauzen abagunez ta egokieraz berez oartzen. Or arki ditu, esate baterako, belar-ixpi batzu, alabearrez txabolatxo edo mandio dalako bat gertutzeko elkar-egokituak. Abagune ura atzeman ala, asten zaizu lanean, bera bakarrik. Ondar-aleak jaso ta antzetsu ditu ipintzen, ixpien tarteak beteaz. Aren asmoa ikusgarri biurtu danez gero, lagunen batzu ere oartzen zazkio, ta badatozkio laguntzera. Ta bakar batek asmatutako etxagintza ura zenbaiten artean burutzen dizute. Badirudi, lenengo txindurria oarmenez, asmamenez ta ekimenez orma ote zan, gizakiok bezelatsu.
Are obeto dakuskezu ori, kabia bertan-bera uztekoan. Batez ere, enda nastuekiko kabietan. Argibidez: Glebari deritzenak Amazona direlakoen etxezai oi dituzu. Barne-lantxoetan diardute, nagusiek guda-arazoa erabilli bitartean. Eguna joan eguna etorri, etxea txikitxo edo ez bear bezelako, iduri zaiote: morroiei, noski, iduri, nagusiek ezpaitakite zer oien berri; erasorako ta burrukarako izan ezik, aundiki zabarrak dira aiek. Beñola, bada, morroi aietarik batek, auzo aldean, beste tokirik idoro du, txindurritegi utsa bear bada. Berena baño erosoagotzat edo lasagotzat jotzen badu, bereala, adar-ixpiak erabilliz, arkikundearen berri beste bizpairu lankideei demaie. An darakartzi, erdi-atoian, toki berriraño, ta erakusten die. Guziek obetsirik, or dijoaz irizkide geiago biltzera. Azkenerako, erdibez (neol.= minoriz) bear bada, baña erdibe azkar ekikor baten kemenez —alatsu gizartean ere, maiz— leengo etxea ustutzea erabakitzen da, ta txindurtza osoak uzten du, berrira etorriaz. Orra orain, nagusi gudazale aundikiak etxez-aldatu bearra. Iritzia eskatzen al diete?... Ez, agian. Nagusi aundikietarik bana, morroiek artu, ta etxe berrira dakazte. An uzten ditute atarian. Beste morroi batzuk arrera egin, ta etxe-barruko itzul-inguruetan zear zuzentzen ditute. Ta orren urrena dator, arrautzen, umetxeen (neol. = larva) eta birrumeen (neol. = ninfa) etxe-aldatzea.
Izaten dira, aldizka, buruz-buruko iritziak ere: talde bat aldazale, geldizale bestea. Ordun, geldizaleek aldazaleei ezezkoa adierazten diete. Baita ere, gerta oi da, iñoiz, etxe berrira aldatutako txindurtza, ezin-etsiz, edo leengoaren miñez, bertan-bera sallean zaarrera itzultzea.
Beraz, badirudi, lege bearkor ark jaregunerik uzten diela txindurrien naimen eta elkar-itumenari. Badirudi, maiz, txindurria gu bezelaxe, sen itsuari ala bere asmamenari, zeri jarraiko, artega ta zalantza ote dabillen.
Noiznai dakusaguz, asmamenez ta oarmenez azkarrago dituen lagunen ikasbideari jarraika. Bizkorrago oiek ez dute ezeren ezaugarririk; ikusgarriz ez dira berexiak. Alaz guziaz ere, argi ageri da azkarragotzat aitortzen eta ezagutzen dituela, ta aien aolkuek eta egiñek beste lagunen iritzian jaso aundia dutela.
Beraz, sena lege nagusi dutelarik, bakarkako asmo berexiak ere, badu, txindurri artean bere zeregiña.
Txindurritegiko batasun-eratasun ederrok, zer dute, oñarri? Elkar-maitasuna. Baña, maitasun garbia, gordinkeri ta lizunkeri gabea. Aurrerago ikusten aal dugunez, elkarrenganako lei on ori, txindurriek, gorputz-atal berexi baten bidez erakusten dute (Huber).
Espinas-en aburuz, ume xeenganako onginaiak darakar txindurritegiko batasuna ta eragoa.
Nolanai dala, or dugu erriketa eredu bikaña, gizartean beñere ezagutuko ez dugun bezain egokia ta osoa: ama-jaurgoa, amatasuna nagusi. Txindurri guziek, naiz ernalgarri ez izan, arremezkorik (sexo) ez dutenak ere, berez ezin ama izanik ama-orde egiten ditute beren buruak, erruleak berak baño maitekiago.
Langilleetako bati ken zaiozute sabela, umea babesera jasotzen diardularik; artarañoko ankerrik baduzute, moztu zazkiozute atzeko anka biak. Daramanari jaregin gabe, gelditu zaizkan lau erroez, erraiak narrezka ditula —maitasuna bezain luze bizia izaki!— bideari jarraituko dio, ta il-bearraz ez dizu etsiko, arik eta umetxea naiz birrumea bear-tokira jaso arte.
Oarra.— Zenbait itz berri antola bear izan ditut. Benetan bear, gero? Maiz gertatzen zaigu, euskerak artarako itza bai izaki, baña guk ez jakitea. Ordun alperreko ezezik kaltegarri dugu asmakunde berria. Or gañean sortutakoen ordezko itz jatorrik iñork baleki, otoi, adierazi bezada.
Yakintza, 1933, 2. zbka.
|
|