www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Euskera aundiki-soñekoz
Xabier Lizardi
1922-1933, 1995

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Euskera aundiki-soñekoz, Jose Maria Agirre Lizardi (Lourdes Otaegiren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1995

 

 

aurrekoa hurrengoa

EUSKEL EGUNEROKOA

 

(«Eusko-Ikaskuntza»-aretoan, 1929-gneko.
Garagarrilla-27-gnean., irakurritako itzaldia)

 

        Jaun-andreak: Makal samar nengoalarik —ibillia bainaiz soro aundirako langa zabaldu ez zabaldu—, idazki bat, karta bat, etorri zan gurera. Emendixek bialia zan, eta... a zer nolako «intentzioa» zekarren!... Euskel izketa auetxen burugoa, zuzentza, eskeintzen zidan «Eusko-Ikaskuntza»-k. Omen aundiegia, leen-begiratuz; baña ez adar-jotze makala ere, bigarrenez... Ari izan baigiñan igaz, gallendu-samarturik, ementxe, «Eusko-Ikaskuntza»-ko jaun begiragarri oiek, kolkorako esan dute, noski: —Bai, eee?... Berriketarako gogoa, beraz?... Ekiok bada zeregintxo oni!

        Ta, benetan, zigor astunagorik ezin zezaketen asmatu neretzat. Adiskide artean nagola gogoratuak eusten dit, ala-ola... Bestela, sinis zadazute: pozik, zintzurrari eldu, ta abots itzal batez, esango nizuteke: —Jaunak!... Nere eztarri au oso dago makal!... —ta, bereala, txapela artu, ta... anka!

        Izketa auen gaiari buruz, onela zion arako idazki ark: «Labor realizable por la Federación de Acción Popular Euskerista». Au da, —zuek uler dezazuten—: «Euskeltzale Errikoi Batzak zer ta zertzuk egin ditzaken».

        Ontaz, bada, ari bear nuan.

        Guziok dakizute, igaz, emen bertan, batze aipatu bat egin genduala. Alegia, papertxo batean ipiñi genizuten, Bazkun euskeltzale oro alkartu egiten zirala, ta arrezkero, alkartze onen bidez, berebiziko lanak egin bear genituala. Baña..., zenbait papertxoetan idatzi izan ditugu leen ere amaika asmo, ta, gerora beti,... itz uts, itz uts, itz uts...

        Agian, batze ori beste nolabait eratu ezkero, ala besterik ezean ere, idazkaritza, sekretaritza, on bat balu —artarako otseñik, alegia, ongi ordaindua— Bazkun-Batz edo Bazkun-Elkarte orrek egite'aal luke zerbait onik euskera bai euskotasunaren alde. Bestela, ordea, ezer gutxi; naspil auetan gabiltzanok, urri izanaz gain, guziok baikaude leendanik geren eginbearrek lanbetu-ezindu askirik, bestelako zenbait eginbeartxoei, lan-garaiaz ate, buru emateko.

        Alderdi ortatik, bada, zertaz ari nintekean ez nekian. Bestalde, geren itzaldi ta alkar-izketetan berritsuegiak oi gera. Ateratzen ditugu asmoak eta asmoak, gerezia gereziari lotuta irudi, baita oñazpitik ere... Asmo-pillak, asmo-mordoak, asmotzak... Baña, gero?... Asmook alkar-ito; oien ugariak berak gu okitu-arazi... Ainbeste eginkizun ederretarik... azkenerako egiñik bat ere ez.

        Nola, bada, erantzun, bear bezela —ondore onez alegia—, eskeñi lanbideari?...

        Gogapen astunok buruan nerabilzkiela, nere estuasun larri artatik nola ertengo ezin suma, ona non datorkidan gizon txiki bat. Ez, alegia, Calleja-ren arako ipui mamitsuetan oi diran txano ta bizar xuridun gixakumeetarik bat, auek ere amaika korapillo estu askatu izan dituelarik; baizikan, legezko gizona, gu bezelakoxea: soñez apurra izatea, baña aundia amesmenez, ta bixia berriz suangilla ez beste... Dagoan tokitik ezur bat arpegira botako badit ere, zor dizutet aren izena: «Mendi Lauta».

        —Bart amets eder bat egin diat —esan zidan. Eta nik: —Bejondaikela, gizona. Alarik ere, lo ederra beti obe amets ederragoa baño.

        Baña oker nengoan. Aren ametsa loa baño obea zan, bai alegia!... Paper batean zekarren arraioak idatzita, Argia-ra bialtzeko. Irakurtzeko eman zidan, ta nere artean: —Gizaixoa! —egiten nun— Ez aiz mundu txarrean bizi!...

        Labur: amets aren gaia guziok dakizute: Euskel egunerokoa.

        Enintzaion berealakoan oartu. Asi gera bat eta beste izparringietatik ametsarekiko iritziak agertzen, eta, alako batean, «Eusko-Ikaskuntza»-ren idazkia gogora zait; eta nere buruari kaskarreko eder samar bat ematen niola: —Orra —diot— Orra korapilloa askatu!

        Banuan gaia.

        Lau, zortzi, berrogeitamar «egin diteke» kaxkar baño, ez al da obea «egin dezagun» bikain bat?...

        Nik ala uste. Bestalde: egunkari-asmoa, eginbidean jarriko bada, ez al da guzi-guzion laguntza-bear?... Beraz, Bazkun Euskozale Elkartearen eginkizunaz egoki dator.

        Ona, bear baño itz geiagoz, esan, zergatik eta nola erabaki nuan izketaldi auen jardungaia.

 

* * *

 

        Aurrean zauzkaten eusko jator oiek arritu samarturik zakuskit neri begira, kolkorako diozutela: —Arraio au ere, ba, gizaseme lasai samarra diagu. Or aritu uan, orain bi urte, jo ta keak atereaz, iñoizko «Elazkona» gaixo ari kaikua bete ozpin irentsi-arazi nairik. Eta orain berriz egunkariaren alde, alajainkia!... Kristau orrek alkandora maiz samar aldatzen ote duan esango nikek...

        Bai, alaxe da. Egi-egia atorra aldatzearena. Ta eskar-natzaio gizarteari, aldatze ori egite omengarritzat etsia dulako.

        Baña, ez atzo, jaunak, izparringien aurka, ez gaur ikastola-arloa azturik ez gaude, garai artako lagunak. Leen eta orain, atzo ta gaur, gure euskera zorigabeak laguntza aundia, ta alde askotatiko laguntza, bear duala uste degu. Ta eztala errez, alegia, lan ortarako urri baigera, nondik asi-bearra asmatzen.

        Euskera goserik degu, ta orren bazkatze ta zuzpertzeko zenbait opil gozo eman bearrik gatzio. Baña, zein opillik leenen?... Nere ustez, leenbizi erre ditekena. Ta egunkari-opilla erregaitza dalarik, alegia, eztakit gaur egunean ez ote dan zallagoa ikastoleena.

        Adibidez: badakizute guziok, Tolosan euskel ikastola polit bat degula, aspaldiko urteotan. Baña, oraingo aldian, gorriak ikusi bear: ia euskeraren izpirik bertan ezin irakasteraño beartu gaitue.

        Errenderiarrak ere, oraindik orain berriro eskatu dute ikastola zabaltzeko baimena, artarako —gure aolkuz, «Euzkaltzaleak»-en aolkuz— ia euskel usairik geiena kentzen ziotelarik. Baña... ezta izan baimenik.

        Leengo ikastola-zaleok, bada, gaurkoz, egunkarizale biur gatzaizute: ezpaigeunden batzuk eta besteok alkarrengandik urruti. Etzaiteztela orain leengo izparringi-zaleak gu baño epelagoak agertu, egunkaria atera ez atera darabilgun indarketa ontan.

        Biotz guziak ondo-ondoan jo, ta eusko-gogo jator oro gorituko al ditu asmo eder onek!... Zin egin dezagun emen geran guziok, berori eginbidean sartu, ta geren indar osoez elburura bultzako degula.

        Ta goazen arira, garaia da-ta.

 

* * *

 

        Guziok dakizute, guziok dezute ezagun, aurreko illabeteotan egunkari-asmoatzaz zenbait idazleek egin duten jarduketa. Leen aitatu ametsa sortu ondorean, «Euskaltzaleak» deritzan bazkunak gai orri aize eman ta ots-arazitzea erabaki zuan. Aren deiari zenbait idazle azkarrek erantzun diote, ta emendixek bijoazkie eskarrik beroenak.

        Jardun artatik egi bat, beintzat, jaso degu: guziok —euskozale zintzo guziok, alegia— biotz-biotzez nai degu egunkaria; orixe egiñik ikustearren, aste betean baraurik egongo giñake, agian, baten-batzuek.

        Gure bazkun orrek —«Euskaltzaleak»— ori ikusita, asmoaren gaitza iñork baño obeto igerri arren, egunkari-ateratze orren gorabeerak aztertu nai izan ditu; ta ez ori bakarrik, baizik, bere kutxa erdi-utsak ordainduta, egunkari orren ale berezi bat, BALITZ-ko eguneroko orren aurre-erakuski bat egin nai izan du: emen sartzerakoan eskuetan ipiñi dizutegun orixe.

        Gañera, batzaldi auek ondore bikañik ekarri aal dezaten Euskeltzale-Batzako bazkun guziei dei egin zaie, bakoitzak, izketaldi bietara, ordezkarien bat biali dezan. Agur, bada, ta milla eskar zuei: «Euskaltzaindi», «Jaungoiko-Zale», «Euskeraren Adiskideak», «Baraibar»-taldea, «Euskal-Esnalea» ta bereziki, «Eskualtzaleen Biltzarra»-ko Auña-mendiz andiko anai maiteoi.

        Nere egin-bearra auxe da orain: «Euskaltzaleak» egindako azterketa orren ondatz eta ikasiak zuei ezagutu-arazi, zeok esan dezazuten gero egunerokoa egin diteken ala ez, ta, baizkoan, bereala, bertatik, eginkizun orreri bideak urratzen asi gaitean.

        Jainkoak argitu gaitza: Ark, euskaldun onen bitartez, Euskalerria gaizka beza!

 

* * *

 

        Ona emen, bada, «Euskaltzaleak» egin azterketaren ondatzak: zutitu belarriok, nik amaitutakoan zeok izango baitzerate iztun.

        —GURE EGUNKARIAK NOLAKOA BEAR LUKE, GOGOZ?

        Ontantxe guziok batera gatoz noski: ontan ezta ezbairik. Gure egunkariak KRISTAU, katoliko uts-utsa bear luke, ta EUSKALDUNTASUN AREN aldezle neke-gabea; baña, alako edo olako politikari bere burua lotu gaberik. Soil-soilki au: Jaungoikoa ta Euskalduntasuna, euskotasuna.

        —GURE EGUNKARIAK NOLAKOA BEAR LUKE, SOÑEZ?

        Txikia, mottela?... Ala, erderazkoak baño obea?... Gure aburuz, bien arteko. Izan bitza aal dalarik, ori bai, berri ugariak eta berri «berriak»; bedi «izpartsu» ta benetan egunekoa. Izan bitza otsein iaioak, eta idazkide, kolaboradore, berezi onak, lan mami-gazirik dakitenak. Izan bitza errietan izparkari azkarrak. Baña eztegu alako papertza aundirik bear; baizik, oso aundia eztalarik ere, ongi egiña bedi, errez idatzia, ta itz gutxiz, erderazkoak aña lastorik gabe, oiek aña esango duana.

        Orretarako, eskuan dezuten erakuski ori, naikoa da. Orretxek ere emango lizkiguke lanak, egunean-egunean; batez ere pixkaen bat arlo ortan zaildu arte.

        —EGUNKARIA EUSKERA UTS-UTSEZKO, ALA EUSKEL-ERDELDUNA BEAR GENDUKE?

        Orain arte EUSKEL EGUNKARIA-tzaz ari izan gera, ta galde orrek norbait arritu-araztea baditeke; baña nik, entzun dedan guzia, nornairen iritzia emen jaso nai det.

        Zenbaitek uste dute egunkari orrek zerbait erderazkorik izatea elitzakela txar. Baña au, bi eraz diteke.

        Lenengoa: Iñork uste du erdel atala oso laburra bear lukela, ta ezer baño geiago goiko baimenak erreztu utsarren. Adibidez: oraingo agintarien «nota oficiosa» edo diralakoak, eta beste puxkaen bat, euskel-erdel izketa edo, erdera irakatsi-bidez bezela.

        Bigarrena: Beste batzuen iritziz, egunkariak ia erdiz-erdi, esateko, bear lituzke euskera ta erdera. Donostian ez omen dago —ta egia da— Kristautasuna ta Euskalduntasuna, biak erabat, bear bezela aldezten dituan egunerokorik. Oien ustez, euskel-erdel egunkari orrek euskera utsezkoak baño sarbide askoz zabalagoa luke, ta, euskera utsezkoa izanik artuko ez luteken zenbaitek, bestetara bai omen, pixkaria-pixkariaka euskeraz irakurtzeko oitura ta zalea sortzen litzaiotekelarik.

        Ni, nerez, gauz oso-zalea naiz: laukia lauki ta biribilla biribil; ura ur, ardoa ardo: ur-ardoa ez atsegin. Baña orrela uste degunok bagaudeke okerrean. Ez ote diteke, alegia, euskera berarentzat ekarri obekoa egunkaria, euskera ta erdera naasi ezkero?...

        Artarako, zeintzuk atal euskeraz eta zeintzuk erderaz?... Berriak edo informazioa, zein izkuntzez?... Eztakit banatze au erreza dan.

        Eta, izanda ere, badirudi batzuek euskera ta besteak erderarengatik artu nai izango lutekela, ta gutxik biengatik. Ala, beraz, geinentzat, egunkari osoa bearrez, egunkari-erdi?...

        Bestalde, ez ote genduke beti ere joko euskera baxterrean uztera, ta ez al du egunkariak naiz gure beste edozein asmok elburu nagusitzat auxe bear: euskera zokotik, sukaldetik, goizeko seiretako mezetatik, zabaldegira, jangela apañera ta meza nagusietara bultzatzea?...

        —EGUNKARIA NOLATAN ATERAKO GENDUKE?

        Guzia, bai etxe, bai lankin eta abar, berriro-berrirotik erosita? Ez: argi dago ezetz. Argi dago, askoz gutxiagotarako ere nekeak eta izerdiak izango dirala. Beraz, iñoren babesean atera bearra litzake, ta zenbat eta babesago obe.

        —NOREN BABESEAN?

        Gure ustez, aukerakoena Argia asterokoa degu. Ori izan da egunkariaren aitzindari edo aurrelari. Orrek diardu bideak zakarrez garbitzen. Ori dago lanbide orretan zerbait zaildua, ta orren lantegietan baditugu artarakoxe irar-langille euskeldunak...

        —ARGIA-BABESEAN IZANIK, NOLA BEAR LUTEKE ASTEROKO-EGUNKARIOK?... BIAK BAT, ALA NORBERE ALDETIK?

        Ontaz luzaro jardun degu.

        Nere aburua zan astekari-egunkariak BAT egitea. Artara, egunkaria besterik elitzake izango, ta onek, astean bein, ale berezi bat ateratze'aal luke. Astearen egunetarik bostean, beraz, egunkaria eskuan dezutenaren aundikoa litzake. Igandeetan, berriz, ale berezia, ale aundia: au da, egun ari dagokion egunerokoa ta, erdian sartuta, beste ainbesteko astekaria.

        Ale aundi ori egunkari naiz Argia-irakurle guziei elduko litzaloke: bere lanik aundiena egunkaria zabaldu ta bazte-rretarañotzea litzake. Egunkariak, esateko, aste gorrian egunero iru milla ta bosteun ale salduko lituke, ta igandean zazpi, zortzi, agian amar milla ale, berezi oietarik, orrela bere bideak gerorako urratuz.

        Badirudi, gañera, biak bat ez egiñenean elitzakela ain erreza astekari-arpideduna egunkari-arpidedun egiten.

        Baña, gai ontaz nik baño geiago dakitenekin jardun degu, ta oien ustez obea omen da asterokoa ta egunkaria berezi ta norbere aldetik gelditzea.

        Bien artean euskaldunei euskel ingietarako dirutza aundigoa aterako omen lioteke, bai arpidez, bai iragarkiz. Alkarri urratuko omen lizkioteke zabalkunde-bideak, bien arteko eztabaidak ere, bear bada, sortuaz. Azkenik, jendearentzat, izenez ta izatez berezi izan arren, etxe-barrenean, itunben-bidez, batze'aal omen lirake, diruz, alkarri eutsi, lagundu ta bion zoriak alkar-lotzeko. Ta baditeke auxe oberena izatea.

        —EGUNKARIA IRASTEKO ZERTZUK BEAR?

        Dirutza, arpideak, iragarkiak. Otseñak, idazkideak errietako izparkariak. Bear da, bazkun (empresa) benetako, edo formala, egitea, akzio-bidez. Bear ere bear da, gaurkoz, goikoen baimena; baña, au gerorako uzten degularik ere, ezin galazi dezaiguteke dirua, arpideak, iragarkiak, otseñak, eta leen aitatu gañerakoak itzartzen astea: itz batez, gure indarra neurtzea, ta, zeatz-zeatz, egunkaria ateratzeko añakorik badegun ala ez erriz-erri ta lagunez-lagun aztertzea.

        —OÑARRI-DIRUTZA TA EUTSI-DIRUTZA.

        Oñarri-dirutza —erderaz «capital», «capital social» deritzana— au da, azkio-ordañez jaso bearra, eun milla laurleko Jotzen degu.

        Baña, garrantzi aundi-aundikoa litzake, oñarri-dirutzaz edo «capital»-az gañera aal-besteko eutsi-dirutza, edo «fondo de resistencia» bat sortzea, leenbiziko urteetan diteken galtzeari erantzuteko. Agian, orretantxe egon diteke egunkariaren iraupen-giltz bakarra.

        Eutsi-dirutza ori Ameriketan biltze'aal balitz! Iñork esan digu baditekela. Kuban eta Arjentinan bildu dezakegula dirurik, ango gure anaien artean, itzaldi-sail baten bidez, Prantziko euskaldunak, adibidez, Larresoro-apaizgaitegirako jaso duten bezela.

        Dana dala, nere ustez, akzioak Euskalerriko euskaltzaleen esku bear genituzke. Angoak ezpaitituzte kristau-euskozaletasun-gaiak guk bezela jotzen, beti ere on litzake, egunkariaren zuzenbiderako, aren oker-eziñerako, oñarri-dirutza, ta aginbidea beraz, emengo euskaltzaleen gain izatea.

        —EGUNKARIAREN EMAN-ARTZEKOAK, EDO «PRESUPUESTO»-A.

        Egin ditzagun «número» batzuek, egunkaria astekariaz batugabeko etsian.

        1.— Eralki-bearrak, lazkatu-bearrak, au da: gastoak.

        Otseñak. Idazkola edo redakzioan bost lagun bear lirake. Bata, zuzendaria. Gero, asieran beintzat bear-bearreko litzake, urrutizkiñez berriak artu ta izparringitzaren berezko makurkeriak guri irakasteko, izparringi-gizon ibillien bat, erdelduna. Oietaz gañera, berri-itzultzalle bi, ta berribatzalle edo «reporter» bat. Bost lagunon irabaziak, batera jota: ogeita sei milla laurleko (26.000). Banakaritza edo Administrazioan bear lirake Banakari bat, eta mutil laguntzallea. Bion irabaziak, sei milla ta bosteun (6.500). Otseñak, guzira: ogeita amabi milla ta bosteun (32.500) laurleko.

        ldazlanak, kolaborazioa alegia, zerbait ordaintzen asi bearko luke egunkariak. Baita ere, gutxi bederik, erri nagusitxoenetako izparkaritza. Alaz guztiaz ere, bearrezko litzake zenbait idazleek, abertzaletasunez, leenbiziko urteetan lana (ilean bein-edo) utsean, edo ia utsean egin-itza ematea. Jo dezagun, asko eztalarik, zenbakiko ogei laurleko idazlan ordainduetarako. Urteko sei milla bat (6.000) datoz.

        Gero, izparringietan «aria» esaten zaiona, au da, urrutizkiñezko izketaldiak, Madrid eta Bilbokin: illeko seireun eta berrogeita amar (650). Madrideko izparkaria: berreun ta berrogeitamar (250). Bilbokoa: eun (100). Gipuzko-urrutizkiña: eun (100). Beste egunkari ta aldizkari-arpideak-eta: eun (100). Guzitara: illean milla ta berreun, eta urtean amalau milla ta lareun laurleko (14.400).

        Banakaritza-gastoak, bidaien itundua ta abar, illeroko seireun jotzen dala: urteko zazpi milla ta berreun (7.200).

        Landola-saria, eraena, «alkilerra»: milla ta berreun.

        Azkenik, zenbaki bakoitzeko paper-irartzeak , papera ta inprenta alegia, iru milla ta bosteun aleetarako jo diteke berreun ta irurogei (260) laurleko. Urtean irureun ta amar zenbaki, beraz, guzitara, urteko: larogei milla ta seireun laurleko (80.600).

        Gastoak, guzitara: eun ta berrogeita bat milla ta bederatzireun (141.900).

        Urteko eralkibear orrek, zer sarbide eskatzen du?

        Gutxienez auxe:

        Arpidez: iru milla lagun, ogeita amaikana laurleko larogei ta amairu milla (93.000).

        Eskura saltzeko eguneko bosteun ale jota, bakoitzak zazpi eunen edo xentimo garbian uzten ditula: amar milla zortzireun ta berrogeita amar (10.850).

        Iragarkiak, anuntzioak, eguneko eun laurleko jota: ogeita amaika milla (31.000).

        Guzitara, sarbideak: eun ta ogeita amalau milla zortzireun ta berrogeita amar (134.850).

        Alarik ere, betebear au, utsunetxo au degu, aterea ta sartuak berdintzeko: zazpi milla berrogeitamar (7.050) laurleko.

        Ori besterik ezpalitz!

 

EMAN-ARTZEKOAK, XEE:

 

ERALKI-BEARRAK:

        Idazkola:

                Zuzendaria: 8.000.

                Erdalduna: 5.000.

                Itzultzalle bat: 4.000.

                Beste itzultzallea: 4.000

                Berribatzallea: 5.000 26.000 Lko.

        Banakaritza:

                Banakaria: 4.000.

                Lagun-mutilla: 2.500 32.500 Lko.

        Idaz-lankideak: 6.000 Lko.

        Berriak:

                Madrid-Bilbo-aria: 7.800

                Madrideko izparkaria: 3.000

                Bilboko izparkaria: 1.200

                Gipuzko-urrutizkiña: 1.200 13.200 Lko.

        Banakaritza-gastoak. 7.200 «

        Arpideak-eta: 1.200 «

        Paper-irartzeak: 80.600 «

        Landola-saria: 1.200 «

        Guzira, gastoak: 141.900 Lko.

 

SARBIDEAK:

        Egunkaria-saltzea:

                Arpidez (3.000): 93.000 Lko.

                Eskura (500): 10.850 Lko.

        Iragarkiak: 31.000 Lko.

        Guzira, sarbideak: 134.850 Lko.

        BERDINBEARRA: 7.050 Lko.

                                  141.900 Lko.

 

        Jaun andreak: Nik gaurkoz nerekikoa egin det, eta datorren asteartean, zuen onerako, eztet luzaroan aritzeko usterik.

        Lantxo au nik egiña baño zenbait adiskide onek gaiez emana det; izenez aitatzerik ez berok nai, baña, alarik ere, nolabait nere biotzetiko eskarrak ar bitzate.

        Eskarrak ere, ta eskar biziak, egunkari-erakuskia egiteko ainbat lan eder biali dituzten euskeltzale jatorrei.

        Ta orain zuek mintza. Zer derizkiozute nik esanari? Egunkaria egin diteke? Ezin diteke egin? Baiezkoan, ala ori zeatz jakiteko, ekingo al diogu diru-arpide-iragarkiak eskatzeari?

        Orritxo batzuek artu dituzute: orra bertan nik ikutu ditudan gai nagusienak.

        Zuen eginbearra auxe da: galde oiei erantzun, argibideak guri eskeñiaz.

        Gero, berriz, diru-arpide-iragarki eskatzea nola eraldu ta antolako ditugun ikusi, ta noizko itzartu bear geran, bazkun euskeltzale bakoitzak bere barruti edo errialdean egindako lana agertzeko.

        Beraz, otoi, bear-bearreko da gaur emen zeratenok, batez ere bazkun-ordezkariak, datorren asteartean ere etortzea.

        Ta besterik gabe: «Yaunak, agur!».

 

Eusko Ikaskuntzaren Deia, 1929, 42. zbka.

 

aurrekoa hurrengoa