|
EGUNKARIA
Gai ontaz zenbait idazlek agertu dute iritzia. Asko dira, ordea, ixilik.
Ori bezelako arloetan, orratik, ezer baño lenago, artarakoxe «giroa» sortu arazi bear izaten da, asmoak loreztu ditezen ta, loreztuz gero, igali mardulik ekarri al dezaten. Ta giro on orretaratzeko, zabala jo ta jo bear, aizea astindu, esku betean eltxoak atxitzen bagenbiltza bezela... Aize-astintze artarako berriz, jardun ta jardun, mintza ta mintza, ekin ta ekin berritsukerian, atsoak —eztabaida emen, murmuxeta an— ari oi bezela...
Orrelakoxea bear du, gogo-lurrak ur asegarria artzeko gertzen dituan atxurketak. Euskel egunkaria oso urruti ta eziña dakustenak, esanaren esanaz ta ausnartuaren ausnartuz bertago ta errezago etsi dezaten.
Otoi, bada —eskabide au iñola ezpadagokit ere— idazkortza kirtenetik artzen dakizuten guztiok, naiz txiki izan naiz aundi, euskel egunkari-gaiaz zenbait idazlan biali ditzazute «Euzkel Atal» ontara, Argia-ra, ta abar.
Zuk ere, «Orixe» adiskidea, ekin gogoz arloari zere euskera mamiaz.
Euskel egunerokoatzaz badakar idazlan bat Euzkerea-k. Gaia erabilli utsagatik ere eskar-gatzaie arazo ori ari degunok; areago berriz, gure azterketan eskeintzen diguten laguntzarengatik.
Eder zait, batez ere —ta ontan, bada-ezpada aitor dezadan, nere aoz, ez iñorenez, diardut— euskeltzale alderdien arteko elkar-artu-nai apurrenik sumatzea. Ontan, nik uste, gauz guzien gañetik alkar-lagundu bearra jarri bear degu; iritzitxoen gañetik IRITZIA, euskeraren ona. Euskeraren ona ezpaiditeke euskotasun oso-zalearen kaltegarri.
Euzkerea-koak egunkarietzaz dakizkiten goraberak zeatz erakustea eskeintzen digute. Eskarrik asko. Esku-tartean darabilgun ikasketa ontan orixe nai degu, askoen iritzi ta onuak, al danik egiena izan dedin. Xetasun oien eske, beraz, etorriko gatzaizute inoiz.
Euzkerea-k dionez, euskel egunkariak urte-mordoska aundi samarrean urteroko berrogei bat milla laurleko galdu bear lituzke. Ori ala bada, obe degu ezertan ez astea. Egia, bai, euskeltzale aberatsak laguntza zabala eman ezkero, orrek ez ginduzkela izutu bear. Baña... Arlo auetan, biotzean, sakelean ez-ezik, bear litzake urrea euki. Ta biotzean, sakelean ezik, txiroak oi dute; sakelean, biotzean gabe, berriz, aberatsak. Bat-bestean, erabat, gutxik: orixe txarra!... Ortatik baitator gure arloteria... Ni ere etsita nago, bai, iñoiz aberastuko banintz, ezetz sasi-arte latz auetan oñik sartu!
Baña, aria etena det...
Lengora gerala, irakurle: guk eztakusgu arloa Euzkerea-k bezin illun; gaurdañoan beintzat, baikorxeago gaituzu.
Ori bai: ari-mutur guziak lotu bear dira len-lenetik. Ibiltzen asi baño lenago, oñazpian lur ibilkorra ala geldia degun ikasi bear. Zerbait egiñenean, dirurik ez galtzeko, porrot ez egiteko ziurtasunez ari bear da.
Gure lan-asmoa, auxe da. Lenbizi, al dan zeatzenik, arloa argi ikusi, zenbaiten iritzi ta aolkuak entzunaz. Ontan Euzkadi-k ere, ta Argia-k, asko lagunduko al diguten ustea badegu.
Egunkaria berri-berrirotik egin, lankiñak eta abar erosiaz? Ala iñoren babesean?... Iñoren babesean, noski amets dana amets izana iñoiz biurtuko bada. Artara, zenbat diru bear?... Zenbat eta nolako otseñak?... Auetxek ere aurre-aurretik begiz jo ta itzartu bear dira. Gero, zenbat arpidedun eta zenbat iragarki gutxienez bear ditugu, lenengo egunetik galdu gabe, ala oso gutxi galtzen, asteko?
Ona, egin-bearreko azterketaren zati nagusitxoertak.
Azterketa ori oso egiña danean, euskeltzale guztiok, eta batez ere bazkun euskeltzalien ordezkariak, batzar batera deituko zaituztegu. Agian, «Euzko-Ikaskuntza»-ren aurtengo uda-ikastaroko euskel izketaldietara?... Elitzake txarki...
Antxe egin liteke, guzien iritzi ta eztabaida anaikorraz, azken azterketa. Bertatik baiezko erabakia baletor, bazkun guziek, norbere lurraldean, asi bitez erriz-erriko lanean, diru-arpide-iragarki aginduak jasotzen.
Orrela jakin genezake egunkaria egin diteken ala ez; ta, orra, jakinlarri orretxek eraso gaitu oraingo aldian.
Jarrai gatzakion, bada, len baño ere baikorrago, lan asiari. Astindu dezagun aizea, eltxoak esku-beteka atxitzen bageniardu bezela, ta Jainkoak nai izango al du eltxoa baño zerbait mamiagorik, alako batean, eskuratzea. Listorra eztedilla izan orratik!
Euzkadi, 1929-04-26
|
|