www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Euskera aundiki-soñekoz
Xabier Lizardi
1922-1933, 1995

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Euskera aundiki-soñekoz, Jose Maria Agirre Lizardi (Lourdes Otaegiren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1995

 

 

aurrekoa hurrengoa

ZARAUTZ, ERDELERRI (II)

 

        Esan gendun, lengoan, ikastetxetan euskeraren alde egin diteken apurtxoa. Lanbide aundirik eztu jartzen: biotzak pitin bat laguntzea asko.

        Badakigu, gañera, zenbait prallek gure aburuari ondo iritzi diotela; orretxek erakusten digu eztegula esan-ezbearrekorik idatzi.

        Baña, ikastolak añako lanik, euskera zaitu ta jazten, iñork ezpalezake ere —gurasoak izan ezik— bada, artarako, beste bide bat, erosoa ta ekarkorra: erderaz «beladak» deritzen jaialdiak. Irakurtzeak, esate baterako, lana eskatzen du; baña antzezten (teatroa egiten) ikusteak eztu nekerik: zere ipurmamiok alki baten atsedenari (deskantsuari) eman, begiak ernaitu, ta zutitu belarriak; besterik ez...

        Ikus dezagun bada, erri ain euskaldun ontan «beladak» nolakoak oi diran.

        Nik dakidana auxe da, utsik. Igandero, erreskadan, pralleen ikastetxe bai Gaztediko neskatx-mutillek lau-bat «belada» egin dituzte. Lan oietan, naiz guzitik izan, izneurtuak, abestiak (kantak), antzezkiak (teatro-lanak) eta abarra, sinistuko al zenidateke gauzatxo bat bakar-bakarra egin dala euskeraz, ta ura sermoia: beraz, ez mutiltxoek ez neskatxa gazteak egiña?... Orrelakoak negargarri ezpaditugu euskaldunok, gureak egin du; ta «gora Euskalerria»-ka aritu bearrean guziok, nork-baño-nork otsago deadartzen Ieiatuaz, eztarriei eman dezaiegun beingoan pakea alperrik larrutu zorian ibilli gabe.

        Lenengo jaialdira joan nintzan zer egingo ote zuten ikusi nairik. Mutiltxoena zan. Bost-bat-sei eginkizun bakarrik zituzten: guzitik, len esan bezela. Euskeraz ordea... ezta «gabon, jaunak» ere.

        Eninduten urrengo igandean atzituko euskeraz zerbait bazala jakin izan ezpanu. Ekin diote ba neskatxak, eta sartu digute «drama» izugarri bat, iru ataletan; nai bazendun ta nai ezpazendun, malko utsetan urtu bear, enetxoa!... Ederki jardun zuten, urrean mutillak baño obeto. Esanik baigera, beti ere gu, mutillok, —«bueno», nik mutiltzari laga nion, baña... tira— buruaundi astoxeagoak gerala, ta ez emakumezkoek bezin erako; ta argatiktxe asten dirala emeok, lenbizi, beren marrubizko —ala marrubizkotzako— ezpañentzat euskerari ez-egoki irizten. Alderdi ederra, biarko aurtxoen euskeltzaletasunarentzat!...

        Diogunez, bada, poliki aritu ziran; ta izkuntza berririk ikasi bezin errez, belaun-mokorrak —exerita diranean— estaltze al balituzte, aze poza gajoak! Orretxek ibilli baitzituan estu ta larri baten batzuek. Dana dala, euskeraz, nik uste, bestelako gatza eman zezakioten esanari; alako doñutxo bat erasten baitiote erderari zenbaitek. Balladolitartzat ezin beintzat nastu, berak nai ta ere. Baña ez estutu, gazteak, ez estutu; sagartxoa elduko zaizute. Ekin zuek eta jarrai, alaba zoragarri oiek, len aitatuko marrubiki goxoetatik euskera-kutsu kiratsa kendu arteraño.

        Euskerazko itzaldia ezin ezti ta polikiago esana izan zan: Larrea'tar Nikasi apaizak egin zuala jakitea asko. Egileari gure zorion-agurra, ta txalo beroak praileei. Baña..., antzezki edo teatro-lan luxeegiaren buztantxotzat sermoia eskeñi ezkero jendeari, jendeak... anka! sermoia zein-nai izkeretan dalarik ere.

        Baña, irakurle enetxoa, etzazula uste Zarautzen antzoki edo teatro-agerleku bakarra degunik. Ortxe dago, ez-pazenekian ere, Eliz Nagusiko Gaztedikoena. «Gaitzerdi —esango dezu— auek baikere, egite al ditek zedozer euskeraz!...». Bai! zakurraren... zera!... Asi ziran, asi ziran, «Jesusen jaiotza» gozoa egiñaz...; baña bertan loak arturik ditugu. Orain beñipein, New Yorkeko zine aundienetan bezala, —gu ez gera aspaldi ontan an izan, egia...— onelatsu iragarri edo ezagutzea ematen dituzte beren egitekoak: «Pasen señores, pasen!... Música, arte, lujo, fastuosidad!...».

        Gonadun guziak astindu bearrik ote gera, naiz emakume, naiz gizonezko?

        Ona emen gure eskaria, ezin apal eta apurragoa: arren, alako jaialdiero, sartu dezazutela, pralle-apaiz euskaldun zintzo begiragarriok, gauzatxo bat baikere —al dala, antzerki edo teatroa— euskeraz. Beronen eskar ona, ez gurea, jasotzearren, egin al diteke orrenbestetxo!...

        Kalean iñork jan, ala miñ-artutakoek giltzapean sartzen ezpanaute, baditeke urrena ere zerbait geiago maxiatzea.

 

Argia, 1929-02-10

 

aurrekoa hurrengoa