|
BARATZA AZI BEARRA
Zertxo bi begietara ditut atzeko egunotan. Bata, zenbait Idazki «Euskel Atala»-peko otarrera botea. Bestea, «Mendi-Lauta»-ren amets gozoak.
Argi dakuskegunez, tokiaren uts gera euskel idazleok. Gutxi giñalakoan, amaika negarrek erten digu; baña, egia, gure ingien zabalerako geiegi gera, ezpaitegu non idatzi.
Gertari oni begi-eman bear zaio lenbait-len. Eztegu euskel idazlea bakantzera jo bear, ugaltaraztera baizik. Bestela, zertarako litzake atzeko amabost-ogei urteotan egindako lan etengabea? Orixe nai ez genduan, bada?... Euskel idazlea ugaldu-eske ez geniardun?... Bai, ta zuzenki: ortik bailetorke euskera iñoiz senda al izatea.
Baña, euskel idazleak, edozein idazlek beste, tokia bear du. Lana non agertua ezpadu, eztu lanik egingo. Ta orra orduan, ez soilki idazle bat galdua, baizik aren ikasbide ona ere, idazlekumerik sortzeko bideak langatuaz.
Beraz, baratza-bete aza badaukagu, ta azarik geiago gose, nai-ta-nai ez baratza azi bear.
Euzkadi-ri arlo ortaz, beste ainbestetaz bezela, asko, eunetiko larogei, zor diogu. Berorik dago «Kirikiño» zanaren oroitza, ta alperreko lana litzake ori erakutsi bearrez izketa luzietan jardutea.
Baña, Euzkadi-k eztu lanbide ortan mugarik nai bear, arik eta euskel egunkari bikain bat izan genezaken arte. Idazle-ugaltze orreri, begi-itsuka, nik uste, bear-alako paper-langille-ugaltzeaz erantzun bear dio. Ez aztu, euskel idazlien sari-eska-ezak zenbateraño bidea errezten dion.
Ongi zion, beraz, lengoan «Irular»-ek, gure Atala zabaltzeko Euzkadi-ri otoi-zegionean. «Euskaltzaleak» deritzan bazkunak ere otoi orixe egitea erabaki du, azkenengo billaldian. Eguneroko maite onen agintariei, gaurko nere itz auetaz otol ura egintzat etsitzea eskatzen diet.
«BAI»
Baña, euskel baratza azi bearraz gogoeta egiñak, gereiziak gereizia bezela, euskel egunkariaren ametsa dakargu.
Ona, begiak itxita, nolakoa dakustan.
Jainkozale garbia, euskeltzale yaukala; ederra, argia, erreza; ongi ordaindutako gizonek egiña; berriez, lan benez ta arin-alaiez —parrirudiak aztu gabe— naroki ornitua; erri bakoitzean izperkari on bat du, zerbaitez sariztatua, bertako gaztun arazo guztiak, baita berriak ere, garaiz ta ongi bialiko dituanak; lankidien artean, maiz agertzen dira erbesteko euskel jakintsuen izenak, bein Alemanitik, urrena Errusitik, Txekoslobakiatik, non-naitik. Labur esateko: erderazko zenbait bezin eder-osoa...
Euskeltzale guztiak ditu asieratik arpidedun; apaiz ta Jainko-gizaki orok laguntzik zabalena zor lioteke; beste askoek erosten dute, jaio-berritan ikusmiñez, gero aren erreztasun-atsegiñek gogoa irabazita; mendian lenbizikotik eztu sarbide erosoa: baserritarra —Argia-k eta asko egin dutelarik— eztegu oraindik ugari ta egunero irakurtzeko gertu: ori urteak, agian, dakarkete. Bitartean, astean bein, igandietan, egunkariak ale berezi bat daterake: asteko berri-laburpena, parrirudien bat, izkirimiri ta ipui alaiak, Jainko-gaiak, nekazaritza ta abar...: gaurko Argia-ren oñordekoa.
Euskelerri osoan amar-amabi milla ale ez ote legizke saldu, zabalkundea bear bezin sakonki egin ezkero?
Bestalde, len esandako guztiez gain, iragarkiz poliki betea dakust. Lantegi ala saltoki, edozein irabazpidedun euskeltzalerik ezta berea uka dionik: eta euskeltzaliez ateko zenbaitek ere balemaioteke, Euskelerri osoan poliki edatu ta bazter urrutietara eltzen dala oartemanik.
Esan bearrik ez, idazleak erruz ta gero ta yaioagoak ditu, gizarteko gai guzietaz aritzeko gai. Ordaindu egingo baitzaie, ainbestean. Gaurdañoan, utsean, agertu beste sail goldetu dalarik, zer litzake gero, euskera irabazpidetzean, eguneroko leiaketak idazkortzak metu ta eskuak artarakotzean?
Ainbestetaraño da ene ametsaren sor-bearra, ikusten baitet argi-argi, ukabilla añako izki lodiez, egunkari orren izen berbera ere!
«BAI»... «BAI» du izena. Baietza du ikurritz, baietza ekin-deadarra. Egona Ez da, aritzea BAI; illa Ez da, bizitzea BAI; egia BAI da, gezurra, berriz, Ez... Ta egunkaria ari-otsa, bizi-otsa, egi-otsa: euskoa badalaren BAIETZIK gorenena baikenduke...; orretxengatik, aren izenik egoki errez laburrena au izatea: «BAI»...
Ta amets ipurtzuriak zer dira? galdegin lezake norbaitek, irriparreka. Ametsa, berez, Ez izatea nai badezu ere, BAI-aren azia diteke. Zenbat bider izanik ote da, ludian gizadia danetik!
Baña, amets-goi urdiñetik bee arre zakarrera amildu bearrik gera, onezkero. Egin dezagun ala, urrengo batean egunkariarekiko gertu-lanak gaurtik, nere aburuz, nola asi ditezken azalduaz.
Euzkadi, 1929-03-13
|
|