www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Euskera aundiki-soñekoz
Xabier Lizardi
1922-1933, 1995

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Euskera aundiki-soñekoz, Jose Maria Agirre Lizardi (Lourdes Otaegiren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1995

 

 

aurrekoa hurrengoa

GURE BIDEKO MUGARRIAK

 

        Nere adiskide Aitzolek, serio samar jarrita, errez-zaleen ta gaitz-zaleen auzia berritu du. Igandeko El Dia-ko artikuluaren isats aldera, eskribatzalle guziori muga bat erakusten digu.

        Nazioak diru-kontuan «el patrón oro»-ta erabakitzeko buruauste ain gorriak ibiltzen dituen bezela, gure auzia ere ontantxe zegoan: idazleok noren neurrira errendituko, zer artuko legetzat?... «El patrón» Txirrita? «El patrón» Mujika?... «El patrón» Jauregi?...

        Ni beti lengoan nago. Ez det uste euskal literatura auzia ain errez erabaki ditekenik.

        Errikoitasun gorritik bertso ikasietarako tartean izen aiek iru mugarri bezela jotzen ditut; eta —au ondo entzun, mutikoak— ori esanakin ez det adirazi nai iñor aldamenekoa baño geiago danik. Bada ez bada diot au, ibillian asko ikasten baita.

        Errezago konprendi dezazuten, egin zagun kontu bi erri dirala: Erriburu ta Ikasburu. Biak buru, ta ez bat bestea baño buruago. Bi erri ok bide batek lotzen ditu. Bide orren ertzean daude len esandako mugarriak, bidaztien eserleku. Nere iritzia izan da beti, ezin agindu ditekela mugarri oietako bakar bat ibiltari guzien deskantsu-arritzat.

        Ni —guziok ezagutzen nazue— errez amorratua naiz, ta argatik Txirrita-arria daukat aukeratua. Igurtzian besteak baño leunduagoa da-ta, atsegiñago zait. Nerekin beste zenbait euskaldun jatorrek arri berean planto egingo dute. Ta au sinistu nai ez duanari esango diot, Tolosako epaileak urkizuarrak izan balira, ogei bertso billatu baietz beren ustetan Jauregirena baño jatorragoak. Beste zenbait euskaldunek, Txirritarenari muzin egiñik, Mujika-arria naiago izango dute. Askok eta askok Jauregikoa gogoko. Ta gerta ere litekena da, banaka batzuk eserleku geiago bear lirakela esatea: ipurmamiak zenbaitek bezin beratxak ez dituela-ta, naiz arri landuberria izan, ez diela ajolik.

        Ta nere galdera au da: bidearen erosoarentzat zer da oberena, mugarri bakarra egotea, edo jendeak eskatu ala izatea?...

        Txirritarenean jende geiagok eseri nai dula, ta arriak ez ditula artzen ... ? Bejondeiela. Mugarri ura zabaldu, alki luze biurtu, era artara besteetara baño idazle geiagok idatzi, ta kito. Baña beste mugarri guziak ateratzea bidegabea litzake.

        Nik beti nai izan det, kolko-kolkotik, alare!, euskal baratzan, oraingoz, iskribatzalle errezak gaitzak baño erruzago sortzea. Ta gauza batek arritzen nau oso: ainbeste ta ainbeste euskaltzale izan, urkoak errezka jokatzea nai lutekenak, eta, nolatan ez ditue berak gure euskal orriak lan gozo mamitsuz josten; nolatan jakintza sail guziak ez dizkigue urratzen, arloterik zarpatzuenak ere, jaten baño gustoago, jarraitzeko moduan...

        Saieski babarrunetan egosia baño naiago omen luteke euskeraz idazten dan guzia, nornaik atxitzekoa balitz; bana, beren lan mamijario errez oiek nai baño nekezago agertzen dira... Ai! Ez nik bezela jokatuko balute: bertsotan naiz itz zelaiez, nik barrena ustutzea, ta Bedaiorañoko guziak mara-mara jabetzea, guzia bat izaten baita!...

        Denak ez dira, orde, artarakoak. Berez bear du Billabonakoa. Ta gauzaez oeri, zer egin bear zaie?... Ukatu egingo al diegu, beren erako mugarri lakartxo bat bederik bidertzean sartzea?...

        Ara. Badet nik laguntxo bat. Errez-zale purrukatua da, iñorena irakurtzekoan. Baña, bera idazten asten danean, luma biurritzen zaio, ta iñork ez dio kolperik konprenditzen.

        Gertatu izan zaio iñoiz adiskideen batek lantxo bat eskatzea: «Aizak i, itzaurre bat egin bear diak; erderazko teatro au traduzitu bear diguk... Baña!... (au eskua altxata) faborez!, erreza izan dedilla, e?... Vanguardismorik ez diagu bear! ... ».

        Koitauak, bada, egiñalak egiten zitun, ni naiz testigu; ustez, aingeruak baño malizi gutxiagokin itzak josten zitun; gustoa egin ziolakoan, bere lantxoa eskaleari ematen zion; ondorenen zai gelditzen zan, begi zearka... Otza ta kopetean zimurra besterik etzun nabari izaten bazterretan, eta geiago gabe atsekabez beterik etxera baztertzen zan. Ez izan nonbait Billabonakoa.

        Kezketan nindukan gertaera orrek. Baña, zer arraio dala-ta idatzi bear ez dek izketan aritzen aizen bezela?... Berak ere etzekien ezer asko: ezintasun aren zuztarra ezin zun sumatu.

        Noizbait ere, orratio, eman diote zearoko etsia. Gure olerkari baten bertso jator errikoi bat irakurriberria zan, eta egillea ikusi zuneko an dijoakio bostekoa estutzera. Besteak, lotsati samar, ala esan zion: Eskarrik asko, eskarrik asko... Zuek bezela ez dakigu, baña..., amaren bularretik aziak gaude beintzat... Zuek berriz, iñork ba al daki nongo errapetik edoski zenuen?

        Ateraldi aretxek argi eman zion nere laguntxoari. Bereala, gorri-gorri eginda, izkide errikoiari aitortu bear izan zion baietz, bera etzala txikitan amarenetik aritua... biberoiakin azia zala!

        Orain oartu zaitezte orren egoera larriaz. Gizaxoak leena zuzentzerik ez du: estu-estuan, biberoia ere etzioten emango berak aginduta; berriro jaiotzerik ere, nekez; ta, alaz guziaz ere, eskribitzeko griña uzteko gauza ez bada, zer egin bear diogu tristeari?... Erorrek esaidak, Aitzol: zer egin bear ziogu?...

        Argatik, bada, bide artan eserleku bakarra izatea baño, lenago eskatuko nuke nik lege ok jartzea:

        Lenengoa: danok iskribatu dezagula «con sintaxis», esaten dana.

        Bigarrena: irakurtzekoan erreza nai dunak, idaztekoan ere ala nai izan dezala, «Trigonometria»-z ari balitz ere.

        Irugarrena: biberoiez azitakoeri mugarri koskor baten eskubidea eman dezaietela; ta, ori euskerari «txarkeria» egitea dala aproatuko balitz, lenengo eskolara baño len lepoa biurritu ta ibaira bota ditzatela.

        Lege ok bear bezela kunplitzen baditugu, pake santuan bizi gaitezke guziok.

 

aurrekoa hurrengoa