www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Euskera aundiki-soñekoz
Xabier Lizardi
1922-1933, 1995

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Euskera aundiki-soñekoz, Jose Maria Agirre Lizardi (Lourdes Otaegiren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1995

 

 

aurrekoa hurrengoa

ZARAUTZ, ERDELERRI (I)

 

        Pralle prantziskotarrak biotzez maite ditugu. Eriotzari belarriak ikusi dizkagunean, aien laguntzaz lotu nai izan degu zerura-bideko pardeltxoa. Badirudi Aita Prantzisko goxoagandiko otzantasun eta lore-usaia dariotela aldean.

        Gaurdaño, gañera, bazerioten Euskalerrian euskeltzaletasuna ere; eta esan bearrik ez ori dala bide maiteago genitula.

        Orra, ordea, orain egun gutxi jaioterrira itzulia naizelarik; orra non dakusten euskera emengo kaletatik oso baztertzen asia, bi urtez aurreko aldean ere.

        Nexka-motzarik, beñipein, eztezute arkituko erderaz ari eztanik. Aspaldidanik degu ikasia, ori bai, emakumezkoak askozez bizkor, aurreratu eta «gusto» obekoak dirala gizasemeak baño; —arrokeriak amaika izen gozo artzen ditu munduan!— Baita ere, arretxengatik guri baño amar-ogei bat urtez lenago, euskera lotsagarri zatar au (!) ezpain gorri —gorriegitan!— agortzen zaiela. Ta emen, non nai bezela ori gerta dalarik, igerri diteke mutil koskorrak berak ere bide negargarri ortan sartutxoegi dirala.

        Aguro antz eman genion —zakur zarrak baigera ortan— udazaleak baño ere areago... beste batzuek gaitz aren errudun dirala.

        Monjetzaz ez gera gaizki-esaka ekiteko ausarta; gañera, alperrik litzake, emakumeak baitira aiek ere. Zuzendu dezaiegun, ba, pralleai gere eskabidea, ta eztezatela, arren, zigortzat artu.

        Gu ez gera zarauztartxoak erderaz ikastearen etsai. Pozik ikusiko genituke, gazteleraz ezezik, prantzes, aleman ta ingeleraz jarduten. Baña, gaurdaño euskeldun uts izandako erria bat-batean erdeldun uts biurtu bearrari —euskerak kalte osoa jasotzen duala— orreri ezteritzogu ez zuzen ez bidezko, ta ezago euskeldun zintzotzakoak lan artan buru agertzeari.

        Ain eziñezko gauza ote litzake pralleak duten ikastola ederrean ordu betetxo bat —tira, ordu erdia baikere!— Jainkoak emandako euskerari eskeintzea? Ain ote litzake lotsagarri, ala Goikuak gaitz etsia, zarauztartxoei euskeraz ongi irakurri ta idazten irakastea, geren izkeraz sortutako paper ta liburuak ederretsi-araziaz? Asko eskatzea ote, pralle begiragarriok, zeuen aldetik ondar-alea jartzeko, ume biguñok, amaren izkuntza ezetsi bearrean, edozein añako badala-ta aintzakotzat artu dezaten?

        Esan digu iñork, alakorik egitea pralleak politikatzat jotzen ote duten... Kertenkeri ori sarri esana da; asko baitira munduan burua lepo-gañetik ala galtzarbean daramaten eztakitenak. Orretxengatik, pralleak ori esana eztegu egundo sinistuko; ainbeste ikasi ta goi-maitasunez ain betetako gizonek ezin zezaketen.

        Gauzak ala izanik ordea, praka-gonadunak ere, zenbait praka-uts ainbat, «eguzkia-nora»-koak ote ditugu?

        Jainkoa lagun, urrena ekingo diogu berriro saillari, ta ez al dira geren esan guztiak miñak izango.

 

Argia, 1929-02-03

 

aurrekoa hurrengoa